"Alardeak erakutsi du emakumeok ezin garela sistema honekin fidatu"

  • Irungo Brontë liburu-dendan bildu gara Mertxe Trancherekin. Non bestela? Liburuak ditu Tranchek pasio eta bizibide; denetik egin omen du horiekin: irakurri, saldu, ordenatu, idatzi, tailerrak gidatu… Beraz, elkarrizketa honetan, literaturaz aritu gara ezinbestean. Eta ezinbestean aritu gara, orobat, errealitateaz. Eta historiaz. Izan ere, irundarraren bizitzan eragin handia izan du dagoeneko bi hamarkada bete dituen gatazkak: alarde parekidearen aldeko borrokak.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Mertxe Tranche Iparragirre (Irun, 1965)

Hainbat lan egindakoa da. Azkenaldian, Irungo CBA liburutegian dabil, eta emakumeek idatzitako literaturari buruzko tailerrak ematen ditu hainbat herritan. Lau liburu idatzi ditu: Historia de las mujeres en Irún, 1931-1992; Un modelo diferente: vida municipal de Irún durante el reinado de Isabel II; Los buenos hijos: una visión sobre la guerra civil, sus antecedentes y consecuencias en Irún eta, azkenik, Ana Galdosekin batera, Los Olazabal: un ejemplo de surgimiento, persistencia y transformación de las élites locales en Irún (siglos XV-XVIII) .

Gogoan duzun lehen irakurgaia?

Ez da lehena, baina gogoan dut Jane Eyre, Charlotte Brontërena. Neska gaztetxo bat liburutegira datorren aldiro, hori ematen diot beti, nahiz eta beste zerbaiten bila etorri. Iruditzen zait mugarri bat ezartzen duela.

Zer mugarri?

Nik 12 urterekin irakurri nuen, gutxi gorabehera, eta ordura arte gazteentzako liburuak baizik ez nituen irakurri. Liburu horrek, ordea, larritasuna eragin zidan. Deskubritu nuen bestelako gauzak aurki zitezkeela literaturan.

Larritasuna?

Jane Eyre, zenbait zentzutan, liburu ahul samarra da teknikaren aldetik, baina halako pasioa dario… Teilatuko bakarrizketa irakurtzen dudan aldiro ilea lazten zait, eta iruditzen zait lantzen duela gai bat zeina oso garrantzitsua baita emakumeontzat: amorruaren kudeaketa. Sistema honetan bizi garenez, amorrua sentitzen dugu ezinbestean, baina inoiz ez digute erakutsi amorruarekin zer egin. Esan digute esertzeko eta hortxe geldirik egoteko, baina amorrua barruan daramagu hala ere. Jane Eyre irakurtzean, ordea, ikusten dugu nola erabil dezakegun amorrua gure alde, eta uste dut hortxe datzala liburuaren indarra.

Beste liburu bat ekarri nahi nuke orain hizpidera: 1928an argitaratu zuen Virginia Woolfek Gela bat norberarena, duela 90 urte. Emakumeek ordura arte idatzitako literatur lanak errepasatu zituen Woolfek saiakera horretan, eta etorkizuneko emakume idazleei eskatu zien eusteko beren askatasunari eta idazteko denetatik. Ehun urteko epea eman zien horretarako.

Nire ustez, mende eskas horretan liburu itzel batzuk idatzi dituzte emakumeek. Orain, ordea, eta iritzi hau nire-nirea da, eta agian zahartu naizen seinale, baina, zera, orain gustatuko litzaidake idazle emakumeek ez pentsatzea apokaliptikoak izan behar dutenik interesgarri izateko. Belaunaldi berria guztiz da apokaliptikoa eta distopikoa, arnasestuka uzten gaitu denok eta ez du irtenbiderik proposatzen. Bikain ari dira, baina halako ostikada bat ematen dizute sabelean… Diagnostikoa ederki dago, baina zauriari ukendua jarri beharko diogu, ezta? Edo eguzkitan ipini, behintzat; ezin gara horrela bizi. Esango nuke emakume idazle horiek uste dutela, literatura “gogorra” egin ezean, ez dituztela seriotan hartuko. Nahi nuke haiek horrelakorik ez pentsatzea, baina, seguru asko, zuzen dabiltza. Agian hauxe nahi dut benetan: mundua horrelakoa ez izatea.

Liburuak irakurri eta gero, saldu. Auskalo izeneko liburu-denda ireki zenuten Josune Urrosolok eta biek. Nolatan hasi zineten?

Alardearen kontuak gauza on ugari ekarri zuen, besteak beste, horren bitartez topatu ginen elkar ezagutzen ez genuen jende mordoa. Era guztietako harremanak sortu ziren: maitasun-harremanak, laguntasunak… Batzuek, berriz, proiektu bera geneukan. Adibidez, Josunek eta biok liburu-denda sortu nahi genuen. Nik bizi osoa eman nezakeen liburu-dendarekin ametsetan, ezer egin gabe, baina Josune ausartagoa zen, eta ikusi zuen ez zela diru askorik behar liburu-denda guk nahi genuen moduan muntatzeko.

Zenbat urte egin zenituzten?

Bost. Ondo samar joan zitzaigun, egia esan. Ez genuen horregatik itxi. Alardearen hasierako urteak ziren, eta hara etortzen zitzaigun jendea arratsaldeko seiretan, sofan eseri, eta ez zuten gauerdira arte alde egiten. Larunbatetan, berriz, bigarren eskuko azoketara joaten ginen, liburu bila. Hortik kanpo, ez geneukan bizitzarik. Lan-kontu berriak atera zitzaizkigun, nekatuta geunden, eta horregatik itxi genuen.

Argazkia: Dani Blanco.

Idatzi ere idatzi duzu libururik. Irungo historiari buruzkoak batez ere. Nolatan hasi zinen horretan?

Legaleon antzerki-taldearekin nenbilen lanean, eta haiek Suitzara joan ziren beste antzerki konpainia bat sortzera: L’Alacran. Lanik gabe geratu nintzen. Bazen ikerketa sari bat, eta proiektu bat aurkeztu nuen: pospolo-egileen historia aztertu nuen. Irunen pospolo-lantegi bat egon zen ehun urtez, seiehun emakumek egin zuten lan bertan, eta nik entzuna neukan oso potenteak izan zirela, baina ez zegoen ezer zehatzik haien inguruan. Saria eman zidaten. Ondoren, lantegiei buruzkoak ikertzen jarraitu nuen, zeren beti esan izan da Irunek ez zeukala industriarik, baina nik ikusi nuen ez zela hala: Irun industrializatu zen, baina bere erara. Behin tiraka hasita, maitemintzeko moduko espedienteak topatzen dituzu, hasten zara hariak lotzen, bihurtzen zara garai bati buruzko aditu, enkarguak egiten dizkizute…

Ezagutzen ez dena ezagutzeko bidea dugu ikerketa. Zer aurkitu zenuen zuk?

Iruni buruz, eta oro har munduari buruz, ez baitut uste ezberdin funtzionatzen dutenik, nahiz eta batzuetan hala iruditu, hauxe ikasi dut: eliteak eraldatu egiten direla beti. Gattopardo pertsonaiak nola dioen, dena aldatzen dela guztiak berdin iraun dezan, bada halaxe da, hain zuzen ere. Eliteak garaiz garai egokitzen dira, halako moda batzuei ere jarraitzen diete, baina beti dira berdinak. Adibidez, XVIII. mendean, eliteko jendeak erakutsi beharra zeukan; orain, ordea, eliteek diskretu izan behar dute. Olazabaltarrak, adibidez, Portugalgo bodegarik handienaren jabe dira, eta banku guztietan daude, baina gaur egun, inork ez luke asmatuko. [Irungo familia boteretsu bat da Olazabal familia: haiei buruzko liburu bat idatzi zuen Tranchek, Ana Galdosekin batera].

Elkarrizketan behin baino gehiagotan agertu zaigun gaiari heldu nahi nioke orain. Atzera joko dugu, 1996ko ekainaren 30era. Egun hartan atera zineten lehenengo aldiz alardean. Nola gogoratzen duzu une hura, hogei urtetik gora joan diren honetan?

Urte hartan antolaketa-lanetan ibili nintzen, ez nuen desfilatu, baina haien alboan gindoazen. Ekainaren 30a iristera orduko, egurra emana ziguten alde guztietatik, baina atera baino hamar segundo lehenagora arte bageneukan halako irudipen bat, agian ez gintuztela gaizki hartuko. Eta, orduan, San Joan plazara iritsi eta ikustea nola hartu gintuzten, izugarria izan zen. Errebelazio bat. Bat-batean hazi ginen, edo ilea urdindu zitzaigun, ez dakit, baina orduantxe konturatu ginen zer mundutan bizi ginen. Eta horren ostekoa ezin da adierazi, ezin da kontatu nola bizi izan ginen zenbait urtez. Baztertuta bizi ginen, mehatxuak jasotzen genituen etengabe, edozein momentutan, edozein egunetan. Ezin ginen tabernetara joan, astebururo sartzen ziguten silikona liburu-dendako atean, kotxea izorratu, etxeko ataria markatu…

Eutsi zenioten hala ere. Nondik atera zenuten indarra?

Orduan bezala sentitzen dut orain ere: han geundenekiko leialtasuna. Ez geneukan beste inor, beraz ezin genuen kale egin, elkarri eutsi behar genion. Zenbaitek ezin izan zion presioari eutsi, eta bagenekien zer zen hori, bakar-bakarrik geratzen zinen. Irunen taberna batera baino ezin gintezkeen joan pote bat hartzera, Kabigorrira; ez ziguten lanik ematen… Ezin da azaldu, zeren ez zen inoiz eteten, etxetik atera bezain laster hasten ziren begiradak eta irainak. Hortxe ikusi genuen alardea mikrokosmos bat dela, eta ederki islatzen duela nola ekiten duen botereak. Hamaika ebazpen atera dira gure alde, baina botereak erabaki du ez dituela beteko, eta hala egin du. Ontzat eman, bai; bete, ez.

Aspaldiko alarderik gogorrena izan da aurten Hondarribian. Han zinen, Jaizkibelekin desfilatzen.

Aurten Hondarribian gertatu denak badu alde onik: gu ez beste norbaitek pairatu du gelako harroputzaren kasketaldia. Gelako harroputza xaxatzen ibili dira denak, txalo egin diote, baina aurten apaizari erakutsi dizkionean hortzak, eta beste batzuei, konturatu dira akaso ihes egin diela piztiak, jada ez dagoela beraien mende. Eta orain, zer egin? Edonola ere, honek guztiak erakutsi du sistemak huts egin duela. Alardeak erakutsi du emakumeok ezin garela sistema demokratikoarekin fidatu, ez eta botere banaketarekin ere, ez behintzat gaur egun antolatuta dagoen moduan. Sistema horrek ez gaitu emakumeok babestu, nahiz eta arrazoia eduki.

Argazkia: Dani Blanco.

Zergatik lehertu da hemen? Zergatik gaiztotu da hainbeste?

Ez dut uste bereziak garenik.

Horregatik bada.

Beste leku batzuetan beste zerbait lehertuko litzateke, beste nonbait legoke baba. Guk baba bat jo dugu. Hala ere, gizarte konplikatua gara, Irun uharte bat da gauza guztietan. Historia berezia daukagu, osaketa soziologiko berezia, eta uste dut liskar zahar eta latza daukagula, hainbat modutara agertu dena. Izan ere, egindako ikerketei esker ikasi dut, alardearen gatazka baino lehen, antzeko beste hiru liskar gertatu direla Irunen. 1864an, gauza berbera gertatu zen, udal bandako organo-jotzailea karlista zelako, eta udala, berriz, liberala.

Eta orduko hartan zer egin zuten, organo-jotzailea bota?

Ez, Irunen konponbide bera ezartzen da beti. Organo-jotzailea zenez bandako zuzendaria, bada, banda bana sortu zuten [barreak]. Banda liberalak jotzen zuenean, karlistek alde egiten zuten plazatik, eta alderantziz.

Eta beste bi liskarrak?

Musika-bandarekin piztu zen beste bat, eta hirugarrena futbolarekin loturikoa zen. Bi futbol-talde zeuden hemen: Racing eta Sporting. Orduko hartan baino ez zen gatazka konpondu, eta talde bakarra daukagu orain: Real Unión. Horra hor gakoa: erregeak esku hartu zuen, eta horregatik batu ziren bi taldeak. Instituzioak esku hartu zuen, eta alardearen kasuan horrexek egin du huts.

Beranduegi da instituzioek esku hartzeko?

Urkulluk orain gutxi aipatu du gaia, baina esku-hartze erradikalagoa behar dugu. Hala ere, aurreko guztiek baino gehiago egin du, zeren, gutxienez, ez du esan jaia bizitzeko bi modu daudela eta biak maila berean daudela. Hori ez baita egia. Jaia bizitzeko bi moduak ez dira berdin zilegiak, asko jota, berdin legezkoak izan daitezke. Baina ezin da berdin zilegia izan integratzen duen jaia eta jendea kanpo uzten duena. Urkulluk adierazi du norantz jo behar den, baina instituzioak askoz argiago adierazi behar luke zein den bidea eta non kokatzen den instituzioa bera.

Nola?

Bada aurrekaririk. Donostian, adibidez, diru-laguntzak moztu zituzten. Berdintasun lege bat daukagu, eta ikuskizun publiko baztertzaileak debekatzen ditu. Beraz oso erraza da. Baina hori ez da konponbidea. Nik ez dut nahi alarde tradizionala debekatzea, ezta plastikoak debekatzea ere; nik nahi dut plastikoen atzean daudenek plastikorik atera nahi ez izatea. Baina horretarako, pedagogia egin beharra dago, eta hasteko, autoritatea dutenek egin behar duten pedagogia, hots, autoritas klasikoa dutenek, adituak direnek. Guri ez digute jaramonik egingo, baina Urkulluri agian bai. Oroz gainetik, instituzioak utzi behar dio soilik epe motzera begiratzeari, alegia, soilik hurrengo hauteskundeei begiratzeari, eta pentsatu behar du benetan zer den zilegi eta zer ez.

Baikor begiratzen diozu etorkizunari?

Irabazita dago, ez daukat inongo zalantzarik. Hori bai, beldurra pasako dugu oraindik. Baikor begiratzen diot etorkizunari zeren guk beti sinetsi genuen gutako norbait hil egingo zela. Plazara atera, eta han zeuden 8.000 gizon, mozkortuta, eta kaskoa berotuta, urte osoan esana zietelako ondo zegoela gu egurtzea. Benetan pentsatzen genuen norbait hilko zela, beraz garai hartakoarekin konparatuta, lasai ateratzen naiz orain. Bestalde, ikusi Jaizkibel konpainia, ikusi alardea: etengabe ari da hazten, eta gaztez beterik dago. Baikorra naiz, noski; denbora behar dugu, ez besterik. Hala ere, nire begiz ikusi nahi nuke, eta urteak badoaz aurrera.

Ez zaizu damutu, beraz.  

Oso-oso gaizki pasa dugu, baina gutako edonori galdetuz gero ea damutzen zaion, ezetz esango dizute denek. Ez zait damutzen. Harro, pozik eta garaile sentitu gara. Batez ere, harro: “Beldurrak akabatzen banago ere, egon behar dudan tokian nago”. Horixe sentitu dut, eta sentipen horrek ez dauka parekorik bizitzan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Liburu dendak
Eva Forest liburutopia
Utopiaren ortzimugari so

Elkargunerako eta hausnarketarako espazio izateko sortu berri dute Eva Forest liburutopia Gasteizko erdigunean. Liburuak baino, jakintza dute oinarrian. Pentsamendua, memoria eta transmisioa. Pentsatzen gozatzea. Kafetegia eta liburu denda korridore labur batek eta umeen txokoak... [+]


2022-10-09 | Reyes Ilintxeta
Aritz Otazu. Liburu zaharren azken mohikanoa
"Ez da bidezkoa Nafarroako Artxiboak urtean soilik 8.000 euro izatea antzinako liburuak erosteko"

Frantzian bereziki, baina mundu erdian barrena ibiltzen da Aritz Otazu XVI. eta XVII. mendeetako liburuen bila. Nafarroako eta Euskal Herriko historia ezagutzera ematea da bere pasioa eta zuzentzen duen Mintzoa Argitaletxearen xedea. Mintzatzen ematen du egun osoa: bezeroekin,... [+]


2022-03-17 | ARGIA
Danele Sarriugartek euskaraturiko Walden-entzat izan da Nafarroako Liburudenden Elkartearen saria

Danele Sarriugarte idazleak euskaratutako David Thoreauren Walden liburuak jaso du Nafarroako Liburu Denden Elkartearen euskarazko libururik onenaren saria.


2021-11-09 | ARGIA
Amazonen estrategiari aurre egin eta liburu denda txikiak lagundu nahi dituen Frantziako lege berria

Amazon ahalguztidunak bidalketa gastuak kobratu gabe banatzen ditu liburuak, baina liburu denda txikiek ezin dute halakorik egin, bizirauteko etekin duin bat jaso nahi badute. Horri aurre egiteko, zehazteke dagoen gutxieneko bidalketa gastu kopuru bat kobratzera derrigortuko du... [+]


Eguneraketa berriak daude