Mainz (Alemania), 1454. Johannes Gutenbergek eskala handian inprimatutako lehen liburua argitaratu zuen, Berrogeita bi lerroko Biblia izenez ezagutzen dena. Gutenbergek ez zuen inprenta asmatu; dakigula, Txinan, 1040an, Bi Shengek asmatu zuen inprimatzeko lehen makina. Baina Gutenberg izan zen inprimeria modernoaren teknikak baliatzen lehena. Eta lehen liburua inprimatzen hasi eta gutxira, 1454ko urrian bertan, lehen inprimaki ofiziala ere Gutenbergek inprimatu zuen: Erromako Elizaren enkargua zen eta, inoren harridurarako, dirua eskatzea zuen xede.
Konstantinopla aurreko urtean erori zen otomandarren esku, zehazki, 1453ko maiatzaren 29an. Kolpe itzela izan zen kristautasunarentzat, eta aitasantutzak hiria berreskuratzeko asmoa bultzatu zuen, Europako beste enperadore, errege eta agintari kristau batzuekin batera. Eta gurutzada berriari bere ekarpena egiteko, Erromako Elizak induljentziak jaulkitzea erabaki zuen, horretarako Gutenbergen inprimatzeko makinaz baliatuz. Bigarren Mundu Gerran zenbait herrialdek gerra-bonuekin antzeko zerbait egin zuten, baina, induljentzien kasuan, gerra-bonuekin ez bezala, afera lurtarrak eta zerutiarrak nahasten ziren. Elizari diru lurtarrez ordaintzen zitzaion, eta, horren truke, erosleari bekatuak barkatuko zitzaizkion zeruan.
Konstantinopla berreskuratzeko gurutzada berriari bere ekarpena egiteko, Erromako Elizak induljentziak jaulkitzea erabaki zuen, horretarako Gutenbergen inprimatzeko makinaz baliatuz (...) Elizari diru lurtarrez ordaintzen zitzaion, eta, horren truke, erosleari bekatuak barkatuko zitzaizkion zeruan
Datu zehatzik ez dagoen arren, eta nahiz eta hipotesien arteko tartea handia izan, ekimena arrakastatsua izan zen; 5.000 eta 20.000 induljentzia artean saldu omen zituzten. Are arrakastatsuagoa izan zen, kontuan izanda barkamenerako ez zela nahikoa gutuna erostea, ahalegin gehigarriak egin behar zirela. Esaterako, erosketaz gain, otomandarren kontrako laguntza eskatzeko Jainkoari hirutan otoitz eginez gero, 100 eguneko barkamena lortzen zen. Induljentzia ordaindu eta etsai fedegabeen aurkako desfile bakar batean parte hartuz gero, aldiz, zazpi urteko barkamena lortzen zen.
Ahalegin publikoek pribatuek baino askoz gehiago balio zuten, nonbait. Eta zuzenean gurutzadan borroka egiteko prest zeudenek ere barkamena lortuko zuten. Baina induljentziarik ordaintzen ez bazuten, sakrifiziorik handiena egin arren ere, boluntarioei bi urteko barkamena besterik ez zitzaien emango.
Irizpide horiek azaltzen dute, neurri batean, gurutzadaren emaitza: azkenean, ez zuten abian jarri. Eta agerian uzten dute aitasantutzaren lehentasuna: diru-bilketa, kristau fedearen aldeko borrokaren gainetik.