Botere harremanen borreroak eta gatibuak

  • Eliza Katolikoaren barruan izandako sexu abusu eta pederastia kasuek hedabideetako orrialde ugari bete dituzte, The Boston Globe egunkariak duela bi hamarkada, 2003an, Pulitzer saria jaso zuenetik, Bostongo artzapezpikuaren abusuak azaleratzeko egindako lanagatik. Baina biktimek bizitako draman jarri izan dute arreta medio gehienek, ez hainbeste erasotzaileengan, are gutxiago inpunitate hori sortu duen boterean eta arauetan. Euskal Herria ez da salbuespen, hemen ere izan dira isilduak eta isilaraziak, borreroak eta gatibuak.

Joseph Ratzinger Benedikto XVI.a aita santu emeritoari ohorezko hiletak egin zizkioten urtarrilean, Erroman. Azken urteak pederastia eskandaluek inguratuta bizi izan zituen; besteak beste, Municheko artzapezpiku izan zenean hainbat kasu estali zituela ust
Joseph Ratzinger Benedikto XVI.a aita santu emeritoari ohorezko hiletak egin zizkioten urtarrilean, Erroman. Azken urteak pederastia eskandaluek inguratuta bizi izan zituen; besteak beste, Municheko artzapezpiku izan zenean hainbat kasu estali zituela uste da. Irudian, Frantzisko aita santua bere alde otoitz egiten hilkutxaren aurrean. (Argazkia: EFE)

Elizaren kultura oso bat jarri behar da zalantzan, abusuak, manipulazioak, erasoak, gezurrak eta baita heriotza bera ere ekarri dituelako”. Verónique Margron moja dominiko eta Frantziako Erlijiosoen Konfederazio Nazionaleko (Corref) buruak hori esatea, zerbaiten seinale bada. Erakunde horren bultzadaz jarri zen martxan Frantziako Eliza barruan izandako sexu abusuak ikertzeko batzorde independentea. Margronen hitzek azkenaldiko eskandalu handienetako bati erantzuten die: Jean Vanierren kasuari.

Jean Vanier teologoa oso ezaguna zen, L’Arche izeneko erakundea sortu eta desgaitasuna duten pertsonekin mundu osoan egindako lanagatik. Kondekorazio ugari jaso zituen zeregin hori aitortzeko, eta Bakearen Nobel Sarirako hautagai ere izan zen ez gutxitan. 2020an, Vanier hil eta urtebetera, La Croix egunkari katoliko kontserbadoreak albiste harrigarria argitaratu zuen: Vanierrek gutxienez sei emakumeren kontrako abusuak egin zituen Thomas Phillipe bere aita espiritual dominikoarekin batera; 1950eko hamarkadan gidatzen zuten Parisko komunitate erlijiosoan izan ziren gehiegikeriak. Dirudienez, garai hartako salaketa batzuk medio, eliz agintariek Phillipe Hego Amerikara bidali zuten aldi baterako. Horren ondotik sortu zuen 1964an L’Arche Vanierrek.

Albistea zabaldu eta berehala, teologoaren aldekoek argudiatu zuten Vanier laikoa zela, emakumeak helduak, tartean ez zegoela desgaitasunik zuen pertsonarik... Hortaz, zer arazo zegoen “harreman mistiko-erotiko” horiekin? Baina Dominikoek eta L’Arche erakundeak ikerketa sakonagoa publikatu berri dute urtarrilaren 30ean. Ehunka orrialde dituen txostenean kontatzen dute abusuek hamarkadez iraun zutela eta gutxienez 30 emakumek salatu dutela gertatutakoa. Kontrola, autoritatea, bortxa, beldurra... Horiek erabiltzen diren hitzak. Derrigortutako abortu bat ere erregistraturik dago. Txostenaren egileen ustez, hasierako salaketen aurrean Elizak izandako jarrera epela giltzarri izan zen egoera hura denboran hainbeste luzatzeko.

Elgoibarko eliza ondoan haurrentzako jolastokia. Herri horretan ere salatu izan dituzte elizaren sexu gehiegikeriak hainbat herritarrek. (Argazkia: Foku / Jon Urbe)

Botere harremanak, beldurra eta inpunitatea

Botere harremanek sortzen dituzten beldur mekanismoek eta zigorgabetasun historikoak ahalbidetu dute Eliza Katolikoa izatea sexu abusuak masiboki egin diren munduko erakunde nagusiena, batez ere haurren artean.

Pedokriminalitateari buruz publiko egin den azken ikerketa handian, Portugalgo Gotzainen Batzarrak otsailaren 13an aurkeztua, 4.815 kasu identifikatu dituzte herrialde hartan, 1950etik aurrera gertatutakoak. “Izebergaren punta” omen dira. Biktimek batez beste 11 urte zituzten abusuak jasan zituztenean, eta horietatik %77k ez du sekula ezer kontatu, nahiz eta urte asko igaro diren –kasu ia guztiak preskribatuta daude–. Ez da gehiegi arakatu behar jakiteko zergatik isildu diren orain arte.

“Niretzat apaizak aginduak ematen zituena zen, eta ezin zen hori zalantzan jarri”. Hala kontatu zion Berria-ko Jone Arruabarrena kazetariari Elgoibarren Don Andoni izeneko apaiz baten abusuak jasandako biktimetako batek. Igandetan, latina erakutsi beharrean ukituak egiten zizkion bere etxean sotanadunak, harik eta ezetz esateko indarra bildu zuen arte: “Handik gutxira, Don Andoni desagertu egin zen Elgoibartik”.

Elgoibarko kasua beste askoren erakusgarri da: Elizako ordezkaria testuinguru politiko eta sozialak ematen dion autoritateaz baliatzen da abusuak egiteko, eta salaketa bat dagoenean, iskanbila sortu aurretik eliz agintariek tokiz aldatzen dute. Horixe gertatu zen Manuel Estomba Derioko Seminarioko zuzendari espiritualarekin, ARGIAn 2019an azaldu genuen bezala; hainbat ikasleri sexu-abusuak egin ostean Ekuadorrera bidali zuten misiolari.

Urdin Euskal Herri irratiak filtratu duenez, jadanik hogeita hamar dira Baionako diozesian jarritako salaketak

Kasuren bat argitara ateratzen den bakoitzean, biktima da berriz ere jendaurrean biluzten dena. Erasotzailearen berri apenas dugun, eta ondorioz, askotan bere prestigioa mantentzen da –Estombak oraindik parke bat du bere izenean Irunen–; eta are gutxiago dakigu Elizako hierarkian halako kasuak estaltzeko izandako konplizitateez.

Bostondik Bermeora, kasuen eztanda

2002ko urtarrilaren 6an The Boston Globe egunkariak izenburu deigarria zekarren bere azalean: “Elizak apaizen gehiegikeriak baimendu zituen urtetan”. Egunkariak azaltzen zuen nola saiatu zen Bostongo artxidiozesia estaltzen dozenaka abadek haurrei egindako sexu abusuak; milioika euro ordaindu zituen tokiko hedabideen, abokatuen eta erakundeen isiltasuna erosteko.

Ez zen lehen aldia Eliza barruko pederastia argitara ematen zena, baina hilabete askotako ikerketa-kazetaritza lan hark AEBetako Eliza Katolikoaren habeak mugiarazi zituen eta kasu gehiago azalerazi. 2003an Bostongo kazetari taldeari Pulitzer saria eman zioten. Urte batzuk geroago Thomas MacCarthy zine zuzendariak pantaila handira eraman zuen historia hura, Spotlight izenarekin, eta pelikula onenaren Oscarra irabazi zuen.

The Boston Globe egunkariaren azala 2002ko ekainaren 6an. Elizako sexu abusuak ezagutarazteko giltzarri izan zen. 

Bi hamarkadotan, eta batez ere azken urteetan, pederastiaren inguruko albiste eta ikerketek gero eta gehiago estutu dute Vatikanoak zuzentzen duen elkarte erlijiosoa. 2018an, elizako abusuei aurre egiteko ECA Global erakundeak zenbakia jarri zion errealitate gordin horri: munduan 100.000 pertsona inguruk jasan dituzte sexu gehiegikeriak Elizaren baitan.

Baina kopurua askoz handiagoa izan daiteke, Frantziako Estatuko batzorde independenteak emandako datuari so egiten badiogu behintzat: soilik herrialde horretan 330.000 haurrek jasan dituzte abusuak Elizako hiru mila ordezkariren eskutik, 1950 eta 2020 urteen artean. Abusatzaileetako batzuk –hamahiru apaiz– Baiona, Oloroe eta Leskarreko elizbarrutikoak dira, eta 21 adin txikikori egin zizkieten gehiegikeriak. Datu hori handitzen ari da ordea: Urdin Euskal Herri Irratiak filtratu duenez, jadanik hogeita hamar izan daitezke diozesi horretan jarritako salaketak eta, honek, 250.000 euroz indemnizatuko ditu biktimak.

Espainiako Estatuan, aldiz, El País egunkariak bere kabuz ikerketa abiatzea erabaki zuen –ekimen ofizial baten faltan– eta Elizari loturiko ia bi mila sexu abusuren kasuak jasotzen dituen datu basea egin du publiko. Horren arabera, Hego Euskal Herrian 96 laguni egozten diete haurrez abusatu izana.

Gurean ere mugitu baitira gauzak gaiaren inguruan, eta ezagutarazi dira hainbat kasu. Esaterako, Juan Kruz Mendizabal Kakux abadeak aisialdi talde bateko hainbat gazteri egindako abusuak –Donostiako Gotzaindegiak hiru urteko zigor arin bat baino ez zion jarri orduan Gipuzkoako bikario nagusi zenari–; Maristen Erandioko, Bilboko, Iruñeko eta Artziniegako ikastetxeetan gertatutakoak; Lizarrako El Puy ikastetxekoak –Estatuko fiskaltzak preskribitutako kasuak ikertu gabe utzi ditu–; edo EITBko Asier Sánchez kazetariak Felipe Gutiérrez Bermeoko pederasta-ri buruz argitara emandakoak: Bermeoko Jose Done ikastetxeko zuzendari zenean abusuak egin zizkien gutxienez hiru ikasleri, eta ondoren, Bilboko beste eskola batera lekualdatu zutenean, gauza bera egiten jarraitu zuen; “Felipe anaiak” duela gutxi bideo pribatu batean aitortu zien egindakoa bere biktimei.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak foru erkidegoko eliz erakundeetan izandako gehiegikerien inguruko txostena argitaratu zuen iaz, Nafarroako Abusuen Biktimen Elkartearekin elkarlanean. 1948 eta 1985 urteen artean sexu abusuak jasan zituzten 60 testigantza jaso dituzte eta 31 abusatzaile identifikatu. Datu horiek eskuan, Nafarroako Parlamentuak Eliza barruko sexu abusuen biktimak aitortzeko legea onartu zuen 2022ko uztailean, horiek ere “oroimen kolektibora ekartzeko”, eta horren bidez ikerketa batzordea jarri du martxan.

Nafarroan biktimei elkarrizketak egiten hasiko da abusuak ikertzeko batzordea

Nafarroan Elizako ordezkarien eskutik sexu abusuak jasan dituzten biktimak aitortzeko batzordea martxan da pasa den urriaz geroztik. Azaldu dutenez, otsailean zehar elkarrizketak egiten hasiko da kaltetuekin, lehen aitortza eskariak jaso baititu dagoeneko. Historialariak, kriminologoak, psikologoak, irakasleak eta giza eskubideen gaietan adituak daude batzorde horretan. Izaskun Gartzaron batzordekide eta Nafarroako Gobernuko Delituen Biktimen Laguntzarako Bulegoko arduradunak esan duenez, helburua da behar duten pertsonei “laguntza ematea”.

Abusuak batzuek, erantzukizuna guztiok?

Batzordea sexu abusuak aitortzeko legearen baitan sortu da. Legea Nafarroako Parlamentuan  onartu zen 2022ko uztailean, alderdi guztien babesarekin, Navarra Sumarena izan ezik. Alderdi horrek, ezezkoa emateko, inuitek jasandako abusuen biktimekin konparatu zituen Nafarroako Eliza barruan gehiegikeriak jasandako biktimak. Iruñeko gotzaindegiak ere erantzukizunak orokortzen kritikatu du legea, eta esan du ez direla abusuen “biktima guztiak” kontuan hartzen.

Hain justu, Nafarroako Justizia kontseilari Eduardo Santosek Nafarroako Elizaren ordezkariak batzordean behar luketela adierazi du, baina oraingoz Elizak uko egin dio”.

“Ezin da hitzetan jarri”

“Ume batek nola eraman dezakeen mina, hori umeak bakarrik daki. Bizitza guztia aurretik dauka, iraganik ez dago, eta gai da ia dena gainditzeko, baina esperientzia hori, agure bati zakila hartzearena, ezin da hitzetan jarri”. Hala kontatu die Jose Ramon Blazquezek haurra zela bizitakoa Alberto Barandiaran, Iñigo Astiz eta Miren Rubiori Ez duzu abusatuko. Pederastia kasuak Euskal Herriko elizan (Elkar, 2017) libururako.

Bilboko Miserikordi Etxeko zuzendari Jose Luis Perdigoren eskutik Blazquezek eta bere gelako kideek jasandako basakeriak eta sexu abusuak dakartza liburuak, baita beste hamaika tokitan gertatutakoak ere: Ondarroan, Gabirian, Ibarran… Libururako 50 elkarrizketa baino gehiago egin dituzte eta, azaltzen dutenez, jasotako testigantzetan argi geratzen da erasoek eragindako mina biktima bakoitzaren araberakoa dela, baina luzea dela sexu abusuek uzten duten “marka”.

Ezin omen da errealitate hori hitzetan jarri, eta horregatik jo ohi da fikziora sarritan. Maddi Ane Txoperenak Ez erran inori (Elkar, 2022) eleberrian modu gordinean islatzen du txikitan abusuak –kasu honetan etxean– jasan dituen pertsona baten ezkutuko sentimendua: tok, tok, tok… “zurrumurru konstante bat da piztiaren erantzuna”. Izan ere, mina are sakonago suerta liteke, erantzuna halakoa bada.

Kasuren bat argitara ateratzen den bakoitzean, biktima da berriz ere jendaurrean biluzten dena

Barandiaranek, Astizek eta Rubiok liburuan diotenez, abusatzaileak oraindik "sagar ustel" batzuk baino ez dira Elizarentzat, eta “iskin egiten dio hainbeste urtez hainbeste sexu abusu posible egin dituzten botere egiturak aztertzeari”. Egitura horiek aztertu behar dira, egindakoa aitortu eta erreparatzeaz gain, berriz ere gerta ez dadin. Juan Mari Arregi seminarista ohi eta kazetariarentzat prebentzioa da gakoa: “Eliza barruko errepresioa, baita sexuari dagokionez ere, lehen izan zen eta orain ere badago”, azaldu dio astekari honi, eta bere ustez sexualitateari buruzko heziketa “integral” bat falta da oraindik. Badaki zertaz ari den. Arregik publiko egin zituen haurra besterik ez zela Derioko seminarioan sartu zutenean Manuel Estombaren eskutik jasandako sexu abusuak.

Konkordatua eta konplizitateak

1936ko Gerra amaituta, Eliza Katolikoaren eta Francoren erregimenaren arteko hariak ezin hobeto uztartu ziren. Are gehiago, 1953an Francok konkordatua sinatu zuen Vatikanoarekin eta, nazioarteko aitortzaren truke, diktadoreak erabateko ahalmena eman zion Elizari hezkuntza osoa katolizatzeko, baita ekonomian eragiteko gaitasuna ere, 1960ko hamarkadan Opus Deiko ministro teknokratak gobernuan sartu zirenean. Dirua eta boterea.

Giro autoritario hartakoak dira salatutako pederastia kasu asko, zigorgabetasunak eta inork kontuak eskatuko ez zizkiela jakitearen lasaitasunak eraginda. Juan Mari Arregik garbi du eliz hierarkia sexu abusu sistematiko horien konplize izan zela: “Estali egin zituen eta ez zuen neurri berehalakorik hartu. Abusatzaileak seminarioetatik eta erlijio-etxeetatik egotzi beharrean, gehienez ere tokiz aldatu zituen, eta horrela, abusatzen jarraitu ahal izan zuten”, dio.

Hierarkia horretan gorantz eginda, noraino irits zitekeen konplizitatea? Euskal Herrian oraindik ez da halakorik luparekin begiratu, baina beste toki batzuetan urrun iritsi dira. Alemanian, Municheko artxidiozesiak aginduta ikerketa egin dute Bigarren Mundu Gerra amaieratik gutxienez 1982 urtera arte Bavierako estatuan izandako sexu abusuen inplikazioaz, eta frogatu ahal izan dute Joseph Ratzinger Benedicto XVI.a aita santuak hango artzapezpiku zenean lau kasuren berri jakin zuela, baina ez zuela “ezer egin”. Okerragoa dena, parroko baten gehiegikeriak estali nahian, lekuz aldatzeko agindu zuen, gerora katoliko guztien pontifize izandakoak. Auzi horregatik epaiketa egingo dute Munichen martxoaren 28an, baina arazo bat dago: Ratzinger jadanik hil dela.

Nafarroako Abusuen Biktimen Elkarteak hainbat ekimen egin ditu eliza barruko pederastia salatzeko. Irudian, Iruñeko artzapezpikutza aurrean elkarretaratzea. (argazkia: Abusuen Biktimen Elkartea)

Boterea oraindik

Baina ezin esan Elizaren barruan sexu abusuak estaltzeko, zuritzeko, gutxiesteko edo orokortzeko jokabidea iraganeko kontua denik. Gaur egun ere oso presente dago. Zergatik esan du Iruñeko gotzainak, Elizako sexu abusuen biktimak aitortzeko Nafarroako legeak “beste biktimak” diskriminatzen dituela? Zergatik parte hartu zuen Kakux-ek Donostiako gotzain berriaren aurkezpen ekitaldian inor lotsagorritu gabe? Zergatik zioen Ratzingerrek pedofilia “denon” arazoa dela?

Dirua eta boterea. Boterea eta inpunitatea. Binomio asko dago hemen jokoan. Esaterako, erreportaje hau egiterakoan Elizaren beso mediatikoak noraino irits daitezkeen frogatu ahal izan dugu Googleko bilaketa azkarretan; noraino eragin dezaketen pederastiaren inguruko iritzi publikoan. Inpunitatea eta hedabideak.

Gaur egungo finantzetan eta munduko ekonomian sotanadun gizonek duten pisuak ere jar gaitzake lorratzean. Vatikanoko Estatuak ez du Barne Produktu Gordinik, enpresa baten antzera funtzionatzen du eta higiezinen munduko jabe handiena da –soilik Italian, terrenoen %20 bereak dira–. Vatikanoko Bankuak, bestalde, 7.000 milioi euroko funtsak ditu gordeta. Iaz, baina, etekinak erdira jaitsi zitzaizkion, eta horietatik zati handi bat sexu abusuen kalte ordainetarako bideratu behar izan zituen. Hain justu, Francisco aita santuak agindu du Elizako erakundeek irabazten duten diru guztia euren bankura transferitzeko. Gianluigi Nuzzi italiar kazetari eta Vaticano SA (Chiarelettere, 2009) liburuaren egileak dio kiebra santua 2023 urtean etor litekeela...

Hori guztia ikusita, agian hobeto uler liteke zergatik Eliza Katolikoak ez duen egiturazko benetako aldaketarik nahi sexu abusuen aurrean: ez du boterea galdu nahi.

 


 

'Shame': gehiegikerien erretratuak

'Shame' erakusketan bitkimen erretratuak ageri dira (Argazkia: Justice Initiative)

Bilboko Elizbarrutiko Eleiz Museoan Shame izeneko erakusketa paratu dute, haurrak zirela sexu abusuak jasan zituzten Europa osoko ehun pertsonen testigantzekin, Simone Padovani italiar argazkilariak egindako bakoitzaren erretratuez lagunduta. Erakusketa Justice Initiativek bultzatu du, haurren kontrako abusuak salatzeko europar ekimena, eta ondoren Bartzelonan eta Europako beste hainbat hiritan erakutsiko dute. Erakusketa Bilbon den bitartean –martxoaren 25a arte egongo da ikusgai– gaiaren inguruko hainbat hitzaldi eta topaketa ere egingo dituzte.

Hainbat esparrutan sexu abusuak jasan zituzten haurren kasuak daude Eleiz Museoan, etxean edo kirol taldeetan gertatutakoak, adibidez, eta tartean sartu dituzte Eliza barruko erakundeetan egindako gehiegikeriak ere. Erakusketak, baina, ez ditu erasotzaileen izenak edo argazkiak agertzen, biktimenak bakarrik. Besteak beste Juan Cuatrecasasen testigantza dakar.

2008tik 2010era José María Martinez Sanz irakaslearen eskutik Bilboko Opus Deiko Gaztelueta ikastetxean jasandakoak kontatzen ditu Cuatrecasasek: “12 urterekin ez nintzen guztiz kontziente gertatzen ari zenaz, baina banekien ez zela normala eta ez zitzaidala gustatzen. Abusua baino gauza mingarriagorik badago: gertatutakoa estaltzea eta biktima berriz biktima bihurtzea”. Gazteluetako kasuan, Martínez bi urteko kartzela zigorrera kondenatu zuen Bizkaiko Probintzia Epaitegiak, baina Opus Deiko ikastetxeak ez du sekula onartu gertatutakoa, ikaslearen testigantzari sinesgarritasuna kendu izan dio beti. Orain, familiari Francisco aita santuak gutun bidez hitz eman dio Elizako justiziak ere kasua ikertuko duela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gizartea
Futbolari gay-ak zergatik ez dira ausartu azkenean armairutik ateratzera?

Alemaniako gizonezkoen futbol profesionalean ari diren hainbat futbolari armairutik ateratzekoak ziren maiatzaren 17an. Sekretuan eta kluben bizkar biltzen ari ziren jokalariak, baina espektatiba altuak ezerezean geratu dira, ez da inor armairutik atera. Futbol maskulinoaren... [+]


2024-05-21 | ARGIA
Nafarroan epaitu gabe gelditu den bortxaketa bikoitza aztertuko du Estrasburgok

2016an bi emakumek bortxatuak izan zirela salatu zuten, Iruñean. 2018an auzia artxibatu zuten eta ez zen epaiketarik egin. Espainiako Poliziak, Fiskaltzak eta Nafarroako Auzitegiak ikerketan egindako irregulartasunak salatu ditu biktimen abokatuak. Espainiako Estatuak... [+]


2024-05-21 | Gedar
Hamabi lagun ikertzen ari dira, Castejonen CAF-Trenasaren kontra egindako protesta bat dela-eta

Asteartean deklaratu beharko dute Tuteran, ikertu gisa. Palestinan eraikitzen ari den tranbia-sarearen bidez, CAF "entitate sionistaren kolonizazioan parte hartzen" ari dela ohartarazi dute.


Eguneraketa berriak daude