Kolonizazio energetikoa zer den badakizu? Extremaduran bai: orain berriztagarrien izenean arpilatuko dute

  • Iberdrolak Europako planta fotovoltaiko handiena zabaldu du Espainiako Estatuan, Extremadurako Torrecillas de la Tiesa herrian. 590 megavatioko potentziakoa eta 1,5 milioi modulurekin, 334.000 etxebizitza hornitzeko adina “energia garbi” sortuko duela azpimarratu dute. Ez da lurralde hartan eraikitzen den halako lehena, eta megaproiektu gehiago daude bidean. Hainbat adituk “kolonizazio energetikoa” deitu dio horri, munduko toki txiroenetan bezalaxe, Europa hegoaldean laster ezagutuko duguna.

Europako planta fotovoltaiko handiena izango da irudiko Francisco Pizarro deiturikoa, 1.000 hektarea ingurukoa. Baina aurretik jada beste hainbat eraikita dituzte, tamaina antzekoa dutenak.

Francisco Pizarroren izena jartzea planta fotovoltaiko bati, zinikoa ere suertatuko zaio bati baino gehiagori, kontuan edukita Trujilloko (Extremadura, Espainiako Estatua) plazaren erdian zaldi gainean eskultura duen konkistatzaileak nolako barrabaskeriak egin zituen Hego Amerikako espainiar kolonietan, urreaz eta zilarraz baliatzeko. Orain boroa, telurioa edo litioa erauzten dituzte multinazionalek hango meatzeetatik –Extremaduran litio meatzeen kontra oihukatzen duten bitartean–, besteak beste eguzki plakak egin eta energia “garbia” gordetzeko.

Iberdrolak abuztuaren 10ean iragarri zuen Europako planta fotovoltaiko handiena zabaldu duela Extremadurako Torrecillas de la Tiesa eta Aldeacentenera herrien artean. Konpainia elektrikoak urtebeteren buruan 1,5 milioi eguzki plaka edo modulu jarri ditu lehen nekazaritzarako eta abeltzaintzarako erabiltzen ziren 1.000 hektareako eremu zabal batean –1.000 kirol zelai baino gehiago–. Azpiegitura horrekin, Iberdrolak aurreikusi du 590 megavatioko indarra sortuko duela, 390.000 etxebizitza hornitzeko adina, eta “urtean atmosferara 150.000 tona CO2 isurtzea saihestuko” duela, prentsarako zabaldutako oharrean azaltzen duenez.

Ez da hor amaitzen ustezko abantailen zerrenda: eraikuntza lanek iraun duten bitartean 1.500 lanpostu sortu dira, eta neurriak hartu dituzte agertu diren aztarna arkeologikoak edo hegazti autoktonoen joan-etorriak errespetatzeko. Zer gehiago behar zuen Pizarrok aurpegi garbiketa baterako?

Baina badira  halako makroazpiegiturak zalantzan jarri dituztenak. Ecologistas en Acción taldeak aspaldi ohartarazi zuen lurraldeak “sukar fotovoltaiko” bat bizi duela eta trantsizio energetikoaren aitzakian plangintzarik gabeko burbuila baten aurrean dagoela. Areago, Extremaduran “kolonizazio” berri bat gertatzen ari dela diotenak ere badira, beste bat bere historian.

Francisco Pizarro izena jarri diote Europako planta fotovoltaiko handienari, Hego Amerikako espainiar kolonietan urrea eta zilarra erauzteko lurraldeak bereganatu zituen Trujilloko konkistatzailearen omenez (argazkia: Iberdrola)

Extremadurako herritarrek lehendik ere badakite esplotazioaren bidez hango baliabide naturalak erauztea zer den. Frankismo garaian, Tajo ibaiaren arroko urtegi handiak presoen esklabo lanarekin eraiki ziren, lan horrek orduan balio zuenaren laurdenaren truke, eta zati bat kondena ordaintzeko erabiliz gainera. Matadero Madrid Arte Garaikideko Zentroak Dominación y (Neo-)extractivismo ("Menperatzea eta (Neo-)estraktibismoa") publikazioan aztertu du kasua: kolonizazio frankistaren bidez,  aspalditik zetorren “birsorkuntza” hidrauliko baten nahia bete nahi izan zen.

Lehenik frankismoko kolonizazio hidrologikoa izan zen, gero nuklearrarenak jarraitu zion, eta orain fotovoltaikoa dator

Publikazio hori, Extremadura Saqueada ("Extremadura arpilatua", Ruedo Ibérico) (pdf) liburu ezagunaren 40. urteurrena gogoratzeko argitaratu da. Mario Gabiria soziologo nafar nekaezinak eta beste hainbatek egindako ikerlan horrek Extremaduran zeuden arrakalak agerian utzi zituen; bi hamarkada lehenago Francoren erregimenak martxan jarritako “Plan Badajoz” kolonizazio eta ureztatze proiektuaren ondorioak azaldu zituzten landa-azterketa kolektibo izugarriarekin: “Koloniak lan egiteko pobladoak baino ez dira, bizitzeko tokiak ordez”, ondorioztatu zuen Gabiriak.

Beste energia krisi bat bizi zen garai haietan –1973ko petrolioarena– eta energia nuklearrik gabe etxeak “kandelekin argiztatu” beharko zirela ziotenen aurrean, liburuak Valdecaballeroseko zentralaren kontrako borroka akuilatu zuen –1979an Villanueva de la Serenan 50.000 lagun elkartu zituena–.

Hortaz, lehenik kolonizazio hidrologikoa izan zen, gero nuklearrarenak jarraitu zion –1981ean Cáceresen Almarazgo zentrala zabaldu zutenean, bere bi erreaktoreekin, Espainiako Estatuko handiena zen–. Orain fotovoltaikoa dator, Extremaduran urteko sasoi gehienetan jaun eta jabe diren eguzki izpiak aprobetxatuz. Hori da aditu talde batek salatzen duena Cómo evitar la tercera colonización energética de la región ("Nola saihestu hirugarren kolonizazio energetikoa lurraldean") (pdf) txostenean.

Lehengo eta oraingo kolonizazioen bi plano. Ezkerrekoa, "Plan Badajoz" delakoarena, Guadiana ibaiko urak aprobetxatzeko frankismoak egindakoa. Eskuinekoa, Torrecillas de la Tiesako proiektu fotovoltaikoarena. Batean zein bestean Extremadurako baliabideak arpilatzea helburu, herritarren beharrak albo batera utzita.

Lehen urtegiak, orain ispilu zelaiak

Club Senior de Extremadura elkarteak argitaratu du txostena, enpresari eta akademikoz osaturiko lobbya, eta muturreko ideiak defendatzeko batere susmagarria ez dena. Aditu horiek oso kritiko azaldu dira berriztagarriak ezartzeko moduarekin; hasteko ikuspegi sozial batetik. Azaldu dutenez, Extremadurako industria-ondasunaren erdia elektrizitatearen ekoizpenari dagokio, eta Iberdrolak oligopolio bezala jokatzen du, baliabide industrial guztien %30 bereak direlako –zentral nuklear eta hidroelektriko nagusiak barne–; aldiz, apenas mantentzen ditu 1.200 lanpostu lurraldean.

Francisco Pizarro planta fotovoltaikoan ekoiztutako energia Danonek eta Pepsicok urruneko hirietan
–tartean Gasteizen eta Iruñean– dituzten lantegientzat izango da

Francisco Pizarro plantan eguzki-plakak jartzeko ehunka lagun aritu ziren lanean Torrecillas de la Tiesan, batez ere Andaluziatik joandakoak, eta herrian alokatutako etxebizitza prekariotan lotan. Baina egun batetik bestera desagertu ziren eta orain mantenurako langile gutxi batzuk baino ez daude. Txostenak dioenez, fotovoltaikoaren sektoreak hektarea bakoitzeko 0,05 lanpostu sortzen du, nekazaritzakoak baino gutxiago, kasu gehienetan. Julián Mora katedradunak egindako ikerlan demografiko baten emaitzak ere badakartza: Extremaduran azken urteetan eraiki diren planta fotovoltaiko erraldoien inguruko 20 udalerrietatik guztiek, salbuespenik gabe, galdu dituzte biztanleak.

Sistemak baditu zentzugabekeria gehiago. Sortutako energiaren laurdena baino ez da tokian bertan kontsumitzen, eta beste guztia kilometro askotara garraiatu behar izaten da. Francisco Pizarro plantakoa, adibidez, Danonek eta Pepsicok hainbat hiritan –tartean Gasteizen eta Iruñean– dituzten lantegientzat izango da, Iberdrolak konpainia horiekin hitzartu duenez. “Sortzen den tokian  zuzenean erabiltzen den hori bakarrik da ‘energia berdea’ –diote txosteneko adituek–. Baina administrazioak publizitate engainagarria toleratzen ari dira, ‘berde’ izena emanez berriztagarriak ez direnekin garraiatu eta kontsumitzen diren energiei”.

Torrecillas de la Tiesa, Talaván, Talayuela, Usagre... Eguzki-plaken habeentzako porlanez josi dituzte herri askotako lurrak, lehen nekazaritzarako edo abeltzaintzarako emankorra zena hondatuz. El País egunkariak bere webgunean proiektu fotovoltaiko horiez egindako erreportaje berezirako hitz egin du Angel García, Asaja nekazari gazteen elkarteko kideak: “Enpresa horietako batek lur jabearen atea jotzen duenean loteria tokatzen zaio, baina nekazari bat ere desagertzen da”.

Eguzki-plaka modernoen ondoan artaldeak jarri ditu Iberdrolak bere promozio bideoetan, ezkutatuz lurra hondatu eta despopulazioa dakartela halako proiektuek.

Club Seniorrek egindako kalkuluen arabera, berriztagarriekin okupaturiko azalera 85.000 hektareakoa izan daiteke: “Extremadura gaur egun zelai fotovoltaikoen ispiluz jositako lurralde bat da, eta hurrengo urteetan ere hala izango da”. Aditu horiek ez dira, noski, energia berriztagarriak erabiltzearen kontrakoak, baina planifikazio eta irizpide jasangarririk gabe, kalte sozialak eta ekologikoak aurreko kolonizazioen antzekoak izango direla diote.

Kalkulu batzuen arabera berriztagarriekin okupaturiko azalera 85.000 hektareatakoa izan daiteke laster Extremaduran

Ez dira bakarrak. Antonio Turiel The Oil Crash blog ezagunaren arduradun eta trantsizio energetikoan asko dakienak ere esana du eguzki parkeak “infernua” izango direla udaran, tokiko tenperatura asko igotzen delako eta material kutsakorrez eginak daudelako. Turielek artikulua argitaratu du Contexto gunean Juan Bordera eta Alfons Pérezekin batera, egungo krisi energetikoaz. Alemaniak hidrogeno berdea inportatuz Europar Batasunetik kanpoko herrialdeei "inposatu nahi dien sakeo energetikoaren plan koloniala”, Europa hegoaldeko herrialdeetan ere ezarri nahi dela diote. Eta hor, berriztagarrien industriak –hidrogeno berdea lortzeko argindar berdea behar baita– buruan dituen proiektu fotovoltaiko erraldoiek pisu nabarmena izango dute.

Horren aurrean zer? Sardinian, adibidez, gasbideen kontrako mugimendutik berriztagarrien kolonizazioa salatzeaz gain, "trantsizio energetiko justua" aldarrikatu dute, horretarako komunitate energetikoak aldarrikatuz –Euskal Herrian hainbat tokitan martxan jarri direnen antzekoak–, herritarrek eurek sortutako energia garbia kontsumitu eta onurak komunitatera itzul daitezen, urruneko metropoli batera eraman baino.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Energia krisia
GNL: Louisianako zingiretan jokoan dira munduko klima eta osasuna

Energia krisiak eta Ukrainako gerrak hauspotuta, Gas Natural Likidotua (GNL) bihurtu da munduko lehengai estrategiko eta preziatuenetakoa. AEBetako hegoaldean gasa modu horretan biltegiratu eta esportatzeko planta erraldoiak egin asmo ditu industriak, baina Joe Bidenen gobernuak... [+]


2024-03-25 | ARGIA
"Megaproiektu berriztagarrien egungo hedapenaren aurka eta bizitzaren alde" manifestua sinatu dute hainbat alorretako 75 pertsonak

"Elite ekonomiko baten pribilegioak iraunarazten diren aldi berean, konponbide faltsuak eskaintzen dizkigute, egiazko konponbideek beharko luketena onartu gabe: oligarkia energetikoa erabat auzitan jartzea, hazkunde ekonomikoaren aginduarekin haustea, gure eredu produktibo... [+]


2024-03-20 | ARGIA
Jasangarritasunaren Euskal Azokak hamargarren edizioa egingo du asteburuan Durangon

Berdeago Azoka egingo dute martxoaren 22tik 24ra, Durangoko Landako Gunean. Energia-eraginkortasunaz eta kontsumo arduratsuaz kontzientziatzeko helburua du Jasangarritasunaren Euskal Azokak, ingurumena babesteko irtenbideak tarteko.


Adrián Almazán
"Gizartearen logika algoritmikoarekin, gizakiak esplotatzen jarraituko dugu"

Fisikan lizentziatua eta Filosofia doktore, Gasteizen du ohiko bizitokia Adrián Almazánek (Madril, 1990), baina egun Madrilgo Carlos III Unibertsitatean ematen ditu klaseak. Digitalizazioak ingurumenean, energian eta gizartean sortzen dituen eraginak izan ditu... [+]


Eguneraketa berriak daude