Azaroaren 25ean kaleak bete genituen egunero hiltzen gaituen sistema patriarkala salatzeko. Hurrengo egunetan, ordea, borroka horrek indarkeria instituzionalaren adibide argia jaso zuen: Suitzako Kontseilu Nazionalak emakumeon* aurkako indarkeria borrokatzeko bideratu behar zen milioi frankoko gehigarria baztertu zuen.
Erabakiak haserrea sortu zuen, arrazoi askorengatik. Beranduegi iritsi zelako, eraildakoentzat. Aurten 28 feminizidio zenbatu ditugulako. Eta, batez ere, errealitate ukaezin baten aurrean –astero feminizidio saiakera bat, milaka emakumek eta haurrek etxeko indarkeria pairatzea, eta indarkeria sexualizatua emakume eta neska askoren egunerokoa izatea–, parlamentuko gehiengoak diru hori “gaizki inbertitua” izango zela ondorioztatu zuelako.
2022an Kontseilu Federalak indarkeria matxistaren aurkako ekintza-plan nazionala onartu arren, 2025ean aginteko gehiengo gizon zuri burgesak emakumeak* babestearen kontra egin du, lehentasun eta aurrezte diskurtsoen atzean ezkutatuta. Horrela, Istanbulgo Hitzarmena betetzeko aurreikusitako beste urrats bat zapuztu dute, eta beste behin erakutsi ez dela diru kontua, erabaki politikoa baizik. Arazoaren parte eta konplize dira. Milioi bat franko kopuru txikia da aurrekontu federalarekin alderatuta, baina mezua argia da: emakumeon* bizitzak eta babesa zein segurtasuna ez dira lehentasuna.
Egoera larria da: feminizidioak ugaritzen ari dira, eta Istanbulgo Hitzarmena berretsi eta ia hamar urtera, gutxieneko neurriak ere ez dira gauzatu
Testuingurua are gordinagoa da, neguko saioan parlamentuak 90.000 milioi frankoko aurrekontua onartu baitzuen. 3,5 milioi ardiak otsoetatik babesteko, eta 10 milioi mahastizainentzat. Emakumeak* babesteko milioi bat gehiago, ordea, gehiegizkoa omen. Suitzan, ardiak emakumeak* baino hobeto babestuta daude.
Hedabide nagusiek, ordea, ez zioten garrantzirik eman. Are kezkagarriagoa da haren esanahi politikoa gorde nahi izatea. Bozketa ia oharkabean pasatuko zatekeen, ezkerreko diputatu emakumeek ez balute sare sozialetan zabaldu izan. Argitalpenak eztanda eragin zuen, eta egun gutxitan 200.000 sinadura baino gehiago bildu ziren Estatuen Kontseiluari milioi hori onartzea eskatzeko. Kontzentrazioak deitu ziren, mugimendu feministek salaketak egin zituzten. Azkenean, presio sozialak bultzatuta, gaia berriz itzuli da Kontseilu Nazionalera.
Egoera larria da: feminizidioak ugaritzen ari dira, emakumeen aterpetxeak gainezka eta azpifinantzatuta daude, eta Istanbulgo Hitzarmena berretsi eta ia hamar urtera, gutxieneko neurriak ere ez dira gauzatu. Milioi bat tantatxo bat da, bai. Baina tantak ere beharrezkoak dira bizitzak salbatzeko. Patriarkatu instituzionalizatua erauzi bitartean tantak borrokatzen jarraitu beharko dugu, kalean eta lerro hauetan.
[Post scriptum: azkenean, Kontseilu Nazionalak abenduaren 15ean onartu zuen milioi bat gehitzea]
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.