 
                                                        Harridura baino asaldura sentitu nuen lagun batekin izandako praktika garaikideen inguruko autu-mautuarekin. Aldaketarik gabe ohiturak irauten ez dutenaren sinestun sutsua naiz, baina badaude zenbait egiteko guztiz kontrako jarrera sorrarazten didatenak.
Zaharrak berri baino berriak zaharra zentzurik gabe ordezkatzen duenean dago haustura
Badu, santu guztien egunak, oroitzapenetik, argitasunetik eta iluneko munduko misteriotik. Badu kontraesanetik eta desadostasunetik; tradiziotik eta egungo gizarte transformaziotik. Euskal Herriko tradiziotik egun Txindokiko magala, Amezketa, argiztatzen jarraitzen duten argizaiolek badute gure arbasoen gomutatik. Inguruko basoetatik erositako gaztainondo, intxaurrondo edota haritzen egurrarekin egindako egurrezko argizarizko taulak dira argizaiolak. Etxeko suaren eta hildakoen arteko loturan oinarritzen da, batasunean eta tradizioaren beraren sustraietan, hildakoen hilobien gainean jarri eta hildakoari argia eskaintzen zaio. Praktika familiarra baino, emakumeen praktika zen hau aspaldian. Arrotz lekua egiten zait, ohitura propioak tokian tokiko garaietara birmoldatu beharrean, “ziria ala saria” lelopean gure txikienen ohituren transmisioan bermatzen saiatzen diren praktika zein ez-lekuek. Zaharrak berri baino berriak zaharra zentzurik gabe ordezkatzen duenean dago haustura.
Gure aitak hurritza zizelkatu eta pirograbatzea gustuko du. Aurten argizaiola berri bat lantzeko eskatuko diot.
Izaskun Egilegor Uranga, Historian graduatua eta Paisaiaren eta Ondarearen Kudeaketarako masterrean lizentziatua.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.