Ibex35 eta euskal oligarkiaren zimenduak

  • Frankismoa ez zela 1975ean amaitu diktadoreak ohean azken hatsa eman zuenean, hori badakigu. Erregimenaren haziek bizirik iraun zuten poliziaren tortura ziegetan, justizia auzitegien sumarioetan eta militarren zein politikarien deklarazio kolpistetan –Aznarrek azkenaldian “mobilizazio nazionala” eskatu duen moduan–, eta Historiaren Errege Akademiak izkiriatutako hagiografietan, euskarafobian edo oraindik zutik dauden gurutze erraldoien itzalean ere bai. 1978an Manuel Vázquez Montalbanek horrela idatzi zuen iritzi artikulu batean, Trantsizioko garai betean: “Europar demokrazia guztiak ari dira euren mamu nazien eta faxisten kontra borrokan. Espainian mamu horiek harrizkoak dira”. Ez zen desfrankizaziorik egin estatu aparatuetan, eta hori ere gauza jakina da.

    Herentzia frankista ezkutuago igaro zaigu elite ekonomikoan. Asko izan ziren errepresioarekin dena galdu zutenak, baina beste batzuek –eta ez gutxik– asko irabazi zuten 40 urtetako diktaduraren altzoan. 1936ko altxamendu militarraren eta espoliazioaren ondorioz katapultatu ziren familia oligarkikoek oinak ondo itsatsita dituzte oraindik zoru horretan, Ibex35ean dauden etxeetako printzipalen genealogia ikustea besterik ez dago: Iberdrola, BBVA, ArcelorMittal edo Repsol, Euskal Herrian baditugu lapurreta handiaren oinordekoak zerrendan. Akzioak, ondasunak eta etekinak heredatu dituzte, baina zor historiko bat geratu zaie.

Ignacio Sánchez Galán Iberdrolako presidentearen hitzak espainiar erregeen eta goi agintarien aurrean, Iberdrola Dorrearen inaugurazio ekitaldian. Argazkia: Iberdrola

Iberdrolak 3.637 milioi euro irabazi ditu 2023ko lehen bederatzi hilabeteetan, aurreko urtean baino %17 gehiago, eta bosgarren urtez jarraian etekinen errekorra birrindu du. Inbertsio funtsetan ezkutaturik dauden bere akziodun milioidunen kontuek %11ko igoera nabarituko dute urtarril honetan dibidendutan, akzio bakoitzeko 0,20 euro. Energiaren sektorean Espainiako Estatuko enpresa handiena bilakatu den honek, bere besoak eta helizeak munduko oihan, desertu eta itsaso guztietara zabaltzen dituen multinazionalak, egoitza soziala Bilboko Euskadi plazan duen erraldoiak, dorre are erraldoiagoa eraiki du kapitalismo berdearen handitasunaren ikusgarri izan dadin guzti-guztientzat.

Konpainiaren presidente eta kontseilaria den Ignacio Sánchez Galánek “arrakasta” horren gakoa zein den azaldu zion Bloombergeko kazetariari Davosen: “Beti pentsatu izan dut koherentzia behar dela helburuen eta politiken artean”, zioen mandatariak taburete batean eserita irribarrez, luxuzko eski estazioan urtarrilean egiten den elite ekonomikoaren munduko gailurrean ederki moldatzen dela erakutsita. Ezin da hobeto laburbildu esaldi bakarrean Iberdrolaren historia. Eta bere historia espainiar patronalaren historia ere bada, Ignacio Nacho Gálanen pentsaera praktikara eramaten duena behin eta berriz. Hor ikusten dugu CEOE bezalako enpresarien elkarte bat –Garamendi abizeneko getxoztar batek presiditurik– bilkura berezia egiten Pedro Sánchezen inbestiduraren bezperetan, Juntsekin adostutako amnistiak demokraziari “kalte larria” eragingo diola eta negozioentzako giro konplikatua ekarriko duela esaten komunikatu batean. Bando batean, hobeto esanda. Izan ere, politikak eta helburuek bat egin behar dute… haien helburuek jakina.

10.000 granada eta helburu bat

Esfortzuaren eta meritokraziaren saria dira Iberdrolaren gaurko emaitza finantzarioak, EBTIDAk, kaxa-fluxuak eta beste hamaika termino ekonomiko ulergaitz, egunero lanerako trena hartu behar duen herritarrarentzat behintzat. Hori da beraien kontakizuna, beste enpresa eta multinazional askorena bezala, euren izerdi eta abileziagatik daudela hor. Ez alferrik Time aldizkariak klima aldaketaren kontrako munduko ehun lider berritzaileenen artean kokatu du Galán, Bill Gatesen ondoan.

Baina gauza txiki batzuk kontatzea ahazten zaie. Aparte utzita Iberdrolak greenwashing-a egiten estaltzen dituen kalteak, eta urrutira joan gabe Extremaduran ondo dakite Guggenheimen aitabitxiak kolonialismo energetikoarekin historian barrena egindako barrabaskeriez, lehen urtegiekin eta orain fotovoltaikoekin, aparte utzita hori, atzera begiratu dezakegu. Adibidez ez legoke gaizki gogoratzea Iberdrolaren arbaso José María Oriol y Urigüen bilbotarrak, Hidroélectrica Españolaren sortzaileak, 10.000 eskuzko granada, 6.000 fusil, 150 metrailadore astun, beste 300 metrailadore arin eta bost milioi kartutxo zeramatzan itsasontzia pleitatu zuela 1936ko kolpistentzako. Fabore horien truke noski, Hidrolak berrogei urtez lortu zituen diktadorearen pribilegioak, eta hala bere aktiboak hogei aldiz biderkatu zituen 1948tik 1960ra, hamabi urtetan. Historia likits hori denon begien bistan jarri du Antonio Maestre kazetariak Franquismo S.A. liburuan (Akal, 2019) (1)

Jose María Oriol bilbotarrak, Hidrolaren sortzaileak –gaurko Iberdrola–, 10.000 eskuzko granada, 6.000 fusil, 150 metrailadore astun, beste 300 metrailadore arin eta bost milioi kartutxo zeramatzan itsasontzia pleitatu zuen 1936ko kolpistentzako. Fabore horien truke konpainiak berrogei urtez lortu zituen diktadorearen pribilegioak, eta bere aktiboak hogei aldiz biderkatu zituen 1948tik 1960ra

Halako detaileak kontatzea ahazten zaie frankismoan korapilatutako zuhaitz adarretatik erne diren enpresa horietako kimu berriei. Huskeriak direla esango dute, Iberdrolako presidentearen hamalau milioi akzioak diren bezain hutsalak. Hogei zentimo akzio bakoitzeko, erraza da kalkulua egitea.

Autoritarioa versus totalitarioa

Historiaren Errege Akademiaren Diccionario Biográfico Español (“Espainiako Hiztegi Biografikoa”) laneko online edizioan jartzen baduzu Francisco Franco Bahamonde izena, esango dizu estatuburu eta diktadore bat izan zela. Baina orain dela gutxi arte “autoritario” hitza baino ez zen azaltzen bere oinean. Mariano Rajoy Kultura ministro zenean 1998an abiatutako eta urte luzetan Estatuko Aurrekontu Orokorrekin ordaindutako –pentsioak ez bezala–hiztegiaren manipulazioak ez zaizkio inori eskapatzen.

Frankismoa ez zela erregimen faxista totalitarioa baizik eta erregimen “autoritario” bat dioen tesia aspaldikoa da, Juan José Linz politologoak 1964. urte urrunean bota zuen eta geroztik ez dira gutxi izan hori defendatu duten historialari eta politikariak –Fragak ere halaxe aldarrikatzen zuen PPren ohorezko presidente zenean–. Beraz, ez da harritzekoa autoritarismoaren definizio onbera eginez Francoren biografia ofizialean aurkitzea esaldi hauek bere erregimenari buruz: “Botere publiko indartsu bat sortu zuen”; “fabrikak eta enpresak eraiki zituen, eta obra publikoak sustatu”; “krisia gainditu zuen”; “Espainiak azpigarapenaren barrera gainditu zuen”…

Francisco Franco diktadorearen bisita Tolosara, Boinas Elósegui enpresara. Argazkia: Kutxa Fototeka

Kontakizun hori da iritsi zaiguna eta hango eta hemengo diskurtso atzerakoiak zeharka bustitzen ditu: 40 urte horietan egon zirela gauza onak ere, egon zirela industria-gizonak ekonomia altxa zutenak desarrollismora bidean, Ibaizabaleko itsasadarretik Abrako ortzi-mugan etorkizuna ikusten jakin zuten ekintzaile eta berritzaile azkarrak, hiztegi arranditsuetan eta aldizkari prestigiodunetan agertzea mereziko luketenak.

Baina, esan bezala, historiaren bertsio horrek badu txanponaren beste alde bat. Eta da, frankismoko enpresariek eta haien ondorengoek ez luketela urtegi bakar bat eraikiko, ezta altzairu tonarik produzituko edo energia kilowattik sortuko ere, zigorra, esklabotza eta espoliazioarengatik izan ez balitz.

Jauna, emaiguzu gaur gure eguneroko ogia...

1936ko uztailaren 19an Iruñeko Gazteluko plazan falangista talde aztoratu batek Izquierda Republicana alderdiaren egoitza asaltatu eta leihotik behera bota zituen hango ikur guztiak, Café Suizon zeuden bezeroen harridura aurpegien artean. Argazki hori historiara igaro da, ez bakarrik erreakzionarioen “gurutzadaren” hasiera sinbolizatzen zuelako, baita errepresio frankistaren hurrengo urteetako norabidea zein izango zen aurreratu zuelako ere: harrapaketak eta konfiskazioak eguneroko ogi izan ziren hortik aurrera.

 Iruñeko Gazteluko Plazan Izquierda Republicanako egoitza arpilatzen, 1936ko uztailean. Argazkia: Nafarroako Kulturaren Atari Digitala

Iruñekoaz gain, beste herri askotan ere gertatu ziren desmasiak eta lapurretak erabateko inpunitatearekin. Ondoren, errepresio ekonomiko hori guztia instituzionalizatu egin zuen erregimenak, dekretuen, batzordeen eta 1939an horretarako propio kaleratutako Erantzukizun Politikoen Legearen bidez. Josu Chueca historialariak 2015ean ARGIAn idatzi zuen bezala (2.445 zk.), duela gutxi arte “eskuraezinak” genituen artxibo eta dokumentuak ireki dira orain, lege horren eragina norainokoa zen jakiteko baliagarriak: “Errepresioaren izeberg handiaren beste atal iluna argitzen ari da”, zioen, eta ohartarazi zuen ikerketak hasi besterik ez zirela egin.

Zortzi urte geroago, baditugu gutxienez bi monografiko garrantzitsu gai horren inguruan, bi historialariren eskutik iritsi zaizkigunak: Ascensión Badiolaren El Expolio (Espoliazioa, Txertoa, 2022), Euskal Herriko errepresio ekonomikoaz eta gerra zibilaz egindako hurbilketa bat; eta César Layanaren Expolio y Castigo (Espoliazioa eta zigorra, Nafarroako Gobernua, 2021) 1936tik 1966ra Nafarroan izandako arpilatzeari kopuru zehatzak jartzen dizkion erradiografia sakon eta definitiboa.

“Linpio dena!”

Estatu kolpe saiakerak porrot egin ondoren, Nafarroa faxisten erretagoardiako lurralde bilakatu zen lehen egunetik, eta errepublikazaleek ahal bezala egin zuten ihes, haien etxeak, egoitzak eta negozioak utzita. Navarra 1936. De la Esperanza al Terror (Nafarroa 1936. Esperantzatik Terrorera, Altayfalla 1986) lan kolektiboan interes ekonomikoen kontrako 157 erreferentzia aurkitu ditu Layanak 83 udalerritan: Aibarko zentro errepublikanoa eta egoitza sozialista, Alloko Ateneoa, Uharte-Arakileko, Lizarrako eta Tafallako batzokiak, Zangotzako kasinoa, Fustiñanako, Murchanteko, Melidako eta beste hamaika herritako ezkertiarren tabernak, Cabanillako Izquierda Republicanako presidentearen etxea, Aurizberriko Irigaray familiaren liburutegia… parean aurkitutako guztia ebatsi eta garbitu zuten falangista eta erreketeek.

Ez zituzten alderdi politikoen egoitzak edo jende inportantearen etxeak soilik arpilatu, negozioak ere matxinoen esku geratu ziren sarritan. Memoriaren Bideak elkarteak Nos quitaron todo (“Dena kendu ziguten”, Eguzki Bideoak 2011) dokumentala argitaratu zuen duela dozena bat urte, Patxi Egilazen zuzendaritzapean eta Gerónimo de Uztariz institutuaren laguntzarekin. Harrapaketa horren lekukotasun ugari jaso zituzten, tartean Beran tailerra zuen Vicente Lanzen kasua, bere semearen ahotik: “Erreketeak etorri ziren giltza behar zutela, tailerrekoa. Ama ez genuen, kartzelara eraman zuten, aita Frantzian (…) Eman zien giltza eta joan ziren. Gero ikasi genuen enkantean atera zutela tailerra, makinak eta burdina, linpio dena!”.

Zigor ekonomikoek bazituzten bi helburu: batetik beldurra sortzea, eta bestetik gerrarako behar finantzarioak asetzea. Baina beste zerbait primitiboagoa ere baziren: gerra harrapakina ziren

Kasu krudelagoak ere ezagutzen ditugu, zer esan Josefina Lanbertoren familiari Larragan egindakoaz bestela? Aita hil zioten, ahizpa zaharrena bortxatu eta hau ere hil, eta ondoren dena, den-dena kendu zietelarik amak eskean aritu behar izan zuen Iruñeko kaleetan: “Alkateak lurrak bere izenean jarri zituen, eta behorra ere lapurtu ziguten. (…) Behor baten jabeak altxor bat zeukan. Nire aitak lurrak eta etxea berme bezala utzi zituen behor hori erosi ahal izateko. 500 pezeta ordaindu zituen”, azaldu zion aldizkari honi duela urte batzuk (2).

Errepresio ekonomikoa oso berandu jorratu izan den zerbait dela dio Cesar Layanak, eta ia beti biktimen ahozko lekukoen bidez: “Beste behin, horrek erakusten du ez dagoela gainditu ezinezko kontraesanik historia eta memoriaren artean, eta lehenengoa bigarrenetik elikatzen dela, batez ere garaituen historia berreraiki behar bada”.

Lurra eta gerra harrapakina

Nafarroa erdialde eta hegoaldean gerraren aurretik auzitan zegoen gatazka sozialaren muina lurrak ziren. XIX. mendeko iraultza liberalen ondorioz egindako lurren pribatizazioak sekulako boterea eman zien herrietako kazikeei; II. Errepublikan banaketa justuagoa aldarrikatu zuten jornalariek. Nos quitaron todo dokumentalean esaten denez, Nafarroako herritarren %70 jornalaria zen garai hartan, eta gehienek besteen lurrak lantzen zituzten. Gerónimo de Uztarizeko historialarien aburuz, estatu kolpea borroka soziala zapaltzeko oligarkiaren erreakzio bat izan zen, eta horrela uler liteke bereziki Erriberan eta inguruko eskualdeetan ezkertiarren kontra izandako errepresio basatia, lurrari loturiko zigorrak tarteko.

Herritar askori komunalak eta korralizak erabiltzea galarazi zieten, beste batzuei uztak lapurtu zizkieten, eta betidanik landutako lurrak desjabetu zizkiotenik ere izan zen –froga gisa jabetza dokumenturik izan ez arren–. Layanak bere liburuan ematen ditu hainbat adibide Cárcarren eta Marcillan gertatutakoak, edo Orisoainen, zeinean Adrián Luquin izeneko baserritarra fusilatu ondoren zegokion lur komunaletako partzela kendu eta artoaren uzta konfiskatu zioten haren familiari. Zuñigan, berriz, ilegalizatutako erakundeetako kide izandakoak eta “bizitza eta ohitura onak” erakusten ez zituztenak partzelen banaketatik kanpo utzi zituzten.

Zigor ekonomikoek bazituzten bi helburu: batetik beldurra sortzea, eta bestetik gerrarako behar finantzarioak asetzea. Baina beste zerbait primitiboagoa ere baziren: gerra harrapakina ziren, “espoliazioak eta espoliazio gehiago”, Miguel Sánchez-Ostizek El botín liburuan literaturarekin hain ondo marraztu duen instintu basa hori: “Gerra harrapakinaren ideia, kolpe militarraren konplize izateagatik eta apaizaren, kazikearen eta Juntaren ideologia asumitzeagatik saria izatearena, zabaltzen ari da… nahi zutena egiteko baimena zutela pentsatzen zuten, lapur zigorgabeak”.

Araudi berriak prozedura bat ezartzen zuen gerran “askatzen” joandako lurraldeetako ondasunak bereganatzeko, tartean herritarrek terroretik ihes egin ostean hutsik utzi behar izan zituzten milaka eta milaka etxebizitza

Horrelako kasuetan ez dago jesusean ibiltzea baino gauza efikazagorik, eta hala egin zuen askok. Gerra aurretik Nafarroan baratze gehienak zituzten aberaskumeen artean Ángel Magallón zegoen, San Adriango markesa. Beretzat zituen Monteagudoko gaztelua eta ia herri osoa ez ezik, Tulebras, Ablitas, Tutera, Cintruenigo eta beste hainbat herritako tierrak ere bai. Gutxienez 5.000 erregu-lur zituen 424 sailetan pilatuta. Feudalismoaren antza gehiagorik ezin aurkitu Ebro arroko bazterretan: lehenik jauntxoa zegoen, eta gero beste guztiak. Egun terreno eta ondasun horiek gehienak oraindik bere oinordekoen esku daude. Gaztelua ere hor dago, eta XXI. mendeko markesak, Jose María Sanz-Magallón “Espainiako Handiak”, nekazal elikaduraren industrian negozioak egiteaz gain Telefónican goi karguak izan ditu oraintsu arte, Francori biziarteko soldata bat ordaintzen zion telekomunikazio konpainian, 1990eko hamarkadan pribatizatua.

San Adriango markesgoaren ondasunak betidanik beste familia batek administratu izan zituen, Muerza abizenekoak. Harreman horri esker sortu zuten kontserba lantegi bat, eta geroago La Carretilla marka ezaguna, Fructuoso Muerzak zeramana. Ideiez errepublikarra izan arren, 1936an altxatuei amen egin eta tropa frankistak hornitzen hasi zen bere kontserbekin eta baita dirutan ere. Horren ondorioz, Francok gerraostean tratu berezia eskaini omen zion azukrea eta bestelako materialak banatzeko, eta halaxe sortu zuen inperio ekonomiko bat Nafarroan: “Esan dezakegu Muerza izan zela nafar kontserba-lantegien sarearen jatorria”, dio Iván Giménezek El corralito foral liburu ezagunean. Gaur egun inperio hori IAN (Industrias Alimentarias Navarra) taldean biltzen da, inbertsio funts baten eskuetan 55 milioi euro ordaindu ondoren.

Campsaren biltegia Santurtzin. Argazkia: Juan Miguel Pando

Beti etxeak kentzen, kentzen-kentzen-kentzen...

1936ko irailaren 13an, nafar erreketeak inongo oposiziorik gabe Donostiako diputazioan sartzen ziren bitartean, Miguel Cabanellas jeneralak 108 Dekretua sinatu zuen. 1936ko otsaileko hauteskundeez geroztik Fronte Popularra osatzen zuten alderdi eta talde politiko guztiak legez kanpo utzi eta haien ondasunak konfiskatzea manatu zuen jeneralak. Cabanellas altxaturiko militar kolpisten artean oso ezaguna zen, ez preseski Francoren ekipokoa zelako –“ongi ezagutzen dut, ez dakizue zer egin duzuen”, esan omen zuen galiziarra denen buruzagi jarri zutenean(3)– baizik eta hura ere faxista hutsa zelako. Dekretua sinatu eta astebetera Donostiara heldu zenean matxinoen jarrera “epela” kritikatu zuen eta gobernadoreei makila gogorrago dantzatzeko agindu zien. Hortik gutxira hasi ziren fusilatze masiboak Ondarretako kartzelatik.

Dekretuak paso eman zion hortik aurrera urtetan luzatu zen espoliazio legeztatu bati. 1937ko urtarrilaren 10ean beste arau bat kaleratu zuten frankistek eta hortik sortu ziren Ondasunak Konfiskatzeko Probintzietako Batzordeak. Araudi berriak prozedura bat ezartzen zuen “askatzen” joandako lurraldeetako ondasunak bereganatzeko, tartean herritarrek terroretik ihes egin ostean hutsik utzi behar izan zituzten milaka eta milaka etxebizitza.

Mutrikuko Industrias Egaña lantegian, 1943an. Argazkia: Wikimedia Commons

Gasteizko koadrilan bakarrik 400dik gora sententzia ebatzi zituzten higiezinak konfiskatzeko, Iñaki Gil ikerlariak egindako inbentario baten arabera, eta Bizkaian 4.000 inguru izan zitezkeen hutsik geratutako eraikinak (4). Deustuko Buena Vistan, adibidez, herritar gehienek etxea galdu zuten. Auzoberezi hori gerra aurrean eraiki zuten kooperatiba baten bidez eta Borja Sarrionandia-Ibarrak ikertu du bere historia: “Hor jende gehiena alderdi sozialistakoa zen, kargu ertainekoak, eta auzo horretako bizilagunen %63k etxebizitza galdu zuten”, azaldu dio Gaur 8-ri.

Batzorde frankistek edozer gauza ikertzen dute –batez ere ideologikoki susmagarriak diren pertsonen ondasunak– baina laster paper-mendiak pilatzen hasiko zaizkie magistratu eta abokatu faxistei, eta burokraziaren zurrunbiloan bere funtzioa galduko dute: “Azken finean, Konfiskatzeko Batzordeak gerrarako instrumentu bat baino ez ziren”, dio Ascensión Badiolak El Expolio liburuan. Hala, gerra amaitzear dela ikustean, behin betiko lege bat diseinatzen du Frankismoak, zigor ekonomikoak betierekotzeko aparteko tramankulu bat: Erantzukizun Politikoen Legea (EPL).

Tramankulu errepresibo inpekablea

1939ko lege horrek jurisdikzio berezia sortu zuen Konfiskazio Batzordeek hasitako lanarekin segi eta errepresioan sakondu ahal izateko, ez bakarrik gerra garaian egindakoengatik, baita atzera eragintasunez 1934ko Urriko Iraultzatik izandako parte hartze politikoengatik ere. Izaera berezia izateak erregimenari parada ematen zion zuzenbidea bere komenentziaren arabera aplikatzeko inongo fiskalizaziorik gabe. Nahi zituztenak jartzen zituzten epaimahaietan, nahi zutena egiteko. Eta noski, militarrak ziren zartagina eskuan zutenak: epaimahaiburua militarra zen eta Falangeko kide bat izaten zuen ondoan txotxongilo.

1964an, frankismo betean, Bizkaiko oligarkiak jarraituko du aberatsenen rankinga beretzako hartzen: Espainiako Estatuan diru gehien irabazten zuten hogei enpresa “familiarretatik” seik lurralde horretan zuten jatorria

EPLko tribunalek militante arruntak eta herritar xeheak kastigatu zituzten batez ere. Normalean guardia zibilen txostenetan oinarritzen ziren, baita bizilagunek egindako salaketetan ere –legeak bide ematen zuen bizilagunen arteko sestrak modu horretan “konpontzeko”– eta zigortuak izateko motiboak askotarikoak izan zitezkeen: aurretik gerra kontseilu batek zigortua izatea, Errepublika garaian kargu publikoak izatea, “ezkerrekoei botoa ematea”, edo mugimendu gloriosoa gertatutakoan denbora batez herritik joan edo “desagertuta” egotea, batzuk aipatzearren.

Layanak Beireko herritar bati gertaturikoa kontatzen du adibide moduan. Anastasio Lacasta baserritarra zen eta 62 urte zituen uztailaren 18ko gurutzadak etxeko atea jo zionean. Urte mordo bat lehenago alderdi liberaleko kontzejal izan zen eta bere kontrako txostenean herriko lekukoek zioten manifestazioetan parte hartzen ez bazuen ere ez zela ekitaldi erlijiosoetara joaten eta bere etxea Casa del Pueblo bat izan zela. Nahikoa eta soberan 15.000 pezetako isuna irentsi behar izateko. Lacasta, gaixorik, Iruñera joan zen eta ez zen gehiago Beirera itzuli. Ez zen militante nabarmendu bat izan, ez buruzagi bat ere, baina herriko alkate frankistak esan moduan errudun zen “bere bizitza osoan egindako guztiagatik”. Halako ehunka kasu aurkitu ditu historialariak EPLko tribunalen espedienteetan.

Nafarroan bakarrik ez, beste lurraldeetan ere ikus ditzakegu antzeko situazioak. Esaterako, Gipuzkoan, Hernaniko Joxe Mari Zigarani gauza bera gertatu zitzaion: Kale Nagusiko bere etxean errepublikarren egoitza edukitzeagatik eta frankistak herrian sartzean lehenik Bilbora eta gero Baionara justifikatu gabe ospa egiteagatik –“sin que conste causa que lo justificara”, dio sententziak–, 8.000 pezeta ordaintzera kondenatu zuten. Horretarako, bere hipotekak, eskatutako kredituak, bahituta zeukaten etxearen eta taberna barruko altzarien balioa… dena aztertu zuen tribunalak.

Joxe Mari Zigaran hernaniarrari jarritako isuna errepublikarra izateagatik eta herritik joateagatik frakistak iristean. 

“Daukaten guztia galtzera” kondenatuta

Legea eskarmentu politikorako erabili zen eta zigor handienak hortik etorri ziren. Manuel Irujo EAJko buruzagiari 20 milioi pezetako isuna jarri zioten, José Antonio Agirre lehendakariari beste 20 milioi –Chocolates Bilbaínos enpresan zituen akzioak ere konfiskatu zizkioten– eta Eusko Jaurlaritzako gainerako kontseilariek antzeko amandak jaso zituzten. Are gehiago: Ramón Aldasoro kontseilari eta enpresari tolosarra eta bere oinordeko zein langileak, “daukaten guztia galtzera” kondenatu zituzten; Aldasoro erbestean hil zen bihotzekoak jota.

Hala ere, Badiolak ez du uste zenbateko milioidun horiek guztiak Frankismoak inoiz kobratu ahal izan zituenik, propaganda ziren, baina “argi dago gehiengoak bere ondasunak enbargaturik ikusiko dituela”.

10.000 espediente

Erantzukizun Politikoen tribunalek 10.000 epaiketatik gora abiatu zituzten eta horietatik 4.000 inguru ebatzi ziren.

Cesar Layanak Expolio y castigo liburuan bildutako datuei kasu eginez, Araban 1.091 herritar espedientatu ziren eta horietatik 782 kondenatu zituzten; Gipuzkoan 1.344 espedientatu eta 683 kondenatu; eta Nafarroan 1.086 espediente zabaldu ziren eta horietatik 867 lagun izan ziren kondenatuak. Bizkaiko kasurako, Manuel Álvaro Dueñas Madrilgo Unibertsitate Autonomoko irakaslearen ikerketetara jo dezakegu; hainbestekoa izan zen errepresioa Bilbon, espresuki tribunal bat sortu zela: ia 8.000 laguni espedientea zabaldu zieten eta horietatik 1.116 zigortu zituzten.

Baina kopuruek hotzikara handiagoa ematen dute beste modu batera esanda. Araban 1.000 biztanleko 11ren kontrako eginbideak hasi zituzten; Gipuzkoan eta Nafarroan –tribunal berak epaitzen zituen hango herritarrak– 1.000 biztanleko 21,5 lagunen kontra; eta Bizkaian are gehiago, 1.000tik 31 herritarri eragin zien jazarpen horrek.

Historialari eta aditu guztiak ados dira Erantzukizun Politikoen Legeak ez zuela bere helburua bete, “Espainia espiritualki eta materialki berreraikitzea”. Ez dugu eskura datu zehatz osorik, baina badakigu Nafarroan ez zela jarritako isunen %3,25 besterik bildu. Tramiteen geldotasunak, burokraziak eta atzerapenek eraginkortasunik gabeko sistema bat marrazten digute.

Hori bai, beste helburu bat –hasieratik zuena–, ongi asko konplitu zuen aberrazio juridiko horrek: altxamenduarekin bat egin ez zuten guztiak beldurtuta edukitzea. Kolapsoa agerikoa zela, 1942an tribunal horiek desagertu egin ziren baina hortik gutxira likidazio batzorde batek hartuko du lekukoa eta hogei urte jarraituko du makinaria errepresibo legalak martxan, 1966 arte. Diktadorea hiltzeko hamar urte baino falta ez zirela, oraindik espedientatu batzuek isunak ordaintzen jarraitzen zuten. “Azken indultuak eman zirela mende erdia pasa bada ere, inor ez da oraindik egindako konfiskazio eta kalte ekonomikoengatik ordaindua izan”, dio Layanak bere ikerlanaren ondorioetan.

Poltsikoa betetzeko hobe zen alkandora urdina jantzi ez zuten enpresari disidenteengana jotzea, eta hala egin zuten aukera izan orduko. Hor dugu Pedro Chalbauden kasua. Bere aita eta osaba Galdakaoko dinamita lantegiaren fundatzaile izan ziren –Alfred Nobelen laguntzarekin ireki zen horixe bera– eta berak haien lorratza jarraitu zuen, besteak beste Unión Española de Explosivos sortuta –ondoren Franco akziodun izan zen horixe bera ere bai–; baina horrez gain, politikan ere sartuta ibili zen eta EAJko hautagai izan zen Bizkaian. Gerra lehertu zenean Donibane Lohizunera aldatu behar izan zuen eta erantzukizun politikoen tribunalak ikertua izan zen bazuelako bere militantziaren berri… “eta hori ez da doan ateratzen”.

Badiolak enpresari gehiago ditu aipagai bere liburuan, esaterako Horacio Echevarrieta ugazaba errepublikar polifazetikoaren ibilbide berezia –besteak beste Iberia, Iberdrola edo Cemex bezalako enpresen jatorrian dagoena–, baita gehiago ere: Federico Castro ingeniaria, Aranguren paper lantegiko zuzendari izandakoa; Jemein-Errasti sendia eta bere fundizioa, edo Marino Gamboa eta Ildefonso Irala ontzigileak. Baina 1936ko kolpearen ondorioz faxistek jazarritako enpresarien artean nagusiena, handietan handiena, Ramón de la Sota izan zen.

Ramon de la Sotaren ontzien desjabetze masiboa

Seguruenik garai hartan euskal oligarkiako inperio handienetako bat zuen Ramón de la Sota Llanok. Bilboko Euskalduna lantegi mitikoaren jabea, siderurgian, meatzaritzan eta beste hainbat negoziotan sartua, Eduardo Aznar de la Sota lehengusuarekin sorturiko ontzi-flota ikaragarriari esker egin zen dirudun. Zenbait iturrik diote 15.000 langile zituela bere aginduetara. Familia barruko tentsioak tarteko, aznartarrek ederki aprobetxatu zuten De la Sotak ideologia nazionalistarekiko izandako begirunea.

Ibaizabal enpresaren Monte Urquiola petrolio-ontzia. Argazkia: Ibaizabal

1938an Burgoseko Defentsarako Junta Nazionalak Espainiako portuetan matrikulaturiko ontzi oro bereganatzeko dekretua eman zuen. Eta hala, ontzidi hori Aznar familiaren esku geratu zen –Mendi izenondoa zuten ontzi guztiak Monte izatera pasa ziren, eta gaur egun hala segitzen dute–. Bitartean, sotatarrak sekulako milioitzak ordaintzera  kondenatu zituzten epaimahai frankistek, baita beren patriarka Ramón de la Sota ere, nahiz eta ordurako hilda zegoen –1936ko abuztuan hil zen, militarrek kolpea eman eta hilabete eskasera–: “Erriketeak baño bere lantegiak arazo gehiago emoten eutsen, emon be”, zioen Euzkadi egunkariak hil-oharrean.

Ataunen eta Zegaman, egunez ikusi eta gauez eraman. Ontzigintza enpresan zituzten akzioak beste familia batzuetara pasa ziren orduan, tartean Urquijo askazikoak zeuden, besteak beste Altos Hornos de Vizcaya eta Amadeo I. Saboyakoa espainiar erregea finantzatuz XIX. mendean markestu eta madrildarturiko Aiaraldeko bankari familia.

Horrela sortu zen Aznar Taldearen eta Banco Urquijo eta Banco Hispano Americanoren arteko aliantza historikoa, Francoren administrazioarekin zituzten kontaktuak tarteko, eta egun Ibaizabal ontziolan edo Marqués de Riscal ardotegian islatuta ikus dezakeguna. Baina ez dezagun ahaztu, harreman horrek odolezko gertaera fundazional bat izan zuen oinarri: Sota familiaren akzio eta ondasunetan atzaparra sartzea.

1964an, frankismo betean, Bizkaiko oligarkiak jarraituko du aberatsenen rankinga beretzako hartzen: Espainiako Estatuan diru gehien irabazten zuten hogei enpresa “familiarretatik” seik lurralde horretan zuten jatorria

Dena familian geratzen denean  

Gerra guztietan berdin, batzuk galtzaile eta besteak irabazle, eta beti situazio bera: batzuk diskriminatuak izango dira eta besteak pribilegiatuak. Ikusi dugu bazterkeria, zigorra eta espoliazio ekonomikoa zeintzuk sufritu zuten, baina horrek ateak ireki eta pagotxa eskaini zien Francoren ondoan jarri zen familia askori; normalki 1936ko Gerra aurretik jada aberastasunaren ardotan bainua hartzen ohituta zeuden jendeak ziren.

XX. mende hasieran Euskal Herrian ekonomia maneiatzen zuten familia boteretsuenak Bizkaian zeuden. Nola ez, Ybarrarena zen nagusiena, José Antonio Ibarrak behinola mehatzeek emandako fortunarekin sorturiko klana izugarri hazi zen eta sektore ia guztietan agintzen zuen, ontzigintza, energia hidroelektrikoa… Haiekin ezkondu ziren beste familia askoren abizenak ere ezagunak zaizkigu: Churruca, Arteche, Oriol, Careaga… Horrez gain, urquijotarrak zeuden, Gandarias eta Ussia familietako kideekin bat eginda.

1964an, frankismo betean, Bizkaiko oligarkiak jarraituko du aberatsenen rankinga beretzako hartzen: Espainiako Estatuan diru gehien irabazten zuten hogei enpresa “familiarretatik” seik lurralde horretan zuten jatorria (5). Eta hor ikusten ditugu berriz ere Urquijo, Ybarra, Churruca… abizenak, baina baita beste batzuk ere, Aristrain, Huarte, Echeverría edo Aguirre. Eta, aktibo gehien zituzten enpresen artean ere ez ziren gutxi jatorri berekoak: Hidrola, Iberduero, Campsa, Huarte, BBV…

Top horretan egoteko, korneten deiari erantzun eta maüser fusilen bidesaria ordainduta zuten gehienek urte batzuk lehenago: “Lehen langillien lapurrak ziran, orain euron erailtzailliak”, zioen Eguna-k altxatuen alde jarri ziren “dirutsuen” inguruko 1937ko kronikan batean (6). Harrigarriena dena, Franco hil: eta ia 50 urte igaro direnean oraindik zerrendan jarraitzea kasta bereko familia eta enpresek, beste izen bat hartuta, beste bidelagun batzuekin, eta bestelako inbertsioak eginda bada ere.

Ibex35-eko genealogia

Espainiako burtsan kotizatzen duten enpresa handienen Ibex35 indizea 1992an sortu zuten eta ordutik BBVA bere lehentasunezko sozioen artean egon da beti. Ez gara hemen hasiko banku erraldoiaren historia beltza deseraikitzen –Larrun oso bat eskaini zion Axier Lopezek horretarako–, baina ezaguna da Banco Bilbao eta Banco Vizcayako aginte postuetan izandako euskal oligarkiako kide ugarik faxismoa beso zabalik hartu zutela eta erakunde frankisten katilua miazkatzen aritu zirela denbora luzez.

Banco Bilbaoko kontseilari Isidoro Delclaux, adibidez, erreketeen kapitain izan zen eta Bizkaiko diputazioko kide izendatu zuten kolpearen ondoren; gainera, 1937tik Bilboko Portuko Obra Batzordeko lehendakariorde ere izan zen –bere fortuna Tubos Reunidos eta Vidrala bezalako enpresetan dute oinordekoek orain–. Beste adibide bat: Manuel Lezama Leguizamon. Luis eta Fernando anaiekin batera Neguriko konspiratzaile nagusienen artean zegoen –1936ko uztailaren 17an, altxamenduaren bezperetan, bilera operazio garrantzitsuenetan parte hartu zuen– (7), bada ondoren BBVko lehendakariorde izatera iritsi zen.

Ezaguna da Banco Bilbao eta Banco Vizcayako aginte postuetan izandako euskal oligarkiako kide ugarik faxismoa beso zabalik hartu zutela eta erakunde frankisten katilua miazkatzen aritu zirela denbora luzez

Lezama Leguizamon jauntxoek Cid Campeadorren ahaide zirela zioten arro, eta egun beraien seme-alabek Bilboko jaietan jarraitzen dute paparra ateratzen, Vista Alegren, irribarretsu eta dotore, Dolores Aguirre Ibarra ahaide sevillarraren ganadutegiko zezenak nola torturatzen dituzten ikusten. Bitartean, haien diruak BBVAko zenbait kartera eta tinglado finantzariotan jokatzen dituzte, Welzia Magnagament arrisku kapitaleko inbertsio funtsaren bidez.

Emiliano Lopez Atxurra eta Josu Jon Imaz Repsoleko buruak, erdian Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako sailburua dutela. Argazkia: Repsol

Banco Bilbao Vizcaya eta Bilboko Udala sinbiosi moduko bat izan ziren frankismoko urte luze eta ilunenetan. Pedro eta Pilar Careaga Basabe anai arrebak ziren horren erakusgarri: lehenengoa Vizcayako kontseilari boteretsua, eta bigarrena, falangista sutsua eta Bilboko alkate diktaduraren azken urte gogorretan. Carmen Ybarra Careagak jaso du fauna horren herentzia, Arriluceko III. markesak (8), eta 572 milioi euroko kapitala pilatzen duen Onchena SL holdingaren bidez akzioak ditu MasMóvil, Iberpapel, Solarparck, Vocento eta antzeko taldeetan.

Ibex35eko beste enpresa asko ere euskal plutokraziak eta frankismoak izandako maitasun istorioaren protagonista izan dira, haien lorratzari jarraitzea besterik ez dago. Hor dugu Repsol –eta Petronor–, jatorrian Instituto Nacional de Energía eta Campsa dituena, Urquijo eta Vizcaya bankuen kapitalarekin sortuak eta Francoren autarkia garaian monopolioaren eltzetik beraiek bakarrik jateko aprobetxatu zutenak. Orain hainbestekoa da duten boterea, kapaz direla Espainiako Gobernua zuzenean mehatxatzeko besteek baino zerga gutxiago ordaintzen jarraitu dezaten, Repsoleko eta Petronorreko buru diren Josu Jon Imazek eta Emiliano López Atxurrak egin bezala: “Abisatzen ari gara, ez badago arau-marko egonkor bat…”.

Zer esan Ferrovial multinazionalari buruz? Agroman eraikuntza enpresa erostea izan zen bere jokaldi borobilenetakoa, 1990eko amaieran burtsara irten aurretik. Agroman esatea, José María Aguirre Gonzalo esatea da. Donostiar honek dirutzak egin zituen 1936ko altxatuen zerbitzura enpresa horrekin, baita ondoren presoak erabiliz Erorien Haranean, Gorte frankistetako prokuradore zela.

ArcelorMittalen atzean ere badugu abizen euskaldun bat: Aristrain. 1955ean Olaberrian fundizioa ireki zuenetik Gipuzkoako siderurgiako oligarka handienetakoa bilakatu zen Jose Maria Aristrain, beti ministro frankistekin tratutan, baina zer gerta ere diruak Liechtensteinen gorde zituen. La Marea egunkariaren YoIbextigo proiektuak agerian utzi zuenez, bere seme José María Aristrain de la Cruzek ere zergak ez ordaintzeagatik arazo ugari izan du espainiar justiziarekin –211 milioi euroko iruzurra egitea egotzi diote–, baina oraingoz zigorgabe irten da auzi horietatik.

Ibex 35eko klubekoak izandako euskal jatorriko beste enpresa askotan aurkitu dezakegu frankismoaren naftalina usainik: Laudioko Tubacexen –Aristrain De la Cruz bera da akziodun nagusi–; Sendagorta sendiaren Sener enpresa militarrean; edo Cie Automotiven, zeinean bere webguneko about us atala 1996an hasten bada ere, bueltan-bueltan atzean ikusten dugun Patricio Echeverria enpresari legazpiarraren irudia. Echeverria, Orbegozo, Luzuriaga, Ucín… zenbat enpresari-gizon egon ote zen 1936ko uztailaren 18ko Movimientoa-rekin bat egin zutenak, eta ondoren langileekin filantropia eta paternalismoz zuritu zutenak euren erantzukizuna, haien lanari esker milioiak irabazten zituzten bitartean?

Zein da zein Forbes zerrendan

7. Daniel Maté.
Glencore multinazionalaren akzioduna, Zinka eta beruna ustiatzen dituen enpresa. Donostiarra bada ere, egun Suitzan bizi da. 2.900 milioi €

48. Juan Luís Arregui
Ence paper lantegiko eta Iberdrolako akzioduna. Gamesaren sortzailea eta ACSren bazkide ere izana. 780 milioi €

58. José Ignacio Comenge
Coca-Colaren Europacific Partners filialeko jabeetako bat. Papergintzan, ardogintzan eta elikadura-industrian inbertsioak ditu. Bere aita, militarra, Madrilgo El Águila garagardo enpresaren zuzendari jarri zen 1939an gerra irabaztean, frankismoaren gertuko lantegia. 655 milioi €

69. Carmen Ybarra
Onchena holdingaren jabea, Vocento, Ecoener eta Solaparcken akzioak ditu. Frankismoan kargu,titulu eta pribilegio asko eskuratu zuen bere familiak, banku eta enpresa askoren kontrolari esker. 570 milioi €

72. Victor Urrutia
Asua Inversiones enpresa dauka. Aitona Hidroelectrica Españolaren fundatzaile izan zen eta aita Campsako presidente eta kazetari. Frankismoan Coca-Colarekin negozioak egiten  lortu zuten dirua. 490 milioi €

100. Alejandro Aznar
Ibaizabal ontziolaren eta Marques de Riscal ardandegiaren jabea. Aznar ontziolaren oinordekoa, aznartarrek Sota familiaren ondasunak bereganatu zituzten 1936ko kolpearen ondorioz. 350 milioi €

 

Iberdrolako zipaioak

Espoliazio frankistak inon islarik izan badu, hori Iberdrola dorreko beirategi zabalean ikus liteke. Asko dira multinazional elektrikoaren iragan hori nabarmendu dutenak. Irakurri besterik ez dago Rebelión gunean El capitalismo verde y sus cipayos (“Kapitalismo berdea eta bere zipaioak”) lana, Manuel Cañada Badajozko hezitzaileak idatzia. Egileak azaldu nahi izan du “multinazional honek [Iberdrolak] eta beste batzuek egiten duten iruzur soziala eta mistifikazio historikoa”.

Iberdrolaren bi hanka nagusietako bat Hidroélectrica Española (Hidrola) izan zen, eta bere atzean Oriol eta Urquijo abizenak daude hizki handiz. Cañadak dio frankismoan urtegiak eraikitzen aberastu ziren hiru enpresa nagusienen artean dagoela Hidrola: “Barrakoietan milaka langile pilatzen” zituzten, eta inaugurazioetan José María Oriol Urquijoren predikua zera izaten zen: “Ez dugu gatazka laboral bakar bat ere izan”. 

Francisco Franco eta José María Oriol Urquijo elkarrekin urtegi bat inauguratzen. Argazkia:Efe

Lehenago aipatu ditugu Jose María Oriol Uriguenen “dohainak” 1936ko militarren kolpea armamentuz hornitzeko... ba bere seme Oriol Urquijo ez zen atzera geratu: gerraostean Bizkaiko Falangeko buru izan zen eta 80.000 lagun jazarri zituen kontrol politiko-sozialerako brigada bat propio sortuta. Gero Bilboko alkate izendatuko zuten, eta ondoren Hidrolako presidente jarri zen 40 urtez baino gehiagoz, 1941etik 1985era –energiari buruzko estatu mailako erabakiak Francorekin zuzenean berak bakarrik hartzen zituela diote mihi gaiztoek–. Haren anaia batek ere buru-belarri hartu zuen parte Araban altxamenduan eta Frankismoaren amaieran Justizia ministro izan zen.

Egun Iberdrolan Iñigo Victor Oriolek dauka dinastia familiarraren ordezkaritza –konpainaren norbanako akziodunen artean bigarrena da, eta kontseilaria eta bokala ere bai–, baina patriarkaren beste biloba batek, Mónica Oriolek hartu du protagonismo handiena azkenaldian: Enpresarien Zirkuluko presidente izandakoa, Indrako kontseilari ohia eta Seguriber enpresaren jabea, aitonaren milioiak ez ezik bere ideiak ere heredatu dituela dirudi, egin izan dituen adierazpen polemikoen argitara: “Nahiago dut haurdun geratu ezin diren emakumeak kontratatu, zeren eta bestela zer egingo dugu arazo horrekin?”, bota zuen behin enpresarien nazioarteko mahai-inguru batean.

Ate birakarien aitzindariak

Ministro amaitzen duten enpresariak, eta administrazio kontseiluetan amaitzen duten ministroak. Enpresa multinazionalak, eta batez ere energiaren sektorekoak, “ate birakarien” habia bihurtu direla jakina da. Lluc Salellas i Vilar kazetari katalanak El franquisme que no marxa (“Joaten ez den frankismoa”) liburuan azaldu duen moduan, 1970. eta 1975. urteen artean Espainiako Gobernuko ministro izandakoen erdiak enpresa estrategikoetako administrazio kontseiluetara igaro ziren ondoren.

Horren guztiaren oinarrian enpresen eta administrazio frankistaren arteko harreman publiko-pribatu estu bezain leiala dago, Salellasen arabera: “Egungo sistema politikoan funtzionatzen duen jokabide ezagun eta kritikatuenak, ate birakariek, jatorri hori daukate, eta erregimenaren arduradun publiko nagusienek erabili zituzten”.

Mónica Oriol, Oriol eta Urquijo familiaren oinordekoa prentsaurreko batean. Egun Alejandro Aznar da bere senarra, Aznar familiaren oinordekoa. Argazkia: Espainiako Enpresarien Zirkulua

Batzuek atea ireki eta besteek atzetik segi. Iberdrolako administrazio kontseiluan edo erabakiguneetan azken urteetan hamaika politikari izan da: Antonio Miguel Carmona, Ángel Acebes, Manuel Marín… Batzuk PPkoak, besteak PSOEkoak, baita EAJkoak ere, Juan Mari Atutxa Eusko Jaurlaritzako Barne kontseilari ohia kasu, 75 urterekin jubilatu zen arte urtero 46.000 euroko soldatatxo bat kobratzen aritu zena eserleku horrengatik.

Hor dago, seguruenik, frankismoaren espoliazioaren drama handiena: odola zurrupatu eta sosak harrapatzeaz gain, klientelismoan asentaturiko enpresen sistema oso bat eraiki zutela diktaduraren altzoan, gaur ezin hobeto koipeztatuta dagoena batzuek prekario eta besteek aberats jarraitzeko. Eta agian horregatik ez die inork konturik eskatzen, ez Davosen, ezta Euskal Herrian ere.

 


1: Hauxe dio Maestrek La Marea hedabidearekin egindako elkarrizketa batean (2019ko urriaren 19an): “Beraien fortuna nondik datorren eta beraien herederoak zein diren ezkutatu dutenez, esan dezakete daukatena euren esfortzuarekin lortu dutela”.

2: Koldo Azkunek elkarrizketatu zuen 2014 urtarrilaren 12an: “Pozik nago, baina ez guztiz”, zioen.

3: ARGIAren Denboraren Makina sailean (2.415 zk.) Nagore Irazustabarrenak Cabanellasen iragarpen iluna ekarri zuen gogora: “Cabanellas gerra amaitu baino lehen hil zen, zenbateraino asmatu zuen jakin gabe”, dio.

4: EAJ, Izquierda Republicana eta Alderdi Sozialistako kideak, eta ELA-STV edo UGT sindikatuetako militanteak ziren, Gil Basterraren arabera.

5: Frankismoan familia horiek kontrolatutako 232 enpresekin datu basea egin zuen Paloma Fernández ikerlariak eta BBVAren argitalpen batean eman zituen emaitza harrigarri horiek.

6: Eguna, 1937ko otsailak 12. Juan March Ordinas balearra izan zen 1936ko kolpearen finantzatzaile nagusiena. Euskarazko egunkariaren  arabera “zer galdu handiak” zituen, banku, petrolio-enpresa nahiz itsas-konpainien jabea baitzen; El Diario Vasco ere berea zen.

7: Intrahistoria horren guztiaren bere lekukotasuna Salamankako artxiboan gordetzen da, Kausa Orokorraren funtsetan.

8: Arriluce eta Ybarrako marquesa aipatuta, ezin ahaztu gerra aurretik kolpisten diru-zorroa betetzeko arduraduna izan zela, José Ángel Sánchez Asiain BBVAko presidente izandakoak La financiación de la guerra civil española (Espainiako gerra zibilaren finantzazioa) liburuan dioen bezala.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Erdi Aroan erditzea

Toledo, 1272-1280. Alfontso X.a Gaztelakoak Ama Birjinari eskainitako 427 kanta monodiko bildu zituen. Santa Mariaren Kantigek Erdi Aroko musika eta literatura bildumarik garrantzitsuenetakoa osatzen dute, baina, kantiga miniaturaz apainduta daudenez, ilustrazio horiek beste... [+]


Islandiak izoztu zuen Konstantinopla

Teofanes Aitorlea kronikalariak jaso zuenez,  763-764ko negua inoizko hotzenetakoa izan zen Konstantinoplan. Elurrak eta izotza hartu omen zuten bizantziar hiriburua eta Bosforon iceberg bat ere ikusi omen zuten.

Orain arte klima hoztea, besteak beste, jarduera... [+]


Frantziako Estatuaren gobernantzaren mugak begi-bistan Mayotte uharteetan

Frantziako Estatuaren menpe segitzen duen Indiako Ozeanoko Mayotte irlan biderkatuz doaz kolera kasuak. Uraren kudeaketa kaskarra izan ohi da eritasun horren zabalpenaren arrazoietan eta, hain justu, uraren krisi gogorrari aurre egin nahian dabiltza bertako herritarrak. Bigarren... [+]


1936ko biktimak eta kolpistak berdintzeko UPNren saiakera atzera bota du Nafarroako Parlamentuak

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintza eta Euskarako Batzordeak atzera bota du UPNk aurkeztutako mozioa, 1936ko Gerran Errepublikaren kontrolpean zeuden lurraldeetan izandako biktimak Oroibidea memoriaren datu-basean sartzea eskatzen zuena. Mozioak PP eta Voxen babesa jaso du,... [+]


Eguneraketa berriak daude