Francisco Franco Fundazioa desegiteko azken urratsak egiten ari da Espainiako Gobernua

  • Francisco Franco Fundazio Nazionala bertan behera uzteko prozedura abiarazi du Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioak. Asmoa jakinarazi dio fundazioari eta horrek orain hamar eguneko tartea du alegazioak jartzeko.


2025eko urriaren 31n - 13:04
Franco Hitlerrekin.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Prozedura 2024ko ekainean abiarazi zuen Kultura Ministerioak eta fundazioa desegiteko arrazoi nagusien artean adierazten da hark ez duela “interes orokorraren alde egiten”, Francoren “diktaduraren gorazarre egiten duela”, eta haren “biktimak umiliatzen dituela”.

Ministerioaren eskaera oinarritzen da Estatuaren Abokatuak eta Memoria Demokratikorako Estatu Idazkaritzak egindako txostenetan. Horietan, fundazioaren webgunearen eta sare sozialetako 5.000 argitalpenetik gora aztertu dituzte, eta 2018tik 2025era prentsan izandako agerraldiak, eta ondorioztatzen da Memoria Legearen aurkakoak direla, eta beraz, desegiteko baldintzak betetzen direla.

El Diario-k albiste honetan landu ditu fundazioa desegiteko prozesuaren nondik norakoak, eta bertan irakur daitekeenez prozesua luzea da oraindik. Batetik, Kultura Ministerioak ezin du horrelakorik egin, eta epaileari eskatu behar dio hori egin dezan. Orain bide formala hasi da eta prozesuak gehienez bederatzi hilabete iraun dezake epailearen aurrera iritsi aurretik. Tarte horretan, ministerioak jakinarazi du kautelazko neurriak eskatuko dituela fundazioak bere jardunarekin jarrai ez dezan.

50 urte Francoren gorazarre egiten

1976an sortu zen fundazioa eta harrez gero jardunean ari da, erabateko normaltasunez. Frankismoaren aurkako elkarte ugarik behin eta berriro eskatu dute fundazioa legez kanpo jartzeko, baina orain arte inongo gobernuk edo epailek ez du haren lana oztopatu.

Ezaguna da Fundazioak mende erdi honetan nola goraipatu dituen Francoren diktadura eta bere erregimenaren lorpenak. Francoren estatu kolpea, “askatasunaren aldeko altxamendua” izan zen, “komunista, masoi eta separatisten aurkako gurutzada”. Frankismoaren errepresioa ukatzeko edo gutxiesteko saioak ere etengabekoak izan dira.

Fundazioaren testuetako batzuetan, Gernikako Bonbardaketa bere garaian Francok deskribatu bezala aipatzen da, “tragedia, gezurra eta fartsa izan zen”; edo “frankismoak ez zuen genozidiorik egin, II. Errepublikak bai”; edota ukatzen dute Cuelgamuroseko Bailara –Erorien Bailara gisa ezagutzen dena– ez zela eraiki langile esklaboekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frankismoa
Eguneraketa berriak daude