"Esklabotzaren indarkeria funtsezkoa izan zen kapitalismoaren gorakadan"

  • Marcus Rediker historialari estatubatuarrak kapitalismoaren aurkako erresistentzien hasiera arakatu du, marinelen eta pirateriaren historiara iritsi arte.

Argazkia: Elvira Megás

Marcus Redikerrek (Owensboro, Kentucky, 1951) dio esklabo-ontzien bidaiak eraldatu egiten zuela bidaia hori egiten zuena. Marinelak, jatorria edozein izanik ere, "zuri" bihurtzen ziren ibilbidean zehar, eta indarkeria erabiltzeko ahalmena lortzen zuten, beltzen kontra erabili ere: bahiketaren, mehatxuen, torturen, bortxaketen eta minaren bidez esklabo bihurtuta.

Rediker ez da eraldaketa hori egiaztatzera mugatu, areago, itsasoko harreman sozialek mundua nola aldatu duten ikertu nahi izan du bere saiakeretan. Eraldaketa suntsitzailea zen, baina aldaketa kulturaletan, erresistentzietan eta matxinadak gertatzen zirenean askotariko pertsonen artean zeuden aliantzetan ere arakatu nahi izan du, kapitalismo modernoaren sorrerarekin batera zetorren izuaren testuinguru orokorraren barruan.

Ikerketa horietatik liburu batzuk sortu dira, azkenaldian Espainiako Estatuan gaztelaniara itzuli eta argitaratu direnak. Tartean daude La Hidra de la revolución (Iraultzaren hidra, Traficantes de Sueños, 2022), lau eskutara idatzia Peter Linebaughekin, eta berriena, Villanos de todas las naciones (Nazio guztietako bilauak, Traficantes de Sueños, 2023); historia unibertsalerako sarrera bat dira, ozeanoetako lana, bizitza eta heriotzaren bidez kontatua. Esparru horrek, estatu nazioen ikuspegi zorrotzetik irtetea ahalbidetzen dio Redikerri, historia behetik sakontzeko, eta E.P. Thompson eta Eric Hobsbawmekin edo Midnight Notes Collective mugimenduko Linebaugh eta Silvia Federici lankideekin partekatzen du historiara hurbiltzeko modu hori.

Zer esan nahi du "historia behetik" ikertzeak?

Historiari heltzeko, langile xeheak jarri behar dira erdigunean. Liburuetatik kanpo geratzen dira, ia beti goitik kontatzen baitute historia. Errege eta erreginak, presidenteak eta, oro har, gizon zuri handiak ageri dira. Behetik begiratuta, historiak ikuspegi demokratikoagoa eta inklusiboagoa hartzen du, mundu guztiak kontatzen baitu. Langileak zentroan jartzen dituzu: haien ahotsak berreskuratzen saiatzen zara, eta batez ere, historiaren sorrera nola moldatu zuten erakutsi dezakezu. Batzuetan historiaren bilakaera aldatzeko boterea izan zuten, bereziki erresistentziaren bidez.

Nola ikertzen da historia behetik? Jatorri apaleko pertsonen erregistro gutxi dago.

Erronka handia da. Nola lortzen dira euren inguruko dokumenturik utzi ez zituzten pertsonei buruzko iturriak? Oso sortzailea izan behar du. Lehenik eta behin, eliteek sortutako dokumentuak hartu eta kontrako norabidean irakurri behar dira lerro artean, batzuetan dokumentu horien sortzaileek azaldu nahi ez zituzten sekretuak azal ditzaten. Historia behetik egin nahi baduzu, gizarteak pobreei buruzko dokumentazioa nola egiten zuen ulertu behar duzu.

"Karibe eta Brasilgo azukre sailak horrorearen agertoki ia imajinaezinak ziren, jendea hil arte lan eginarazten zuten, literalki"

La hidra de la revolución lanean kapitalismoaren jatorriaren historia kontatzen duzu pertsona pobreen ikuspegitik. Kapitalismoaren jatorriaz ikerketa gutxi zegoen ikuspegi horretatik?

Kapitalismoaren jatorriari buruzko ikerketa asko daude, baina kapitalismo eraiki zuten pertsonak kanpoan uzteko joera dute. Historia ekonomikoa aztertzen baduzu, pentsa dezakezu merkantziak berez mugitzen direla munduan zehar, ez dagoela eskulanik tartean... Peter Linebaughek eta biok liburuan erakutsi genuen proiektu zabal eta odoltsu hori –kapitalismo global berriaren eraikuntza– goitik nola ikusten zen, Herkulesen ikuspuntutik, eta behetik nola ikusten zen, Herkulesek behin eta berriz buruak mozten zizkion hidraren ikuspegitik: bat mozten zuenean, beste bi buru hazten ziren haren ordez.

Konturatu ginen marinelak, esklaboak, era guztietako plebeioak, langileak, aldi baterako morroiak, dendariak, prostitutak... azken batean, pobreenak, funtsezkoak izan zirela kapitalismoaren eraikuntzaren drama handian. Eta eutsi egin ziotela. Hau oso garrantzitsua da: ez zituzten goiko aginduak itsu-itsuan jarraitu, defendatu egin ziren, borrokatu ziren. Matxinadak, altxamenduak... batzuetan iraultzaren bat ere bai.

Buru anitzeko hidra, Herkulesek borrokatzen zuena, XVII. mendean Francis Baconek eta beste egile batzuek matxinoak deabrutzeko erabili zuten irudi mitologikoa da. Zergatik uste duzu aukeratu zutela figura hori?

Garrantzitsuagoa da Herkulesen figura aukeratzea, botere handiaren figura. Herkulesek hilezkortasuna lortzeko egin zituen hamabi lanak. Beraz, boteretsuek Herkules bezala ikusten zuten beren burua. "Lan ikaragarria dugu sistema ekonomiko berria eraikitzeko. Eta nor jartzen da gure bidean? Nork zailtzen digu hori lortzea?", zioten. Mito zaharra erabiltzen dute etengabe beren proiektua deskribatzeko.

Hidraren buru bakoitzak botereak arriskutsutzat jotzen duen talde sozial bat irudikatzen du.

Guretzat, hidraren buru nagusiak, batez ere, esklabo bihurtutako afrikarrak ziren, haien lan-indarra gizakien salerosketaren bidez garraiatzen baitzen mendebaldeko Afrikatik Ameriketako plantazioetara. Beren lanak ekonomia kapitalista globala bultzatu zuen bi mendetan barrena. Hidraren buru nagusia dira.

Beste buruetako bat, ia garrantzi berekoa, marinelek osatzen dute. Erabakigarriak dira, asko mugitzen direlako eta erresistentzia propioa garatzen dutelako. Hirugarren taldea plebeioak dira, herri-lurrak lantzen dituen jende arrunta. Eta ez gara Europari buruz bakarrik ari: jende askok uste du ondare komunak Europan bakarrik existitzen zirela, baina Afrika mendebaldean ere baziren plebeioak herri-lurrak lantzen. Kapitalismoaren proiektu historikoetako bat pertsona horiek herri lurretatik ateratzea izan da, jabetza kentzeko: hesiek kanporatu zituzten, eta soldatapeko lehen proletariotza bihurtu ziren.

Argazkia: Elvira Megás

Posible al da hidraz gain beste izen bat ematea?

"Proletariotza" terminoa erabiltzen dugu langile klasearen ordez, eta terminoaren erromatar zentzuan erabiltzen dugu. Antzinako Erroman, proletarioa jabetzarik ez zuena zen, klase sozial apalenekoa; zehazki, soldaduak erreproduzituta estatuari zerbitzatuko zioten emakumeez ari ziren. Langileen munduaren erretratu bat egin nahi genuen –soldatapekoak zein soldatapekoak ez direnak–. Horrek emakumeak barne hartuko lituzke, baina baita esklaboak ere, askotan lanaren historiatik kanpo geratzen baitira soldata baten truke lan egiten ez zutelako.

Lanaren historian langile klase zuria aipatzen da sarri. Baina nolakoa zen proletario hura?

Azken 300 urteetan ia historia guztiak estatu nazioaren ikuspuntutik idatzita daude, eta gehienek lorpenak goraipatzen dituzte. Marinelak oso gutxitan sartzen dira narratiba nazionaletan, marjinaltzat jotzen dira. Marinelak ikertzen hasi nintzenean, ikusi nuen askok ez zituztela lanaren historiaren parte gisa hartzen, ez baitzuten merkantziarik ekoizten eta estatu nazioen esparrutik kanpo egiten zuten lan. Baina funtsezkoak dira sistema kapitalista globalerako!

XIX. mendean, industrializazioarekin batera, langile klasearen historia daukagu, eta esparru horretatik kanpo dauden beste pertsonak ez ikustea dakar horrek. Zentzu batean, gure helburua langileriaren definizio berri bat sortzea da, eta lanaren historia uste genuena baino zaharragoa dela erakustea. Atlantikoko proletariotza horrek gure modernitatearen parte diren gauza asko asmatu zituen, greba adibidez.

Nola izan zen hori?

1768an Londresko marinelei soldata murriztu zieten. Zer egingo dute? Itsasontzietara hurbildu eta belak jasotzen dituzte itsasontziak irten ez daitezen. Ingelesez, itsas hizkuntzan, bela bat jasotzea, to strike deitzen da, bela jotzea. Ontziak ez dira mugitzen. Kapitala ez da pilatzen. Eta langileria botere mota berri bat bihurtzen da. Itsas proletariotza hori bandera gorriaren sortzaile ere bada, mundu osoko mugimendu sozialista eta komunisten ikur bihurtu dena. Zer gertatzen zen bataila baten erdian bandera gorria altxatzen bazenuen? Esan nahi zuen: "Ez dugu amore emango, hil arte borrokatuko dugu". Piratek beren banderetako bat bihurtu zuten, eta Europako langile mugimenduek sinbolo gisa hartu zuten azkenean.

Eta eskulan esklaboa ere proletariotza horren parte da.

Bere zutabea da: azukrea munduko historiaren oinarrizko produktu garrantzitsuenetako bat izan zen. Karibeko eta Brasilgo azukre sailak horrorearen agertoki ia imajinaezinak ziren, jendea hil arte lan eginarazten zuten, literalki. Abolizionistei lelo hau bururatu zitzaien: "Azukrea odolarekin egiten da", afrikar langileen odolarekin.

"Ez zituzten goiko aginduak itsu-itsuan jarraitu, defendatu egin ziren, borroka egin zuten. Matxinadak, altxamenduak..."

Piraten irudi erromantikora ohituta gaude, matxino eta bilau. Baina Villanos de todas las naciones liburuan interpretazio politiko bat egin duzu.

Pirateriaren urrezko aroan milaka itsasontzi harrapatu ziren eta horrek krisia sortu zuen munduko merkataritzan. Eten zuten gauzetako bat esklaboen salerosketa izan zen. Marinel arrunt asko pirata bihurtu ziren eta marra bat zeharkatu zuten: bazekiten urkatuak izateko aukera asko zituztela harrapatuz gero. Galdera bat egin nion neure buruari: zergatik zeuden prest? Marinel arrunten bizimodua oso gogorra zen, janari txarrarekin, soldata baxuekin, kapitain oso biolentoekin... Askok esango zuten: "Bizi gaitezen aske, aldi baterako bada ere". Esaldi bat zuten hori deskribatzeko: "Bizitza zoriontsua eta laburra".

Piratek mundu mailako krisia sortu zuten, eta haiek sarraskitzeko kanpaina hasi zuten menperatzaileek, ehunka urkatu zituzten. Beren gorputzak katez zintzilikatzen zituzten eta beleek begi-globoak ziztatzen zizkieten. Portuko sarreran jartzen zituzten, edozein marinelek ikus zezan: "Hau da piratekin egiten duguna. Hau da zurekin egingo duguna. Gupidagabeak gara ". Eta gupidagabeak izan ziren. Gerra bat dago pirateriaren inguruan, eta klase gerra moduko bat da.

Beste ordena sozial baten izenean borrokatu zirela ere diozu. Nola deskribatuko zenuke ordena hori?

Zerbait erabat desberdina egin zuten: kapitaina demokratikoki aukeratzen zuten; artikuluak edo itsasontziaren arauak ere sortu zituzten, konstituzio txiki bat; kontramaisu postua sortu zuten –tripulazioan konfiantzarik handiena zuen kidea–, herriko tribunoa zen eta kapitaina zaintzen zuen, eman zitzaion aginpidea gainditzen ez zuela ziurtatzeko; gainera, kapitaina kargutik kentzeko eskubidea gorde zuten… Era berean, altxorra denen artean berdin banatzen zuten; gizarte segurantza sistema bat ere sortu zuten.

"Piratek mundu mailako krisia sortu zuten, eta haiek sarraskitzeko kanpaina hasi zuten menperatzaileek: ehunka urkatu zituzten"

Non ikasi zuten hori?

Lan egiten zuten itsasontzien beheko estalkian ikasiak zituzten. Bestela esanda, joera demokratiko eta berdintasunezko horiek beti egon ziren hor, baina botereak zapaldu egin zituen. Behin beren ontzia antolatzeko ahalmena izan zutenean, ideia horiek sortu ziren.

Haitiko iraultzak esklabotzan eta piraterian izan zuen eraginaz idatzi duzu. Nola aldatu zuen horrek mundua, Atlantikoan behintzat?

Nire ustez, Haitiko iraultza esklabotzaren amaieraren hasiera izan zen. Iraultzak esklabotza garaitzeko itxaropena eman zien mendebaldeko hemisferio osoko esklabo bihurtutako pertsonei. Baina horrek ez zuen esan nahi egiteko erraza zenik. Baina itxaropena zegoen, jendeak ikus zezakeen egoera hori buka zitekeela. Eta pena izugarria da gertaera hori alde batera uztea historia liburuek, jendeak Frantziako Iraultzaz bakarrik hitz egin izan du. Haitiko iraultza askoz erradikalagoa izan zen, eta, zenbait alderditan, askoz esanguratsuagoa.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Erroldan zentsuratuak

Erroma, K.a. 443. Lehenengoz zentsoreak aukeratu zituzten. Handik bi mendetara Errepublikako magistraturarik garrantzitsuena izango zen zentsurarena. Bost urtean behin bi zentsore aukeratzen zituzten, kontsul izandako senatarien artean.

Erantzukizun handiko kargua zen:... [+]


Australiako aborigenen buztingintza

Australiako ipar ekialdean dagoen Jiigurru uhartean duela 2.000-3.000 urteko zeramika zatiak aurkitu dituzte James Cook unibertsitateko eta Australiako Ikerketa Kontseiluko kideek. Australian orain arte aurkitutako zeramika arrastorik zaharrenak dira. Arrastoen azterketa... [+]


Erdi Aroan erditzea

Toledo, 1272-1280. Alfontso X.a Gaztelakoak Ama Birjinari eskainitako 427 kanta monodiko bildu zituen. Santa Mariaren Kantigek Erdi Aroko musika eta literatura bildumarik garrantzitsuenetakoa osatzen dute, baina, kantiga miniaturaz apainduta daudenez, ilustrazio horiek beste... [+]


Islandiak izoztu zuen Konstantinopla

Teofanes Aitorlea kronikalariak jaso zuenez,  763-764ko negua inoizko hotzenetakoa izan zen Konstantinoplan. Elurrak eta izotza hartu omen zuten bizantziar hiriburua eta Bosforon iceberg bat ere ikusi omen zuten.

Orain arte klima hoztea, besteak beste, jarduera... [+]


Frantziako Estatuaren gobernantzaren mugak begi-bistan Mayotte uharteetan

Frantziako Estatuaren menpe segitzen duen Indiako Ozeanoko Mayotte irlan biderkatuz doaz kolera kasuak. Uraren kudeaketa kaskarra izan ohi da eritasun horren zabalpenaren arrazoietan eta, hain justu, uraren krisi gogorrari aurre egin nahian dabiltza bertako herritarrak. Bigarren... [+]


Eguneraketa berriak daude