Higiene genitala, abusatzeko aitzakia

  • 1953an sartu nintzen Derioko seminarioan, Bizkaian. Beste 135 lagunekin inauguratu genuen eraikina eta horietatik 30 inguruk amaitu genituen apaiz ordenatzeko behar diren hamahiru urteak. Lehen sei urteetan Humanitateak egin genituen, egungo batxilerraren oso antzeko zerbait. Garai haietan 13 edo 15 urteko nerabeak ginen, eta oso gogoan daukat denok, edo ia denok, isildu genuen zerbait.

"Bere egoitzako aulkiaren ezkerraldean ezartzen gintuen ondo-ondoan, prakak askatu, zakila aterarazi eta ukitu egiten zigun garbitasun kontuak argudiatuz".

Urteak igarota horretaz hitz egin izan dugu, denoi, edo ia denoi gertatu zitzaigulako. XX. mendeko 50eko hamarkadaz ari gara. Orduan ez zegoen sexu-abusuen aurrean gaur daukagun kontzientziarik.

Manuel Estomba (1916-1982) zen lehen urte haietan, Derioko seminarioko zuzendari espirituala –horrela deitzen genion gure kontzientzien eta espiritualitatearen “zaintzaileari”–, duela urte batzuk hila. Orain pederasta gisa hartuko genuke. Aparatu genitalaren higiene beharraren aitzakian, eskua sartzen zigun zakila nola garbitu behar genuen azaltzeko. Horretarako, bere egoitzako aulkiaren ezkerraldean ezartzen gintuen ondo-ondoan, prakak askatu, zakila aterarazi eta ukitu egiten zigun garbitasun kontuak argudiatuz. Aldi berean, besarkatu egiten gintuen ezker besoaz, eta bere masaila gurearen kontra estutzen zuen… Nola ez, aurretik, hori guztia inori ez kontatzeko esaten zigun! Eta egia esan, urte askotan ezkutatu egin genuen, nork bere modura. Denborak aurrera egin ahala ordea, batzuk eta besteok gertatu zitzaiguna argitzen joan ginen. Jabetu ginen zuzendari espiritual hark “sexu higienea” nola egin behar zen azaltzeko modu bera erabiltzen zuela denokin.

Urteak igarota, zuzendari espiritual horrek Derioko seminarioa utzi zuen eta misiolari gisa ibili zen Ekuador eta Venezuelako misio diozesiarretan. Sekula ez genuen zehazki jakin, baina bai imajinatu, gero ezagutzera eman zena: Deriotik Ekuadorrera aldatu zuten, zuzendari espiritual karguan zela nerabe apaizgaiei egindako sexu-abusuengatik. Bere apaiz bizitza Urkiolako santutegian amaitu zuen, Amerikako eta Afrikako misio diozesiarretan izandakoak hara egokitzen baitziren. Elizako agintariek ezkutatu eta isildu egin zuten, logikoena litzatekeenean ardura pastoral orotatik apartatzea. Derion gehiegikeriak egin bazituen, Ekuadorren eta Venezuelan gauza bera egin zezakeen.

Egia esan, urte askotan ezkutatu egin genuen, nork bere modura. Denborak aurrera egin ahala ordea, batzuk eta besteok gertatu zitzaiguna argitzen joan ginen. Jabetu ginen zuzendari espiritual hark “sexu higienea” nola egin behar zen azaltzeko modu bera erabiltzen zuela denokin.

Gogoratzen dut gure artean beste hainbat kontu ere aipatzen genituela, zenbait “nagusik” ikaskide zehatz batzuekin izan zuten jokabidearen harira –gutxi ziren, baina politenak edo familia dirudunetakoak izateagatik “hautatzen” zituzten–; Don Santiago Duo izenekoa zen nagusi haietako bat. Seguruenik hor ere sexu-gehiegikeriak gertatu ziren, eta bestalde, ez daukat zalantzarik esateko nagusien eta seminaristen artean harreman homosexualak izan zituztela; aldiz, halako harreman motak seminaristen artean gertatzen zirenean haien kontra tematzen ziren nagusiak, behintzat ofizialki. Bi abadegai elkarrekin paseatzen ikusten bazituzten, edo bagintuzten, “amistades particulares” izatea egozten ziguten eta zelatan egoten ziren.

Hain zuzen, Santiago Duo zen gehien zelatatzen gintuena, paseatzen ikusten gintuenean “eskuak poltsikotik kanpora!” esaten zigun; pentsatzen genuen hori esaten zigula masturbatzea eragozteko. “Nagusi” deitzen genien diziplinarako prefektuak eta barneko irakasleak ziren apaizei; ikasleokin egunero bizi ziren hauek.

Haietako askok erlazio pertsonala zuten gure ikaskide batzuekin, euren bulegoan lehentasunezko tratua izaten zuten eta, bazen bere motoa edo autoa erabiltzen zuenik ere, ikaslea “ibilaldi” batera eramateko, besteok seminarioko diziplina jarraitzen genuen bitartean. Arauen arabera, ezin genuen handik atera udako eta gabonetako oporretan izan ezik.

Inkesta ofizial batek historia hau frogatu du

Derioko seminarioko sexu-gehiegikeriez hemen kontatu dudanak, ez luke halako baliorik izango testigantza bakarra izango balitz. Nire testigantza. Irakurleak egia ote den galde dezake. Baina azaldu dudanak bat egiten du inkesta profesional eta ofizial batekin, eta hori beste kontu bat da.

Manuel Estomba. Derioko apaizgaitegiko zuzendari espirituala, euskaltzale eta idazle oparoa ere izan zen. ARGIAk azaleratutako testigantzaren arabera, bere bulegoan sexu-gehiegikeriak egin zizkien adingabeei.

Astintze 53-70 elkartea Derioko seminarioko abadegai eta irakasleek sortu zuten. Izen horrek lotura du Bilbo-Lezamako trenbide geralekuak zuenarekin; seminario parean zegoen eta eskuarki erabiltzen genuen hara eta hona ibiltzeko.

Elkarte horren enkarguz inkesta egin zuen 2009an Javier Elzo soziologoak, seminariotik igaro zirenen artean –13 urteko ikasketak amaitu eta apaiz ordenatuak izan ala ez–. Derioko egonaldiko ikuspegi pertsonala jasotzea zuten helburu galderek. Denera 199 pertsonak erantzun zuten (ikusi Historia del Seminario de Derio-Bilbao. En el recuerdo de sus protagonistas, 1953-1970. 610-611 orr.).  

Nik inkesta jaso nuen, baina ez nuen parte hartu, eta uste dut horrek garrantzia handiagoa ematen diola orriotan egiten ari naizenari: jasan nituen sexu-gehiegikeriak salatzea.

Azterketak badu atal bat adingabeei egindako abusuen inguruko erreferentzia guztiak jasotzen dituena, eta horri buruz egindako galderen erantzunak transkribatuta daude. Hauek dira:

“Seminarioko apaiz batek prakak jaitsarazi zizkidan hainbat aldiz, zakila nola garbitu behar den azaltzeko aitzakian. Badakit beste ikaskide batzuekin ere egiten zuela, gerora gure artean hitz egin dugulako. Nik 12 eta 14 urte artean nituen”

(Sekularizatua, egun 67-70 urte inguru ditu)

“Aita espiritual batek egindako sexu-gehiegikeriek aski markatu ninduten”

(Jardunean den apaiza, gaur egun 70 urte baino gehiago ditu)

“Aita espirituala gizagaldu bat zen eta gu haur inuzenteak”

(Jardunean den apaiza, 63-66 urte)

“Nik ez nuen halakorik ezagutu, baina seminario txikitik zetozen batzuei entzun nien apaiz batek ‘ukituak’ egiten zizkiela”

(Seminarioa latindarretan utzi zuen apaizgaia, 67-70 urte dauzka)

“‘Aita espiritual’ batek zelo (edo zeru?) handiz kalkulatzen zuen eskuekin hankak gurutzatzen genituenean agertzen zenaren ‘lizunkeria angelua‘; eta sexu higienerako aholku praktikoak ematen zituen, froga errealak eginez”

(Seminarioa filosofia ikasketetan utzi zuen apaizgaia, 67-70 urte dauzka)

“Hilabetean behin bere bulegora deitzen ninduen eta zakila ateratzeko eskatzen zidan, segidan behatzekin ukitzen zuen, hola eta hala eduki behar nuela esanez. Zer esan nahi zuen horrek? Gaur egun zalantzak dauzkat”

(Seminarioa latindarretan utzi zuen apaizgaia, 67-70 urte dauzka)

“Irakasleen eta seminaristen artean harremanak zituzten. Ni horien biktima izan nintzen”

(Seminarioa latindarretan utzi zuen apaizgaia, 63-66 urte dauzka)

Inkesta egin zuen Elzo irakasleak, seminarioan izandako sexu-gehiegikerien atala gisa honetan amaitzen du: “Irakurleak baditu nahikoa elementu bere ondorioak ateratzeko, nik bezala. Garbi dago “ukituak” egon zirela –azaltzeko zailak direnak–, eta zenbait erantzunen arabera, badaude euren burua sexu-gehiegikerien biktimatzat dutenak. Pertsona zehatz bat aipatzen dute: zuzendari espirituala”.

Deigarria da inkestaren arduradunek ez esatea zuzendari espirituala zein zen, galdekaturiko askok abusatu egiten zuela aitortu zuten arren. Ez dakigu galderak erantzun zituztenek haren izena aipatu ote zuten –pentsatzen dut baietz–, edo azterketaren egileek ez argitaratzea erabaki ote zuten; Elizak mundu osoan mantendu du halako kontuak ezkutatzeko praktika. Testigantza honetan idatzita utzi dut: Derioko Seminarioko Ikasketa latindarretako zuzendari espirituala Manuel Estomba izan zen, jadanik hila.

 

[*Artikulu hau Juan Mari Arregi osatzen ari den liburu baten aurrerapena da eta liburu horretako 'Sexu gehiegikerietatik pertsekuzio politikora' atalean jasoko da]


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eliza Katolikoa
2024-06-17 | Hala Bedi
Berakah-k familiak etxegabetzen jarraitzen du Gasteizko Alde Zaharrean, udalaren axolagabekeriaren aurrean

Auzoan Bizi Etxebizitza Sareak salatu du Berakah programa beste bi familia etxegabetzen saiatzen ari dela, iaz beste familia batekin egin zuen bezala. Dagoeneko salatutako hauetaz gain, Berakahko kasu gehiago ari dira heltzen etxebizitza sarera. Berakah programa Santa... [+]


Kasik ehun ikaslek salatu dituzte Betharramgo ikastetxe katolikoan jasandako bortizkeria fisiko eta sexu indarkeriak

Berria egunkariak eman du salaketen berri, garai hartan bertan egondako ikasle batzuen lekukotasunak ere bilduz. 1960ko hamarkadatik 1990eko hamarkadaren bukaera artean gertaturiko indarkeria fisiko, sexu bortizkeria eta bortxaketei buruzko lekukotasunak bildurik,... [+]


2024-05-16 | Aiaraldea
Moja klaratarrek Eliza utzi dute, Urduñako komentua erostea eragotzi dietelako, eta eskuin muturreko sekta batera batu dira

Klaratarrek Urduñako komentua erosteko kontratua sinatu zuten, baina Elizak atzera egin du salerosketan eta mojek testu luzea argitaratu dute, zeinean Pablo de Rojas Sanchez-Francoren diziplinara batu diren. Mario Izeta apezpikuak eskumikatu zuen erlijioso hori 2019an... [+]


Zamorako apaiz kartzelako ihesa Santiago Carrillo buruzagi komunistak zapuztu zuen, lekuko baten arabera

1971n hainbat euskal abadek Zamorako espetxe hartatik ihes egiteko plana bertan behera geratu zen, poliziek tunela deskubritu ondoren. Nicanor Acosta abade-ohi komunistak Apaiz Kartzela dokumentaleko egileei elkarrizketa batean esan zien Santiago Carrillo izan zela salatzailea:... [+]


Eguneraketa berriak daude