‘Hitz etena’: erailko dutenaren literatura

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Hilezkortasunarena da auzi inportanteenetariko bat literaturan. Ez naiz soilik betiereko bizitzaren gai literarioaz ari –gaztetasunaren iturriari buruzko kondaira zaharretatik hasi, Dorian Graytik pasa eta distopia garaikideetaraino, fikzioaren historia osoa zeharkatzen duen gai horri buruz–, ezpada literatur bidezko hilezkortasunaren praktikaz. Belaunaldiz belaunaldiko idazleen obsesioetako bat izan da irautearena: amestu izan dute beren obrak, beren liburuek, lerroren batek bederen, iraungo duela beraiek hil eta gero ere; eta, ez gutxitan, beraiek irautea amestu izan dute, beraien izenak, beraien figurak, beraien mitoak. Horra hilezkortasun literarioa: idazlearen gorpua lurpean usteltzen ari delarik, bizialdian idatzitako lanek eta egindako balentriek irautea bizirik, betirako agian.

Gerotik Gerora atal honetan klasikoei begira jarri ohi gara eta nahitaez galdetu izan dugu etengabe irauteari buruz: zergatik irauten duten obra batzuek eta beste batzuek ez, nola iritsi zaizkigun gaurdaino, merezi ote duten irautea. Sarritan irudi lezake obra batek denboran irautea justiziazko irizpide natural baten ondorio dela, irakurtzea merezi duen literatura eta merezi ez duena bereizten dituela, idazle onak eta txarrak. Badakigu, ordea, lehenago esan izan dugu, literatur kanonean bestelako faktore batzuek izan ohi dutela eragin handiagoa eta boterearekin daukala, jakina, zerikusia, balizko kalitate-irizpide natural batekin baino. Roberto Bolañori entzuna diot, ondo akordatzen banaiz, idazleen irauteko ametsa ergelkeria hutsa dela: garai jakin batean idazle ontzat jotzen direnak ahaztura erabatekoan erortzen direla pare bat belaunaldi igarota, eta Shakespeare bera ere ez dagoela horretatik salbu.

Irautearen ametsa, ordea, egon izan da eta badago. Baliteke, gainera, den-denoi egokitzea kezka hori, gure bizialditik geldituko den zerbait uztearena, eta baliteke hortik bertatik sortzea betebeharraren zentzua. Den-denok baitakigu noizbait hilko garela, eta agian horrexek bihurtzen baitigu idatzi beharra –esan beharra, egin beharra– urgentziazko. Zentzu hori denongan egongo da, “baiñan eriotz guziak / ez dute erranai berdiña”. Eustakio Mendizabal Txikia-k esana da, “Gizonen pausoak” izeneko poeman.

Mendizabalena berarena kasu egokia izan daiteke hilezkortasunaren auziaz pentsatzeko, Telesforo Monzonek kanta ezagunean Kantauri itsasoari eskatu baitzion harro zedila eta haren “betiko loa” –1973ko apirilean, 28 urte baino ez zituela, poliziak balaz emana– “betiko kanta” zezala.

Eustakio Mendizabal Itsasondon jaio zen, Goierrin (Gipuzkoa), 1944an. Euskadi Ta Askatasunako militantea izan zen eta horrexegatik da ezaguna. Ez alferrik: 1968an herritik ihes egin zuenetik eragin nabarmena eta aitortua izan zuen erakundearen hurrengo urteetako jardunean. Lehenbiziko bahiketetan parte hartu zuen; 1969ko Basauriko espetxetiko ihesa planeatzen lagundu zuen eta berak ere behin baino gehiagotan egin zien ihes poliziari, konfinamenduari, balei; hil zuten garaitsuan Carrero Blancoren kontrako ekintza prestatzen ari omen zen, eta, ekintza burutu zuen komandoari, horrexegatik jarri omen zioten bere izena. Txikiaren mitoa, beraz, bizi zen artean sortu zen eta hil ondoren handitu.

Ez da hain ezaguna, ordea, eta baten bati harritzekoa ere gertatuko zaio, haren poeta izaera. Txikiak gaztetatik erakutsi zuen kulturarekiko eta batik bat hizkuntzarekiko kezka, maitasuna eta tema. Ezagutu zutenengandik dakigu harrapatzen zuen lehen euskarazko liburua irakurtzen pasatu ohi zuela denbora, euskara-eskolak eman zituela Goierrin eta Martuteneko kartzelaldian ere bai. Fraile-ikasle zebilela Lazkaon hasi zen lehen poemak idazten. Jon Aranok, Txikiaren herrikideak, bildu eta apailatu zituen poema horiek Hitz etena liburuan, Susa argitaletxeak 1992an argitaratua, eta altxor bat lurpetik atera eta guztion esku jarri izan balu bezala izan zen.

Erlijio-kutsukoak dira bildumako olerki gehienak, frailegai gazte bati dagozkionak. “Jaunaren gorputza hartzen dutenekin komulgatzen duten poemak”, diosku Aranok. “1970etan konprometituak bezala ezagutu direnak” ere badira, ordea, “bere azken aldikoak, kantagintzaren mesedetan jarri zituenaz aparte, modernotasun-izpi gehiago duten poemak”. Hor topatuko ditugu Maite Idirinek edo Guk taldekoek kantatutakoak, “Ene herria / Ez etsi / Ez da oraindik iritsi / Baiña / Ez etsi... / Eta eutsi! / Noizbait beharko baita iritsi”, eta badirudi gaiak eta idazketa zehaztu ahala, Eustakioren bizitza ikusten dugula zehazten.

Estibalitzeko komentuan ezkutatu omen zen Txikia 1968ko udan, alde egin behar izan zuen lehen une batean. Hogeita hamaika urte lehenagoko udan, beste poeta bat zeukaten frankistek preso handik kilometro oso gutxira, Gasteizko espetxean. “Goiz eder onetan erail bear nabe / txindor batek txintak gozotan naukela?”. Nekez aurki daiteke Lauaxetaren azken hitzen ironia hori baino duintasun indartsuagorik: imajinatzen dugu nola dagoen ziegan, erailko zutela jakitun, eta nola otutzen zaizkion bertso horiek. Lauaxetak bazekien goiz horretan hilko zutela; Txikiak, ordea, ez. Edo agian bai, Jose Manuel Pagoaga Peixoto-k, Algortan erail zutenean berarekin zegoen kideak, kontatzen duenaren arabera: “Egun batean bere etxera joan eta galdetu nion ea zer egin behar genuen. ‘Orain, kanpaina hau eta gero beste hura’. Eta nik: ‘Eta gero?’. ‘Gero halako eta bestelako’. ‘Eta gero’ eta segi, eta halako batean: ‘Eta gero?’. ‘Borrokan hil’, horrela, ahotsik mudatu gabe”.

Nondik ateratzen da horrelakoetan idazteko adorea, azken hitzetarako determinazioa, etsipenik beltzena gainditzeko indarra? Mikel Paredesi entzun diot azkena, Txiki eta Otaegiri buruzko Berria-ren dokumentalean, galdezka ez dakiela zer pasako ote zaion burutik hiltzera kondenatutako bati. Horixe izan daiteke gudarien literaturaren, erailko dutenaren literaturaren koska: zertarako esan ezer heriotza hain ziurra denean? Bobby Sandsek, IRAko militante eta poeta irlandar famatuak, “nondik ernetzen da mentalitate egokia?”, galdetzen dio bere buruari bizitza kenduko zion gose-greban idatzi zuen azken egunkari-sarreran. “Agian, askatasun-desiratik”, erantzuten du segituan, “askatasun-desira suntsitzeko gai ez badira, ez dira zu suntsitzeko gai izango”. Zail da Sarrionandiak Kartzelako poemak liburuan baino argiago esaten: “Poema baldar eta tristeak igual bai, baina / koldar leziorik ez diegu ondokoei utziko”.

Bizitza borrokari emanda bizi denak han-hemen idazten ditu poema baldarrak eta mezuak, paper-txataletan, koaderno zaharretan, ahal bezala, galduko zaizkion edo Poliziak errekisatuko dizkion beldur, eta horrelaxe iristen zaizkigu gugana. Gogoan dut, esaterako, Iñigo Astizek proposatzen zuela Sarrionandiaren obra haren militantziak utzitako bizi-baldintzen arabera irakurtzea: nola kartzelan eta ihesean zegoenetan poemak, ipuinak eta testu laburrak argitara zitzakeen, eta nola ez zuen beranduagoko obra luzerik idatzi ahal izan harik eta erbestean finkatu zen arte. Ez dakit nola salbatuko ziren Lauaxetaren azken poemak eta Sandsen egunerokoa, baina badakigu Txikiaren poemak haren senideek gorde zituztela eta, idazten jarraitu bazuen ere, azken urteetakoak ez daudela oraingoz eskuragai. “Joera dena puskatzekoa, hautsi eta su ematekoa izan da”, Txikiaren koinatuaren hitzak biltzen ditu Aranok. “Ez nazatela salatu paperek, aztarnak ez uztea, ahaztu daitezela nitaz. Eta batek daki zenbat paper-puntta galdu diren”.

Gudarien literatura hitz etena da, nahitaez: klandestinitateak etendakoa, kartzelak, torturak, errepresioak, literatura baino egiteko inportanteagoek etendakoa. Eta etenik handiena, heriotza.

Hitza eteten da, baina zerbaitek irauten du. Horretan datza erailko dutenaren indarra, bai idaztekoa eta bai bizitzekoa, heriotza bezperan ere: badela literatura baino inportanteagoa, are, norbere bizitza bera baino inportanteagoa denik. Baliteke guztiek idatzi izana Vallejoren Pedro Rojas hark bezala, airean atzamarrarekin, baldar, agian. Baina duintasunak gainez egiten die haien hitzei. “Ideal gabe morroi iltzeak / ez du deus ere balio… / Erriagatik il danak aldiz / bizitzari argi dagio”. Txikiaren hitzak dira, baina entzuten dira Lauaxetarenak edo Sandsenak balira bezala, Juan Paredes Manot Txiki-ren azken gutuneko “confiamos en vosotros” (zuongan dugu konfiantza) hitzak bezala. Borrokak iraun behar zuen beraiek baino lehenago eta, hitza eten arren, zerbaitek irauten du oraindik, gaurko eta biharko, hilezkor. 


Eguneraketa berriak daude