COVID pasaportea zeren truke?

  • COVID txertoa hartu edo ez, norberaren hautu bat da, legezkoa, eta batak bezala besteak errespetu bera merezi duena. Ez da derrigorra, baina behartzeko erreminta ezarria dago Euskal Herri osoan: Europar Batasunak bidaiatzeko udan jarri zuen QR pasaportea. Zer dakar QR pasaporteak? Kutsatze indizeari lotzen zaio bere aplikagarritasuna (herri batean hainbesteko kutsatze maila gainditzean egoten da indarrean), baina ez du kutsatzeak saihesteko balio: txertatuta egoteak ez baitakar immunitaterik. QR pasaporteak, lehen kolpean, txertatu ez diren herritarrak zerbitzu publikoetatik, kultur eta kirol ekintzetatik eta ostatuetatik kanporatzea dakar, eta hau ez da txantxa, egun bizi garenon bizitzan lehen aldia baita herritarren sektore bat hauetatik kanporatzea legezkotzat hartzen dena. Gizartearen kategorizazioa, gutxiengoaren kriminalizazioa eta gizarteko kohesioa pitzatzea eragiten ditu. Baina nekeza da sinestea hainbesteko kostua eta esfortzua eskatzen duen neurria ezarriko dutenik txertatu gabe dagoen %10arentzako soilik. Zer dakar QR horrek pasaportea eskuan ibiliko duenarentzat? Pasaportea duen jendea ere badago aurka. Larrun honetan mintzo direnak horren adibide: lautik hiruk dute pasaportea. Orain, eguneroko bizitzan momentu oro erabaki beharra etorri zaigu: besteei QR pasaportea eskatuko diet nire ardurapeko lanetan? Pasaportea eskatzen didatenean erakutsiko dut edo uko egingo diot erabiltzeari? Pasaporterik gabe, nola egingo dut oinarrizko zerbitzu publikoak jasotzeko, sozializatzeko eta pertsona moduan behar ditudan jarduerak egiten jarraitzeko?

    *Oharra: Lan hau inprentara eramateko egunean jakin da Frantziako Gobernuak urtarriletik aurrera QR pasaportetzat txertoa soilik onartuko duela. Erreportaje honetarako elkarrizketak egin zirenean ez zen hori egoera.


2021eko abenduaren 31n
Azalaren irudia: Joseba Larratxe.
Azalaren irudia: Joseba Larratxe.

Udan Europako beste estatuetara bidaiatzeko ezarritako Europar Batasuneko QR ziurtagiria orain Euskal Herriko herri guztietako eguneroko bizitzara iritsi da. Larrialdi egoera indargabetu ostean Europako “normaltasun berria” ezartzeko modua ote? Berau agindu duten Euskal Herriko mota guztietako gobernuek, inzidentzia tasa jarri dute pasaportearen oinarritzat, hau da, azken hamabost egunetan pilatu den COVID positibo kopuruaren arabera, herri batean indarrean egongo da pasaportea edo ez. Seigarren olatua indarrean da eta kutsatu kopurua gorantz doa. Baina horrez gain, Jaurlaritzak pasaportea ezartzearekin batera jaitsi egin ditu herri bat semaforo gorrian, horian edo berdean dagoen definitzeko inzidentziaren baremoak, eta aldi berean, egunean egiten dituen test kopurua biderkatzeari ekin dio. Eta zenbat eta test gehiago egin, kontabilizatzen den kutsatu kopurua (inzidentzia tasa) altuagoa da.

Behin pasaportea ezartzen denean, inzidentzia tasari begiratuko ote zaio astero, pasaportea herri bakoitzean indarrean den edo ez jakiteko, edo orokortu eta normalizatu egingo da bere erabilera? Normalizatuko dugu, egun bizi garenontzat lehen aldiz, herritarrak zerbitzu publikoetatik eta publikoari “irekiak” omen diren lekuetatik kanpo utzi daitezkeela? Inongo aldagairik ez da onargarri legearen aurrean ez iritzi publikoaren aurrean, orain arte, diskriminazio horretarako: ez sexu, arraza, erlijio, arrazoi politiko... Marra gorri hori urratuko da, zeren arabera? Herritarrek egindako hautu legal baten arabera?

Ezarri duten gobernuek badakite eskubideak urratzea ekar dezakeela eta legezkotasunaren muga-mugan dabilela pasaportea. Dekretu eta arau denetan aipatzen da hori eta osasun egoera larriarekin justifikatzen da, eta zehazten dute hautazkoak diren aisialdira mugatzen direla neurriak eta epe oso mugatu bat ematen zaio. Epeak, ordea, luzagarriak dira, Ipar Euskal Herriko kasuan ikusi dugunez. Nafarroan pasaportearen ezarpena leialagoa da arau idatziek dioten bezala, hautazko aisialdi mota batera mugatzearekin, ostalaritzan aforo jakin bat dutenean eta mota bateko kultur ekitaldiak egiten dituzten aretoetan aplikatzen baita. Baina Euskal Herriko gainerako eremuetan, mugatzen dena kultur eta kirol jarduera guztiak eta egungo gizartearen sozializatzeko ereduan nagusi diren besteekin harremantzeko gune ia guztiak dira.  Aisialdiaz arago, ordea, Euskal Herri osoan erabat baldintzatzen dena osasun publikorako sarbidea da, baita espetxeetan daudenek beren gorputzaren gaineko erabakia hartu ahal izatea ere. Berriz ere zaurgarrienak dira hautu bat egiteko muga gehien dituztenak.

Argazkia: Idoia Zabaleta / Foku.
QR batek ez zaitu babesten

QR pasaportea ezarri duten agintariek ere badakite horrek ez dituela COVID-19 kutsatzeak saihestuko. El País egunkarian abenduaren 1ean Pablo Linde kazetariak argitaratu zuen artikuluan, ezagutzera eman zuen zer txosten idatzi duten Espainiako estatuko Autonomia Erkidegoetako osasun adituek eta estatuko Osasun sailak osatzen duten Kontseiluak: azaroaren 23ko data daraman txosten honen arabera, pasaportearen "onura" bakarra txertaketa bultzatzea da, baina horren aurrean, pasaportearen alde txar moduan zerrendatzen dituzte beste hauek denak: ez dagoela "ebidentziarik" esateko honek kutsatzeak gutxituko dituenik, areago, txostenak berak aipatzen du Europako inguruko estatuetan kutsatze tasak oso gora egin duela COVID pasea indarrean den arren, eta hauen artean dago Ipar Euskal Herriko esperientzia ere, zeinetan uztailetik pasea plantan egonik, kutsatzeen aldetik olaturik gogorrena udazken-negu honetan bizi duen.

Aipatutako Osasun Kontseiluak bere txostenean dio Espainiako Estatuan txertatutako pertsonen ehunekoa askoz handiagoa dela gainerako estatuetakoa baino eta beraz, are eragin txikiagoa izango lukeela paseak kutsatzea saihesterakoan. Txosten honek berak seinalatzen du paseak sustatzen duen ideia okerra: "Txertatuta egotea immunizatuta egotearekin lotzen du eta hori ez dator bat errealitatearekin"; txostenak dio txertoek lortu dutela heriotzak eta gaixotasuna oso larri pasatzeko arriskua saihestea, baina ez direla hain eraginkorrak kutsatzeak eragozteko: "Badakigu txertoa hartu dutenen %40 inguruk aukera dutela gaixotzeko eta gaixotasuna transmititzeko. Horregatik guztiagatik, kutsatzeak prebenitzeko pasearen balioa oso mugatua litzateke eta aurkako eragina ere izan dezake, prebentzio neurriak erlaxatzen badira".

Hala izan zen hasieran Ipar Euskal Herrian: leku itxietara sartzeko pasea ezarri zenean, barnealdean maskara kenduta egotea baimendu zuen legeak. Ikerketa denek diote kutsatzea saihesteko modu onena leku irekietan elkartzea dela eta leku itxietako aireztapena bermatzea, COVID pasearekin zerikusirik ez duten neurriak, alegia. EAEn pasea indarrean sartu berritan (abenduaren 14an), gai horri lotuta mezu hau zabaldu zuen sare sozialetan Ugo Mayorrek, Euskal Herriko Unibertsitatean PCRak garatzen aritu zen lantaldeko koordinatzaileak: “Txertatu ez direnei seguruak eta osasungarriak ez diren leku itxietara sarbidea mugatzen jarraitzen badugu (ezer egin gabe aireztapena hobetzeko), azkenean kutsatzeen tasa handiagoa izango da txertatuta gaudenon artean, ez daudenen artean baino”.

Osasun gaietan prestigio handia duen The Lancet aldizkarian 2021eko azaroaren 19an argitaratutako The epidemiological relevance of the COVID-19-vaccinated population is increasing (COVID-19 txertoa hartutako biztanleriaren egoera epidemiologikoak okertzen jarraitzen du) artikuluak kontuan hartzen ditu hainbat estatutan txertatuak izanik kutsatu diren kopuruek gora egin dutela eta ondorio hau ateratzen du: “Neglijentzia handia da txertatuak transmisio iturri posible eta garrantzitsu moduan ez hartzea”.

Espainiako Estatuko adituek egindako txostenera itzulita, bertan adierazi dute dagoeneko txertatuen ehuneko oso altu bat duen gizartean pasearekin irabaziko den txertatu kopuruak “oso zaila izango duela justifikatzeko hau ezartzeak ekarriko dituen kostuak eta ondorio negatiboak”, eta azpimarratzen dute “bermatu behar dela ez dituela desberdinkeria egoerak sortuko”.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuorde José Luis Quintas Díezek, hala adierazi zuen Radio Euskadin abuztuaren 13an, beste herrialdeetara bidaiatzen zuten turistentzat Europako hainbat estatuk QR pasaportea ezarri zutenean: “Hasteko, nabarmendu behar da, ‘pasaportea’ edo ‘QR ziurtagiria’ erabat helburu zibikoak dituen neurria dela, ez osasun helburuak dituena”. Hilabete batzuk geroago Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ezarri duten pasaporte berberak zer helburu ditu, orduan?

“Nahi duten moduko gizartea garatzeko baliatzen ari dira”

Frantziako Gobernua izan da lehena Euskal Herrian pasea ezartzen. Hasieran, azaroaren 15era arteko epearekin ezarri zuen, baina ondoren uztailaren 31 arte luzatu du. Luzapen eskaera horren aurrean, EH Bai alderdiak pasearen neurriarekiko kontrakotasuna agertzen duen adierazpena plazaratu du. Bertako kide Nikolas Blainen hitzetan: “Pandemiaren aurrean hartu dituzten neurriak, tartean pase hau, haien jendarte eredua garatzeko baliatzen dituzte. Guk ez dugu bat egiten horrekin: kontrola, jendartearekiko konfiantza eskasa... Adibidez, Frantziak berriz galdegin dio Europari mugen ixtea luzatzeko, eta aipatzen ditu terrorismoa, txertatze maila apalak ondoko herrietan... Baina gibelean ikuspegi globalagoa dago: migrazioari ateak ixtea eta abertzale gisa gure nazio eraikuntza oztopatzea”.

Gazte Koordinadora Sozialista argi kokatu da pasaportearen aurka, eta “burgesia pandemiari ematen ari zaion kudeaketa ereduaren” barruan ulertzen dute, bertako kide batek azaldu digunez: “Eskubideen esparrua murrizten ari dira. Ongizate estatuaren paradigma agortu zen, eta gero eta pobrezia handiagoarekin batera gero eta eskubide gutxiago existituko direla dirudi: ezagutu dugun demokrazia burgesa gainbeheran dago. Zentzu horretan, burgesiaren ofentsiba politikoa bizi dugula diogu, eskubideen murrizketa dakarrena (alderdi politiko guztien onespenarekin), eta COVID pasea ofentsiba horren parte da. Horri aurre egiteko beharrezkoa da burgesiari boterea kentzea. Zertarako? Ez beste kasta politiko bat sortzeko, baizik, klaserik gabeko gizarte bat eraikitzeko”.

Mati Iturralde, Osakidetzako medikua eta Hontza elkarteko kidea: “Osasunaren eredu paradigmatiko bat ezartzen ari da eta bizitzarako garrantzitsuak zaizkigun kategoriak paradigma horretatik kanpo geratzen dira". Argazkia: DosPorDos.

Mati Iturralde Osakidetzako familia medikua da, 1994an Ezker Abertzaleko legebiltzarkidea izana, eta pandemiaren aurrean egiten den kudeaketan giza eskubideak errespetatzea exigitzeko Hontza elkartea sortu duenetako bat: “Hontzaren helburua herriaren defendatzaile lana egitea da, Arartekoak ez duela ezer egiten ikusita”. Iturralderen ustez, pasaportearekin eta hartu diren beste neurriekin “estatu dual bat” sortzen ari dira: “Estatuak baditu bere neurri legislatiboak, eta herritar bakoitzak badakigu zein gauza egin ditzakegun eta zein ez. Baina bestelako praktika bat egiten da: ez txertatzea legala den hautu bat da, baina behartuko zaitut txertoa hartzera, saiatuko gara ezin bizi izan zaitezen txertorik gabe. Ez da ilegala konfinamendu garaian etxetik ateratzea umeekin paseo bat ematera, baina esango dizugu ezin duzula egin eta behartuko zaitugu: gerora ikusi da ez zegoela oinarri legalik horretarako, baina bere momentuan aplikatu egin zen. Estatu dual horretan, eremu legalak nolabaiteko kontrol minimo bat badu, demokraziaren aterki anbiguo horretan dagoelako, baina praktikaren eremuak ez du oinarririk ez zilegitasunik: jendarteak ez du eztabaidatu eta erabaki estatu dual horretan bizi nahi duenik, hau da, agintariei baimena ematen dienik legeaz harago momentu bakoitzean nahi dutena egin dezaten”. GKSko kideak gehitu du epe ertaineko ikuspegi batetik, gero eta zailagoa izango dela agintean direnei frenua jartzea, QR pasaporteak ere “baldintza politikoak okertzen dituelako. Hau da, beste zenbait ondorioez gain, sortzen ari den testuinguruak murriztu egiten ditu enpresarien eta politikari profesionalen sistematik kanpo antolatzen garenon eskubide politikoak”.

Hain justu, pasaportearen helburua behekoen artean zatiketa eragitea dela uste du Jasone Irozek, irailaz geroztik Ipar Euskal Herrian pasaportearen kontra egiteko sortu den Ez Pass! Nora Goaz? Kolektiboko kideak: “Taldeari izen hori jarri diogu, izan ere, pasaporteaz harago gaia da nora goazen: zer gizarte ari gara egiten? Zer gizarte inposatu nahi digute eta zer gaude gu onartzeko prest? Erabat kontrolatutako gizartea? Hori da denok elkarrekin, txertatu ez txertatu, gure buruari egin behar diogun galdera. Zergatik sorgin ehiza hori, zergatik kontrol hori? Horrek zeri irekitzen dio atea? Galdera horiek buruan elkartu gaitezke berriro, gogoratuz goikoei zatiketa komeni zaiela”.

Abenduaren 18an milaka eta milaka manifestari elkartu ziren Donostian, “COVID pasearen inposaketari ez” lemapean Bizitza plataformak egindako deialdira. 33 taldek osatzen dute plataforma hau". Argazkia: @bizitza.
Norbanakoen eskubideak eta eskubide kolektiboak, dosika

Aipatua dugun bezala, paseak ideia oker bat du oinarri, txertatuta egotea immunizatuta egotea dela. Eta kontrako ideia ere badu oinarrian: PCR baten bidez kontrakoa frogatzen ez duen bitartean, txertoa hartu ez duena kutsatuta balego bezala tratatzen du. Zuzenbideko errugabetasun printzipioaren kontrako logika darabil eta errealitatearekin zerikusirik ez duen lotura honetan oinarrituta legezkoa den aukera bat egin duten pertsonei egun batetik bestera ukatzen zaie gizartean integratzeko, parte hartzeko eta pertsona moduan garatzeko beharrezko diren leku publikoetara sartzea eta kultur zein kirol jarduerak aurrera eramatea. GKSk ohartarazi duenez, “pribilegioen kasta sistema bat sortzen ari da, askatasunen kontrakoa: txertatuta bazaude eskubide gehiago dituzu, ez baduzu paserik ezin zara jendearekin elkartzeko lekuetan egon, estatuan integratuta bazaude eskubide politiko gehiago dituzu bertan integratu gabe egonda baino... XIX. eta XX. mendeetan, besteak beste, jarrera erreakzionarioek justifikatzen zuten hori. Eta egungo gizartean berriz ere joera hori dator. Sortu duten egoera horretan, pasaportea ez duenaren kontrako kriminalizazioa eta estigmatizazioa egin daiteke, eta saiatu behar dugu hori neutralizatzen”.

Iturralderentzat eskubidedun eta gabeen bereizketa hori da larriena: “Jaurlaritzak zahar etxeetan eta ospitaleetan pasaportea derrigortu du, beraz, horrek jendearen kategorizazioa ekarriko du. Jendarte bezala kategorizazioa onartuko dugu?”.

Egun batetik bestera pribilegio bihurtu dutenez beste pertsonekin plaza publikoan interaktuatzea, eta zerbitzu soziosanitarioetara, kultur zein kirolera sarbidea izatea, badirudi “pribilegio” berri horretara sarbidea ematen duen QRa izatea sekulako pagotxa dela. Baina pasaporte hori eskuratzea zeren truke da? “Kontrol soziala” datorkio herritar askori burura. GKSk oroitarazi duenez, “lehendik datorren joera da kontrol soziala areagotzea: webguneetan cookien erabilera, segurtasunaren izenean espazio pribatu eta publikoetan kamerak jartzea, txipak, Big Data, errekonozimendu fazialerako teknologia... Hori guztia pixkanaka ezartzen eta normalizatzen ari da. Pasaporte hau gizarte kapitalistaren kontrol joera horren baitan kokatzen dugu, bere bidez datuak errazago monitorizatzen direlako: jakin daiteke norekin egon zaren, non, zein ordutan... Objektiboki COVID paseak kontrol soziala handitzea dakar”. Kontrol sozial honek teknologiaren garapenarekin eta digitalizazioarekin duen harremana seinalatu du GKSko kideak. Irozek bat egiten du ideia horrekin: “Teknologia garatzen dute haiek dena kontrolatu dezaten eta herritarrok gero eta gutxiago kontrolatu dezagun”.

Gazte Koordinadora Sozialistak abenduaren 10ean elkarretaratzeak deitu zituen EAEko hiriburuetan, pasaportearen aurka. Irudian, Bilbokoa. Argazkia: Gedar.eus.

Kontrolari eta informazio pribatuari lotuta, paseak urratzen duen beste oinarri bat nabarmendu du Iturraldek: osasun konfidentzialtasuna. “Inor ezin da egon behartuta esateko txertatuta dagoen ala ez. Esan behar ez dudan bezala hiesaren birusa dudan edo ez, psikosi erreaktibo bat dudan edo ez... Konfidentzialtasun hori bakoitzaren eskubidea da”. Orain badirudi tabernari, liburuzain, kirol langile eta gainerakoek jakin behar dutela txertoa jarri zenuen, edo duela zenbat pasatu zenuen COVID-19a edo... Baina Iturraldek azpimarratu du norberaren medikua soilik dela norberaz gain osasunari buruzko informazioa eduki behar duena: “Anbulategiko langileekin ere gaia landu behar izan dut: ezin zaio inori galdetu txertatua dagoen ala ez. Hori ez da zuen lana eta hori ez duzue zuek jakin behar, pertsona guztiak berdin tratatu behar dira. Gero osasun arazorik baldin badago, lan hori nik egingo dut, nire izenean. Anbulategira norbait sartzen da esanaz ‘umea dakart katarro pixka batekin...’ eta lehenengo diosala: ‘Txertatuta zaude?’. Baina zer galdera da hori? Zer axola zaizu? Anbulategiko langileek ere galdetu badute, pentsa kalean!”. Medikuak azaldu duenez, “alde batetik, eskubidea da konfidentzialtasuna. Eta bestetik, komunitateari ez dio ezertan laguntzen zu txertaturik edo gaixorik zauden edo ez jakiteak. Zerk ematen dio laguntza komunitateari? Bizitzeko baldintza osasungarriak izateak: etxebizitza, lana, herriko antolaketa... Baina zu txertatu zaren edo gaixorik zauden edo ez jakiteak? Horrek zertan laguntzen du komunitatea?”.

Iturraldek ohartarazi du osasunaren konfidentzialtasunaren muga zeharkatzen badugu, “oso terreno arriskutsuetan” sartuko garela: “Gizartearen kategorizazioan. Gaixotasun bat duten edo ez duten pertsonen arteko kategorizazioa, ohitura osasuntsuak dituzten eta ez dituztenen artekoa, ariketa fisikoa egiten dutenak eta ez dutenak... Eugenesiarekin kontuz”. Osasunari buruzko begirada “monolitikoa” zabaltzen ari dela ohartarazi du: “Adibidez, agian niri lagunekin ardoa edatea gustatzen zait, eta jakin arren ‘osasun idealerako’ ez dela oso ona, erabaki dezaket nire lagunekin edatea, nik erabakitzen dudalako nire bizitzarako gauza onak zein diren, asebetetzen nautenak, gustura sentiarazten nautenak, adibidez, beste pertsonekin egotea... Kanpoko eredu paradigmatiko bat jartzen denean, bizitzarako garrantzitsuak zaizkigun kategoria horiek denak paradigmatik kanpo geratzen dira. Egun limite horretan gabiltza, gizartea kategorietan mailakatzeko zorian, denok berdinak izan gaitezen”.

QR pasaportearekin batera NAN erakustea exigitzen dute askotan. Besteren osasun eta nortasun datuak erabiltzeak legezkotasunarekin eta datuen pribatutasunaren urraketekin duen marra lausoaz gain, langileak polizia lanetan jartzen ditu. Hori egitera ukatzen dira langile batzuk, eta modu antolatuan, kulturgileek agiri bat plazaratu dute hori ez dela haien lana salatuz. Irozek azaldu duenez, “langileen artean denetatik dago: batzuek bideak bilatzen dituzte pasaporterik gabekoak ez diskriminatzeko, baina beste batzuek oso harro dabiltza polizia lana egiten eta besteak nola bizi behar diren agintzen. Balkoietako poliziak kalean dabiltza orain”.

Ez Pas! Nora Goaz? Kolektiboa irailan hasi zen antolatzen eta astero 35 kide inguru biltzen dira. Argazkietan, paseagatik lanetik kanporatzeko arriskuan dauden lanbideak ikusarazteko egin zuten ekintza. Argazkia: Ez Pas! Nora Goaz?
Gaur pasea dut, eta bihar?

Txertoek sei hilabeterako eraginkortasuna dutenez oraingoz onartuta, pasaportea izateko baldintza sei hilero dosi bat hartuz berritu behar da. Gaixotasuna pasatu berri izateak ere sei hilabeterako pasaportea ematen du. Beraz, “pasaportea daukat” pentsatzea baino, zehatzagoa da “egun pasaportea badaukat” esatea. Edo bestela, pasaportea beti izatearen truke “beti txertatuko naiz” hautua egina izan beharko genuke.

Ikusirik COVID-19aren aurkako batere txerto dosirik hartu gabeko jendea %10a dela oraingoz, baina hala egitea erabakitzen duten gurasoen haurrak txertatzen dituztenean kopuru hori asko jaitsi daitekeela... Pasaporteak jendea txertatuarazteko duen indar handiena zein da? %5-%10a txertatzera behartzea, edo %90-%95a hemendik aurrerako dosi guztiak hartzera bultzatzea?  Hego Euskal Herrian pasaportearen ezarpena, txertoa hartu edo ez erabakitzeko momentu gako batean suertatu da: umeak txertatu edo ez erabaki behar izan denean, eta adin tarte guztiek hirugarren dosia hartu beharko dutela entzuten hasi denean.
Txertoa hartu edo ez, ez da kategoria finko bat. Egunero aldatu dezakegu erabakia: orain arte hartu ez duenak bihar erabaki dezake hartzea, eta orain arteko dosi denak hartu dituenak erabaki dezake momentuz beste bat ez hartzea. Beraz, herritar denen erabakitzeko ahala baldintzatzen du pasaporteak.

Iturralderen hitzetan, “orain zein da jendearen helburua? Jendarte eredugarriaren eskeman sartzea. Baina arriskua dago paradigma ‘eredugarri’ horretan bihar beste parametro batzuk ere sartzekoa”.

Atzo arte pentsaezina bazen ere, Europatik etorri den QR pasaportearekin ez da zaila “kreditu sozial” moduko bat irudikatzea. Aspaldidanik dago martxan, gainera, COVID-19a zabaldu den herrialdean bertan, Iturraldek gogorarazi duenez: “Txinan hiritar eredugarri izateko hainbat puntu eduki behar dituzu, hemen gidabaimenean bezala”. Eta gobernuak kalifikatzen duenaren arabera “gaizki” egindako gauzekin galtzen dira puntuak: kreditu sozial hori gabe ezin da etxe bat erosi, edo lanpostu batzuetara sartu, ezin da herriko kultur ekintzetan parte hartu... Iturraldek ohartarazi duenez, “kreditu sozial hori kontrol politikorako erabiltzen da, autoritarismoaren printzipioetatik”. 

Nafarroan QR pasaportea ezarri zuten lehen egunean, tabernara sartzeko mugikorra eskaneatzen. Argazkia: Idoia Zabaleta / FOKU.

NOLA BIZITZEN DA QR PASAPORTEEN HERRIAN?

Ipar Euskal Herrian dugu esperientziarik handiena, pase honekin bizitza nola antolatzen den ikusteko. Nikolas Blainek azaldu du EH Bai barruan zer eztabaida izan zuten gaiaren inguruan, eta zein oinarri adostu duten: “Orokorki denok pasaportearen kontra ginen: askatasunen murrizketa ekarri duelako, gure osasun informazioa eman behar diogulako ostalari edo dendari bati... Datu pertsonala da txertatua izatea edo ez, eritasuna ukana edo ez. Horretan denok ados ginen.

Gure desadostasun handienak txertatzearen inguruan dira, ikuspegi desberdinak ditugu: denok ados gara urririk izan behar direla eta patenterik gabe, eredu kapitalistan garatu baita txertoa. Batzuek esaten zuten ‘goizegi da’, ‘ez dakigu xuxen zer den txerto horretan’... Hori errespetatzen dugun bezala errespetatzen dugu publiko bat, txertoa gogaitatzen zuena, edo arriskuan baitziren osasun arlotik, edo konfiantza zutelako... Gure marra gorria beti izan da hautua libre izatea.

Pase sanitarioaren gaian, berez kontra gara, baina batzuek esaten zuten: ‘Pandemiaren eragina ikusita, ondorioak, mundu mailan hartu duen dimentsioa... Zergatik ez...?’. Inork ez du defendatu ‘pase sanitarioa bai, eta denean’. Baina batzuek pentsatzen zuten onargarri zela denbora mugatu batean, arau mugatuekin eta abar”. Baina Blainek gehitu duenez, “ohartu gara aplikazioan ez dela mugarik. Horregatik atera dugu adierazpena: idatzi horretan ez dugu esaten erabat ezetz, baina ez gara batere ados egiten den erabilerarekin”.

QR pasaporteak egunerokoan kontraesan handiak sortzen dituela azaldu du: adibidez, hasieran liburu bat erosteko dendara sartu zitekeen pasaporte hau gabe, baina liburu bera hartzeko liburutegi publikoan sartu ez. Edo kutsatuta egonik pasea duena joan daiteke ekitaldi jendetsu itxi batera, baina kutsatu gabe egonik pasaportea ez duena ez.

Paseak ez duela diskriminatzen bermatzeko, jarritako neurria testa egitea da, baina PCR testek soilik balio dute, ez farmazian merke eskuratu daitezkeen autotestek. Horrek praktikan dakar txertatu ezean diru asko behar izatea, eta momentu puntualetan soilik erabili ahal izatea. Blainek adibide bat jarri du: “Abendutik goiti PCRak 24 ordurako soilik balio du, eta 44 euro balio dute txertoa hartu ez dutenentzat, aldiz, txertoa jarria dutenentzat urririk da. Ostatuko langile batek esan zidan, egun erdiz arituta 500 euro irabazten dituela hilabetean eta PCRtan gastatu behar zuenarekin, lana gelditu du, horrela ez du balio goizetan iratzartzeak”.

Ez Pass! Nora Goaz? Kolektiboak lanpostuari eusteko txertatzera behartu dituzten langileen (medikuak, suhiltzaileak...) egoera salatzeko kanpaina egin du. Lanerako behartuak direlako edo ostatura eta zinemara joaten jarraitu nahi dutelako, pasaportea indarrean jarriz geroztik jende askok txertoa hartu duela azaldu du Blainek: “Uztaritzeko txertaketa jarraitu dut hautetsi bainaiz bertan, eta pase sanitarioak txertatze kanpainari indar berri bat eman dio, asko dira lehen dosia egiten dutenak”. Blainek azaldu duenez, beste batzuek beren hautuari eusten diote, esanaz “ez, ni ez naiz horrelako xantaia batean sartuko, ez didate inposatuko horrela kenduz ostatu giroa, zinema, aisialdia...”.

Jasone Iroz, Ez Pas! Nora Goaz? Kolektiboko kidea: “Haien eskumeneko Herriko Etxeetan nola jokatuko dute pasaportea auzitan jartzen duten alderdi politikoek?". Argazkia: Estitxu Eizagirre.

Ez Pass! Nora Goaz? Kolektiboko kide Jasone Iroz gordin mintzo da: “Gizartean sortzen duen zatiketa da gehien kezkatzen nauena. Besteen errespetuan, baina nik nire jarrera adieraztea erabaki dut. Nahiz eta oso gogorra den, eta erasotua, baztertua sentitzen naizen hainbat aldiz, uste dut lasaiago nagoela hartu dudan jarrerarekin, nire iritzia defendatzen dudalako”. Norberak bere burua baztertu beharrean, joan nahi duen tokietara joan eta proba egiten du. Pasaportea eskatzen ez badiote hobe, eta norbaitek eskatzen badio, harekin hitz eginda hausnarketa eta eztabaida lasaia piztea bilatzen du: “Ni ez noa jendearen kontra, zeren ulertzen dut kafetegiko jabeak badituela bere presioak, mediatekako langileak badituela jarraitu beharreko arauak... Hasteko, ez dakit zer pentsatzen duen pertsona bakoitzak, eta nik ez ditut langile denak zaku berean sartzen: bakoitza da pertsona bat eta ez dut orokortzen. Ni beti saiatzen naiz, adibidez, kafe bat eskatzen. Pasaportea eskatzen badidate, erantzuten diot ‘a, ohartzen zara diskriminatzen nauzula?’ eta banoa lasai, gogoetarako hazi bat utzi dudan itxaropenarekin. Ez da gauza normala langile batek pertsona bati kafe bat ukatzea. Ez da normaltasun bilakatu behar. Nik nire burua autobaztertu ordez, nahiago dut egoera agerian jartzea”. Batzuetan, eztabaidan sartzeko indarra falta duela aitortu du: “Eguneroko presioa pisua da, dena baldintzatzen baitu pasaporteak”.

Denborarekin ezagun egiten dira pasea eskatzen ez duten lekuak eta bere kideetako inor kanpo utzi nahi ez duten kolektiboek horietara jotzeko ohitura hartzen dute. Blainek azaldu duenez: “Bai, ohartu gabean usaiak aldatzen ditugu, bestela baztertzailea da pasea eta jarrera ezkertiar batetik, bilkuratik atera eta pote bat ateratzera goazelarik ezin diogu erran bati ‘zuk ez duzu pase sanitariorik eta etxera’”.

Irozek azaldu du pasaporteak etxean liskarrak sortzen dituela, eta guraso bezala gogorra dela seme-alabak baztertuak izateko arriskuan ikustea: “Kirol entrenamendutik etorri zirenean, haurrak lur jota etorri ziren: ‘Ez bagara txertatzen fini! Ez digute jokatzen utziko’ esan zidaten. Erantzun nien ‘lasai hartuko dugu, hitz egingo dugu, eta hitz ematen dizuet jokatzen jarraituko duzuela. Aurkituko dugu aterabidea”. Eta kirol taldearekin hitz eginda irtenbidea bilatu zuten. “Familian gogorarazi behar izaten dut ni ez naizela zigortzailea, beste batzuk ari direla neurri ez egokiak hartzen eta gure artean borrokatu ordez goiko erantzuleei begira jarri behar dugula”. Zorionez, lagunartean pasaporterik gabeko jende asko du, baina beste askorekin eztabaidak izan dituztela azaldu du: “Eta eztabaida baino okerragoa da jende batzuekin urruntasun bat sortzen dela. Oso egoera konplikatuak sortzen ditu. Eta dena zergatik? Oso gogorra egiten da gizartean erreakzio handirik ez ikustea”.

Nikolas Blain, EH Baiko kidea: “Pasea eskatzen ez duten ostatuetara joateko usaia hartu dugu, bestela, baztertzailea da pasea”. Argazkia: Estitxu Eizagirre.
Pasaportea izanik pasaportearen aurka

Bai Blainek eta bai Irozek azaldu dute pasearen aurkako jarrera aktiboa dutenen artean denetarik dagoela, txertoa hartu dutenak eta ez dutenak. Blain: “Kide batzuk txertatuak dira baina ukatzen dute pase sanitarioa erakustea. Ez dute onartzen pauso hori, diskriminazioa delako, berriz ere datu pertsonalen kudeaketa okerra egiten delako...”.

Irozek azaldu du Ez Pass! Nora Goaz? Kolektiboan denetarik dagoela, txertatutakoak eta gabeak; pasearen aurka daude, eta txertoa hartzea norberak erabakitzearen alde. Irailaz geroztik, astero biltzen dira Kanbon 35 bat pertsona, iluntzetik goizaldeko ordu txikiak arte: “Badira osasun alorreko langile batzuk, horietako batzuk lanetik bota dituztenak. Badira Baxe Nafarroako laborariak. Badira irakasleak, Seaskakoak, ikastetxe katolikokoak eta publikokoak. Badira ikus-entzunezkoetakoak eta beste alorretakoak ere bai. Badira politikagintzan sartutakoak, badira herri mugimenduetan ari direnak, jende inplikatua...”.

Europako QR pasaporteak norbanakoari aurrerantzean nola jokatu galdera planteatzen dio. Baina kolektibo bakoitzari ere hautua egin beharra ekartzen dio: antolatuko dituen ekitaldietan jende bat kanpo uzten duen pasaportea eskatuko da edo ez? Blainek azaldu du nola kudeatu zuten auzia EH Baik irailean antolatu zituen udako unibertsitateetan: “Herriko geletan legea aplikatu behar da. Leku pribatuetan, adibidez elkarte batean, errazago da legea ez guztiz aplikatzea. EH Bairen posizioa izan zen gu ez garela hor pase sanitarioa kontrolatzeko. Galdegiten diogu jendeari ukaitea, galdegiten diogu jendeari maskara jartzea (hori bai dela eraginkorragoa kutsatzeko arriskuaren aurrean)... Gure ekimenetan ez dugu kontrolatzen, jendeari galdegin diogu beren ardura hartzea”. Azaldu du EH Baiz kanpo ere, kultur eta gizarte eragileetan eztabaidak sortu direla ea haiek antolatutako ekitaldietan pasaportea eskatuko duten edo ez.

Irozek horixe eskatzen die erabakiguneetan diren ezkerreko alderdiei: “Esan dezatela praktikan zer egingo duten. EH Bairen agiria eskertu dut eta baikorki baloratu dut. Eta gero zer? Herriko Etxean agintean diren herrietako mediatekak itxirik mantendu behar dituzte herritar batzuentzat edo ez? Abertzaleak eta sozialistak daude Hendaiako Herriko Etxean eta bertan, martxoan erretiroa hartzekoa den gizarte zerbitzuetako langile bat kanporatzekotan dira, pasaporterik ez duelako. Langile horrek adierazi du prest dagoela edozein lan egiteko falta zaizkion lau hilabeteak betetzeko. Horrelako egoeretan nola jokatuko dute pasaportea auzitan jartzen duten alderdi politikoek?”.

Argazkia: irekia.eus.

BINGEN ZUPIRIA

“Uste dut txertatu ez direnek txertatzen amaitu beharko dutela, gainerakoek bezalako bizitza soziala izaten jarraitu nahi badute”

Elkarrizketa hau egin zion Radio Vitoriak Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileari 2021eko abenduaren 10ean. Oharra: QR pasaportearen erabilera ez zegoen oraindik eremu guztietara zabaldua.

Pasaportea bere funtzioa betetzen ari al da? Logikoki, kutsatzea ez du saihesten, baina “behartu” al ditu pertsona batzuk txertatzera?

Uste dut bere funtzioa betetzen ari dela. Saiatuko naiz azaltzen zein den pasaporte honen funtzioa. Egun hauetan bi egoera bizi izan ditut, azaltzen dutenak zertarako ez duen balio pasaporteak: bata jatetxe batean bizi izan nuen, barra ere baduena; jatetxeko mahaietara sartzeko COVID pasaportea eskatzen zuten, baina jantokiari lotua zegoen barran ez zuten pasaportea eskatzen eta ikusten nuen jende askok ez zuela egiten barrualdeetan egin behar dena: maskara etengabe jarrita edukitzea. Baziren maskararik gabeko taldeak, builaka, jaten eta edaten... Txertaketa ziurtagiriarekin sartuta dena konponduta dugula pentsatzen badugu, oker gaude.

Beste esperientzia gaueko musika lokal batean izan zen, zeinetan jendea iristen zen modu ordenatuan, ilara itxaroten zuen distantzia gordez, bere txerto ziurtagiria erakusten zuen, baina barrura sartzen zenean maskara kendu eta dena ahazten zuen.

Pasaporteak egiten duen bakarra da adieraztea txertaketa osoa dugula eta beraz arreta hori hartu dugula, baina hortik aurrera indarrean diren neurri guztiak betetzen jarraitu behar dugu.

Baduzu daturik zenbat jende txertatu den COVID pasaporteagatik, hau erakutsi behar izan ez balute txertatuko ez zirenak?

2.000 pertsona inguru izango dira, azken aldi honetan txertoa hartzera animatu direnak.

Asmoa dago beste leku itxi batzuetan ere aplikatzeko?

Lehendakaria eta Osasun saila inguruan egiten ari denari arreta jartzen ari dira: beste autonomia erkidegotan, baina batez ere ziurtagiri hau aplikatzen ari diren Europako estatuetan. Daukagun ardura arindu gabe, komeni da Europa osoan gertatzen ari denari begiratzea: Europa osoan gertatzen ari dena gertatzen ari zaigu. Abantaila batekin: autonomia erkidego honetako eta Espainiko Estatuko herritarren gehiengoak erabaki dugula txertatzea, eta babes handiagoa dugula. Baina pandemia badabil eta seguraski hilabete askotan jarraitu egingo du, ez bada urtetan. Ikasi beharko dugu pandemia honekin elkarbizitzen.

Badira beste estatuek hartutako beste neurriren batzuk?

Badira estatuak zeinetan txertoa hartu ez dutenak konfinatu egin dituzten. Gu ez gara horra iritsiko, baina hori ari da gertatzen Europan.

Beste leku batzuetan txerto ziurtagiria eskatzen ari dira leku askotara sarbidea izateko: jarduera ezberdinetarako pertsonak elkartzen diren barnealde guztietan, erresidentzietara eta ospitaleetara sartzeko... txertoen ziurtagiri honen erabilera zabala egin beharko genuke babesteko, baina baita ere jendea animatzeko txertoa hartzera.

Gogoratu behar da neurri hau [QR pasaportea] bat gehiago dela. Badira beste neurri asko ere indarrean, bete beharko genituzkeenak.

Beste elkarrizketa hau egin zion Onda Vascak Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileari 2021eko abenduaren 15ean.

Euskal gizarteak COVID ziurtagiriarekiko onarpen sentimendua du?

Ez da erraza kategorikoki erantzuten zein den gizarte baten iritzia, gizartea bertan bizi garen gizon eta emakume bakoitzak osatzen dugulako eta ezberdintasunak eta ñabardurak izan ditzakegu. Baina Lehendakaritzaren zati den Prospekzio Soziologikoen Kabineteak lau inkesta egin ditu pandemiaren ia bi urte hauetan eta konprobatu dugu euskal gizartearen gehiengoaren artean pandemiarekiko ardurazko jarrera dagoela eta beti ikusi dugu gehiengoaren borondatea edo aldeko iritzia izan dela egoera honi aurre egiteko neurriak hartzearen aldekoa. Beraz, uste dugu gizartearen gehiengoaren onespena dagoela une bakoitzean behar diren neurriak hartzen joateko. Ez zaie COVID pasaporteaz galdetu oraindik, baina sentsazioa dugu euskal gizartearen gehiengoak partekatzen duela Jaurlaritzaren iritzia, neurriak hartu behar direla, egoera bakoitzean direnak direla, egoera honi aurre egiteko.

COVID pasaportearen aurkako iritziak badira. Adibidez, larunbaterako Donostian manifestazioa deituta dago [Bizitza plataformak abenduaren 18an egindakoaz ari da], zeinak alderatu ere egiten duen Alemania naziarekin. Zer esango zenieke jende horiei?

Nik jende horiei ez nieke ezer esango. Pentsatzen dut ados ez egoteko haien eskubidea egikaritzen ari direla, eta aurkako iritzia emateko eskubidea gauzatzen. Bai gogoratuko nieke, Jaurlaritzaren bozeramaile naizen aldetik, zein zen herri honetan 2020an bizi izan genuen egoera, eta konparatuko nuke egun bizitzen ari garenarekin; eta ziurtatuko nuke ospitaleetan ingresatu duten pertsonen kopuruak, ZIUetan daudenena, edo aurten hil direnena, iazko urtekoa baino txikiagoak direla eta hori progresiboki ikusten joan garela eta txertatze prozesuaren ondorio dela, zeinak ez duen gaixotasunaren transmisioa saihesten, baina bai sortzen digula segurtasun gortina bat gaixotzen bagara ez dezagun larri pasatu.

(...)

Gizarte honen gehiengo oso garrantzitsu batek erabaki du edo onartu du txertatzea dela gaixotasun honen aurrean daukagun babes bakarra eta hori egitera jo du bere borondatez. Eta egin nahi ez duenak, ba berak ikusiko du, nik uste dut txertatzen amaitzeko atakan izango dela, gainerakoek bezalako bizitza soziala izan nahi badute.

Eskubidea dute ez egiteko, baina kasu horretan seguru aski beste era batera bizi beharko dute. Zeren besteok ere eskubidea dugu seguru egotekoa.


LARRUN
2021eko abenduaren 31
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19 eta erantzun soziala
2022-02-15 | Estitxu Eizagirre
Pediatrek ikastetxe barruetan maskarak kentzea eskatu dute, modu progresiboan

Katalunian Societat Catalana de Pediatria elkarteak pandemia kontrolatzeko ikastetxeetan aplikatzen diren neurriak bertan behera uzteko eskatu du, neurri horiek haurrengan dituzten ondorio kaltegarriak argudiatuz. Tartean dago gela barruetan maskararen erabilera kentzea, modu... [+]


Bizitza

Beste hainbat bezala COVID pasearen aurka Bilbon deituta zegoen manifestaziora joan ginen aurrekoan. Bertan adin, kolore, janzkera eta hizkera askotariko zenbat jende zegoen ikusteak asko poztu ninduen, eta tartean topatu nituen unibertsitate garaiko batailetako lagunak edo... [+]


2022-02-01 | Estitxu Eizagirre
Covid pasaportearen auzia Zarauzko Udaleko osoko bilkurara eraman dute hainbat herritarrek

Zarauzko Udaleko urtarrileko osoko bilkuran, galdera erantzunen txandan sei herritarrek hartu zuten hitza, eta Covid pasaporteak eragindako diskriminazioa eta beren bizipenak azaldu zituzten; tartean, pasaporterik gabe kiroldegira sartzeagatik atxilotuta bukatu zuen... [+]


2022-01-24 | Garazi Zabaleta
Lurre Hurre
Migratzaileak nekazaritzan trebatzeko proiektua Bermeon

Bermeon jaiotako eta bertara etorritako herritarren artean hilean behin egiten zuten tertulia dago Lurre Hurre proiektuaren oinarrian. Elkar ezagutu zuen herritar talde horren harremanetik abiatuta, eta konfinamendu garaian migratzaile askok bizi zuten egoeraz jabetuta, egitasmo... [+]


2022-01-11 | Joseph Andras
Pase poliziakoa: ezkerraren amore emate bat

Joseph Andras (Le Havre, Frantzia, 1984) idazlea da. 2016an lehen eleberriagatik "Goncourt" sari famatua eman zioten, baina berak uko egin zion epaimahaiari esanda “lehia, konkurrentzia eta norgehiagoka arrotzak zaizkiela idazketari eta sorkuntzari”... [+]


Eguneraketa berriak daude