Utopiaren ortzimugari so

  • Elkargunerako eta hausnarketarako espazio izateko sortu berri dute Eva Forest liburutopia Gasteizko erdigunean. Liburuak baino, jakintza dute oinarrian. Pentsamendua, memoria eta transmisioa. Pentsatzen gozatzea. Kafetegia eta liburu denda korridore labur batek eta umeen txokoak konektatzen ditu; norberak irudika dezala hortik sor daitekeena.

Dos Por Dos / ARGIA CC BY SA
Dos Por Dos / ARGIA CC BY SA

Manifestazio guztiak hasten diren lekuan”, hantxe ireki berri dute Eva Forest liburutopia, Bilbo Plazari begira, Hala Bedira-eta eramaten duen kantoian. Sinbolikoa baino gehiago da manifestazioen aipamena, gizarte mugimenduei eta borrokei garrantzia eman nahi dien espazioa izan nahi duelako liburutopiak. Irekiera ekitaldiko diskurtsoan aipatu bezala, “ankerkeria kapitalistazko oraina txikitzen” laguntzeko elkargune gisa funtzionatzea da asmoa, “bertan bizitzea mereziko duen esplotaziorik gabeko mundu bat eraikitzeko”. Pentsatzeko, hausnartzeko eta gozatzeko topagunea, beste espazio atsegin bat Euskal Herriarentzat, 170 metro koadro inguruko gunea.

“Katakraken antzerako zeozer, baina Gasteizen estilora. Eta txikiagoa, jakina”. Hitz horiek heldu zitzaizkion kazetariari duela zenbait hilabete. Ordurako denbora zeramaten zerbait egosten eta proiektua ari zen forma hartzen. Leku guztietako obra guztien antzera, Eva Forest liburutopiakoak ere atzeratuta ibili dira, eta bazirudienean azaroan zabalduko zela, abendua hastearekin batera ireki ditu ateak, egitarau kultural interesgarriarekin gainera. Atea zabaldu bezain pronto, dozena erdi pasa mahai dituen kafetegiarekin egiten du topo bisitariak. Ez harritu sartu eta ezkerreko mahaia beti okupaturik badago, egoteko toki goxoa zer da bada hori kafe, infusio, tostada, zuku edo dena delakoaz gozatzeko, auzoko komertzio eta ekoizle txikiei erosia gainera.

Utopiak adin-mugarik ez duela ere bistakoa da. Txikienei egokituta dago espazioa, lurretik hasita –arrastaka ibiltzeko ez da bereziki leku traketsa–, baina areago, umeek badute beraien txokoa, haien beharretara egokituta, lasai ederrean jolasteko. Liburu dendaren zatia hortxe bertan hasten da gainera; haurren txokoaren bizkar, gaztetxoenentzako liburuak aurki daitezke apaletan. Zenbait apal falta dira oraindik betetzeko, baina liburu dendek izaera politikoa dutela baiezta daiteke apalen izendegiari begiratuta: ekologismoa, LGTBIQ+, teoria politikoa, anarkismoa, soziologia edota hezkuntza –bistadizo azkar batean dozena erdi liburu aurki daitezke generoek haurrengan duten eraginari buruz–. Marxismoak hiru apal hartu ditu, esate baterako. Eta Marxen Kapitala-ren tomo guztiak ere hor dira, bista-bistan. Inaugurazio ekitaldian lagun batek besteari esan zion moduan, “horrekin dena esanda dago”.

Dos Por Dos / ARGIA CC BY SA

Egiteko beste modu bat
Zazpi bazkide ditu Eva Forest liburutopia elkarteak, eta horietako bat da Xabi Lasa. Hain justu ere bisitariak liburu dendan aurkitu ahalko duen pertsona da; elkarteko beste bi pertsona ere langile izango dira, baina kafetegiaren ardura izango dute oro har.

“Aspalditik bageneukan ideia bat, beharrak eraginda, ea nola egin daitezkeen gauzak beste modu batean”, dio Lasak. Liburu dendaz eta kafetegiaz harago mintzo da: “Etorkizun batean gure bizitzeko beste modu bat bilatu nahi dugu. Ez da bakarrik lana, baizik eta erabakiak hartzeko modua. Gure bizitzak antolatzeko modua”. Ideia horri bueltaka aritu dira nola eta zertarako galderei erantzunak bilatzen.

Zer eraikiko duen liburutopiak Arabako hiriburuaren bihotzean? Ikusmina handia da. Gogotsu daude proiektuaren sustatzaileak. “Gasteiz oso hiri unibertsitarioa izan da beti. Horrek ez du esan nahi unibertsitarioek asko irakurtzen dutenik, baina badago gazte jendea egon daitekeena interesatuta horrelako zerbait jasotzeko. Agian unibertsitatean jaso ezin dituzten edukiak izango dira. Beste ikuspegi bat eskaintzea da gure asmoa. Diziplina guztiei tiraka, munduaren utopia horren bila beti”.

"Guretzat [Eva Forest] erreferentea izan da feminismoan, emakumearen liberazioan eta internazionalismoan"

Espazioa behar da utopiaren bidaia horretarako: “Kafetegia izateak eskaintzen du topaleku gisa funtzionatzeko espazioa, baina badauka jakintzaren beste puntu hori ere. Hau da, liburutopiak balio dezala hausnartzeko, pentsatzeko, ikuspegiak konpartitzeko eta jendea ezagutzeko ere. Estetikaren eta etikaren zera hori, ezta?”.

Eva Foresten omenez
Liburuak eta utopia. Liburutopia. Hainbat hitz eta kontzepturi tiraka ibilita, lagun batek botatako proposamena izan zen liburutopia terminoa sortzea. Hasieratik iruditu zitzaien bikaina.

Eva Forest pentsalari eta idazleari esker ona adieraztea ere ez da kasualitatez sortu, erreferentziazko pertsona izan baita proiektuko kideentzat, politikoki oro har, eta batzuentzat pertsonalki ere bai, laguna zutelako. Lasak inaugurazio aurretik ARGIAri kontatu dion bezala, irekiera ekitaldiko manifestuan ere honela adierazi dute: “Ez da memoria ariketa bat soilik. Guretzat erreferentea izan da feminismoan, emakumearen liberazioan eta internazionalismoan, baita torturaren salaketak egiten ere. Kapitalaren aurkako gerraren oraina da Eva Forest. Munduko edozein bazterretan edonoren aurka burututako edozein bidegabekeria sakon-sakonean sentitzen zuen. Gure liburutopia proiektua zapalkuntzarik izango ez duen sistema baten helburua elkarbanatzen dugun kideon ekarpen bat da”.

Hiru argitaletxea jarri zuen abian Forestek. Sakelako liburu ereduen bidez argitaletxe handien merkatutik at jardun zuen argitaratzen, indarrean zen pentsamendutik kanpoko idazleen lanak ezagutzera emateko. Besteak beste, Alfonso Sastre, Dario Fo, Noam Chomsky eta Harold Pinterren lanak eman zituen argitara.

Beste ezaugarri batek ere lotzen ditu liburutopiako kideak Eva Foresten bizitzarekin: Euskal Herrira emigratu eta bertan bizilekua topatzeak. Izan ere, kolektiboa osatzen duten kide guztiak ez dira jaiotzez gasteiztarrak, arabarrak edo euskal herritarrak. Lasa: “Badaukagu taldean beste lekuetatik gurera etorritako jendea. Madrilgo bat, esaterako, hango Traficantes del Sueño kolektiboan zebilena; bere esperientzia oso aberasgarria izan zaigu. Eva Forest kataluniarra zen jaiotzez, baina Euskal Herrira etorri zen bere bizimodu eta pentsamoldeekin, gure hainbat kideren gisa”.

Erditu da; orain, mimatzera
Hilabete luze eta ordu askotako lanaren ondoren, erditu da Eva Forest liburutopia. Urduritasun guztiarekin baina pozez zoratzen egon dira proiektuko kideak inaugurazio ekitaldiaren aurreko minutuetan. Liburuen artean mintzatu gara Xabi Lasarekin, mugimendu handia zegoelako kafetegiko barraren alboan, eta halako batean ate ingurutik heldu den zaratak arreta eman digu. “Begira”, seinalatu digu Lasak: “Salida jarri ziguten atean, emergentzia kasuetarako; esan genien guk, emergentzia baldin bada, Irteera jarri beharko genukeela”. Eskailera batera igota egin dute konponketatxoa zazpiak izateko hamar minutu eskas falta zirenean. “Horrela egon gara lanean, ikus dezakezun bezala. Jende asko ibili da hemendik bueltaka, esku pila bat eskaini dizkigute”.

"Liburutopia proiektua zapalkuntzarik izango ez duen sistema baten helburua elkarbanatzen dugun kideon ekarpena da"

Espazioak, berez, zarratuta egon behar zuen arratsaldeko zazpiak arte, eta orduan ireki, nolabait esanda, “populazio orokorrarentzat”. Baina hainbeste jende batu izan da auzolanetara, baita azken egunetan ere, pertsiana gora eta behera ibili dela ireki aurreko minutuetan. Ideia bat egiteko, ireki baino bi aste lehenago paretak pintatu gabe zeuden, eta ez zegoen ez libururik ez apalik. Musu-truk lanean ari diren horien laguntzarik gabe ez zela posible izango diote elkarteko bazkideek. Esker hitzak izan dituzte guztientzat: “Jende askoren artean osatzen dugun proiektua da: dagoeneko parte hartu duenarena, hemen zaudeten guztiona eta laster parte hartzea espero dugunarena ere bai”.

Inaugurazioaren hurrengo egunean, larunbatez, lehen liburu aurkezpena egin zuten. 'Pájaros azules' jendarteratu zuten hainbat musikarik lagunduta. (Dos Por Dos / ARGIA CC BY SA)

“Erditze bat bezalakoa da”, diosku Lasak lagun batekin izandako solasa gurera ekarrita: “Nafarroako Malatesta pizzen kooperatiban lanean dabilen lagunak esaten zidan aurrekoan, horrelako proiektuak erditze bat bezala direla. Ume bat ez da bederatzi hilabetetan egiten; bere denbora behar du. Ari gara denbora hartzen eta hartuko dugu gehiago, behar den guztia”.

Mimatzea tokatzen da orain. Egitarau dotorea antolatu dute Gabonetako oporren aurretik, eta hitzaldi, formazio eta pentsamendu-txoko gisa funtzionatzen urratsak ematea gustatuko litzaieke urtarriletik aurrera. Urte erabakiorra izango da hurrengoa. Hartuko ditu formak. Har beza lekutxoa esferan.

Abenduan egosiko dena

Abenduaren 1ean ireki ditu ateak Eva Forest liburutopiak. Ordutegi berezia izango du hilabete honetan. Astelehenetik larunbatera irekiko dute: kafetegia, 9:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era; liburu denda, berriz, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Urtarriletik aurrera asteartetik larunbatera zabalduko dute.

Nonbaitetik sortzen hasteko, ondorengo egitaraua antolatu dute abendurako:

Abenduak 1, ostirala
Ate irekiera eguna eta 19:00etan inaugurazio brindisa.

Abenduak 2, larunbata
Pájaros azules (Txori Urdinak) liburuaren aurkezpen musikatua ZIKLONErekin, Zigor Olabarria egilearekin eta Santi Cobos eta Víctor Peco preso ohiekin.

Abenduak 5, asteartea
Lazunak azkazaletan poesia liburuaren aurkezpena eta solasaldia, 19:00etan, Oihana Aranarekin eta Miren Narbaiza eta Joseba B. Lenoir musikariekin.

Abenduak 6, asteazkena
Umeen txokoaren aurkezpena. Ane Gebara ipuin kontalaria, 11:00etan.

Abenduak 8, ostirala
Hitzaldi musikatua, Shout! Black Power mugimendua eta musika, Igarki Roblesekin, 18:30ean.

Abenduak 14, osteguna
"Kuttunak" irakurle txokoaren aurkezpena, 19:30ean. Cira Crespo, Marina Suárez, Mikel Aierbe eta Leo Bueriberirekin.

Abenduak 15, ostirala
Berriz zentauro liburuaren aurkezpena eta irakurraldia, Katixa Agirre egilearekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Liburu dendak
2022-10-09 | Reyes Ilintxeta
Aritz Otazu. Liburu zaharren azken mohikanoa
"Ez da bidezkoa Nafarroako Artxiboak urtean soilik 8.000 euro izatea antzinako liburuak erosteko"

Frantzian bereziki, baina mundu erdian barrena ibiltzen da Aritz Otazu XVI. eta XVII. mendeetako liburuen bila. Nafarroako eta Euskal Herriko historia ezagutzera ematea da bere pasioa eta zuzentzen duen Mintzoa Argitaletxearen xedea. Mintzatzen ematen du egun osoa: bezeroekin,... [+]


2022-03-17 | ARGIA
Danele Sarriugartek euskaraturiko Walden-entzat izan da Nafarroako Liburudenden Elkartearen saria

Danele Sarriugarte idazleak euskaratutako David Thoreauren Walden liburuak jaso du Nafarroako Liburu Denden Elkartearen euskarazko libururik onenaren saria.


2021-11-09 | ARGIA
Amazonen estrategiari aurre egin eta liburu denda txikiak lagundu nahi dituen Frantziako lege berria

Amazon ahalguztidunak bidalketa gastuak kobratu gabe banatzen ditu liburuak, baina liburu denda txikiek ezin dute halakorik egin, bizirauteko etekin duin bat jaso nahi badute. Horri aurre egiteko, zehazteke dagoen gutxieneko bidalketa gastu kopuru bat kobratzera derrigortuko du... [+]


Durangoko Azokarekin lotutako programazio musikala Hego Euskal Herriko hainbat aretotara zabalduko da

Durangoko Azokak iragarri du Euskal Herriko hainbat lekutan kontzertuak antolatuko dituela abenduaren 5etik 8ra. Helburua: pandemiaren aurkako neurrien eraginez Durangora joaterik izango ez dutenei ere Azokako giroa hurbiltzea. Gainera, urtarrileraino luzatuko dute Durangorekin... [+]


Eguneraketa berriak daude