"Zer dute halako amorrua izateko euskarari?"

  • Askatasuna maite du Lurdes Mercerok. Ezkontzeko asmorik ez eta amak esan zion moja sartzeko. Mercerok ordea, Elizarekin ere, lotura ahalik eta gutxien nahi zuen. Halaxe joan zen Ekuadorrera misiolari bost urtez. Etorritakoan irakaslea izan da 32 urtez Andoainen.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Lurdes Mercero Lizarraga (Unanu, 1946)

Nafarroako Diputazioak, 1957 eta 1966 artean, diploma bana eta 50 eta 200 pezeta arteko diru sari bana eman zien euskaraz mintzo ziren 6.197 haurri. Horietako bat Unanuko Kaleko etxeko Lurdes da. 19 urterekin, Zaragozara joan zen batxilergoa eta irakasle-ikasketak egitera. Ondoren Ekuadorrera egin zuen bidaia fraide kaputxinoen laguntzaile gisa, bertako indigenekin lan egiteko. Itzulitakoan Andoaingo Aita Larramendi ikastolan irakasle lanean hasi eta han aritu da 32 urtez. Erretiroa hartutakoan unibertsitatera itzuli eta hamabi urteren ondoren han jarraitzen du, orain antropologia ikasten, euskaraz.

Nolakoa izan zen zure haurtzaroa?

19 urtera arte Unanun bizi izan nintzen. Garai haiek ez ziren errazak. Sei senide ginen. Nekazaritzatik bizi ginen eta gabezian beti. Miseria ez, baina beti eskasian. Gure aita beti herriaren alde lanean ezagutu dut: alkatea ez bazen, auzoko ez dakit zer. Beti karguren bat zeukan.

Unanun garai hartan zerbait oso garrantzitsua gertatu zen. Berroetako apaiz gazte bat etorri zen, Don Felipe Santesteban Iriarte, seminariotik atera berria eta mugimendu handia ekarri zuen gure herrira bat-batean. Unanu, Dorrau eta Lizarragan argindarra ordu batzuetan baino ez genuen, errotatik lortzen genuena eta berak Iberduerorekin egin zituen gestioak argia ekartzeko, adibidez. Honetaz gain, lan handia egin zuen eskola berriak egiteko, ura etxeetara eramateko, karrikak ongi jartzeko... Gure herriari hauspoa eman zion era guztietan. Haurrontzat ere oso garrantzitsua izan zen bere etxean gauez eskolak ematen zizkigulako.

Zer eskolak?

Don Eladio maisuak ematen ez zuena: oinarrizko gauzak, euskara, euskal kultura, dantza, musika… denetik. Musika teknika oso ongi ezagutzen zuen eta herrian ahots onak zeudenez, koru bat eratu zuen. Gregorianoa ere ikasi zuten. Ni txikia nintzen, baina beti joaten nintzen entzutera. Gure ahizpa nagusia etxean beti kantuan ari zen etxeko lanak egin bitartean. Don Eladio nafarra zen, baina ez zekien euskaraz. Bertako neska batekin ezkondu zen eta han gelditu, baina erdalduna zen. Ez gintuen gaizki tratatzen. Haserretu bai, haserretzen zen. Euskaraz hitz egiteagatik bereziki ez gintuen zigortzen, baina zaharra zen eta askotan sumindu eta kanpora bidaltzen gintuen edo katoia ikasten ari ginenean, lokartzen zen eta makila lurrera erortzen zitzaion.

“Emakume hori [Ana Beltrán, Nafarroako PPko lehendakaria] ez dago ondo, edo fundamentalista da, edo haluzinogenoren bat hartzen du. Ez dute zentzurik esaten dituen astakeriek! Gure bizitza osoan jasan behar izan dugu kanpoko hizkuntza baten inposaketa”

Apaizak esku hartu zuen.

Don Felipek berehala sumatu zuen gabezia eta bere gain hartu zuen haurrei eskolak emateko ardura. Horrek markatu zuen nire bizitza osoa. Oso ondo joan zen dena Don Feliperen aurkako salaketak iritsi arte. Inguruko alkate bat eta beste batzuk (inbidiagatik eta halako gauzengatik), hasi ziren esaten gauez neska-mutilekin bere etxean biltzen zela auskalo zer egiteko. Eskutitzak hasi ziren iristen artzapezpikutik, eta guk denok harrituta eta negarrez hartu genituen berri haiek, eta berak ere bai. Gure aitak esaten zion konponduko genuela eta bere seme-alabak joango zirela artzapezpikura esatera zer egiten zuten bere etxean eta lasai egoteko, baina handik denbora gutxira Malagako Ronda herrira bidali zuten zigortuta. Gero Venezuelara erbesteratu zuen bere burua eta han eman zituen bere azken urteak. Don Felipek herriaren pentsamoldea markatu zuen. Gure belaunaldikoek ikasi genuen gauzak beste modu batez ikusten.

Nola erabaki zenuen Ekuadorrera joatea?

Gazte-gaztetatik argi neukan ez nintzela ezkonduko eta ez nuela seme-alabarik izango. Ekuadorrera joan nahi nuen. Osaba kaputxino bat genuen, Lekarozko irakaslea, eta berak erakusten zigun nola neska gazte batzuk aritzen ziren han lanean kaputxinoekin. Haien filminak ikusten nituen eta erabaki nuen hori zela nik egin nahi nuena. Amak zioen ezetz, hobe moja Santo Domingon zegoen Maixabel gure ahizpa zaharrenarekin: “Fan bizu Maixabelekin”. Eskerrak aita nire alde jarri zen, baina gazteegia nintzen eta etxean esan zidaten lehenbizi ikasi behar nuela. 19 urterekin Zaragozara joan nintzen aurrena batxilergoa egitera eta gero irakasle ikasketak. Lehenengo aldia zen etxetik ateratzen nintzena. Beste neska batzuk joan ziren nirekin batera Nafarroatik, haien artean Maria Julia, Zudaireko maistra.

Egunez haurtzaindegi batean egiten genuen lan eta gauez, zazpietan, ikastera joaten ginen. Gustura geunden, baina gogoratzen dut ospelak ateratzen zitzaizkidala sudurrean eta belarrietan egiten zuen hotzagatik.

Zaila egin zitzaizun gaztelaniaz bizi behar izatea?

Bai. Ni ez nintzen oso ona matematika eta fisikan, adibidez, eta Madre Paz, moja katalan batek, “¡vascaza!” esaten zidan. Nola tratatzen ninduen! Maria Juliak, aldiz, ez. Bera konturatzen zen gaztelania ez menderatzeagatik arazoak nituela, baina ez ninduen mespretxatzen eta asko laguntzen zidan.

Etxera burumakur etortzen nintzenean gogoratzen dut aitak esaten zidala: “Ez ezazu gaizki pasa eta zeure buruari ez gogor egin”. Nik erronka nuen ikasketekin eta pasatzea lortu nuenean ikaragarria izan zen. Arnasa hartu nuen. Gainera, Maria Juliaren laguntzarekin oso beka ona lortu nuen han ikasten jarraitzeko. Gogorra izan zen, baina nik neuk aukeratu nuen.

10 urterekin eman zioten saria, euskaraz ondo egiteagatik. Amak gorde zion diploma maitasun bereziz du jasota orain. Argazkia: Dani Blanco.

Zergatik Zaragozara eta ez Iruñera?

Hori dena kaputxinoekin joateko bideratua zegoelako. Ama teresianekin egin nituen ikasketak eta gero tituluak homologatu zizkidaten.

Beraz, misiolari joan zinen, baina erlijiosoa izan gabe?

Bai. Gobernuz Kanpoko Erakunde baten kutsua zuen ekimen horrek. Inoiz ez dut moja izan nahi izan. Askatasuna maite dut. Konpromisoa bai, eta konpromiso horretan egin behar duzuna txukun egin, baina Elizarekin eta beste erakundeekin loturak, ahal den gutxiena.

Baina sinesten duzu?

Bai, sinesten dut, baina Eliza, erakunde bezala, ez zait gustatzen.

Zer moduzkoa izan zen Ekuadorreko garaia?

Bost urte paseak egon nintzen. Hara iritsi eta aurrena ikusi nuena izan zen zer nolako matxismoa zegoen. Kaputxinoak, gizon multzoa, dena zekiten eta agintzen zuten. Baina errealitatea kontrakoa zen. Guk, neska gazteok, prestakuntza berezia genuen maistrak eta erizainak ginelako, eta gainera gure sentsibilitateari esker, indigenak guregana inguratzen ziren oso erraz. Bizipen oso gogorrak ere izan genituen. Erditze batzuetan aritu nintzen laguntzen, adibidez. Behin erditzekotan zegoen emakume gazte batengana iritsi eta han zegoen neska garrasika, etzaleku txar batean botata. Oiloak eta txakurrak inguruan zituen, erortzen zen odola jaten. Ez dakit haurtxoari ere ez ote zioten koxka egin! Lagundu genion ahal izan genuen guztia. Dena txukun-txukun jarri eta joan ginen. Pentsatzen genuen hil egingo zirela biak baina hara non, handik denbora batera, ikusi genuen neska bere haur txikitxoarekin. Hura poza!

“Gazte-gaztetatik argi neukan ez nintzela ezkonduko eta ez nuela seme-alabarik izango”

Zer ikasi zenuen han?

Beste kultura bat dela. Pertsona xumeak eta izugarri eskuzabalak. Haiek ez dute ematen soberan dutena, guk egiten dugun bezala. Gu iristen ginenean oilo bat bazuten edo kui bat bazuten hiltzen zuten guk jateko. Guk ez genuen jokamolde hori ulertzen eta lotsatu egiten ginen. Bestalde, kaputxinoek esaten ziguten oso diskretuak izan behar genuela eta ez genituela mindu behar. Ez bagenuen jan nahi haiek ematen zigutena, ezin genuen ezetz esan edo mespretxurik erakutsi. Modu diskretuan ahotik atera jana eta inguruan zebiltzan katu eta txakurrei eman, baina besteak ohartu gabe. Hori zen lehenbiziko araua.

Askapenaren Teologia abian zegoen garai hartan eta guk parte hartzen genuen Leonardo Boff eta beste teologoen mugimenduan. Herriaren nortasunaren alde egiten genuen eta oso gogorra zen ikustea, adibidez, nola iparramerikarrek eramaten zuten haien petrolioa. Oso gaizki pasa zuten. Kitxuen hizkuntza ere ikasi nuen. Ez naiz moldatzen ongi hitz egiteko baina nahikoa ulertzen dut.

Hemen ekuadortarren oso komunitate potenteak izan dira, Nafarroan lehenbizi eta Tolosan eta Lasarten gero. Ekuadorreko jendea ikusten dudanean haiekin mintzatzen naiz.

Zergatik itzuli zinen?

Bost urte eta gero itzuli nintzen, han egoteko gure konpromisoa denbora tarte horretarako zelako. Egia esan kosta egin zitzaidan hango bizimodua ahaztea. Beti aritzen nintzen dena konparatzen.

1975ean iritsi ginen, Franco hilzorian zegoela. Iruñean aritu nintzen hasieran lan bila. San Fermin ikastola hasi berria zen. Martín Martínez de Morente, Maria Julia nire lagunaren anaia, Verbo Divino kongregazioko burua zen hemen. Oso pertsona zuzena, zorrotza eta euskaltzalea eta kongregazioko apaiztegia zena San Fermin ikastolako sortzaileei saldu zien 80 milioi pezetatan. Eraikina balio zuena baino hiru aldiz merkeago saltzeagatik Zamorara bidali zuten.

Ez nintzen sartu San Fermin ikastolan euskaraz alfabetatu gabe nengoelako. Donostian hasi nintzen lanean, familia dirudun batzuen adimen urriko haur batzuei klase partikularrak ematen. Orduan hasi nuen nire alfabetatze prozesua. Ondoren, Andoainen, hasi nintzen lanean, Aita Larramendi ikastolan.

Epemuga jarri ziguten EGA azterketa lortzeko, oraindik ez genuenoi. Ez dakit zenbat aldiz aurkeztu nintzen azterketara! Konplexu handia nuen eta kateatu egiten nintzen. Azkenean urte batez aurkeztu eta azterketa egunean Aita Villasante egokitu zitzaidan. Ez dut inoiz ahaztuko bere jarrera. Berehala ohartu zen zer gaizki pasatzen ari nintzen eta esan zidan: “Lasai. Zuk idatz ezazu hitz egiten duzun bezala. Zuk oso ondo hitz egiten duzu, gainera. Saiatu zaitez”. Hori bera egin eta gainditu nuen. Ikastolako irakasle guztiok titulua eskuratu genuen eta horri esker ikastolak diru-laguntzak jaso ahal izan zituen. Duela 42 urte hasi nintzen han lanean eta duela hamabi jubilatu nintzen.

Argazkia: Dani Blanco.

Ikasten jarraitzen duzu. Zertan ari zara?

Erretiroa hartu eta berehala hasi nintzen EHUn. Hasieran Esperientzia Gelan lau urte izan nintzen Giza Zientziak ikasten. Hura amaitutakoan ikasten jarraitu nahi nuen, baina euskaraz, eta aukera eman zidaten beste ikasketa batzuetan matrikulatzeko. Filosofiaren Historiako ikasgaiak egin ditut sei urtez eta orain Antropologia ari naiz egiten, ez karrera osoa, baizik eta ikasgai solte batzuk. Nire helburua euskaraz ikastea da eta oso gustura nago Iñaki Zabaleta Gorrotxategi, Josu Larrinaga, Mariluz Esteban eta Luismi Huarte bezalako irakasleekin. Zoragarriak dira denak. Buru-belarri ari naiz ikasten. Ondo sentiarazten nau eta gai naizen bitartean ez dut utziko.  

Euskal komunikabideen jarraitzaile sutsua ere bazarela esan digute…

Oso beharrezkoak dira euskal komunikabideak. Zeruko ARGIA etxean ikusi izan dut noizbait, aitak Iruñean erosia seguruenera. Gero neu egin nintzen harpidedun. Ez naiz dena irakurtzera iristen, baina asko gustatzen zait. Hau mantendu behar dugu bai ala bai.

Zer gogoratzen duzu euskaraz hitz egiteagatik txikitan Nafarroako Diputazioaren izenean eman zizuten diplomaz?

10 urte nituen. Ez naiz gogoratzen gehiegi, baina bai han zeudela eskolako maisua, Don Felipe apaiza eta bi gizon ezezagun dotore. Galderak egin zizkidaten euskaraz. Eskolako guztiak geunden han. Nik ez dut gehiegi gogoratzen, baina imajinatzen dut barra-barra arituko nintzela hizketan, orain bezala.

Diploma beti gordea izan dut nire beste tituluekin batera, baina hau, altxor oso kutun gisa. Lehentasuna eman diot beti. Sentimentalki eta gure herriaren eta familiaren historian garrantzi handia du diplomak niretzat. Amak gordea zuen. Berari esker daukat nik orain hemen. Nik uste dut sari hori Unanun hasitako ongizate bide berriarekin lotuta zegoela. Unanun aurrerapen handiak egin ziren eta alde handia sortu zen bailaran, alde batetik Unanu eta Dorrau eta bestetik Lizarraga. Sakana osoan Unanu herri berezia izan zen garai horretan.

Orain, aldiz, ematen du saria baino gehiago zigorra eman behar dietela Nafarroan euskaraz dakitenei…

Gustatuko litzaidake Ana Beltrán [Nafarroako PPko lehendakaria] aurrean izatea, orain biok gauden bezala, eta esango nioke: “Lasaitu zaitez emakumea. Ez dizu lotsarik ematen esaten duzunak?”. Emakume hori ez dago ondo, edo fundamentalista da, edo haluzinogenoren bat hartzen du. Ez dute zentzurik esaten dituen astakeriek! Gure bizitza osoan jasan behar izan dugu kanpoko hizkuntza baten inposaketa. Odolez eta gerraz inposatu digute. Gure hizkuntza ez da gaztelania, baina oso ongi dago jakitea, ingelesa eta beste hizkuntzak bezala.

Emakume hori ez da ohartzen non dagoen, edo badaki eta probokatzeko egiten du. Baina ez probokatu horrenbeste herria! Zer nahi duzu, beste garai batzuetara itzuli? Zuek nonbait ondo bizi zineten, baina guk ez genuen batere ondo pasa. Kostako zaigu gure minak sendatzea. Esparza [José Javier Esparza, UPNko presidentea] gazteagoa da, baina ikusten zaio ez dagoela ondo, lo gutxi egiten duela. Zer dute halako amorrua izateko euskarari?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Ez da zapalkuntza? Orduan, asimilazioa

Hezkidetzarekin lotutako proiektuak koordinatzeko lankideekiko bilera batean, mutiko batek ikaskide neska bati irain matxista bota diolako gertakaria kontatu zuen irakasle batek, zalantza sortu zitzaiolako egoki jokatu ote zuen, eta gure artean hausnarketa interesgarria sortu... [+]


2024-04-19 | ARGIA
Gasteizko Udalak berean segitzen du: 112.000 euro exijitzen dizkio Lazarraga elkarteari

Lazarraga kultur elkarteak jaso du udalaren eskutik 2023ko dirulaguntzaren zuriketaren xedapena: 112.000 euro itzuli beharko ditu. Elkarteak adierazi du “udalaren borondate faltak” Gasteiz Antzokiaren proiektua kolokan jarri duela eta “udalak sortutako... [+]


2024-04-18 | Euskal Irratiak
Tulalaika besta, Xiberoako ikastolei bultzada emateko

Hirugarren urtez Xiberoako ikastolei bultzada emanen die Tulalaika bestak.


2024-04-17 | Garabide
Manuel Lekuona saria jaso du Iñaki Martinez de Lunak

Euskal komunitateari egindako ekarpena aitortzen dion saria jaso du Garabideren lehendakari den soziolinguista arabarrak.


Eguneraketa berriak daude