Harroputzetik artaputzera

  • Gabezia, pobrezia eta erromestasuna orokortu ziren. Euskal Herri atlantikoa harropuzkeriaren ur gaineko bitsetan bizi zen. Itsasoz haraindiko merkataritzak, arrantzak eta estraperloak gure iparralde osoko jendartea aberasten zuten. XVI-XVIII mendeak ziren. Meatzariak, burdingileak, ikazkinak, basolangileak, karreto itzainak, sagardogileak, zurginak eta erriberako arotzak, marinelak, kai-langileak, ontzijabeak eta abar, isuri honetako euskaldunak erabat industrialak eta hiritarrak ziren, dirudunak. Nekazariak, bakan batzuk.


2025eko uztailaren 28an - 05:00
Jakoba Errekondo / ARGIA CC BY-SA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Garia jaten zen orduan (Triticum aestivum), batez ere; gariari “ogia” esaten zaio, gero hura egiteko erabiliko den gaiari. Lekuko dira ogizko opila, ogi-belar, ogi-landa, ogi-zelai, ogi-jorra, ogi-zango, ogi-meta, ogi-landare, ogi-epaile, ogi-mulu, ogi-zama, ogi-lasto, ogi-orrazi eta abar. Gure herriaren hegoaldean, ondroso ematen dute gariak eta laboreek, polita da behar duten lanaren eta ematen duten mozkinaren artekoa. Oraintxe ari dira makinak gau eta egun uzta jasotzen; Nafarroan sekulako oparoena espero da aurten. Iparraldean, berriz, hezetasunak gariaren langintza zailtzen du eta uzta zapuzten. Bustidurak eta afoinuak onddoak biziberritzen dituzte, eta bere erasoak suspertzen, laster da txertetxa edo ogi-usteldura.

Hori zen, baina, ikasia zuten nekazaritza. Neolitoa Euskal Herrira iritsi zenean, laboreak izango ziren estraineko mozkinak. Aurren-aurreneko luberriak ogi-lurrak izango ziren. Nekeza zait asmatzea gari aleak erein eta lehen ogi-orratzak, lur azalean lehen kimuak azaldu zirenean, erotzat joko zituzten lehen lurlangile haien aurpegia.

Bazen, ordea, beste ogi bat ere: artoa. Artos hitza grekoa da eta “hartzitutako ogia” esan nahi du. Garai batean gaur artatxiki arrunta (Panicum miliaceum) esaten diogun landarea izango zen artoa. Urte askotan ogia eta artoa elkarren bistan landuko zituzten; ogia lur emankorretan eta artoa lur agor eta zekenetan.

XVII. mendean, bukatzen hasi ziren euskaldunon harropuzkeriak. Espainiako errege hamalau buruiritzi handiusteen zorakeriak diru etorri errazik gabe utzi zituen euskaldunak. Eta jatekorik ez. Eta arto berria (Zea mays), iritsi berria. Hasieran azienda elikatzeko baliatzen zena laster bihurtu zen lagunen tripa-zorrien isilarazle: arto, mestura, tremes, artogi, artopil, maizopil, morokil, artore, artabigun, arto erre, arto-mokol, borona, arta-zuku, arta-talo eta talo. Orduan hasi zen benetako Euskal Herri hezearen lurraldearen kolonizazioa, baserriak eraiki eta eraiki. Artoak gariak baino zazpi aldiz gehiago ematen omen zuen. Eta gosea behinik ez zuten izango.

Eromena ere ekarri zuen artoak eta monolaborantzak lurrak pobretzen eta uztak kaskartzen zituen. Simaur eta luar ongarriketa karearen osagarriarekin erabiltzen ikasi behar izan zuten. Apaizaren onespena ere behar zuten soroek eta ordainetan ogiairea eman behar hari ere; hura ere mantenuan. Bestelako kontrariorik ere bazuen artoak. Harrak baditu, arto-mutila edo arto-makila eta alea bera ere jaten dutenak. Baina denetan bereziena arto-ilintia edo arto-ikatza edo arta-moskana edo artaputza edo arto-ustela da, hau da, Ustilago maydis onddoaren erasoa. Ustilago-k erredura esan nahi du eta maydis-ek, artotik jaten duena. Landare osoa jo dezake, baina ikusgarriena artaburuko aleetan sortzen dituen tumoreak dira. Euskaldunoi ustel, putz eta antzekoa dakargu burura, baina milaka urtean ezagutzen duten Amerikako kulturetan gutizia paregabea da, huitlacoche esaten diote. Halakoren batean ikasiko dugu geuk ere.

Arto goiztiarrenak loratzen hasi dira dagoeneko eta laster azalduko dira buruak. Saiatu horiek miatuz ilintia topatzen… Goiz erein ziren lehen arto haiek “elorria lore, artoa lurrera” egingo zuten agian, baina beste esaera ziurrago bat bada, Gotzon Garatek Azpeitiko Odriozolatxo baserrian jasoa: arto hazia egiten hasterako, etxekoandreak gonak jaso, eta lurgainean eseri. Lurra behar beste bero ote dagoen…


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Landareak
2025-09-10 | Estitxu Eizagirre
Onintza Enbeita eta Feli Madariaga
"Azokako mahaiaren bestaldetik desprezioa ikusten da, asko"

Emakumea eta lurra elkartzen dituen liburua idatzi du Onintza Enbeitak: Bizitza baten txatalak. Gure aurrekoen bizimodua jaso du, andre baten ahotan: "Baserria bere horretan, erromantizismorik gabe". Feli Madariaga (1932, Baldatika, Forua, Bizkaia) da andre hori, lurrari... [+]


2025-09-08 | Nagore Zaldua
Itsas izar arantzaduna
Izarren hautsa

Izarrak, ortzi mugagabean, keinu egiten diguten argi izpi dardarti liluragarriak dira, osotasuna eta ezereza bateratuta, zer garen ulerrarazteko oroitarri zaizkigunak: izan sua, izan ondotik joan zaizkigun kuttunak, gizakiaren txikitasuna edo Anbotoko Mariren edertasuna;... [+]


2025-09-08 | Garazi Zabaleta
Amama
Lursail bakoitzak bere arnoa

Irulegi eta Anhauze artean ditu mahastiak Joanes Haritschelharrek, Amama proiektuaren bultzatzaileak. “Mahastiak ene amarenak ziren, eta bera jubilatu zenean hartu nuen nik etxaldea, 2022an”, azaldu du. Ama mahastizaina eta aita ardi gasnagilea ditu, eta beraz, beti... [+]


2025-09-08 | Jakoba Errekondo
Orria egitera

Orriuldu gabe daude oraindik zuhaitzak eta arbolak. Hostoak ihartu gabe daude, bai. Eta hostoa jasotzeko sasoi aproposa da. Hostoa, batez ere geroago jasotzen da; zuhaitzaren adaburua janzten duen orritza edo hostotza erortzen denean edo orriultzen denean, lurraren instantziako... [+]


Mendiko suteak eta basozaintza

Lanbidean urteak daramatzagun basozainok, gogoan ditugu 1989. urtean Euskal Herria bortizki kolpatu zuten mendiko sute handiak. Urtarriletik luze zetorren lehorte latza udazkenean lehertu zen haize bortitzen bultzadaz. Dozenaka sutek beltzez jantzi zuten lurraldea, bereziki... [+]


2025-09-01 | Irati Diez Virto
Satitsua
Burmuina txikituta bizirauten duen ñimiñoa

Bizitza azkar pasatzen dela entzun eta esaten dugu maiz. Hala ere, gizakiok urte dezenteko bizi-itxaropena daukagu. Hainbat urte izan ohi ditugu ongi garatu, bizi eta ugaltzeko. Badira, ordea, hori guztia denbora askoz ere laburragoan egin behar duten gu bezalako ugaztunak:... [+]


2025-09-01 | Garazi Zabaleta
Gidari artzain eskola
Artzainen hurrengo belaunaldiaren bila

Historikoki, artzaintzari eta abeltzaintzari guztiz lotuta egon den bailara da Erronkaribarrekoa, baina azken hamarkadetan nabarmen eraldatu da eta turismoa bihurtu da jarduera nagusia. “Ekonomia horrela aldatu da, eta hamarkadaz hamarkada ardi, behi eta behor kopurua... [+]


2025-09-01 | Jakoba Errekondo
Pagatza, bizitza, sutza

Ez naiz aparretsia, orraztearen aparretsia, ezta gutxiagorik ere. Baina ikasturte berriari ekiteko, zer den ez den, lakarra zuzen-zuzen ederki asko eginda nator zuregana.


Eskuz eta banaka

Udan, Sargazoen itsasoan (Ipar Amerikako ekialdean) eme bakoitzak 2-3 milioi arrautza askatuko ditu. Baten batek bizirauterik badu, bi hilabeteren baitan ekialderantz igerian hasi eta urte erdi izaterako Azore uharteetara helduko da. Bertan elikatu eta haziko da, urtebeterekin,... [+]


2025-07-28 | Garazi Zabaleta
Udako azoka ekologikoak
Aurtengo hamabi plazak

Urtero bezala, aurtengoan ere martxan dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Udako Azoka Ekologikoak. Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak antolatzen ditu azokak, Gipuzkoako Biolurrekin, Bizkaiko Ekolurrekin eta Arabako Bionekazaritza elkarteekin batera... [+]


Sendabelarrak oliotan

Sendabelarra oliotan beratzeaz ariko gara baina ukendurik egin gabe. Bai, arraroa dirudi baina sendabelar freskoak oliotan beratu, iragazi eta erle argizaria ipinita ukendua egiten ikasi duenari olioarekin beste era batera lan egitea badagoela esan nahi nioke. Oleato edo olio... [+]


2025-07-23 | Jakoba Errekondo
Sagastien joeraren hipotesia

Etorri dira herriko jaiak. Gureak sanferminen atarikoak dira, uztailaren abiatzea. Eta aurten berrikuntza bat izan dute. Artisten herria da gurea, eta apain-apain janzten dute jaietarako, baina aurten, ustekabean, herriko kale nagusiko sarrerako sagarrondoak lorez jantzita hartu... [+]


2025-07-23 | Garazi Zabaleta
Aukera Natura
Kuartangoko lursaileko paisaia eraldatzen

Pandemia garaian erabaki zuten Bea Lopez de Suso Marinak eta Iker Gonzalez Dominguezek landa eremura bizitzera joatea. “Nolabait, orduan berpiztu zen aspalditik landa eremuan proiektu bat sortzeko genuen grina”, azaldu du Lopez de Susok. Kuartangora iritsi zen... [+]


Enborrik zulatzen ez duen okila

Euskal Herrian badugu inurrijale bat, baina ez da Ameriketan aurkitzen den ugaztun hori. Gurean hegazti bat da inurrijale amorratua dena, hainbeste gustatzen zaizkio inurriak ezen Debagoiena eta Debabarrenean inurrijale ere deitzen dioten. Eta hau, okil espezie bat da:... [+]


Eguneraketa berriak daude