Ufada zaharrari, askatasun haizea

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Zinematik atera naiz. Asier Altunaren Karmele filma ikusi berri dut nire herriko aretoan. Gezurra dirudi, baina pantaila handikoak nire aiton-amonak izan zitezkeen. Beti nahasten zaizkit tripak hurbilegi harrapatzen nauten pelikulekin. Guretzat fikzioa izan litekeena, egunerokoan idazteko istorioak izan ziren gure aiton-amonentzat. Gurasoentzat ere bai. Fuertea da.

Urteek aurrera egin dute eta eraikin batzuetako markek jarraitzen duten arren, eraitsitako zutabeak berreraiki dituzte Zornotzan, Durangon, Gernikan eta Otxandion. Errauts bilakatu ziren etxebizitzetan bizitza berriek arnasten dute, eta udaletxeetako argazki zaharrek beste herri batekoak dirudite orain. Falangistak izan ziren asko etxejabe handiak edo dirudunak dira orain herrian, eta gure aitonek lan egiten zuten fabrikak itxi egin dituzte. Emakumeen kartzela zena eskola kristaua da orain. Haize berriak ufatzen gaituela dirudi, ezta? Nola aldatzen diren gauzak, kamarada.

Gezurra dirudi, bai. Azaroan 50 urte beteko dira Franco diktadorea hil zenetik; amak, gaztea zela, “Españoles: Franco ha muerto” entzun zuenetik; eta ikurrina baserriko balkoian jarri zutenetik. Horrela izan zela kontatu zidaten eta baserriko balkoi bernizatua irudikatzen dut. Erre berri ditugun piperrak daude orain ikurrina jarri zuten tokian. Gezurra dirudi, mende erdi jadanik, eta aldi berean, mendi erdi baino ez. Haize berriak ufatzen gaituela dirudi, baina usain berbera dakar azkenaldian.

Kontatu nahiko nioke amamari mundu zaharraren zantzu batzuk lotsarik gabe bistaratzen direla gurean. Kontatu nahiko nioke kaleetatik kendu nahi izan zituztela Franco diktadorea hil bezperetan fusilatu zituzten gazte horien aurpegiak, batzuen memoriak eta minak ez omen direlako zilegi edo. Joan den urriaren 12an, bere garaiko falangisten seme-alabak, erregimen berberaren oinordekoak, Gasteizera etorri zirela, plaza publiko batean eskolan kantatzera derrigortzen zieten kantu hura kantatzera. Kantu berbera kantatzera. Hotzikarak eragiten dizkit, zuri ez?

Gezurra dirudi, amama, baina, ustezko haize berrien garaiotan, bada egun hartakoa ekidin ezina zela dioenik. Nolabait, haiek gurean izatea ulertu eta onartu beharko bagenu bezala, 50 urte eta gero ere bai. Gezurra dirudi, baina ez da gezurra. Ez da Karmele pantaila handian.

Nola aldatu diren gauzak, kamarada, beste batzuk ezer ez aldatzeko. Haize berriak ufatzen gaituela dirudi. Dirudi. Altxa dezagun, bada, askatasun haizea.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude