ARGIA.eus

2020ko ekainaren 05a
Ugo Mayor Martinez

"PCR test masiboak egingo balira, ez legoke jende guztia eduki beharrik konfinatuta"

  • Apirila hasieran jakin genuen berak koordinatutako ikerlari taldeak COVID-19 atzemateko PCR proba bat garatu zuela, eskas ziren test komertzialik behar ez duena. Munduko Osasun Erakundeak test masiboak egitea gomendatzen du koronabirusaren hedapena saihesteko eta hala egin dute pandemiari gehien eustea lortu duten herrialdeek. Aldiz, euskal agintariek ez dute proba masiboen aldeko apusturik egin orain arte.

    Bitartean, Jaurlaritzako Osasun sailaren gonbidapena onartuta, PCR proba hau sortu duen ikerlari taldeak parte hartuko du Espainiako Carlos III. Osasun Institutua pandemiaren prebalentzia edo hedapena neurtzeko egiten ari den ikerketaren bigarren eta hirugarren faseetan. Ikerketa horren lehen fasearen emaitzak maiatzaren 13an ezagutu dira: Hego Euskal Herrian %4,4k soilik ditu garatuta birusaren aurreko antigorputzak, eta orain arte kutsatutakoak askoz gehiago dira (127.000tik gora), Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak egun horretara arte adierazitako kopurua baino (26.000 inguru).

Estitxu Eizagirre @eeizagirre
2020ko maiatzaren 24a
UGO MAYOR MARTINEZ. Euskal Herriko Unibertsitateko Biokimika saileko irakasle eta Ikerbasque ikerlaria da. Bere 44 urteetatik bi Suedian eman ditu eta beste hamaika Erresuma Batuan, zientzialari ibilbidea garatzen. Argazkia: Dani Blanco.
UGO MAYOR MARTINEZ. Euskal Herriko Unibertsitateko Biokimika saileko irakasle eta Ikerbasque ikerlaria da. Bere 44 urteetatik bi Suedian eman ditu eta beste hamaika Erresuma Batuan, zientzialari ibilbidea garatzen. Argazkia: Dani Blanco.Argazkia: Dani Blanco.

Hamar lagin jaso ditugu bi egunetan. Dagoeneko 100-200 jasotzea espero genuenean" ekin dio telefonoz bestaldean kontaketari Ugo Mayorrek. Jakinmina eta entusiasmoa kutsatzen ditu bere tonuak: "Carlos III. Osasun Institutuaren lan honetarako hiru laginketa egingo dira, hiru asteko tartearekin bata eta bestearen artean. Baina Jaurlaritzako Osasun sailarekin gure hitzarmena presaka eta azken unean sinatu zenez, bigarren eta hirugarren erronda soilik egin ahal izango ditugu ondo, eta horregatik planteatu genuen lehen erronda hau froga piloto txiki bat egiteko baliatzea". Indautxu eta Urdulizeko osasun zentroekin egiten ari diren froga pilotoaren bigarren egunean egin dugu elkarrizketa, maiatzaren 8an. Pozik da bi zentro hauetan jasotako laguntza logistikoarekin, eta laginketa honi duen garrantzia eman zaiolako bertan. Hurrengo pausoa laginketa hau EAE osoan dauden 59 osasun zentrorekin egitea izango da: "Egunean 500 lagin jaso beharko ditugu hurrengo bi errondetan, eta ziurtatu nahi dugu ordurako gauzak ongi joango direla".

Zehazki zer da PCR testarekin aztertzen duzuena eta zer alde dago test azkarrekiko?

"PCR testarekin jakin daiteke pertsona horrengan une honetan birusa aktibo al dagoen, hau da, pertsona hori momentu honetan besteak kutsatzeko gai den"

Proiektu hau Carlos III. Institututik datorren ikuskapen bat da, jakiteko zer prebalentzia duen birusak, hau da, zenbateko hedapena duen. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak proposatu digu ikerketa serologiko horretan azpi-proiektu bat aurrera eramatea, guk EAEko laginei PCR probak egin eta diagnostikoa sakonagoa izan dadin. Izan ere, bi test mota daude eta bakoitzak gauza bat neurtzen du: test serologiko edo "test azkarrak" neurtzen du nork pasatu duen noizbait koronabirusa,  test horrek atzematen dituelako birusarekin kontaktuan egon denak garatu dituen antigorputzak. Hori da Carlos III. Institutuak martxan duen ikerketak neurtzen duena. Baina test horrekin ezin da jakin pertsona horrengan orain birusa aktibo dagoen edo ez. Beraz, PCR testak erabiliko dira EAEko diagnostiko hori osatzeko. Izan ere, PCR testak koronabirusaren material genetikoa detektatzen du eta beraz, jakin daiteke pertsona horrengan une honetan birusa aktibo al dagoen, hau da, pertsona hori momentu honetan besteak kutsatzeko gai den.

Test serologikoen arazo nagusia da, pertsona batek birusa izan arren testa ez dela gai lehen 8-15 egunetan detektatzeko, eta epe horretan pertsona hori besteak kutsatzen ari da. Horregatik aldarrikatzen dugu, bi testak izan daitezkeela baliagarriak, baina momentuan infekzio arriskua dagoenean, beharrezkoa dela jakitea une horretan nork daukan aktibo birusa, pertsona hori isolatu ahal izateko. Horrela gainera, ez legoke jende guztia eduki beharrik konfinatuta: zer motibo dago une honetan kutsatuta ez daudenak ere konfinatuta edukitzeko?

Espainiako Gobernuak maiatzaren 12an agindu du sintomak dituzten herritar denei PCR proba egiteko 24 ordu pasa baino lehen, kutsakorrak diren pertsonak aislatzeko. Aldiz, badirudi Eusko Jaurlaritza balio handiagoa ematen ari zaiola test serologikoen bidez, jakiteari dagoeneko zenbatek pasatu duten birusa. Bi estrategia daude?

"Test serologikoen aldeko estrategia hori ez dugu ulertzen"

Bai, horrela da. Guri bileretan hasieratik izan dugun interlokutoreak esan digu lehentasuna test serologikoak zirela. Nahiz eta mundu mailan jasotzen ari garen datuek esan oraindik populazioaren oso zati txikiak pasatu duela birusa. Test serologikoen estrategiak zentzua luke, herritarren 3/4ak positibo emango balu, baina zenbait ikerketen berri izan dugu eta hauetan ikusitakoa da %5-10ak soilik pasatu duela birusa, eta sintomarik ez duten pertsonek birusa zabaltzen jarraitzen dutenean, gaitza pasatu duten gutxi horiek nortzuk diren jakinda ez zoaz inora. Test serologikoen aldeko estrategia hori ez dugu ulertzen.

Test serologikoak publikoak dira ala marka komertzial batek ateratakoak?

Gehienetan komertzialak dira.

PCR testak masiboki egitea izan liteke koronabirusa geldiarazteko irtenbide eraginkorrenetakoa. Baina hori egiteak baditu bere zailtasunak, ezta?

"PCR masiboek behar duten diseinu hori guztia ez dakit ea planteatu den edo ez"

Bai, argi dago PCR masiboki egiteko gauza gehiago ere behar direla, ez testa soilik. Horrelako estrategia bat martxan jarri ahal izateko lehenik osasun sare osoa egon behar da indartuta, demagun, egunean 50.000 test egin ahal izateko: gaitasun teknologikoak izan arren ez badago osasun langilerik laginketa egiteko, ezinezko da egitea. Osasun sistema indartsua behar da, edo kontratazio gehiago egin...

Behar den beste gauza bat trazabilitatea da. PCR emaitza positibo ematen dutenen kontaktu sarea deskribatu behar da eta ziurtatu behar da positibo eman dutenen inguruko pertsonak ere lehenbailehen testatzen direla, edo gutxienez jarraipen bat egiten zaiela egun batzuetan zehar.

Azkenik, kontrolaren gaia ere tartean dago: esan digute guztiok geratu behar dugula etxean, eta horrela kontrolatzeko errazagoa da, inor ezin delako kalean egon. Zailagoa litzateke, adibidez 2 milioi biztanleko gure herrian positibo eman duten 13.000 pertsona kontrolatzea, kutsatu horiek eskatzen zaiena betetzen dutela ziurtatzea. Hori lortzeko ere egitura bat behar da martxan.

PCR masiboek behar duten diseinu hori guztia ez dakit ea planteatu den edo ez.

PCR testen bidez jendea benetan kutsatuta dagoen edo ez jakin gabe deseskaladari ekitea zer iruditzen zaizu?

"Txanpon bat airera botatzea. Hori da deseskaladarekin egin dutena"

Txanpon bat airera botatzea. Hori da deseskaladarekin egin dutena. Ea beroarekin transmisioa txikiagoa den eta dagoeneko jendeak ikasi duenez pertsonen artean distantzia gorde behar dugula, maskarak eta gainerakoak, ea horrekin hedapena mugatzen dugun. Txanpona airera botea dago, eta atera daiteke ongi edo ez. Gaizki ateratzen bada posible da hiru aste barru berriz konfinamendurantz jo behar izatea. Hori denborak esango du, biak dira aukerak.

Test hau garatu zenutela jakin zenetik hainbat sinadura bilketa egin dira berau ahalik lasterren aplikatzeko eskatuz. Uste duzu eragina izan dutela?

Gauza bat utzi nahi dut argi: Ez sinadura bilketa bat eta ez bestea abiatu dituztenean, ez dira gurekin harremanetan jarri galdetzeko zer iritzi genuen ekimen horiei buruz. Beren kabuz sortu eta beren bizitza propioa duten ekimenak izan dira.

Une batzuetan izan du eragina bai, baina mota guztietakoa: oihartzun handiagoa izateko batetik, baina baita ere eragina izan du, norbaitek ulertu duelako jaso nahi ez zuen presio bat sortzen ari zitzaiola, eta horren ondorioz gure ekarpena beste begi batzuekin ikusi du.

"Sentsazio nahasia geratu zait, gure lana sinadura bilketarekin lotu eta errezeloz begiratu delako"

Sentsazio nahasia geratu zait, gure lana lotu delako sinadura bilketa horrekin, eta gure lana errezeloz begiratu delako. Guk hasieratik nahi izan duguna osasun sistemari laguntzea izan da eta ondorioz, Eusko Jaurlaritzari ere bai, eta eduki dugun sentsazioa izan da guztiz alderantziz hartu dela, hau da, gure lana eraso bat egiteko garatu bagenu bezala ulertu dutela.

Hurrengo batean aplikazioa azkarrago etorri dadin egin daitezke gauzak desberdin?

Nik uste zientzialari bezala ez genukeela gure ekarpena desberdin planteatu behar. Agian beste estamentu batzuk planteatu beharko lukete. Gauzak bideratzeko garaian, alde batzuetatik babes handia egon da baina beste leku batzuetan badirudi ez dagoela larrialdi egoerarik inola ere, eta pasatu daitezkeela asteak dauden tresnak martxan jarri gabe edo larrialdi egoera batean tresna horiek duten garrantziari balioa kenduz. Zientzialarion aldetik ez dut ikusten zer egin beharko litzatekeen desberdin hurrengo batean hobeto egiteko, ze arazoa beste nonbait egon da.

Gure buruari autokritika egiteko, esan nezake oihartzun handiegia eman diogula hasieratik egindakoari? Baina ez, zeren beste zentro batzuek, adibidez Biogunek, guk baino lehenago planteatu zuten antzeko zerbait, eta haien kasuan publiko ez egin izanak ez die lagundu haien ekarpena hobeto bideratzeko, denbora askoz gehiago galdu da gurean baino. Gure kasuan lortu bezain laster atera ginen publiko egitera, ikusgarriago egin da, eta horrela lortu dugu Carlos III. Osasun Institutuak antolatutako laginketan gurekin kontatu izana.

Argazkia: Dani Blanco.

Bost ikerlarik ekin zenioten test hau garatzeari. Nola piztu zen hasierako txispa hori eta nola pasa zineten 55 ikerlari sarean lan egitera?

Martxoko ostegun batean esan zitzaigun: "Bihartik aurrera ikasleak ezingo dira unibertsitatera etorri". Egun horietan irakurri zitezkeen bi berri aldi berean: batetik, Osasunaren Munduko Erakundeak eskatzen zuela askoz test gehiago egin behar zirela, eta bestetik, oso sintoma larriak zituztenei soilik egingo zitzaizkiela testak. Bi berriak aldi berean irakurrita, esaten genuen: nola da hau posible? Unibertsitatean baditugu tresnak askoz PCR gehiago egiteko, eta herri honetako teknologia zentro guztiak kontuan hartuz gero, askoz PCR gehiago egin daitezke.

"Oso jakintza arlo anitzeko taldea elkartu ginen. Astebetean proiektu oso bat aurkeztu genuen idatziz"

Asteburu hori pasatutakoan ikusi zen lehentasunezkoa ez zen guztia gelditu egin behar zela, eta ezagutzen nituen beste ikerlari batzuei deika hasi nintzen, galdetzeko ea nork zituen PCRak. Hitz egiten behintzat hasi nahi genuen, ea zenbat test egiteko gai izango ginatekeen, zer erreaktibo lortu beharko liratekeen, zein leku ditugun eskuragarri hau egiteko... Whatsapp taldetxoa sortu genuen eta hasi ginen identifikatzen ea zein laborategi eta zein aditu zeuden inguruan, eta horiek kontaktatu genituen. Alde batetik, adituak behar genituen PCRak egiteko, baina izan zitekeen norbait landareekin lan egiten duena, beste bat garunekin lan egiten duena... baina baita ere behar genuen mikrobiologiako jendea. Birologo batzuek ere kontaktatu genituen... oso jakintza arlo anitzetako taldea elkartu ginen. Pixkanaka joan ginen definitzen zein arlo ziren garrantzizkoak, nola planteatu zitekeen proiektu bat, eta aste horren bukaerarako dagoeneko Ikerkuntza Errektoreordetzan proiektu oso bat aurkeztu genuen idatziz.

Errektoreordetzari oso aproposa iruditu zitzaion proposamena eta hurrengo astean Maria Goiri eraikina atontzen hasi ziren ikerketa honetarako. Astebete behar izan zen egokitzeko, eta bakoitzak gure laborategitik genituen tresnak eraman genituen eraikin horretara. COVID-erako erreaktibo bereziak eta material zehatzak soilik erosi behar izan genituen. Hori egin bitartean, harremanetan jarri ginen Gurutzetako mikrobiologia taldearekin, eta hasieratik oso lagungarri izan ziren laginak pasa zizkiguten.

PCR testak lehendik ere egiten baziren zuen zientzietan, zein izan da zuen ikerketaren ekarpena?

Gure kideetako batek erabili duen metafora hauxe da: kafea egiteko kapsulak eta beste moduak alderatu ditugula. Ospitaleetan PCR testak egiteko erabiltzen dituzten teknikak kafe kapsulak bezalakoak dira: kutxa beltz batean alde batetik sartzen dute gaixoaren lagina, horri gehitzen zaizkio dagoeneko prest eta enpaketatuta dauden elementuak, eta kutxaren bestaldean emaitza agertzen da, koronabirusaz kutsatuta dagoen edo ez esaten duena.

"Gure ekarpena hori izan da: kit komertzialen stock arazoa zegoenean, protokolo bat osatzea"

Zein zen arazoa? Momentu horretan hain zen handia eskaria, erreaktiboak (kafe kapsulak) ez zeudela eskuragarri merkatuan. Guk esan genuena izan zen: badakigu kafea modu ezberdinetan egiten, ez dugu kapsularik behar. Goazen planteatzera zein den modu eraginkorrena COVID-19a detektatzeko: eskala handian egin daitekeena, elementu toxikorik gabe, modu sinpleenean eta erosi daitezkeen materialak erabilita. Gure ekarpena hori izan da: kit komertzialen stock arazoa zegoenean, protokolo bat osatzea, dekonstrukzio bat egitea. Berez ez genuen ezer berririk asmatu, baina bai erakutsi dugu arazo berri eta larri baten aurrean innobazioa etorri daitekeela oinarrizko metodologiak erabiltzetik ere.

Oso azkar garatu duzue ikerketa. Zer dago azkartasun horren atzean?

Hain departamendu ezberdinetako hainbeste jende aritu gara, bakoitza berean aditu izanik osagarriak ziren alorretan... horri esker askoz potentzial handiagoa lortu dugu, edozein taldek bere kabuz egin balu agian sei hilabete beharko lituzke. Guztion artean lortu den sinergia, gogo eta esfortzuarekin posible izan da hamar egunean hau lortzea. Astelehenetik igandera buru-belarri aritu gara lanean eta telematikoki elkartzen. Baina bakoitzak bere burua estutu du, ez da egon inor goitik, alderantziz, gure ekimenez sortua izan da, eta oso lan giro polita izan dugu, hunkigarria ere bai. Eta batzutan zailtasun handiekin egin dugu topo, alarma egoerak eragindako protokoloengatik: lanera joateko fitxak bete beharra, campusera sartzeko zeuden segurtasun operatiboak gainditzea... Baina hainbesteko energia positiboa eduki dugu, ez baitugu utzi horrek gu gainditu gaitzan.

"Hain departamendu ezberdinetako hainbeste jende aritu gara... horri esker askoz potentzial handiagoa lortu dugu"

Zer da gorputzetik hartzen duzuen lagina?

Infektatuta eta kutsakor gaudenean, faringean pilatzen dira birusaren milioika partikula. Bai ahotik edo bai sudurretik (hobe sudurretik), bastoitxo bat sartzen da faringeraino eta muki pixka batekin batera ateratzen dira birusaren partikulak, hau da, birusaren repositorioa. Ateratako lagin hori hodi batean sartzen da: hodiak birusa hiltzeko osagaiak ditu baina aldi berean birusaren material genetikoa babesten du. Hodia laborategira eramaten da, eta lehenik, material genetikoa erauzten da bertatik, eta ondoren, material genetiko hori anplifikatu egiten da, detektatu ahal izateko.

Bai erauzketaren pausorako eta bai detekziorako, kit komertzialak erosi daitezke. Material falta erauzketarako kiten kasuan egon da eta hori da guk erakutsi duguna, metodo tradizional batekin posible dela erauzketa egitea, eraginkortasun oso handiarekin.

Birusaren material genetikoa anplifikatu egiten duzuela azaldu duzu, detektatu ahal izateko. Nola anplifikatzen da?

Irudikatzeko, fotokopiak egitea bezala da. Hasierako lagina kopia bakarra izango bagenu bezala da, eta fotokopiagailuan sartuta, lehen zikloan bi kopia lortzen dira, baina bi horiek berriz fotokopiagailuan sartuta, lau kopia lortzen dira. Eta horrela joatean dira kopiak bikoizten nahi adina bider. Pertsona bakoitzak duen birus kargaren arabera, kopien 20-35 ziklo eginda detektatzen da birusa. Beraz, makina horretan nahikoa da birusaren lau molekula sartzea, detektatu ahal izateko. Horrela ikusi dezakegu, batetik, pertsona hori kutsatuta dagoen, baina baita ere zenbat karga biriko duen gaixoak.

Ikerlarien lana mundu mailako lasterketa oso lehiakor bat bezala irudikatzen dugu. Zuek, aldiz, garatu duzuen protokolo unibertsala hasieratik denen eskura jarri duzue webgunean. Jakintza libreak izan ditzake abantailak zientifikoki gauzak garatzeko?

"Ikerkuntza munduan askoz eraginkorrago funtzionatu daiteke ez badago irabazteko premiarik, helburua konponbidea ahalik lasterren bilatzea bada"

Pertsona eta laborategien arabera, batere sanoa ez den lehia hori egoten da, bai, emaitzak argitaratu aurretik. Horrelakorik ez da egon kasu honetan: informazioa prozesu osoan zehar partekatu dugu beste zentro teknologikoetako jendearekin, pentsatzen genuelako horri esker jende horren iritzia jaso genezekeela, eta gure ikerketa azkarrago garatu ahal izateko lagunduko zigula. Nire ustez, ikerkuntza munduan askoz eraginkorrago funtzionatu daiteke ez badago irabazteko premiarik, helburua konponbidea ahalik lasterren bilatzea bada.

Sistema konbentzionalean ere, ikerketa argitaratzen duzun unetik denen eskura jartzen da. Zentzu horretan, komunitate zientifikoak wikipediaren antzera funtzionatzen du, jakintza guztia aurreko jakintza guztiaren gainean eraikitzen da. Baina ikerketa guztiz amaituta dagoenean argitaratzen da, protagonismo osoa ziurtatzeko. Gainera ikerlariok ez badugu argitalpenen bidez gauzak egiten ari garela erakusten, ez dugu proiektuetarako dirurik lortzen. Eta gainera, beste norbaitek gauza bera ikertu eta emaitza lehenago argitaratzen badu, dagoeneko ezin da zure ikerketa argitaratu, eta ordura arteko lan guztia pikutara joaten da.

Guk berriz, ikerketa honen emaitzak gure webgunean argitaratu ditugu ahalik lasterren, denen eskura izateko, eta zenbait jenderen galderak jaso ditugu. Oraingoz ez dakigu dagoeneko lekuren batean aplikatzen ari ote diren. Denborak esango du ea horrela den.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Covid-19 eta erantzun soziala kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2020ko maiatzaren 24a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude