Izateak eta izenak

  • 'Euskal pizkundea: zer behar dugu indarraldirako?' erreportajearen harira, sei eragile eta euskaltzaleri galdetu diegu pizkunde baterako elementu giltzarriak zein izango liratekeen. Aize Otaño Lizarralde AEK-ko Artezkaritza Kontseiluko kidearen iritzi-artikulua da hau; irakurri gainerakoak hemen.

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Karmen Ugartemendia Amenabar, Asteasun jaioa 1925eko urriaren 20an, eta Donostian zendua 2019ko abuztuaren 22an. Elena Marin Garcia, Lodosan munduratua 1927ko otsailaren 16an, eta Donostian zendua 2016ko urtarrilaren 11n. Atrebentzia handiz edo ez, horrela erabaki dut idazkiari ekitea, izen-abizen horiek bina izate eta izaera gordetzen dituztelako. Biak ala biak oso gertukoak, eta neuretzat, bederen, oso esanguratsuak. Bata, amoña: aitaren ama; bestea, amama: amaren ama. Egun, alboan ez ditudan arren, asko dut haienetik. Nola esan, nola adierazi... Haiei esker naiz naizena. Arrazoiak asko dira, baina, nire ustez, garrantzitsuena hauxe: euskara naiz. Hori, ezbairik gabe, haiei esker da. Ni hala izan nendin, konta niezazueke bizitza osoan zenbat hautu egin zituzten eta, lekukoa hartuta, haien seme-alabek ere beste zenbat erabaki hartu zituzten... Ez naiz horretan luzatuko. Labur esanda, haiei zor diet izatea.

Euskara naiz, eta Euskara gara. Bi hitz baino ez, baina esangura sakona. Hizkuntzak, gure kasuan euskarak, eraikitzen eta ardazten du pertsonon izaera, pertsonon esentzia bera. Eta gure esentzia –euskarak ematen digun esentzia, hain justu– aldaezina edo aldagaitza da. Zer garen aldatuko balitz, ez genuke geure burua ezagutuko, geure bizitzaren zentzua galduko genuke. Katastrofikoa litzateke, bizitzaren zentzuak ikusarazten digulako balio dugula, badugula leku garrantzitsua munduan, ez garela, besterik gabe, bat gehiago. Arin esanda, izaerak/esentziak existitzeko modua marrazten digu. Horiek zimendutzat hartuta, bizitzaren zentzuak norabide bat ematen digu; hortaz, ezin dugu ezeztatu euskarak ardazten gaituela.

AEKn argi baino argiago diogu: euskara guztiontzako aterpe irekia eta erosoa da, kohesio sozialerako tresna. Noski, erreminta baino gehiago ere bada. Pertsonok garena da euskara (eta alderantziz): gure ezaugarri edota ezaugarri-multzoaren muina. Hala, euskararen etorkizuna jokoan den honetan, guri dagokigu Euskal Herriko komunitatearen existentziaren aldeko borroka hauspotzea eta indartzea. Garai bateko borrokaren ondoko belaunaldia gara. Denok ditugu (edo izan genituen) amamak, amatxiak, amonak, aititak, aitatxiak edota aitonak; izan zirelako gara, ezta?

Tamalez, garai hartako lorpenek ezerezean geratzeko arrisku larria dute. Alta, inondik inora ezin gara etsipenean erori, hori ez da aterabidea. Itxaropena eta ekimena ekarri behar ditugu lehen lerrora. Eta, beleak beti bere etxera egiten duen lez, neuk ere hala egingo dut. AEK sorreratik bertatik izan da erakunde ekintzailea, eta ez da hizkuntza bat irakastera mugatzen; AEK herri-mugimendua da, herri baten esperientziari eta historia hurbilari oso lotua. Gure aita-amen garaian, euskaltzaletasunak euskarari beste Pizkunde bat eman zionean, urrats logikoa eta naturala izan zen alfabetatzearen eta euskalduntzearen premia hauspotzeko eta antolatzeko bultzada. Horixe dagokigu egun egitea, presa baitugu.

Bai, presa dugu, Euskal Herri euskalduna lortzeari begira, Pizkunde berri bat abiatzeko. Euskararen normalizazioa eta biziberritzea auzi politikoak dira, eta arduradun politikoek dituzte prozesu horretan eragiteko eskumena, gaitasuna, boterea eta lidergoa. Orain da unea lehentasunezko politika publikoak martxan jartzeko norabide horretan. Guk urteak daramatzagu, herri-dinamikan eta lurraldetasunean (nazio-ikuspegian) oinarrituta, helduen euskalduntzea lehen lerrora ekarri behar dela, behar dutela, oihuztatzen. Euskal Herri osoan, bizitzaren alor guztietan, euskara nagusi izango bada, lehenbailehen eta lehentasunez, euskararen ezagutza unibertsalizatzeko era eta baldintzetan jarri behar dugu arreta. Ekiteko momentua da, eta ez ahantzi euskararen normalizazio-prozesuan erantzukizun partekatuak ditugula; urrats bateratuak egin behar ditugu, euskarak euskaltzaletasun aktiboa behar-beharrezkoa du.

Euskarari zor diogu geure izatea; hizkuntzarik gabeko herria ez da herri izango. Amoña eta amama, zuen lekukoa hartuko dut, inoiz baino argiago dudalako orain nire txanda dela; bai, jakina, gure txanda da, egungo euskaltzaleon garaia da. Euskarak pizkunde berri bat behar duelako, guk, AEKko ipurtargiok, lekukoa eskuan daramagu (nola ez), zeren eta, orain ez bagara, noiz izango gara? Abenduaren 27an, bete dezagun –guk, nork bestela?– Bilboko Bilbao Arena. Izan zirelako gara, garelako izango dira!

Aize Otaño Lizarralde, AEK-ko Artezkaritza Kontseiluko kidea


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
2025eko abenduaren 17
Euskal pizkundea
Gure txinpartak

2025eko abenduaren 17
Euskal pizkundea
Beharra, eragile handi

2025eko abenduaren 17
Euskal pizkundea
Non dago biziraupenaren langa?

Eguneraketa berriak daude