Urtemugak hausnarketarako parada izaten dira. Atzera begira jarri, egindako bideari begiratu eta, oraina ulertuta, geroa pentsatzeko. 2025 honetan, urtemuga biribila bete dugu: Gipuzkoa izenaren idatzizko lehen aipamenetik mila urte bete dira, eta aukera ezin hobea iruditu zaigu Erdi Aroko gizarteaz dakiguna eta ez dakiguna berrikusteko. Garai hartan, izan ere, hartu baitzuten forma egungo lurraldearen eta identitatearen elementu nagusiek.
Zehazki esateko, 1025ko aipamen horrek ez du Gipuzkoa jasotzen, Ipuscua baizik. Aragoiko San Juan de la Peña monasterioko kartularioetan agertzen da; XII.-XIII. mendeetan egindako dokumentu-bildumak dira horiek, eta hainbat motatako agiriak aurki daitezke bertan: salerosketak, dohaintzak, testamentuak, eta abar.
Guri interesatzen zaigun agiria dohaintza bat da. Bertan, Gartzea Aznarez eta Gaila jaun-andreek hainbat ondasun eman zizkioten monasterioari, Ipuscua izeneko lurraldean kokatuak. Baina nolakoa zen Erdi Aroko Ipuscua hura? Zer lotura zuen Aragoiko monasterio urrun harekin? Nola bizi ziren orduko gipuzkoarrak?
Galdera horiei erantzuteko, garaiko iturri idatziak berrikusiko ditugu; baina, gutxi eta zatikatuak direnez gero, kasu batzuetan Arkeologiaren ekarpenei ere egin beharko diegu lekua.
Botereen arteko lehiagune
Lehenik eta behin, kontutan hartu behar da garaiko Gipuzkoa bi botere-egituraren baitan kokatuta zegoela.
Arlo politikoan, Iruñeko erresuma dugu. Hiriburu zaharraren inguruan sortutako estatu hori hedapen prozesu bete-betean zegoen X.-XI. mendeetan. Bere erdigune politikoa eta ekonomikoa, Pirinio magaleko lurraldeetatik –Iruñerritik eta Aragoi garaitik– abiatuta, Ebro haraneko erribera emankorretan zabaltzen ari zen; iparreko ibar atlantikoak, aldiz, eskualde periferiko eta pobretzat jotzen ziren, eta ziur aski oso populazio eskasa zuten. Ez zegoen bertan hirigunerik, ezta gotorleku edo monasterio handirik ere –bide nagusiak zaintzeko gaztelu gutxi batzuk baino ez: Beloaga (Oiartzun), Jentilbaratza (Ataun) edo Aitzorrotz (Eskoriatza), kasu–.
XI. mendeko gizartea konplexua eta dinamikoa zen, hainbat eragilek osatua: monarkia, noblezia, monasterio handiak, apezpikuak… eta, garaiko agirietan ia agertzen ez bada ere, baita herri xehea ere
Arlo eklesiastikoari dagokionez, Gipuzkoa bi elizbarrutiren arteko lehia-gune izan zen garai honetan. Alde batetik, Baionako apezpikuek aldarrikatu zuten lurralde honen gaineko agintea. Hala jasotzen du Arsioren karta izeneko dokumentuak –983ko data darama, ziur aski urte batzuk geroago egindako faltsifikazioa den arren–, Baionaren agintearen mugak deskribatzean:
(…) terra quae dicitur Ernanoeia [Hernani], et Sanctum Sebastianum de Pusico [Gipuzkoako Donostia?]; usque ad Sanctam Mariam de Arosth [Araotz?] et usque ad Sanctam Trianam [San Adrian?].
Horren aurrean, Iruñeko apezpikuek Antso III. erregearen babesa jaso zuten. 1007an datatutako agiri batean –baina hori ere faltsua da, 1030 inguruan egina–, hiri buruzagiko elizbarrutian sartzen ditu honako lurraldeak:
(…) de Belate usque Sanctum Sebastianun, quo est situm super ripam maris Oceani cum vallibus subscriptis, scilicet Lerin, Oiarzun, Lavaien, Berastegui, Araynç, Larraun, Araria, Ozcue, Ernani, Seiaz, Titiar, Yraurgui, Goyaz, Erretzil, Aresso, Egoçqueta, Excurra, Olarumbe, Imoç, Gulia, Jansarass cum omnibus supradictis vallibus et tota Ypuçcoa usque ad Sanctum Adrianum et a Sancto Adriano usque ad flumen quod dicitur Bidasso et aliud flumen quod appellatur Deva, de Deva usque Goriçiça.
Kasu honetan, argi dago Gipuzkoa osoa aipatzen duenean, Iruñetik iparraldera dagoen lurralde menditsuaz ari dela, Bidasoa eta Deba ibaiek mugatuta.
Bi egoitzen arteko gatazkak segida izan zuen XI. mendean. Azkenean, 1106an Paskual II. Aita Santuak emandako buldaren bidez, bien arteko muga finkatuta gelditu zen: Oiartzun eta Bidasoa haranak Lapurdiko egoitzaren mende geldituko ziren, eta gainerako Gipuzkoa, aldiz, Iruñearen menpe.
Laburbilduz, XI. mendeko gizartea konplexua eta dinamikoa zen, hainbat eragilek osatua: monarkia, noblezia, monasterio handiak, apezpikuak… eta, garaiko agirietan ia agertzen ez bada ere, baita herri xehea ere, nekazariz eta abeltzainez osatutakoa, bere lanaren bidez gizarte osoaren egiturari eusten ziona.
Olazabalgo San Salbatore: eliza bat baino gehiago
Har dezagun orain 1025eko agiria: zer eman zioten dohaintzan Gartzea eta Gaila jaun-andreek San Juan de la Peñako monasterioari? Bada, eliza bat: Olazabalgo San Salbatore, egungo Altzo herrian. Eta, elizarekin batera, hainbat jabetza, Aralarretik kostalderainoko eremu zabal batean sakabanatuta: alorrak, sagastiak, saroiak, baita bi herri oso ere, Aia eta Elkano.
Hori guztia harrigarri gerta liteke Erdi Aroko agiriak irakurtzen ohituta ez dagoen edonorentzat: jaun-andre horiek al ziren ba elizaren jabeak? Zergatik utzi zioten Aragoi urrunean kokatutako monasterio bati? Zer ondorio izan zitzakeen dohaintza horrek?
Erdi Aroan, eliza bat eraikitzea ekintza soziala eta ekonomikoa zen aldi berean; erregeek, apezpikuek, nobleek edo are norbanako aberatsek tenplu bat eraikitzeko inbertsioa egin zezaketen, eta haren inguruan ondare bat sortu
Olazabalgo San Salbatore, izan ere, eliza pribatua zen. Erdi Aroan, eliza bat eraikitzea ekintza soziala eta ekonomikoa zen aldi berean; erregeek, apezpikuek, nobleek edo are norbanako aberatsek tenplu bat eraikitzeko inbertsioa egin zezaketen, eta haren inguruan ondare bat sortu: alorrak, sagastiak, saroiak eta bordak, arrantza-lekuak… Ondasun horiek maizterren esku uzten ziren, eta horiek ordaindutako errentak eliza-jabearen eskuetara pasatzen ziren. Gainera, tokiko komunitateek ere zenbait errenta ordaintzen zizkieten elizei –hamarrena da ezagunena–, sakramentuak eskaintzearen truke.
Olazabalgo kasuan, Aitziber Lekuona historialari hondarribiarrak sakon ikertu du dokumentua. Hala, elizaren berezko barrutia berreraiki ahal izan du, Laskoain eta Belauntza aldetik Altzoraino zihoan eremu batean. Horrez gain, Gartzea eta Gaila jaun-andreek elizari erantsitako ondasun gehigarriak ere identifikatu ditu, banaka nahiz beren seme-alaben izenean: saroi multzo bat Aralarren, zenbait sagasti eta alor Tolosaldean, baita Aiak eta Elkanok osatutako herrigunea ere. Dokumentua ikusita, ez dago zalantzarik bikote aberatsa zirela, garaiko Gipuzkoako noblezia lurjabeko kideak.
San Salbatore eta bere ondasunak San Juan de la Peñako monjeen esku utzita, Gartzeak eta Gailak aliatu boteretsu bat lortuko zuten Iruñeko erresumaren goi-mailako testuinguruan, beren posizio soziala eta politikoa indartzen lagunduko ziena
Halako eliza bat dohaintzan ematea ez zen nolanahiko gauza: tenpluari lotutako ondasunek urtero sortzen zituzten diru-sarrera guztiak ematen ziren, beste zerbaiten truke normalean. Fokua zabalduta, argi ikusten da halako operazioak tokian tokiko eliteen estrategia politiko-ekonomikoen parte zirela, erresuma mailan aliantzak sortzeko xedearekin. Beste hitz batzuetan: San Salbatore eta bere ondasunak San Juan de la Peñako monjeen esku utzita, Gartzeak eta Gailak aliatu boteretsu bat lortuko zuten Iruñeko erresumaren goi-mailako testuinguruan, beren posizio soziala eta politikoa indartzen lagunduko ziena. Jakin badakigu, izan ere, Gaila Iruñerrira erretiratuko zela zahartzaroan –beste eliza baten jabe agertzen zaigu Lakidain herrian (Aranguren), 1048an–, eta haien alaba Belaskita Lizarraldeko agintari militar boteretsu batekin ezkonduko zela –Antso Fortuñones, Deioko tenentea–.
Erdiaroan negozioa nola
Olazabalgoa ez da, inola ere, XI. mendeko Gipuzkoan ezagutzen dugun eliza pribatu bakarra. Badira beste hainbat kasu ere, eta horietako batzuk ikerketa arkeologikoen bidez berretsi dira gainera. Gaur egungo inbertsio funts eta higiezinen promotore abilenak ere ez luke hobe egingo jabetza batetik etekina ateratzeko. Hemen beste lau adibide.
Gaur egungo inbertsio funts eta higiezinen promotore abilenak ere ez luke hobe egingo jabetza batetik etekina ateratzeko. Hemen beste lau adibide
1) Antigua: San Sebastian
Adibiderik ezagunenetakoa Antiguako San Sebastian eliza da, Donostian. Gaur egun desagertuta dago, baina Miramar jauregiaren inguruan kokatuta zegoen. Kasu honetan ere, dohaintza batek ematen digu elizaren berri. 1014ko data dauka, baina ziur aski geroago egindako faltsifikazioa da, 1033. urte ingurukoa. Iruñeko Antso III. Nagusia eta Maiora errege-erreginak ziren elizaren jabeak, eta Leireko monasterioari eman zioten. Urumea inguruko barruti zabal bat zegoen elizaren menpe, Oriotik Altzaraino, abereak mendietan bazkatzeko eta itsasoan arrantza egiteko eskubideekin. Barruti horretan Itzurun izeneko herria ere bazegoen, eta bertan bi eliza, San Bizente eta Santa Maria; argi dago egungo Donostiako Alde Zaharraz ari dela.
Ondorengo hamarkadetan, Iruñeko erregeek beste hainbat dohaintza gehituko zizkioten Antiguako elizari; 1141an, adibidez, Gartzea Ramirez I.ak beste zenbait saroi eman zizkion Urumea inguruko mendietan, eta 1178an Leireko monjeek Iruñeko apezpikuen esku utzi zuten multzo osoa. Handik bi urtera, 1180an, Antso VI. Jakitunak Antiguako elizaren barrutia hartu zuen oinarri, Donostiako hiribildu berriari forua eman zionean.
2) Aritzeta: San Migel
Bigarren adibidea Aritzetako San Migel eliza da, egungo Bergaran. 1053ko dohaintza-agiri batean aipatuta agertzen da, Antso Bergara izeneko handiki batek San Juan de la Peñako monasterioari eman baitzion.
Elizak alor eta sagasti propioak zituen; eta haren menpe zegoen Paterniti izeneko herria ere –egungo Partaitia auzoa, Angiozarren–.
3) Astigarribia: San Andres
Hirugarren adibidea Astigarribiako San Andres eliza da, Deba ibaiaren ertzean; inter Bizcahiam et Ipuzcuam sito, garaiko testuen arabera. Kasu honetan, Bizkaiko jaun-andreak agertzen zaizkigu dohaintza-emaile, Eneko Lopez eta Tiklo Diaz, 1081ean, Donemiliagako monasterioaren alde. Data eta onuraduna ez dira nolanahikoak. Bost urte lehenago, 1076an, Iruñeko nobleziak Antso IV. erregea erail zuen Peñalengo amildegian, eta Gaztelako Alfontso VI.ak erresumaren mendebaldea okupatu zuen, tokiko nobleziaren laguntzarekin. Testuinguru horretan, baliteke Astigarribiako elizaren dohaintza agintari berriekin aliantza estutzen saiatzeko estrategia baten parte izatea, Gaztelaren eragin-eremuko monasterio bati mesede eginda.
San Andres elizaren inguruan hainbat jarduera ekonomiko antolatzen ziren, nekazaritzatik metalurgiara eta arrantzatik abeltzaintzara; jarduera horiek sortutako etekinak handikien esku gelditzen ziren, eta horiek truke politiko-ekonomikoetarako erabiltzen zituzten
Astigarribia oso kasu interesgarria da, elizaren inguruko ondasunak xehetasunez berreraiki baitaitezke. Alde batetik, garaiko dokumentuek bazkalekuak, basoak, sagastiak eta arrantzategiak aipatzen dituzte. Bestetik, arkeologoek Erdi Aroko hainbat jarduera produktiboren zantzuak identifikatu dituzte. Hala, eliza inguruan XI. mendeko haizeolen aztarnak agertu dira, eta ikerketa geoarkeologikoek erakutsi dute garai horretan ur-kanalizazioak eta betelanak egin zituztela eliza ondoko sagastiak landu ahal izateko.
Hortaz, San Andres elizaren inguruan hainbat jarduera ekonomiko antolatzen ziren, nekazaritzatik metalurgiara eta arrantzatik abeltzaintzara; jarduera horiek sortutako etekinak handikien esku gelditzen ziren, eta horiek truke politiko-ekonomikoetarako erabiltzen zituzten.
4) Kanpain: Santa Fe
Laugarren adibideak XI. mendetik kanpora garamatza, gutxigatik bada ere. 1134. urtean, Iruñerriko noble batek, Taxoareko Lope Enekoitzek, Kanpaingo Santa Fe eliza eman zion dohaintzan Aralarko San Migel monasterioari; eta, zeharka, monasterio horren jabe zen Iruñeko katedralari.
Aurreko kasuetan bezala, Kanpaingo eliza ondasun multzo batekin eman zuen: nekazaritzarako alorrak, sagastiak, mendietako abeltzaintza-guneak, basoak, urak eta abar. Egun, Kanpain toponimoak Zaldibiako etxe bati ematen dio izena, eta herri horretako parrokia Santa Feri eskainita dago; horra non zegoen Erdi Aroko eliza pribatua.
Aurreko adibideetan bezala, Iruñeko erresumako handiki bat aurkitzen dugu eliza-erakunde nagusietako batzuekin –kasu honetan, Aralarreko San Migelekin eta Iruñeko katedralarekin– negozioak egiten, Gipuzkoan kokatutako eliza bat eta haren inguruan jositako ondasunak ardatz hartuta. Baliteke, azken batean, hain lurralde periferikoa ez izatea.
Iruñeko erresumaren beste muturrean, 1025. urtean beste dokumentu garrantzitsu bat ere ondu zen: Donemiliagako Goldea izeneko zerrenda. Testu horretan Arabako 307 herri agertzen dira izendatuta, eta garaiko lurraldearen ikuspegi ezin hobea eskaintzen du.
Gaur egun Errioxan dago Donemiliagako monasterioa; baina, XI. mendean, Iruñeko erresumaren parte zen, eta bertako abadeek botere politiko-ekonomiko handia zuten beren jabetza-sare zabalari esker. Hala, toki askotako nekazariek errentak edo zergak ordaindu behar zizkioten, eta hori da, hain zuzen ere, Goldea-ren xedea: Arabako herri bakoitzak ordaindu beharrekoa zehaztea, golde izeneko unitateetan adierazita.
Horri esker, dokumentuak duela mila urteko Arabaren argazki ezin osatuagoa eskaintzen digu. 307 herri izendatzen ditu, 16 barrutitan banatuta; oro har, egungo Lautada, Kanpezu, Añana eta Trebiñu eskualdeak hartzen dituzte. Horrez gain, Gorbeia aldeko beste hiru barruti ere aipatzen dira –Zuia, Urka[bustaiz] eta Kuartango–, kasu honetan herriak banan-banan zehaztu gabe.
Herri horietatik guztietatik, 189 oraindik ere existitzen dira eta gehienek izen bertsua dute. Gastehiz toponimoa, adibidez, hemen aipatzen da lehen aldiz; baita gaur egun Arabako hiriburuko auzo bihurtu diren beste zenbait toki ere, hala nola Armentia, Ehari, Aretxabaleta, Gardelegi, Olarizu, Adurtza edo Arriaga.
Dokumentuak duela mila urteko Arabaren argazki ezin osatuagoa eskaintzen digu. 307 herri izendatzen ditu, 16 barrutitan banatuta
Beste 118 herri desagertu egin dira, baina askoren kokapena oraindik ezaguna da, elizak edo bestelako elementuak kontserbatu direlako. Hala, Goldea abiapuntu hartuta, arkeologoek herri horietako zenbait industu ahal izan dituzte –Zaballa edo Zornoztegi, adibidez–; Erdi Aroko gizarteaz eta bizimoduaz dakiguna nabarmen aldatu du horrek.
Aipagarria da, bestalde, testuan agertzen den toponimo-kopuru handiari esker, filologoek ere oso material baliagarria izan dutela Arabako euskararen bilakaera historikoa berreraikitzeko.
Sorkuntzarako, gozamenerako eta aldarrikapenerako espazio moduan dute oholtza musikari askok, baina bere ingurumarietan katramilatzen dira sarri, eta espazio "bortitz" bihurtzen da hegemonikoak ez diren gorputz askorentzat. Presio estetikoa, egiteko modu deserosoak,... [+]
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Elkar, 2024
112 orrialde
Eleberri labur honetan egileak XIX. mendeko Euskal Herrira garamatza, sekulako sona hartu zuen Juan Diaz de Garaio hiltzailea duela protagonista. Arabako landa guneko jendarte tradizional eta giro hotzean barneratzen... [+]
Urtebetetzeek eta urte aldaketek pilaketa bidezko eragina dute: alegia, banaka, gertatzen direnean, nik ez dut ezer sumatzen. Urtebetetzeetan, ondo xamar egin badut segundo batzuez olgatzen naiz (nire baitarako), nire garunaren zati batek ezin dio utzi zoriontzen dutenean... [+]
Apirilean argitaratu zuen Amorante frantsesa (Susa) Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962). Thriller ukitua du poemen bidez idatzitako nobela deigarriak eta, istorioa fikziozkoa den arren, badu idazlearen aurreko lanak markatu dituen kutsu autobiografikoaren arrastorik. Hortaz,... [+]
Marijo Louis paristarra da sortzez, 1977an heldu zen Miarritzera Euskal Herriko borrokek erakarrita. Josetxo Otegi zizurkildarrak 1983an pasa zuen muga Gipuzkoatik Lapurdira, Poliziatik ihesi. AEK-ko irakasle eta ikasle zirela ezagutu zuten elkar. 1986an, GALen atentatuen,... [+]
Ibilbideen serie honetako ezberdinena dirudike Baiona Ttipiak, bere antzinako eraikinei beha jarriz gero: ez blokerik, ez adreilurik, ez maldarik.... herrixkatxo lasai bat da. Aitzitik, Errobi ondoko auzo honen historian barrena eginez gero, konturatuko gara borroka politiko... [+]
Kostako zaizu Adurtza baino auzo zaharragorik aurkitzea Euskal Herrian: aurten 1.000 urte bete ditu, Donemiliagako Goldea dokumentuan ageri denez (ikusi Gakoak honetan Josu Narbartek idatzitako erreportajea horri buruz), eta merezi bezala ospatu dute bertan bizi direnek. Baina... [+]
Euskal Herrian auzo borrokalaririk bada, hori Txantrea da zalantzarik gabe. Herritarrek euren eskuz eraikia (literalki), auzoa defendatzen ikasi dute kalez kale, izan poliziarengandik, izan agintarien utzikeriatik, izan ugazaben diru-gosetik. Baina auzoa hori baino gehiago da,... [+]
Donostiako hirigunetik Urumeak banandua, nekazaritza eremu zabala zen Egia: Nabarrizene, Txurkoene, Mikelaene, Polloene... 70 baserri baino gehiago zeudela uste da. Trenbidearen etorrerak beste destino petral bat ekarri zien lur horiei, ordea: zerbitzuetarako eta... [+]
Ezagutu dezakezu Euskal Herria gure txoko eder eta famatuenak bisitatuta, Instagramerako edo postal baterako argazkiak aterata zure buruari, kostaldeko paisaietan edo monumentu bisitatuenetan irri eginez. Baina ez duzu Euskal Herria guztiz ezagutuko. Horretarako, hobe zenuke... [+]
Bizikleta hartu eta errepidera ateratzeko gogoa. Olatu gainean surf egiteak zein sentsazio eragiten duen probatzeko irrika. Mendirik mendi ibiltzearen plazera sentitzea. Mendian, hainbestean, baina emakumeak ez du erraza izan gizonenak izan diren kirol eremuetan sartzea... [+]
1985. NATOn mantentzearen kontrako manifestazioak egin ziren Hego Euskal Herriko hiriburuetan azaroaren 10ean, tartean Donostian. Milaka lagun irten ziren kalera Koordinadora Antimilitaristaren deiari erantzunez, orduko agintariak karikaturizatzen zituzten mozorroekin. Kanpaina... [+]
Hedabideen artean erakunde publikoek urtero publizitatearen bidez banatzen duten diru-zakua milioika eurotan zenbatu daiteke. Baina sistema garden eta justu baten faltan, medio batzuk argi eta garbi irabazten irteten dira banaketa horretan, eta Eusko Jaurlaritzaren... [+]
Munduko hainbat txoko zeharkartzen dituzten ibaiek, bizirik dauden heinean, euren begirada propioa dute mundua bera ikusteko. Gizakiaren garapenaren testigu isilak dira: hirigintza, gerra, kutsadura, uholdeak... dituzte ikusmiran, baita euren bazterretan etengabe ernetzen diren... [+]
Ekainak bost ditu gaur; udara atarian gaude eta giroak badaki. 15:00ak dira, sorbeltz saldoa aztoratuta dabil, udara beteko zeruan, kirrinka batean, eltxoak ehizatzen. Azpitik Ibaik erreparatu die sorbeltzei, eta tartean dauden enara azpizuriei; gorde ditu basozain arropak,... [+]