Utopiatik igaro

Dos Por Dos / ARGIA CC BY SA

2024ko urtarrilaren 14an - 20:47
Azken eguneraketa: 23:12
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Manifestazioetarako Kataluniako protokolo ez-ofizialak esaten du desfileak amaitu behar duela eskatzen ari zaren zerbaiti buruzko erabakia hartzen den eraikinetik ahalik eta gertuen. Horregatik, normalean, manifestazioak beti udalaren, Generalitataren, Parlamentaren edo Gobernu Zibilaren aurrean bukatzen dira. Uste dut hori Euskal Herrian ez dela horrela. Gasteizen, adibidez, Andre Maria Zuriaren plazan bukatzen dira, Donostian Bulebarrean. Bitxia egin zitzaidan hori Euskal Herriko manifestazioetara joaten hasi nintzenean. Askoz interesgarriagoa iruditzen zitzaidan leku jakin batean bukatzea, eta han bai, oihuka aritu edo leloak kantatzea. Ez naiz batere aditua manifestazio antolakuntza kontuetan, baina nire hipotesia da, Euskal Herrian giroa jada aski bero zegoela, eta Gobernu Zibilaren aurrera joatea, esaterako, ez zela oso komenigarria.

Beno, onartzen dut ez dela oso teoria garatua, baina dudarik gabe, hori bai, hiriburu bakoitzak bere protesta-paisaiak dauzka. Bartzelonan, adibidez, esaten baduzu: Via Laietana, Urquinaona, Plaça Catalunya, Plaça Espanya, Jardinets de Gràcia, Pla de Palau.... Berehala etortzen zaizkizu burura mundu hobe baten bila elkarrekin joan ginen uneak. Lasai batzuetan, askotan irribarrez eta harro, beste batzuetan urduri, edo izututa, eta maiz korrika egin behar genituen uneak gogoratzen dituzu. Pankarta honen atzean ez jarri, bestean bai, ados, zera, ezagutzen duzun mutil harengandik gertu, baina ez hainbeste... Eta, jakina, buruz dakizu non kokatzen den nor, non ordenaren indarrak, eta non gu. Oroimen askok lotzen gaituzte leku horiekin.

"Eva Forest du izena, eta Liburutopia abizena. Leku hori posible egin dutenak, manifestazioen ibilbideak sakon ezagutzen dituen jendea da, gutarrak"

Gasteiz hiriburu txikia da Bartzelonarekin konparatuz, baina, jakina, bere protestarako lekuak ere baditu, nahiz eta ez ditudan hainbeste ezagutzen. Andre Maria Zuria aipatu dut jada, eta han bukatzen dira, nik dakidanez, manifestazio gehienak, eta abiapuntua askotan Bilbo plazan izaten da. Plazatxo hori ez da oso leku esanguratsua, edo polita, egia esan. Ia-ia ez du plaza formarik ere, eta gehiago da bidegurutze bat. Iparraldeko parkea dauka alde batean, Frantzia kalea aurrean, eta beste aldean, Alde Zaharra.

Orain hango paisaia pixka bat aldatu da, eta ez da hain leku hotza. Bilbo plazatik Alde Zaharrera hartu behar duzun norabidean, Santa Maria kantoia dago, eta han berotasun goxoa darion lokal bat ikusten da. Egur argiz egindako sarrera bat dauka, eta erakusleihoan, liburuak. Gure Gasteizko liburu denda berria da, Eva Forest du izena, eta Liburutopia abizena. Leku hori posible egin dutenak, manifestazioen ibilbideak sakon ezagutzen dituen jendea da, gutarrak. Inaugurazio arrakastatsua izan omen zen, eta antolatu dituzten ekintza guztietan bete omen dute aretoa. Ez nau harritzen, liburu gose baita gure hiriburutxoa, eta pozik gaude.

Zeren, garai lanbro honetan, hainbeste gauza bukatzear daudela ematen duen une honetan, ez al da polita, ez al da itxaropentsua zerbait hasten ari dela ikustea? Eta ez edozer gauza, gainera... zer eta justu esperantzari eusteko tresnak ematen dituen liburu denda bat.

Urte askotarako, Eva Forest Liburutopia!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Liburu dendak
2023ko abenduaren 13
Eva Forest liburutopia
Utopiaren ortzimugari so

2020ko irailaren 8
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Brontë

2019ko azaroaren 19
Martzela Abarzuza. Liburuak eta bezeroak maite dituen saltzaile irribarretsua
"Durango efektuaren ondorioz liburu on batzuk oharkabean pasatzen dira"

2019ko maiatzaren 2
Zuzeneko emanaldia
Apalentzako apalak

Eguneraketa berriak daude