Eztabaidaren zentroa izenez Gorka Laurnagak atera berri duen idatziari erantzutera dator iritzi artikulu hau. Eztabaida amaiezin batean sartzeko inolako asmorik gabe, gaur egun makro berriztagarrien defentsa aurrera eramaten ari diren alderdi eta norbanakoen diskurtsoaren elementu nagusiak aztertuko dira idatzian, alde batera utziz “nahita” gaizki ulertu diren zenbait afera, tanke elektrikoarena edota AEBko enpresena, kasu.
Hasteko, garrantzitsua da argi uztea eztabaida hau gaur egun gurean ematen ari den talka ideologikoaren erakusle baino ez dela, berriztagarriak bai ala ez dikotomiatik haratago doana inongo zalantzarik gabe, nahiz eta batzuei auzia termino horietara mugatzea interesatzen zaien. Azter dezagun.
Gure helburua gizarte moduan auzi ekologikoari (klimatikoa barne) aterabide bat ematea baldin bada, ez da nahikoa egun ematen ari den hazkunde ekonomikoaren eta, ondorioz, hazkunde energetikoaren zati bat berriztagarriekin ematea. Are gutxiago, historiako CO2 isuri handienak erregistratzen jarraitzen badugu, biodibertsitatearen galera bizkortu baino ez bada egiten, lurren artifizializazioa inoizko erritmo azkarrenean ematen ari bada… eta abar.
"Auzia ez da zuk zertarako nahi duzun makro mailako berriztagarriak ezartzea, inbertsio horiek egingo dituzten enpresa pribatuek zein sektorerekin lotuko dituzten kontratuak, baizik. Hor sartzen dira jokoan datu zentroak"
Honek agerian uzten du izatez ez dela trantsizio energetiko bat ematen ari, baizik eta eman den hazkunde energetikoaren zati bat (elektrizitatearen ekoizpenera bideratua) berriztagarriekin eman dela. Honek ez ditu inolaz ere hidrokarburoen ustiaketa eta kontsumoa moteldu, horren erakusle dira azken urteetan petrolio eta gasaren ustiaketa eta kontsumoan eman diren errekorrak. 2024an mundu mailan 101,8 milioi upela kontsumitu ziren eguneko, aurrez 2023an ezarritako marka %0,7 handituta (iturria: Statistical Review of World Energy).
Honekin batera, beharrezkoa da ematen ari den talka ideologikoaren oinarrian dagoen elementu bat arretaz aztertzea: gizarteak gaur egungo elite ekonomiko eta politikoarengan jarri duen konfiantza eta bi elite horiek betetzen duten zeregina. Etekin ekonomikoak lortzeko premiaren mende daude biak ala biak, eta elkarren arteko lankidetza ezinbestekoa dela gero eta agerikoagoa da gure begien aurrean –Labrazako proiektua adibide ona da, Eusko Jaurlaritza eta Iberdrola ari dira aurrera eramaten–.
Horrez gain, azken artikuluan azaldu zen moduan, elite ekonomiko/politiko honek gerrara garamatza, hondamendi sozial eta ekologikoaren aurpegirik gogorrenera, finean. Gerra garaikideen zentzuaren inguruan eztabaidatu genezake, hala ere, inork gutxik jarriko du zalantzan gerraren kostu energetiko eta ekologikoak ez direla lagungarri izango klima aldaketa arintzeko, nahiz eta konbustio tankeak drone elektrikoekin ordezkatu. Gure etorkizuna eta biziraupena bera elite horren eskuetan uzteak “fede” ariketa baten itxura du, izatez ez baitute ataka larri honetatik ateratzeko inolako gaitasunik erakutsi.
"Bada garaia alternatiba errealez hitz egiten hasteko, inposatu nahi zaizkigun berriztagarrien zabalpen masibo honek ez baitu auzi ekologikoa gainditzeko gaitasunik"
Bestalde, garrantzitsua da beste puntu bat argi uztea, gure nahiak eta egun ematen ari den makro mailako berriztagarrien zabalpenaren arrazoiak ez dira zertan bateragarriak izan. Auzia ez da zuk zertarako nahi duzun makro mailako berriztagarriak ezartzea –ospitaleak eta autobusak hornitzeko, diozu–, inbertsio horiek egingo dituzten enpresa pribatuek errentagarritasun ekonomikoa bermatzeko zein sektorerekin lotuko dituzten kontratuak, baizik. Hor sartzen dira jokoan datu zentroak, elektrizitatearen kontsumitzaile handiak, eta AEBetako bilakaerak argi erakusten digu ze arrisku dituen teknologia honen zabalpenak. Prezioen garestitzea –%267 azken 5 urteetan handizkako merkatuan–, Microsoft, Google eta Meta bezalako enpresen arteko lehia itzela elektrizitate sorkuntzako azpiegiturak bereganatzeko –(Metak AEBetako zentral nuklear handienarekin 20 urteko kontratua itxi du AAren beharrak asetzeko–, eta abar.
Hau esanda, argi utzi behar da hemen “inor” ez dagoela berriztagarrien aurka, kontrara, gehienok aitortzen diogu teknologia honi izatez duen potentziala auzi ekologikoari aterabide bat emateko orduan. Auzia, beraz, ez da berriztagarriak bai ala ez, baizik eta zein funtzio beteko dituzten berriztagarriek gure gizartean. Eztabaidaren jopuntuak dikotomia horren aurrekoa behar luke, larrialdi ekologikoa (klimatikoa barne) bere osotasunean gainditu ahal izateko sortu beharreko baldintzen inguruan pentsatu beharko genuke. Eta, noski, bide horretan berriztagarrien teknologiarekin kontatu beharko dugu, gizartearen ekoizpen, kontsumo eta berriztagarrien dimentsio eta zabalpenaren planteamendu berri bat eginez.
"Utzi oraindik marraztu gabe dagoen norabide baten hutsunea guri leporatzeari"
Bada garaia dikotomia faltsu hori atzean utzi eta auzia bere osotasunean aztertuta alternatiba errealez hitz egiten hasteko, trantsizio energetikoaren izenean inposatu nahi zaizkigun berriztagarrien zabalpen masibo honek bere baitan ez baitu auzi ekologikoa (ez klimatikoa) gainditzeko gaitasunik. Beraz, utzi oraindik marraztu gabe dagoen norabide baten hutsunea guri leporatzeari. Guk oztopo guztien gainetik lurra defendatzen jarraituko dugu.
Lurraren defentsan, Euskal Herria Bizirik
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.