Gudari bati azken agurra

  • Francisco Pérez Luzarretak Gernika Batailoiarekin borrokatu zuen Bigarren Mundu Gerran nazien kontra. Bere errautsak Grave lurmuturreko (Gironda, Frantzia) itsasertzean zabaldu zituzten.

Gernikako Batailoiko gudarien senideak Soulac Sur-Mer (Solac okzitanieraz) memorialean, Francisco Paco Pérez Luzarretaren argazkiarekin. Lehen lerroan haren ilobak: Fréderic (erdian, osabaren irudia eskuetan duela), Maite (ezkerrean) eta Ana (eskuinean).
Gernikako Batailoiko gudarien senideak Soulac Sur-Mer (Solac okzitanieraz) memorialean, Francisco Paco Pérez Luzarretaren argazkiarekin. Lehen lerroan haren ilobak: Fréderic (erdian, osabaren irudia eskuetan duela), Maite (ezkerrean) eta Ana (eskuinean).

1944an Kepa Ordokik brigada bat sortu zuen Euskadiko Gobernuaren aginduz, Frantziako Estatuan zeuden ideologia askotako euskaldunekin. Boluntario hauetako batzuek bazuten esperientziarik borrokan 1936ko Gerran, eta Euskal Herria faxistengandik askatzea zuten helburu, Mussolini eta Hitlerrekin batera Francorekin ere amaituko zutelakoan.
Brigada hori frantziar gudarosteko parte izan zen: “Gernika Batailoia” izena zuen. Medóc penintsulako (Gironda, Frantzia) Grave lurmuturrean lubakituta zeuden 4.000 alemaniarren kontra aritu ziren 1945eko apirilaren 14tik aurrera. 159 gudari eta 26 erreserbistaz osaturik, alemaniarrak Garonako ezkerraldetik kanporatu eta Arros gotorlekua bereganatu zuten, 200 lagun preso hartuta.

Jose Ramon Aranberria, Antonio Arrizabalaga, Gotzon Arruti, Joaquin Atorrasagasti eta Francisco Pérez dira historia horren protagonistetako batzuk. Bidean, 35 zauritu eta bost hildako: Juan Jausoro, Felix Iglesias, Antton Lizarralde, Prudencio Orbiz eta Antonio Mugika.

84 urte geroago…

2018ko abenduaren amaieran Francisco Paco Pérez Luzarreta hil zen Beran. Aurretik familiari azken guraria eskatu zion: “Nire errautsen zati bat emaztearekin uztea nahi dut, eta bestea Frantzian, Gernika Batailoiko burkideekin borrokatu nuen tokian”.
Hala, 2019ko maiatzean batailoi hartako gudarien senide eta lagunek bidaia antolatu zuten Pacoren familia lagundu eta borrokatu ziren tokiak eta bunkerrak ezagutzeko.

Cote 40. Senideak eta lagunak memorialean elkartu dira. Monumentuak Medòc-eko guda-egunak eta han hil ziren 43 lagunak oroiatzen ditu.

 

Lore eskaintza. Francisco Pérez Luzarreta gudariaren ilobak lore eskaintza egiten memorialean.

Jean Paul. Jean Paul Lescorcek bisita gidatuan azaltzen du zer funtzio zuten bunkerrek. Historialari frantziarrak hamarkadak daramatza inguruko bunkerrak zaharberritzen. Jean Paulen gurasoek taberna zuten herrian eta 7 urterekin bunkerretara joaten zen alemanei jan-edana ematera gozokien truke.

Bere kalkuluen arabera, 1941 eta 1943 artean Derrigorrezko Lan Zerbitzuen bidez halako 350 eraiki zituzten kostalde horretako zazpi kilometrotan; “Atlantikoko Murruaren” parte ziren. Hitlerrek 15.000 azpiegitura eraikitzea agindu zuen aliatuen erasotik babesteko –Norvegiatik Ipar Euskal Herriraino– eta horretarako 400.000 lagun mobilizatu zituzten. Gutxienez mila urte iraun behar omen zuten.

 

Argazki ezezaguna. Remy Lacaze ikerlariak senide eta lagunei erakusten dizkie Gernika Batailoiaren argazki ezezagunak.

 

Ikurrina. Gernika Batailoiko beteranoen zeremoniarako ikurrina Arroseko bateriako bunkerrean, “Maitasuna” jartzen duen graffiti baten ondoan.

 

Zauritua. Jose Ramon Atorrasagasti, Joaquin Atorrasagastiren semea, bere aita borrokatutako bunkerretan barrena. Joaquin Bilbokoa zen sortzez eta 18 urterekin ezker besoan zauritu zuten guduan zebilela.

 

Gudaren agerlekuak. Paco Pérez Luzarretaren iloba paisaiari begira eta bere osaba ibilitako hondarrezko tokiei so.

 

Bi lagun. Ander Aranberria (ezkerrean) eta Antoine Arrizabalaga (eskuinean), Jose Ramon Aranberria eta Antonio Arrizabalaga gudarien semeak. Gernika Batailoiaren bala-kutxa originala dute eskuan, Michelle Arroyo gudariak gordeta. MG-34 metrailadore alemaniar bati dagokion muniziorako kaxa da.

Memorialetako bisitetan begiradak elkar trukatu baizik ez dituzte egin, baina kaxa horrek hizketan jarri ditu Ander eta Antoine, eta hala jakin dute euren aitak lagun minak izan zirela. “Gure aita Ondarroatik Iparraldera joan zen hiru lagunekin, eta ondorengo borroketan haietako batek begia galdu zuen”, dio Anderrek. Eta Antoineren erantzuna: “Gure aita ere Ondarroakoa zen eta zuenarekin batera etorri zen ontzian, bera zen begia galdu zuena”.

 

Azken-nahia. Gudari zaharraren errautsak zabaltzen.

 

Soinean. Gernika Batailoiaren eta bere txakur “Asta”-ren oroigarritzat Paco Pérezek soinean eraman ohi zuen argazkia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: II. Mundu Gerra
2024-04-08 | ARGIA
Gurseko kontzentrazio esparruan egondako presoak omendu dituzte, tartean 6.000 euskaldun

Urtero bezala, Terres de Mémoire(s) et de Luttes elkarteak Gurseko kontzentrazio esparruan egondako presoak omendu ditu. Horietako asko Euzko Gudarosteko eta armada errepublikarreko kideak ziren. Francoren aurka aritutako beste hainbat, eta Hitlerren eta Mussoliniren... [+]


Missak Manouchianen lorratza
Euskal partisano komunistak nazien kontra

Otsailaren 21ean Missak Manouchian eta Melinée Assadourian senar-emazte armeniarren gorpuzkiak Pariseko Panteoian sartuko dituzte ohore guztiekin. Poeta eta partisano komunista, Manouchianek ekintza ikusgarriak gidatu zituen Bigarren Mundu Gerran okupaturiko Frantzian,... [+]


2024-02-12 | Jakoba Errekondo
Indi gaztainondoaren gerrateak

Zuloan sartuta egotea ez duk txarrena –esan zion Manuk–, txarrena duk ez jakitea noiz aterako haizen, edo inoiz aterako haizen ere. Lander Garroren Gerra Txikia nobelan, non gerra bateko iheslarien gorabeherak azaltzen dituen, pertsonaien artean, Anna Frank dakarte... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


Adolf Eichmann: errugabea sentitzen zen nazia

Aurten 60 urte bete dira Hannah Arendtek Eichmann Jerusalemen liburua kaleratu zuenetik. Urte bat gehiago pasatu da Adolf Eichmann funtzionario nazia, Holokaustoaren "arduradun logistikoa", Israelen urkatu zutenetik. Eichmannen epaiketaren jarraipen... [+]


Eguneraketa berriak daude