Irailaren 21eko goizaldean, herritar bat labankadaz hil zuten Bilboko Solokoetxen. Hurrengo egunetan luze jorratu zuen gertaera El Correo egunkariak. “Matxetez” egindako borroka baten ondorio izan zen heriotza aurrenik; labankada bakar baten ondorio gero. Bi talderen arteko eta aurrez prestatutako borroka izan zen hasiera batean; ezusteko topaketa batean sortutako liskarraren ondorio, ostean. Hildakoa zein hiltzaileak gazte-banda arriskutsuetako kideak ziren lehenik, magrebtarrena bata, latindarrena bestea, bilbotarren artean zabalduta dagoen inseguritatearen “errudun” nagusiak; gazte-banda horien arrastorik ez azkenik.
Lehen albistea heriotza gertatu eta lau ordu ingurura eman zuen hedabideak, irailaren 21eko 11:10ean, titular deigarri honekin: Hildako bat Bilbon matxete-kolpeka egindako borroka baten ostean. Albistearen barnean ez zegoen daturik heriotza “matxete-kolpeka” egindako borroka baten ondorio zela adierazteko, eta informazio horren jatorria zein zen azaltzen zuenik. “Borroka” bat izan zela zioen albisteak, eta bertaratutako polizia patruilek “bularrean arma zuriz zauritutako gizon bat” aurkitu zutela, gerora hil egin zena. Espainiako Estatuko hainbat hedabidek antzeko titularrak argitaratu zituzten. Albisteari titularra aldatu zion 15:37an El Correok: Hildako bat Bilbon, borroka batean labankada bat jasota. Matxeteak laban bakar bilakatu ziren, aldaketaren azalpenik eman gabe.
22:58an albistearen eguneraketa berria argitaratu zuen hedabideak: 21 urteko gazte marokoar bat hil dute, bularrean labankada bat emanda, zioen tituluak. Titularrean ez ezik, albisteak informazio berria zekarren gorputzean ere: “Polizia-iturriek egunkari honi jakinarazi diotenez, susmagarriak hegoamerikarrak dira eta biktimak aurrekariak zituen. Ikertzaileek uste dute hildakoa gazte-banda batekoa dela, eta 'Les Derniers Salopards' taldearekin lotura izan dezakeela adierazi dute. Ertzaintzaren iritziz Euskadiko banda arriskutsuenetako bat da, eta Santutxun jarduten du bereziki. Gaztearen heriotza bi gazte-banden arteko borrokarekin lotzen dute. Fenomeno hori, gazte-bandena, bereziki Bilbon ari da goraka, Bizkaian dauden hemezortzi talde bortitzetatik erdiak jarduten baitu bertan. Euskal Poliziak kezka handia du, beren oldarkortasunagatik eta hainbat delitutan duten inplikazioagatik. Baina baita kideen gizarteratzea zailtzen dutelako ere, talde askok izaera etnikoa dutelako. 'Les Derniers Saolopards', zehazki, Magrebeko gazteek osatzen dute. Fenomenoa gero eta larriagoa da, eta, neurri handi batean, segurtasuna aspalditik Bilboko herritarren kezka nagusia izatearen erruduna”.
21 urteko marokoarra, gazte-banden arteko borroka, gazte-banda arriskutsuak oro har eta Les Derniers Salopards zehazki, dena (in)seguritatearen markoan
Laster moldatu zuen hedabideak titularra berriz ere, albistearen barneko informazio berri hori indartzeko: 21 urteko gazte bat hil dute labankada batez Bilbon, segurtasunari buruzko eztabaidan.
Laburbilduz: 21 urteko marokoarra, gazte-banden arteko borroka, gazte-banda arriskutsuak oro har eta Les Derniers Salopards zehazki, dena (in)seguritatearen markoan.
(In)seguritatea eta migratzaileen gazte-bandak lehen lerrora
Hurrengo egunean, irailak 22, segida eman zion gaiari El Correok. 14:05ean albistearen titular berria, hildakoa eta gazte-banden arteko lotura lehen lerrora ekarrita: Ertzaintzak 'LDS' gazte-banda arriskutsuarekin lotzen du Solokoetxen hildako gaztea. Barruan, aurretik jasotako informazio berbera, baina entresaka deigarri bat gehituta: “Ikertzaileek ez dute baztertzen biktima, magrebtar jatorrikoa, gazte-banda bateko kide izatea”. Deigarria, ez baita berdina pertsona bat gazte-banda batekin “lotzea” (vincula), edo ustezko lotura hori “ez baztertzea”. Baina titularra lehen baieztapenak eraman zuen. Beste ñabardura bat: ustezko lotura hori ez zuen “Ertzaintzak” egin titularrak zioen moduan, baizik eta, barruan irakurri zitekeenez, egunkariari filtrazioa egin zioten “polizia iturriek”: ez erakundeak ofizialki, baizik eta polizia batzuek bere “usteen” filtrazio bidez.
20:14an beste albiste bat argitaratu zuen hedabideak, atxiloketen berri emateko: Ertzaintzak hainbat gazte atxilotu ditu Solokoetxeko hilketagatik, zioen titularrak, eta azpititularrak gazte-bandak fokuan jartzen jarraitzen zuen: “Ikertzaileen lehen zantzuen arabera, banda latindar bateko kide dira”. Lehen aldiz, izena jartzen dio Vocento taldeko egunkariak hildako gazteari: Haitam G. 21 urteko gaztea. Albistearen 21:13ko eguneraketak ildo beretik jarraitzen zuen, datu batzuk moldatuta: atxilotu bakarra zegoen, baina “ikertzaileen lehen zantzuen arabera, atxilotua, 31 urtekoa eta jatorri latindarra duena, gazte-banda bateko kidea da”.
Aldaketak hasten dira
Irailaren 23an, 00:30ean, albiste beraren eguneraketa irakurgai El Correoren webgunean. Oraingoan, ordura arteko markoa ezeztatuko lukeen informazioarekin, baina ez titularrean (atxilotuak hiru direla esaten du berriro ere), baizik eta albistearen gorputzean, hainbat paragraforen artean.
Batetik, heriotza ez da gazte-banda arriskutsuen arteko borroka baten ondorio, are gutxiago matxete-kolpeka egina: “Oraingoz ez da ezagutzen liskarraren jatorria, baina kasuaren gertuko iturriek uste dute ustekabeko talka bat izan zitekeela, edozein arrazoi zela medio jai-gau luze baten ondoren”.
Informazioaren zein heriotzaren marko aldaketa erabatekoaren aurrean, inongo azalpenik ez
Bestetik, hildako gaztea ez zen LDS gazte-banda arriskutsuko kide omen zen hura, beste bat baizik: “Lehen orduetan [hildakoaren] identitate posible bat maneiatu zen, baina gero baztertu egin zen. 19 urteko mutila, Poliziak oso ezaguna duena eta biktimarekin antz fisiko harrigarria zuena, Bizkaiko hiriburuko lonja batean aurkitu zuten lotan. Nekroreseñari esker, gorpuari jasotako hatz-markei esker jakin ahal izan zen [hildakoa] beste gazte bat zela, 21 urtekoa eta fitxatutakoa, Haitam G. izenekoa”. Aurretik emandako informazio okerrak desenkusatzeko itxura du excusatio non petita accusatio manifesta horrek. Hori bai, informazio oker hori eman izana aitortu gabe. Gainera, azalpen edo aitzakiak (bakoitzaren gustuen arabera) zuloa du: 21 urteko hildakoa 19 urteko beste batekin nahastu omen zuten hasieran El Correoren Polizia iturriek, 19 urteko hori omen LDS banda arriskutsuarekin lotu zutena; baina, hedabideak heriotzaren egunetik bertatik argitaratu zuen hildakoak 21 urte zituela, inoiz ez zituen 19 izan.
Gehitutako informazioa bezain esanguratsua da desagertu zena: gazte-bandei aipamenik ez; hildakoa LDS gazte-bandarekin eta ustezko hiltzailea gazte-banda latindar batekin lotzen zituen informaziorik ez; “segurtasuna aspalditik Bilboko herritarren kezka nagusia izatearen errudun” diren gazte-banden “fenomeno gero eta larriagoa” azaltzen zuen paragraforik ez. Azterketaren hasieran jaso dugun paragrafo luzea, desagertuta.
Informazioaren zein heriotzaren marko aldaketa erabatekoaren aurrean, inongo azalpenik ez.
LDS gazte-banda “arriskutsua”... ez da existitzen Bilbon
Irailaren 23an bertan azalpenak eman zituen Josu Bujanda Ertzaintzaren buruak eta Vocento taldeko egunkariak Poliziaren iturrietan oinarrituta emandako informazioak ofizialki gezurtatu zituen. Egunkariak bere esanak jaso zituen 12:47an argitaratutako albistean. Ertzaintzak uste du erasotzaileek eta Solokoetxeren biktimak "ez zutela elkar ezagutzen" izenburupean. Informazioak zehaztu zuenez, Bujandaren arabera, “taldeek ‘ez zuten elkar ezagutzen, kasualitatez egin zuten topo, elkar iraindu zuten’ eta borroka bat izan zen”. Bujandak “baztertu” egin zuen batzuek edo besteek gazte-bandekin zerikusirik zutenik. Are gehiago, gogoratu dezagun El Correoren irailaren 22ko titular asaldagarri eta kriminalizatzailea: Ertzaintzak 'LDS' gazte-banda arriskutsuarekin lotzen du Solokoetxen hildako gaztea. Bada, Ertzaintzaren buruak ukatu egin zuen lotura hori, besteak beste, EAEn “2023 arte” jardun zuelako bandak, hau da, bi urte existitzen ez dela.
Hori jaso zuen Vocento taldeko hedabideak Bujandaren adierazpenetatik, baina ez zuen jaso Ertzaintzare buruak egunkariak zabaldutako informazioa propio gezurtatu zuela bere agerraldian. Hildakoa edo atxilotuak inongo “gazte-banda biolento” bateko kide zirenik ukatu ostean, zehaztu zuen: “Ezta ere idatzizko hedabideren batean zabaldu den" LDS bandako kide, “urteak dira ez dugula banda horren jardueraren berririk”.
Jada informazio ofiziala eskuan, onartu al zuen orduan Bizkaiko egunkari salduenak aurretik emandako informazio okerra? Kontrakoa: “Ertzaintzaren arduradunak El Correok azken orduetan jakinarazi dituen informazioak baieztatu ditu. Bi taldeek ez zutela elkar ezagutzen eta liskarra arazo txiki batengatik piztu zela”.
Erantzunik gabeko galderak
El Correok heriotza lazgarriari emandako trataerak hamaika galdera uzten ditu airean. Esaterako: argitaratutako informazioen zuzentasunaren inguruan erabateko segurtasuna al zuen egunkariak? Halakorik ez bazuen, zergatik argitaratu zituen horren informazio delikatuak? Baldin bazuen, zergatik ez die bere irakurleei azaldu bertsio aldaketen zergatia? Zergatik ez ditu publikoki aitortu argitaratutako informazio oker bezain sentsibleak? Berdin jokatuko luke hildakoa eta ustezko hiltzailea pertsona arrazializatuak edota pobretuak ez balira?
Zer esaten dute poliziek filtratutako eta hedabideak argitaratutako informazio okerrek, beren ideologia eta aurreiritzien inguruan? Zer emozio, iruditegi eta balore elikatu ditu bere irakurleengan 'El Correo'k heriotzari eman dion tratamenduarekin?
Zer lotura dute El Correok eta Ertzaintzak edo Ertzaintzaren hainbat kidek? Nola da posible heriotza batean ikerketaren lehen orduetatik filtrazioak etengabeak izatea? Nola da posible poliziek beren usteetan eta ez frogetan oinarritutako informazioa ematea hedabide bati horrek publikatuko duenaren jakitun? Filtrazio horiek delitu izan al daitezke? Urteak dira Vocento taldeari poliziek egiten dizkioten filtrazioak etengabeak direla, informazio oso sentsiblea askotan, ba al da horien jatorria ikertzen duen inor Ertzaintzan? Zer esaten dute poliziek filtratutako eta hedabideak argitaratutako informazio okerrek, beren ideologia eta aurreiritzien inguruan? Azkenik: zer emozio, iruditegi eta balore elikatu ditu bere irakurleengan El Correok, heriotzari oro har eman dion tratamenduarekin?
Vocento, inseguritatea, arrazakeria, eskuin muturra
Berriki, Arrazakeria, eskuin muturrerantz arrastatzen gaituen korronte zabala erreportajean (ARGIA 2.929), eskuin muturrak sare sozialetan zabaltzen dituen informazioek duten eragina aztertu genuen (egiazkoak, erdi-faltsuak edota erabat faltsuak izan). Herritarren artean arrazakeria-inseguritatea elikatzeko egungo bide nagusietakoa zela ondorioztatu genuen, horrela eskuin muturraren baloreak zabalduz gizartean oro har.
Esan genuen ere: “Auzo eta herri inseguruen pertzepzioa ez legoke horren zabaldua, ordea, hedabide hegemonikoek ere ikuspegi berbera elikatuko ez balute (...). Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Vocento taldearen El Correo eta El Diario Vasco dira horren adierazle muturrekoena. Urteak daramatzate pobreziari loturiko delituen, herritarren arteko gatazken edo Poliziaren esku hartzeen inguruko albisteak etengabe argitaratzen”. Aztertu duguna horren adibide bat gehiago besterik ez da, informazio faltsuak argitaratuta gainera.
Orain da unea eta ez dugu denbora askorik. Baina, zer egin? Nondik hasi? Nora jo? Badugu gaitasun teknikoa, bide-orri argi bat falta zaigu, adostasun zabal bat. Oinak lurrean eta lokatzari aurre egiteko prest, berandu baino lehen ekin beharreko bideaz aritu gara Marta... [+]
Hasi ginenean ez genuen urrik ere emango, baina Beranduegi iritsi da bere seigarren denboraldira. Eta oraingoan, babesle eta guzti: Reparaz autoak. Guk ere agindu bat jaso dugu, George Orwellek San Mames betetzeko esan digu, baina gure aurretik Pellori utziko diogu, eta... [+]
Itsuki Irratia Bermeoko ahotsa izan zen 1985etik 2022ko otsailera arte. Orduan, zailtasun ekonomiko eta teknikoek proiektua bideraezin bihurtu zuten, eta irratiaren itxiera ekarri. Baina urtebeteko berrantolakuntza prozesu baten ondoren, irailaren 1ean berriro martxan jarri dute.
Euskararen biziberritzeari buruz asko hitz egiten ari azken urteetan eta horren inguruan ari da lanean Euskaltzaindiko talde bat. Talde horretan dago Jon Sarasua ere eta galdetu diogu zeregina zertan den. Galdetu diogu, halaber, udaberrian idatzi zuen Puprilusoko artikulu... [+]
Hedabideen artean erakunde publikoek urtero publizitatearen bidez banatzen duten diru-zakua milioika eurotan zenbatu daiteke. Baina sistema garden eta justu baten faltan, medio batzuk argi eta garbi irabazten irteten dira banaketa horretan, eta Eusko Jaurlaritzaren... [+]
ARGIAk aspaldi du harremana Alemaniako Red.media hedabidearekin, beren bideo batzuk topatuko ditu irakurleak ARGIAren webgunean. Baina haien aurkako jazarpen kanpaina baten ondorioz proiektua ixtea erabaki dute. Red-eko kideek arrazoiak publikoki azaldu dituzte eta artikulu... [+]
Aldatu Gidoiaren iritziz, EITB "sortze helburuetatik aldendu" da, eta "urgentziazko demokratizazio prozesu bat" eskatu du, zuzendaritza taldearen hautaketa prozesutik hasita.
Landareen inteligentziari buruzko eztabaidak hor jarraitzen du, eta podcast honetan gustatzen zaigun gaia denez, berriro ere ekarri egin dugu. Memoria, kontzientzia eta komunikazioa gauzatzeko gaitasuna gizaki eta animaliez gain landareek ere ba ote duten da oraingo ikerketa... [+]
2025ean Guatemalan gutxienez kazetari bat hil dute eta beste bat desagerrarazi. Arriskutsua da kazetaritza lana egitea herrialde horretan, eta hala jaso du Mugarik Gabeko Kazetariak erakundeak ere, maiatzaren 2an argitaratutako 2025eko Prentsa Askatasunaren Munduko Sailkapenean... [+]
Espezieei buruz aritu gara gaurkoan. Aurreko saioetan ere aipatu izan ditugu, baina gaurkoan ikerketa bat ekarri dugu, datu interesgarri asko dituelako. Kurkuma, kanela eta jengibrea oso ohikoak ditugu gure artean, baina badira espezietzat jotzen diren sendabelarrak ere (ezkaia,... [+]
Apirilaren 24an, ETB1ean, jendeak aspalditik eskatzen zuen programa eredu bat estreinatuko da: Linbo, late night formatuko ordubete inguruko saioa, gazteek eta gazteentzat egina.
"Eskatu txanda eta egingo dugu bat zurekin", esan dio estudioetatik ari den esatari prestu eta animatuak Bilboko kaleetan dabilen berriemaile gazteari. Aurkezlea entzuleei zuzendu zaie segituan. "Bien bitartean, Iruñera goaz...". Han zabaldu dute linea... [+]
Bekatu bat aitortu behar dut hemen. Duela lau urte, ohitura berri bat sarrarazi nuen nire bizian: igande gauetan, kaka kanoi baten antzera "informazio" jarraikia hedatzen duen CNews telebista kate ultraeskuindarra begiratzen hasi nintzen. Hasieran ordu erdi bat astero... [+]
Erramua, nardoa, benjui, mirra, sandaloa, garia, isipu-belarra eta halakoak hartu ditugu ahotan gaurko saioaren hasieran. Aste Santuari eta erlijio katolikoari loturikoak denak ere, sinbolismo handikoak, eta gure egunerokoan arruntak direnak, nahiz askotan ez dakigun izenik... [+]