"Ez da bidezkoa Nafarroako Artxiboak urtean soilik 8.000 euro izatea antzinako liburuak erosteko"

  • Frantzian bereziki, baina mundu erdian barrena ibiltzen da Aritz Otazu XVI. eta XVII. mendeetako liburuen bila. Nafarroako eta Euskal Herriko historia ezagutzera ematea da bere pasioa eta zuzentzen duen Mintzoa Argitaletxearen xedea. Mintzatzen ematen du egun osoa: bezeroekin, saltzaileekin, erakundeekin, beste argitaletxe independenteetako kideekin, komunikabideekin... Kultur eragile bokazionala da, ezbairik gabe.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Aritz Otazu Lujambio. Irun, 1975

Editorea eta dokumentuen tasatzailea da. Leongo Unibertsitatean espezializatu zen liburu zahar eta modernoen arloan. Nafarroako Errege Artxibo Nagusian trebatu da Paleografian. Mintzoa argitaletxeko zuzendaria da 2014az geroztik. Bere gurasoek 1983an sorturiko argitaletxe hori Nafarroako Historiako liburu zaharretan eta faksimile-edizioetan espezializatuta dago. Nafarroako Kultura eta Arteen Kontseiluko kide da eta duela lau urte Nafarroako Editoreen Elkarteko burua (Editargi).

Liburu zaharren salerosketan zabiltza, baina zertan datza zehazki zure lana?
Liburuak eta historia dira nire pasioak. Agiri eta liburu zaharren tasatzailea naiz. Teknikoki liburu ‘zaharra’ da 100 urte baino gutxiago duena, eta urte gehiago duena, aldiz, ‘antzinakoa’. Nik, bereziki, Nafarroako historiarekin lotuta dauden XVI. eta XVII. mendeetako liburuekin lan egiten dut, eta horiek, gehienbat, Frantzian daude.

Lan honetarako historia ezagutu behar duzu, liburuak eta agiriak haien testuinguruan kokatzeko. Liburuen salmentaz gain, liburutegi pribatuen tasazioak ere egiten ditut aseguru etxeetarako. Gauza bat da prezio-balorea tasatzea eta beste bat merkatuan lortzen ahal duzun prezioa. Gaur egun Mintzoaren lana horrela banatzen da: %70ean liburu zaharrekin aritzen gara, eta %30ean faksimileekin eta dibulgazio liburuekin.

Mintzoarekin nola hasi zinen?
Aitak eta amak sortu zuten argitaletxea. Biak irakasleak ziren Oñatin. Aitari asko gustatzen zitzaion Nafarroako historia eta amari ere grina kutsatu zion. 1979an erabaki zuten lana uztea eta Mintzoa sortzea Nafarroako historia jendeari ezagutzera emateko helburuarekin. Garai hartan asko hitz egiten zen Nafarroaz Euskadiren parte bezala, baina haiek Nafarroa Euskal Herriaren sehaska dela aldarrikatzen zuten. Aita hasi zen bildumak egiten eta garai hartan asko saltzen ziren, orain ez bezala: Arturo Campion, Nafarroako errege-erreginak, Iturralde y Suit, Navarro Villoslada... Gero dibulgaziorako liburu txikiagoak argitaratzeari ekin zioten eta 1995ean hasi ziren faksimile eta liburu zaharrekin lanean. Lehen askoz gehiago saltzen zen. Durangoko Azoka ikaragarria izaten zen. Franco hil ondoren jendeak gure historia ezagutzeko gogo bizia zuen eta asko saltzen zen.

Nik diseinu grafikoa eta inprenta aurreko tekniken ikasketak egin nituen. Orduan aitak zuen Serinte izeneko enpresan hasi nintzen lanean liburuen fotolitoak egiten gero inprentara bidaltzeko. Horretaz gain, bi urteko master bat egin nuen Zaragozan ekitaldien antolaketaren inguruan eta enpresa bat sortu nuen.

Aita erretiroa hartzear zenean, hasi nintzen liburu zaharretara hurbiltzen eta asko ikasi nuen bai nire kabuz baita ikasketa desberdinak eginez ere: paleografia Nafarroako Artxibo Nagusian, tasatzaile espezialitatea Leongo Unibertsitatean, ingelesa, frantsesa... ez dago karrera bat propio honetarako, beraz, horrela joan naiz ikasten denborarekin. Argitaletxeko zuzendaritza 2014an hartu nuen. Aita eta biok oso ondo moldatzen gara eta hark harremanetan jarraitzen du lanarekin, bere pasioa delako.

Nolakoa da zure lana?
Niri lan hau asko gustatzen zait. Berdin zait ordu pila ematea edo autoa hartu eta bezero posible batekin hitz egitera Tolosaraino [Okzitania] joatea, adibidez. Gustatzen zait.

Italian, Alemanian, Frantzian... feria askotara joan eta kontaktu pila egiten dut, baina gehienetan esku hutsik itzultzen naiz Nafarroako eta Euskal Herriko historiarekin lotutako liburuak baino ez ditudalako erosten. Horretan dabiltzan azken mohikanoak gara gu.

Argazkia: Dani Blanco
"Liburuak dendan erosiz gero gure industriari ematen diogu dirua, bestela Amazoni”

Liburu zaharrak nori saltzen dizkiozu?
Interesa duen edonori. Gu ez gara antikuarioak. Haiek milaka liburu dituzte eta guk ez. Guk oso liburu gutxi erosten ditugu, baina oso garrantzitsuak. Kontaktu asko dugu eta badakigu nor egon daitekeen interesatua halako lanetan. Instituzioek ere erosten dute, baina ez asko. Nafarroan, adibidez, Nafarroako Artxibo Nagusiak oso gutxi edo ezer ez. Ni Nafarroako Kulturaren Kontseiluan nago eta esaten diet ez dela bidezkoa soilik 8.000 euro izatea urtean antzinako liburuak erosteko. Artxibo batek ez du begiratu behar jendeak liburu hori irakurriko duen ala ez. Ondare bibliografikoa gordetzea eta babestea bere egitekoa delako erosi behar du. Eta horretan parlamentuko alderdi politiko guztiek egiten dute huts.

Bestalde, askotan kritikatzen gaituzte esanez aurkitu dugun liburu zahar hori jada ezaguna zela. Ados, ikerlari batzuentzat ez da agian berrikuntza izango, baina jende askorentzat bai. Pentsa, batzuek uste dute euskara Sabino Aranak asmatu zuela. Horrelako jendea dago hemen bertan, Nafarroan! Gizartean kultura zabaltzen ez badugu ezinezkoa izango da aspaldiko liburuak baloratzea. Horregatik uste dut liburutegiek eta artxiboek liburu horiek erosi beharko lituzketela, gero jendeari eskaini ahal izateko.

Zein da aurkitu duzun harribitxirik handiena?
Garrantzitsuena izan da Mithridates, 1610ean Caspar Waser teologo eta linguistak Zürichen idatzi zuena. Hartan aipatzen diren munduko 130 hizkuntzen artean dago euskara. Latinera 100 hitz itzultzeaz gainera, Euskal Herriari sei orrialde eskaintzen dizkio. Lanaren beste ale batzuk munduko liburutegi prestigiodunetan daude, eta nik Turinen lokalizatu eta erosi nuen bat 2020an.

Eta zergatik egiten dituzue faksimileak?
Faksimileek balio dute gure historia finkatzeko. Hor agertzen dena ez da historialari baten iritzia, baizik eta egiazko agiri bat modurik fidelenean kopiatuta eta notarioek hala bermatuta. Adibidez, Nafarroan gaztelarren inbasioa eta konkista militarra izan zirela frogatuta dago. Ez da iritzi edo interpretazio bat. Oso zaila da faksimile bat egitea. Horregatik, guk ez ditugu ateratzen txurroak bezala, soilik agiri eta liburu oso garrantzitsuekin egiten da.

Nire ustez, izugarria izan zen aitak honetan eman zuen urratsa. Hasi zenean den-denek esaten zioten porrot hutsa izango zela, baina zortzi faksimile atera ditugu orain arte. Jendea oso ohituta dago artea koadroetan ikustera, baina ez horrenbeste faksimileak duen lana baloratzera.

Orain arte zortzi plazaratu ditugu, haien artean Nafarroako lehenengo historia, 1632koa; Nafarroako lehen konstituzioa, 1174koa; Matxin Zalbaren Gutuna, 1416. urtekoa, Erdi Aroan euskaraz eta nobleen artean idatzitako testurik luzeena; Amaiurko gutunak, 51 gutun heroi legitimista garrantzitsuek sinatuak eta Jaime Velaz de Medrano gotorlekuko alkaideari bidaliak; 1835eko Nafarroako errege-erreginen zuhaitz genealogikoa edota Lingua Navarrorum, 1167ko agiria non Antso VI.a Jakituna Nafarroako Erregearen garaian, lehen aldiz identifikatu zen euskara Lingua Navarrorum edo nafarren hizkuntza bezala.

Batzuek uste dutenaren kontra, lan hauen eroslea ez da beti pertsona diruduna. Finantzatzen da eta hilabetean 100 euro edo gutxiago ordainduta eros dezakezu. Gakoa da pasioa izatea eta altxor horrek zerbait transmititzen dizula sentitzea. Bakar batzuek inbertsio gisa erosten dute, baina hori ez da ohikoena.

Zein izan da arrakastatsuena?
Zalantzarik gabe Lingua Navarrorum agiriarena. 365 ale atera genituen eta berehala agortu ziren. 900 euroan saldu ziren lehenak eta 2.000 euroan azkenak. Hori ere geratzen da: eskaria handituz gero prezioa ere goratzen da, eta eskari handia izan zen.

Faksimile horiek ateratzen ditugu jendeak agiri hauek ikus ditzan. Leitzako Udalak, adibidez, ekimen polita egin du horren inguruan: Lingua Navarrorum eta beste liburu eta agiri batzuk erosi, eta udaletxean erakusgai jarri dituzte, jendeak haietan biltzen diren gure historiaren pasarteak ezagutzeko aukera izan dezan.

Nolakoa da faksimile bat egiteko prozesua?
Lehen urratsa da ale originala manipulatzeko baimena lortzea eta hori ez da beti posible. Tramite asko egin eta aseguruak ordaindu behar dira. Gero material egokienak lortu behar dituzu. Guk papera Italian erosten dugu. Oso paper bereziak dira eta proba asko egin behar denez, garesti ateratzen da.

Hurrengo faksimileren bat baduzue orain buruan?
Heldu den urtean beteko dira 600 urte Karlos III.ak Batasunaren Pribilegioa eman zuenetik, hau da, Iruñeko lehen legea, eta horretan ari gara, baina ez dakit garaiz ibiliko garen, oso lan konplikatua delako. Bi metroko agiri bat da, dena eskuz egina. Bat egin genuen Joseba Asironen enkarguz Iruñeko udaletxean jartzeko eta han dago ikusgai. Beste bi ale egin genituen: bat katedralean dago eta bestea artxibo nagusian.

Editargi Nafarroako Editoreen Elkarteko burua zara. Zein da zuen egitekoa?
Elkarte honetan hamahiru argitaletxe independente daude, hau da, ia Nafarroako guztiak. Gure xedea da jendeak ezagutu ditzala guk plazaratzen ditugun liburuak. Jendeak uste du horretarako aski dela liburu azoka, baina hor, gehienbat, nobedadeak ateratzen dira, bai estatu mailakoak, bai atzerrikoak, baina Nafarroako liburuek oso presentzia mugatua dute. Oso katalogo indartsua dugu, urte asko daramagulako lanean; hori dena erakutsi nahi dugu, bai azoka medio, bai beste hainbat kultur ekitaldiren bidez, liburu dendetako erakusleihoetan toki bat izatea oso zaila delako. Sei urte daramatzagu honetan eta lau daramatzat nik presidente gisa.

Zenbat liburu editatzen dira urtean, batez beste, Nafarroan?
Gure bazkideen artean, batez beste, 200-230 liburu plazaratzen ditugu urtero. Argitaletxe handiak daude, Pamiela edo Txalaparta gisakoak, 50en bat liburu ateratzen dituztenak, eta beste batzuk askoz xumeagoak. Mintzoak 5-7 liburu egiten ditu urtero.

Txosten batzuek diote 700 bat direla Nafarroan argitara ematen diren lanak urtean, baina hor sartzen dira Nafarroako Gobernuaren argitalpenak, aldizkariak... Den-dena.  Nire ustez, Nafarroan oso ondo dago liburuen edizioa eta kalitatezko lanak egiten dira.

"Hipokrisia gutxiago beharko genuke, dirulaguntzarik ez badago argitaletxe batzuek ez dutelako euskaraz argitaratzen"

Euskarazko lanen proportzioa zein da?
%20 gutxi gorabehera. Dirulaguntzak izaten dira horretarako, hemen Nafarroan euskarazko liburu gutxi saltzen delako. Oso liburu onak ateratzen dira, baina, hala ere, gutxi saltzen da. Lortu behar dugu jendeak interes handiagoa izatea eta ez bakarrik dirulaguntzak izatea.

Horretarako gehiago begiratu beharko litzaieke merkatuaren gustuei?
Oso gai konplexua da. Eskaria sortu behar da eta ez mugatu gaur egun dagoen egoerara. Horretarako, alde batetik, euskarazko liburuak liburu-denda eta toki guztietako liburutegi publikoetara iritsi beharko lirateke. Hori lortzeko beste politika batzuk beharko lirateke, ez bakarrik argitara emateko diru-laguntza bat eman eta kito. Liburuak erosi eta salmenta ere erraztu beharko lukete. Eta beste alde batetik, hipokrisia gutxiago beharko genuke.

Zergatik diozu hori?
Dirulaguntzarik ez badago argitaletxe batzuek ez dutelako euskaraz argitaratzen. Ez dut esan nahi denek euskarazko liburuak atera behar ditugunik, bakoitzak bere ildo propioa duelako, baina profesionalen artean hitz egin beharko genuke, idazleak, itzultzaileak, argitaletxeak... erabakitzeko zer lan eta nola egiten dugun. Norberaren lana oparitu gabe, denok ahalegin bat egin beharko genuke benetan salduko diren liburuak egiteko. Denon inplikazioa behar da, biltegietan euskarazko liburu gehiegi ikusten direlako.

Argazkia: Dani Blanco

Gu ez gara antikuarioak. Haiek milaka liburu dituzte eta guk ez. Guk oso liburu gutxi erosten ditugu, baina oso garrantzitsuak
 

Krisiarekin nola zaudete?
Txarto. Mintzoan, adibidez, liburu zaharrak oso ondo saltzen dira, baina oso gutxi dira. Poltsikokoak, aldiz, gaizki doaz. Salmenta %30 jaitsi da azkenaldi honetan eta paperaren prezioa %40-50 igo da. Banatzaileek %50 eramaten dute, egileek %10, beraz, guretzat irabaziak ikaragarri murriztu dira.

Egileek %10 kobratzea ez da gutxiegi?
%10 gutxi da, ados, baina hori da legeak markatzen duena. Argitaletxeak, %40arekin egin behar du liburua editatu, maketatu, inprimatu eta salmentarako prest utzi. Egile batzuek nahiago dute auto-edizioa egin eta banaketa beraiek egin, liburu-dendatara aleak eramanez. Guk hori ulertzen dugu, noski, baina kasu horietan haiek hartzen dute lan eta arrisku guztia.

Amazonen ere argitaratzen dute batzuek...
Guretzat Amazon ez da laguna. Gure liburuak Amazonen saltzen dira, baina argitaletxeok ez ditugu han jartzen. Gai horrekin ere oso zuriak gara. Guk ez dugu esaten Amazonen kontra egin behar denik, ia denok erosi dugulako zer edo zer noizbait plataforma horietan eta horren aurka ezin delako jo. Baina bai eskatzen ahal zaio jendeari esfortzu bat egiteko eta gure liburuak dendetan eros ditzala, nahiz eta Amazonek azkarrago bidali liburua etxera. Benetan ezin duzula lau egun itxoin? Liburuak dendan erosiz gero gure industriari ematen diogu dirua, bestela Amazoni.

Gainera plataforma hauek iristen zaien guztia ematen dute argitara. Ez dago inolako galbaherik. Agian, egilearen iritziz liburu bat oso ona izango da, baina ez du kalitate aski izango merkatura ateratzeko. Eta horrek baditu ondorioak. Guk ez ditugu liburuak txurroak bezala egiten.

Urriaren amaieran Nafarroako VI. azoka eginen duzue. Nolakoa izanen da?
13-15 argitaletxe egongo gara. Argitaletxeez gain, elkarteek eta liburuak egiten dituzten entitate pribatu guztiek har dezakete parte. Nafarroako Parlamentuaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntza dugu, baina Iruñeko Udalarena ez. Aurten Gazteluko Plazan egongo gara eta aurreko asterako egitarau polit bat prestatu dugu: emakumea edizioan, hizkuntza gutxituetara egindako itzulpenak, liburu inkunableen inguruko saioak… Oso azoka interesgarria da eta oso baliogarria liburuaren mundua jendearengana hurbiltzeko.

                                                                                            *          *         *

OF THE RECORD

Non ote?

“Askotan galdetzen diot neure buruari: Non dago gure kultura? Non daude historian Nafarroan argitaratu diren liburu guztiak? Ni ziur nago nonbait daudela. Albreteko Juan erregeak liburuz eta agiriz betetako gurdiak eta gurdiak eraman zituela irakurri dut agiri batean. Non ote daude?”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Liburuak
Euskal Herriaren lehen atlas kartografikoa osatu dute

Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]


2024-01-14 | Reyes Ilintxeta
Jose Mari Esparza. Ideia trafikatzailea
"Borrokaren beharra transmititu nahi dut, zerbait berria sortuko da, beti sortu da"

Jose Mari Esparza idazle, editore eta ekintzaile menderaezinak bere lanerako txokoan hartu gaitu, Altaffaylla Kultur Elkartea eta Txalaparta argitaletxearen sorlekuan, liburuz inguraturik. Gaztetan 20 urtez aritu zen Luzuriagaren Tafallako fabrikan lanean eta orain berriki... [+]


2023-11-27 | ARGIA
Eva Forest Liburutopia
Utopia letra eta kafe artean elikatzeko liburu-denda

Abenduaren 1ean inauguratuko dute Gasteizko Alde Zaharrean Eva Forest Liburutopia kafe-liburudenda. Proiektua “pentsamenduaren eta kulturaren hedapen eta gozamenerako topalekua” izatea nahi dute bere bultzatzaileek. Hilabeteko programazioa aurkeztu dute jada... [+]


Ander Berrojalbiz. Heretikoz, sorginez, Elurzuriz
"Gizartea ezin da ulertu gizakiaren parte magiko sobrenatural hori gabe"

Akelarre saiakera argitaratu zuen 2021ean, eta, iaz, berriz, perla urregorrizko bat: Elurzuriren hiru heriotzak. Grimm anaien ipuin ezaguna berridatzi zuen, eskuizkriburik zaharrena abiapuntu harturik, Grezia zaharreraino joanez, eta Elurzuriren istorioko zenbait elementuri... [+]


Eguneraketa berriak daude