Bikote batek duela kasik hiru urte zabaldu zuen denda Hendaia erdigunean, Errepublika plazan, proiektu independente bat abiatzearen ilusio handiz.
Alokairuen eta higiezinen garestitze basatiak komertzio txikiei ere eragiten die, ez da dudarik. Liburu denda bat eta bere proiektu independentea kinka larrian daude Hendaian, La Grande Illusion deiturikoa. Izena frantsesez badu ere, hiru hizkuntzatan egiten du lan: frantsesez ez ezik, euskaraz eta gaztelaniaz ere bai. Liburuak eta abarreko materialak hiru hizkuntza horietan eta zenbait kasutan ingelesez ere gomendatzen dituzte La Grande Illusionen. Eta, bereizgarri moduan, haur eta gazteentzako zurezko jostailuekin hornituriko txoko bat du, helburutzat dutelako, Kazeta-k aipatu moduan, "adin guztietako lagunak irakurtzera gonbidatzea". Komikiak eta jolas interaktiboak dituzte eskuragai espazio horretan.
2022ko udazkenean zabaldu zuten liburu denda Clemence Cieau eta Mario Bompartek. Arroxelan jaio zen lehena; kazetaritza ikasi zuen sorterrian, eta Quebecen ezagutu zuen Mario. Marseillan bizi izan ziren gero, eta zenbait liburu dendatan egin zuen lan Clemencek, eta irrati kultural batean Mariok. Ordutik, Gil Arrocenari Mediabask-en kontatzen ziotenez gero, biziki amesten zuten Euskal Herrian liburu denda bat eta horri loturiko proiektua zabaltzen, Euskal Herriari ikusten zioten "identitate indartsu eta aberatsagatik". Hendaian hartu zuten bizileku, eta seme-alabak ikastolan matrikulatu zituzten. Bikotea, berriz, euskaltegira.
Kazeta hedabideak azaldu duenaren arabera, ekainaren 17an zabaldu zen herrian La Grande Illusion ixtear zegoenaren notizia. Irailaren lehenean itxi egingo dute saltokia, ordainezin zaielako alokairua pagatzea.
Azken asteotan, 770 sinadura baino gehiago bildu dituzte proiektuari elkartasuna adierazteko, eta bide batez, Herriko Etxea interpelatzeko, zutik mantentzen lagun dezan. Baina, Herriko Etxeak dioenez, lokalaren jabea partikular bat da eta ezin dezake ezer egin. Dena dela, Kazeta-k jakitera eman duenez, liburu denda eta proiektua lekualdatzeko posibilitatea mahai gainean dago, "izaera kooperatiboa hartuta".