Pediatrek ikastetxe barruetan maskarak kentzea eskatu dute, modu progresiboan

  • Katalunian Societat Catalana de Pediatria elkarteak pandemia kontrolatzeko ikastetxeetan aplikatzen diren neurriak bertan behera uzteko eskatu du, neurri horiek haurrengan dituzten ondorio kaltegarriak argudiatuz. Tartean dago gela barruetan maskararen erabilera kentzea, modu progresiboan. Euskal Herriko hamasei pediatrak Kataluniako ekimen horrekin bat egin dute eta "'normaltasunera itzultzeko' prozesuan haurrak lehenak izatea" eskatu dute, COVID-19ak gutxien haiei erasaten diela argudiatuz. Espainiako Pediatria Elkarteak ere eskatu du progresiboki gela barruetan maskara kentzea.


2022ko otsailaren 15an - 09:47
Azken eguneraketa: 11:28

Euskal Herriko hamasei pediatrak, Kataluniako Pediatria Elkarteak eta Espainiako Pediatria Elkarteak eskatu dute pandemiako neurriak eskoletan pixkanaka kentzea, kontuan izanik COVID-19ak eraginik txikiena haurrengan duela eta neurri hauek ondorio kaltegarriak dituztela. "Normaltasunera itzultzen haurrak lehenak izatea" eskatu dute.

Espainiako Pediatria Elkarteak eskoletan maskara kentzeko prozesu hau proposatu du

Espainiako Pediatria Elkarteak publiko egin duen bere posizionamenduan maskarak kentzeko graduazio hau proposatu du:

- Otsailaren 28tik Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan kentzea.

- Martxoaren 14tik Lehen Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetan kentzea.

- Martxoaren 28tik Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetan kentzea.

- Apirilaren 25etik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan kentzea.

- Maiatzaren 9tik Batxillergoan kentzea.

Etxeko itxialdia COVID-19 positibo eman dutenek soilik egin behar izatea ere eskatu du, eta 12 urtez beherakoen txertaketa sustatzen jarraitzea.

Euskal Herriko hamasei pediatren eskaera

COVID-19 gaixotasunak gehien kolpatzen dituenak ez direla haurrak oroitaraziz hasi dute artikulua Euskal Herriko hamasei pediatrek: "COVID-19 gaixotasunaren konplikazioek adineko pertsonei edo gaixotasun kroniko larri batzuk dituztenei eragiten diete, batez ere. Haurtzaroan gehienetan oharkabean pasatzen da edo sintoma arinak eragiten ditu".

Hala ere, azken bi urte hauetan haurrei zuzenduta martxan ezarri diren neurriak oroitarazi dituzte, salatuz "neurri horietako asko orokorrean helduekin baino zorrotzagoak izan direla": "Sei astez kalera irteten utzi gabe beren etxeetan konfnamendu zorrotza izatea, gainkutsatzaileak izatea leporatzea, hezkuntza arautu presentziala eta eskola-kirola denbora luzez etetea, eta abar. Gaur egun ere, eskoletan maskara erabili behar dute, burbuila taldeetan bereizita daude, konfnamenduak egiten zaizkie infekzioa duen jendearekin kontaktuan egon eta gero, gela osoak konfinatzen dira eta sarritan hainbat isolamendu kateatu izan dituzte jarraian".

Horrek guztiak ondoriak dakartzala ohartarazi dute, eta garrantzitsua dela "edozein neurriren onurak eta kalteak kontuan hartzea". Ondorio kaltegarri hauek zerrendatu dituzte pediatra hauek: "Ondorio negatiboak garapen emozionalean, hezkuntzan, soziabilizazioan eta osasun mentalean. Gure pediatriako populazioa oso kaltetua izan da garai honetan. Era berean, erraz ebaluatu ezin diren arren, denboran zehar agertuko diren ondorio latzak aurreikus ditzakegu".

Eskoletan "progresiboki" neurri hauek etetea eskatu dute pediatra hauek

Societat Catalana de Pediatria elkartearen ekimenarekin bat eginez, eskoletarako neurri hauek etetea eskatu dute "progresiboki":

- Maskararen erabilera etetea, bai barrualdean, bai kanpoaldean.

- Sozializazio normala, talde isolatuak edo burbuila sortu gabe.

- Kontaktuen test masibo eta berrogeialdirik ez egitea.

- Eskolaz kanpoko eta kirol jarduera guztiei berriro ekitea, mugarik gabe.

Koronabirusa gainerako infekzio biralak bezala kudeatzea eskatu dute

Koronabirusak eragindako infekzioa "haurtzaroko gainerako infekzio biralak bezala kudeatzea" eskatu dute pediatra hauek: "Hau da, eskoletara sintomekin ez joatea eta behin desagertuta itzultzea". Aldi berean, zaintza epidemiologikoari eta kasuen notifikazioei eustea proposatzen dute, beste arnas infekzio batzuekin ere egiten dela azalduta, "hala nola gripea edo arnas birus sinzitala".

"'Normaltasunera itzultzeko' prozesuan haurrak lehenak izan beharko lirateke"

Haurrek gizartean duten lekuari buruzko gogoeta egitea proposatu dute mediku hauek: "Pediatrok, beste profesional batzuek bezala, beren garapenaren etapa guztietan laguntzen ditugu, eta egoera guztietan umeen ahotsak eta beharrak kontuan hartzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Gure erantzukizuna da merezi duten errespetua eta zaintza defendatzea. Beraien gaur egungo eta etorkizuneko osasuna jokoan dago".

Hauek dira eskatu duten pediatrak:

Gontzal Martinez de la Hidalga Ortiz de Zarate

Isabel Canales Arrasate

Jesús Sánchez Etxaniz

Teresa Calleja Villar

Mariaje Sarrionandia Uribelarrea

Izaskun Quilez Herrer

Garazi Ormazabal Gaztañaga

Maite Maruri Elizalde

Naroa Peris Serrano

Itziar Fernández Respaldiza

Soiartze Ortuzar Yandiola

Amaia Arbeloa Miranda

Estbaliz Calvo Moreira

Maider Leunda Iruretagoyena

Garazi Garcia Ulazia

Isabel Suinaga Errazti

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19 eta erantzun soziala
Bizitza

Beste hainbat bezala COVID pasearen aurka Bilbon deituta zegoen manifestaziora joan ginen aurrekoan. Bertan adin, kolore, janzkera eta hizkera askotariko zenbat jende zegoen ikusteak asko poztu ninduen, eta tartean topatu nituen unibertsitate garaiko batailetako lagunak edo... [+]


2022-02-01 | Estitxu Eizagirre
Covid pasaportearen auzia Zarauzko Udaleko osoko bilkurara eraman dute hainbat herritarrek

Zarauzko Udaleko urtarrileko osoko bilkuran, galdera erantzunen txandan sei herritarrek hartu zuten hitza, eta Covid pasaporteak eragindako diskriminazioa eta beren bizipenak azaldu zituzten; tartean, pasaporterik gabe kiroldegira sartzeagatik atxilotuta bukatu zuen... [+]


2022-01-24 | Garazi Zabaleta
Lurre Hurre
Migratzaileak nekazaritzan trebatzeko proiektua Bermeon

Bermeon jaiotako eta bertara etorritako herritarren artean hilean behin egiten zuten tertulia dago Lurre Hurre proiektuaren oinarrian. Elkar ezagutu zuen herritar talde horren harremanetik abiatuta, eta konfinamendu garaian migratzaile askok bizi zuten egoeraz jabetuta, egitasmo... [+]


2022-01-11 | Joseph Andras
Pase poliziakoa: ezkerraren amore emate bat

Joseph Andras (Le Havre, Frantzia, 1984) idazlea da. 2016an lehen eleberriagatik "Goncourt" sari famatua eman zioten, baina berak uko egin zion epaimahaiari esanda “lehia, konkurrentzia eta norgehiagoka arrotzak zaizkiela idazketari eta sorkuntzari”... [+]


2022-01-05 | ARGIA
Osasun arloko sindikatuak kalera aterako dira 23an Jaurlaritzaren osasun baliabide eza salatzeko

Lehen mailako arretak “kolapso egoeran” jarraitzen duela uste dute, ospitaletako arretak bizi duen gainkarga salatu nahi dute, eta egoerari aurrea egiteko neurriak eskatzen dituzte ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek.


Eguneraketa berriak daude