Apalentzako apalak

  • Euskal kulturaren alderdirik abangoardistena, sormen berritzaileena bildu eta erakustea da Loraldia Festibalak bere buruari jarri dion xedea, baina urtero hartzen du iraganera begiratzeko tartea. Aitzindariek ezarritako zimendurik gabe, nekez izango genukeelako gaur euskal kultura berritzeko oinarririk.

Miren Agur Meabe idazlea Verdes liburu-denda gogoratzeko egindako ekitaldian. Argazkia: David Herranz.
Miren Agur Meabe idazlea Verdes liburu-denda gogoratzeko egindako ekitaldian. Argazkia: David Herranz.
Verdes liburu-denda akorduan

Noiz: Martxoaren 24an, igandea
Non: Bilboko Arriaga Antzokian

Oraingo hau baino garai ilunagoetan euskal kulturaren itsasargi izandako Verdes liburu-denda gogoan hartu zuten Arriaga Antzokian, 1973tik 2005era arduradun izan zituen Javi Escudero eta Asun Zuloaga omentzeko ekitaldian. Haien lan isilari esker, kulturak, jakintzak eta euskarak arnasbidea topatu zuten Bilboko Posta kaleko denda estu hartan. XX. mende hasieran inprimategi eta liburu-denda izandakoa gainbeheran zela hartu, eta erreferente bihurtu zuten.

Idazle, musikari eta pentsalarien aterpe izan zen Verdes. Esate baterako, Bernardo Atxaga gaztearentzat, Bilbora heldu berria zela. “Apalentzako apalak” topatu zituen han, inspiraziorako iturri agorrezina. Diktaduraren azkenetan eta ondorengo urteetan, non aurkitu atzerriko idazleen harribitxiak, euskarazko nobedade guztiak (hainbeste ere ez ziren garai hartan), testu klasiko ahaztuak?

Xabier Peñaren euskara ikasteko metodoa izan zen Natxo de Felipek Verdesen erositako lehenengo liburua, euskarazko autore zaharrak eta berriak ezagutzeko giltza. Miren Agur Meaberentzat ere, mundu berri baterako atea izan zen Verdes, “oroitzapenen mosaiko” baten bidez gogoratu zuenez. Joseba Sarrionandiak maiz bisitatu zituen apalategi haiek: Gutun bidez agertu zen Arriagan, Ane Pikaza aurkezlearen ahotsean.

Liburuen usaina, ohiko erosleen arteko elkarrizketen zurrumurrua, sumatu zitezkeen igande eguerdi hartan, Verdesen oroitzapena biziberritu zuen saioan. Musika ere ezin falta, Gorka Benitez, Ruper Ordorika eta Juan Carlos Perezen eskutik. Zenbat disko saldu ote zituzten Verdesen? Zenbat zaleren belarrietara heldu ziren lehenengoz haien doinu berriak?

Saioa amaitzeko, Bernardo Atxagak hartu zuen hitza berriro. Zerura igo zen une batez, eta han aurkitu zituen Ricardo Toja, Jorge Oteiza, Txema Larrea, Gabriel Aresti, Imanol Berriatua, Txoko Ederreko Andone, Andolin Eguskiza... lasai asko solasean. Baina haiek guztiak joanak dira, 2005ean Verdes joan zen bezala, mendea bete baino urtebete lehenago, garai berrien abiadurak irentsita, merkatuaren arau gupidagabeek menperatuta. Zorionez, Verdesen ametsari eutsi ziotenak gure artean daude, eta Arriagan batutako jendetzaren txaloak izan ziren haientzako omenaldirik beroena.


ASTEKARIA
2019ko maiatzaren 05a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Liburu dendak
Eva Forest liburutopia
Utopiaren ortzimugari so

Elkargunerako eta hausnarketarako espazio izateko sortu berri dute Eva Forest liburutopia Gasteizko erdigunean. Liburuak baino, jakintza dute oinarrian. Pentsamendua, memoria eta transmisioa. Pentsatzen gozatzea. Kafetegia eta liburu denda korridore labur batek eta umeen txokoak... [+]


2022-10-09 | Reyes Ilintxeta
Aritz Otazu. Liburu zaharren azken mohikanoa
"Ez da bidezkoa Nafarroako Artxiboak urtean soilik 8.000 euro izatea antzinako liburuak erosteko"

Frantzian bereziki, baina mundu erdian barrena ibiltzen da Aritz Otazu XVI. eta XVII. mendeetako liburuen bila. Nafarroako eta Euskal Herriko historia ezagutzera ematea da bere pasioa eta zuzentzen duen Mintzoa Argitaletxearen xedea. Mintzatzen ematen du egun osoa: bezeroekin,... [+]


2022-03-17 | ARGIA
Danele Sarriugartek euskaraturiko Walden-entzat izan da Nafarroako Liburudenden Elkartearen saria

Danele Sarriugarte idazleak euskaratutako David Thoreauren Walden liburuak jaso du Nafarroako Liburu Denden Elkartearen euskarazko libururik onenaren saria.


2021-11-09 | ARGIA
Amazonen estrategiari aurre egin eta liburu denda txikiak lagundu nahi dituen Frantziako lege berria

Amazon ahalguztidunak bidalketa gastuak kobratu gabe banatzen ditu liburuak, baina liburu denda txikiek ezin dute halakorik egin, bizirauteko etekin duin bat jaso nahi badute. Horri aurre egiteko, zehazteke dagoen gutxieneko bidalketa gastu kopuru bat kobratzera derrigortuko du... [+]


Eguneraketa berriak daude