Durangoko Azokarekin lotutako programazio musikala Hego Euskal Herriko hainbat aretotara zabalduko da

  • Durangoko Azokak iragarri du Euskal Herriko hainbat lekutan kontzertuak antolatuko dituela abenduaren 5etik 8ra. Helburua: pandemiaren aurkako neurrien eraginez Durangora joaterik izango ez dutenei ere Azokako giroa hurbiltzea. Gainera, urtarrileraino luzatuko dute Durangorekin lotutako eskaintza, liburu-dendetan eskuragarri egongo den katalogo baten bidez.


2020ko azaroaren 20an - 12:25
Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidentea eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua ostiral honetan Donostiako Dabadaba aretoan (argazkia: Durangoko Azoka).

“Zu non, han DA!” egitasmoaren berri eman dute ostiral honetan Durangoko Azoka antolatzen duen Gerediaga elkarteak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailak. Bi zutabe izango ditu proiektuak: batetik, Hego Euskal Herriko hainbat aretotan antolatuko dituzten kontzertuak; eta bestetik Durangoko Azokako datak pasa ondoren liburu-dendetan aktibatuko den produktu kulturalen katalogoa.

COVID-19ari aurre egiteko neurriek eraginda, aurten Durangon bertan egingo den programazioa oso mugatua izango da beste urteetakoaren aldean. Landako gunean liburu-aurkezpenak eta ikus-entzunezko programazioa ikusi ahal izango dira besteak beste; eta Plateruenan berriz, emanaldi musikalak.

Azken horiek ez dira Durangora bakarrik mugatuko ordea: Amurrioko Burubion, Gasteizko Jimmy Jazzen, Bermeoko Kafe Antzokian, Bilboko Euskalduna jauregian, Ondarroako Beikozinin, Azpeitiko Sanagustinen eta Soreasun, Donostiako Dokan eta Dabadaban eta Atarrabiako Totemen ere Durangoko Azokarekin lotutako programazio musikala izango da, guztira 32 taldez osatua. Kontzertuak ordainpekoak izango dira eta azaroaren 21etik aurrera erosi ahalko dira txartelak Azokaren webgunean.

Honakoa izango da kontzertu-egitaraua:

Aretoetako tabernak itxita

Ostiral honetako prentsaurrekoak bazeukan morbo puntu bat kontzertuen iragarpen horrekin lotuta: Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak duela hilabete inguru Diario Vasco egunkariari egindako adierazpenek ezinegona eragin zuten areto musikalak kudeatzen dituztenen artean, lokal horiek alkoholaren kontsumoarekin lotu zituelako, besteak beste. Programazio honen aurkezpena sektore horri egindako keinutzat ere uler daiteke, beraz; hori bai, kazetariek galdetu dutenean ea Durangorekin lotutako saio hauetan aretoen tabernak ireki ahal izango diren, Zupiriak argi eta garbi itxi dio atea aukera horri.

Sailburuak behin baino gehiagotan azpimarratu du Durangoko zitak euskarazko “industria kulturalen” alorrean daukan garrantzia eta, alde horretatik, aurtengo edizioa horien biziraupenerako “erronka” izango dela baieztatu du. Horregatik herritarrei dei egin die “modu kolektiboan erantzuteko”, Zupiriaren arabera euskarazko produktuak erostea baita “industria” horren atzean dauden sortzaileak babesteko modua.

Liburu-dendetan abenduaren 9tik aurrera

Euskal Herriko hainbat lekutan egingo diren kontzertuez gain, ostiral honetako beste iragarpena izan da Azokako egunak pasatzean ere, Durangok liburu-dendetan presentzia izango duela. Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak azaldu duenez, abenduaren 9tik 2021eko urtarrilaren 8ra bitartean Durangoko Azokako katalogoko produktuak salgai egongo dira Euskal Herriko “ahalik eta liburu-denda gehienetan”. Azaldu duenez, Gerediagak kudeatuko ditu bide horretatik egindako eskariak eta Elkar izango da banaketaz arduratuko dena.

Aurten Landakon saltoki presentzialik izango ez denez, Azokak iragarria zuen durangokoazoka.eus webgunea online salmentarako plataforma bihurtuko zuela; alde horretatik, badirudi ostiral honetan iragarri den liburu-dendetako katalogoak “Durango efektua” Eguberrietako erosketa-kanpainara luzatzeko bokazioa daukala. Gerediagako presidenteak zehaztu duenez, Euskadiko Liburu Ganbararen babesa dauka proiektu honek. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailari eskertu dio Azoka Durangotik kanpo zabaltzea ahalbidetuko duen proiektu honi emandako laguntza. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Durangoko Azoka 2020
Durangoko Azokan 7.800 lagunek egin dituzte erosketak webgunearen bidez, orotara 28.000 produktu

Amaitu da 55. edizioa eta balorazioarekin batera, Gerediaga Elkarteak datuak eman ditu: 7.800 erosketa, 27.758 produktu salduta eta 50.000 lagunek jarraitu dute egitaraua, gehienak streaming bidez. Lehen aldia izan da webgunearen bidez bideratu dituztela salmentak eta erronka... [+]


2020-11-28 | ARGIA
Bizirik iritsi da ARGIA 2020 amaierara

Urte gogorra izan da ARGIA egiten dugunontzat ere. Historiaren gurpila azkartzen sentitu dugu eta lurralde ezezagunera garamatzan fenomeno erraldoi hau periodistikoki jorratzen galtza bete lan izan dugu. Hala ere, ezin dugu ahaztu kazetaritza independentea egiteko aukera badugu,... [+]


2020-11-26 | ARGIA
Ostegun arratsaldean irekiko ditu ateak Durangoko Azokaren denda digitalak

Durangoko Azoka birtualki egingo da aurten, eta ostegunean egingo da publiko denda digitala. Produktuen salerosketaz gain, 100 ekitaldiko kultur egitaraua ere antolatu dute.


Eguneraketa berriak daude