NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertalde batek Nafarroan Eliza Katolikoaren baitan jazotako sexu abusuak ikertu ditu. 1948 eta 1985 artean gertatutako ia 60 kasu identifikatu dituzte, 31 erasotzailek gauzatuak. Txostenaren aurkezpenean azpimarratu dutenez, horiek jazotako erasoen "izerbergaren punta" lirateke.
NUPeko ikerlari talde batek Nafarroan Eliza Katolikoaren baitan jazotako sexu abusuak ikertu ditu, eta ondorioekin osatutako txostena aurkeztu dute ostiralean. Ekitaldian parte hartu dute txostenaren autore Mikel Lizarragak, Nafarroako Gobernuko Justizia eta Migrazio Politiketako kontseilari Eduardo Santosek, eta haurra zela moja baten abusuak pairatu zituen María Victoria Martinikorenak.
Txostenean jasotzen diren hainbat datu esanguratsu eman dituzte argitara. Ikerlariek 1948-1985 epe tartean sexu abusuak pairatu zituzten ia 60 pertsona identifikatu dituzte. Azaldu dutenez, hasiera batean 42 testigantza zeuzkaten txostena osatzeko, baina bidean hamar biktima gehiago identifikatu dituzte, eta azken astean, medioetan gaiaren berri hitz egitearen ondorioz, sexu abusuak pairatu zituzten beste zenbait pertsona jarri dira ikertaldearekin harremanetan. Gehienek 8 eta 12 urte artean zituzten sexu abusuak jasan zituztenean, baina bada 5 eta 6 urterekin abusuak jasan zituenik ere.
Santos kontseilariaren arabera, horiek jazotako abusuen "izebergaren punta" lirateke, uste baita biktimak askoz gehiago direla. Hala iradoki du Lizarragak ere, testigantzen arabera orokortuta baitzeuden gisako erasoak: "Kasuen %90etan, biktimak baieztatu dute ez zirela [abusuak jasan zituzten] ikasgelako bakarrak eta zentroan orokortutako zerbait zela". Gainera, azpimarratu du ustezko erasotzaile kopurua, proportzioan, handia dela biktima kopuruaren ondoan, eta hori beste zantzu bat dela pentsatzeko biktima gehiago egon behar direla identifikatzeke.
Orotara, 31 dira identifikatu dituzte erasotzaileak, eta hamazazpi hezkuntza zentro eta hamabi udalerri inplikatzen dituzte. Erasotzaileen profilari dagokionez, identifikatu dira ikastetxeko zuzendari bat, 21 irakasle, hiru erizain, hiru dendari, ikastetxeko atezain bat eta eskolarik ematen ez zuten bi apaiz. Horien izenak publiko egin gabe argitaratu dute txostena, errugabetasun-presuntzioa mantentzeko. Alabaina, jakinarazi dute Fiskaltzari helarazi diotela kopia bat, eman beharreko pausoak zein diren baloratu dezan.
Santos kontseilariak jakinarazi du Nafarroako Gobernuak lege bat bultzatuko duela, Eliza Katolikoaren baitan sexu abusuak jasan dituzten pertsonen aitortzarako.
Espainiako Eliza Katolikoak onartu du adingabeei egindako 1.057 sexu-gehiegikeria gertatu direla Elizan. Urteetan abusuak gertatu izana ukatu du edo kasuei garrantzia kendu die. Duela gutxira arte, Espainian salaketa gutxi zeudela edo salaketarik ez zegoela defendatu du Elizak... [+]
Espainiako Estatuan momentu honetan 147 ikerketa daude auzitegietan, Eliza barruan izandako sexu abusuengatik, horietatik %67 2000. urtea baino geroago gertaturiko kasuak dira. Fiskaltzak bere urteko txostenean azaldu duenez, eliz erakundeen "erantzukizun zibil... [+]
Goierriko Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak elkarretaratzea egin du larunbat eguerdian Beasaingo Bideluze plazan, herriko Andre Mari Zeruratuaren elizako apaiz laguntzaile izendatzearen aurka, "Elizaren inpunitatea borrokatu" lelopean.
Pedro Ayuso Donostiako gotzainak Juan Kruz Mendizabal Beasaingo elizako apaiz laguntzaile izendatu du. Mendizabal ezaguna da adin txikikoei sexu gehiegikeriak egiteagatik. Goierriko Itaiak izendapenaren eta “elizaren inpunitatearen” aurka elkarretaratzea deitu du.
Juan Kruz Mendizabal “Kakux” elizgizona Beasaingo elizako apaiz laguntzaile izendatu du Pedro Ayuso Donostiako gotzainak. Mendizabal Gipuzkoako bikario nagusi izan zen eta udalekuetan sexu gehiegikeriak egin zizkien hainbat adin txikikori, haiekin zuen konfiantza... [+]