Zapalkuntzaren kontzientzia hartu, kolektiboki antolatu eta borrokak piztu!

  • 'Euskal pizkundea: zer behar dugu indarraldirako?' erreportajearen harira, sei eragile eta euskaltzaleri galdetu diegu pizkunde baterako elementu giltzarriak zein izango liratekeen. Intza Gurrutxaga eta Iraia de la Torre EHEko kideen iritzi-artikulua da hau; irakurri gainerakoak hemen.

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Euskarak gaur arte bizirautea miraria da; baina ez ausazko miraria, izerdi askori esker lortutako miraria baizik. Eta euskararen aldeko pizkunde berria harrotuko badugu, lehen bezala, orain ere borroka izango da horretarako bidea. Historian aldi desberdinak egon badira ere, aldatu ez dena jasaten dugun egiturazko zapalkuntza da. Azken mendeotan, euskaldunok estrukturalki zigortuak, baztertuak eta gutxietsiak izan gara eta egoera horren aurrean konfrontaziorik sortu ezean, nekez egingo dugu aurrera.

Azkenaldian, alderdi nahiz sindikatu euskarafoboek markoa irauli dute eta euskaldunok pribilegiatu bihurtu gaituzte. Euskarafobo horien artean daude, hala nola, PSOE, PP nahiz Vox alderdi politikoak eta CCOO nahiz UGT sindikatuak. Kontakizun horren bitartez, errealitatea desitxuratu eta euskaldunon hizkuntza eskubideak murriztu nahi dituzte; azken buruan, euskaldunon desagerpena sustatu. Gainera, eskutik dute legedia; bai, legez ari dira gu zapaltzen. Aurrez aipatu modura, egiturazkoa baita bazterketa. Frantziar eta espainiar konstituzio linguiziden joko arauetan mugatuta gaude; beti korrontearen aurka igeri egitera kondenatuta. Apurrak lortzeko ikaragarri borrokatzera behartuta eta pixka bat lasaitu orduko, dena galtzeko arriskuan. Halaxe gaude. Horregatik, konplexurik gabe, erasotzaile horiek zuzen eta tinko seinalatzea, zapalkuntza agerian uztea eta Euskararen Errepublika, independentzia, helburu hartuta, desobedientzia eta intsumiso jarrerak indartzea nahitaezkoa deritzogu.

Geure gorputzetan eta egunerokoan bizi dugu zapalkuntza. Modu ugaritara erasotzen gaituzte: begiraden edo komentario desegokien bidez, osasun etxean euskarazko arta edo epaitegian geure buruak euskaraz defendatzea ukatuz, hezkuntza euskalduna edo azterketak euskaraz pasatzea debekatuz… Baina, mugimendu feministak ondo erakutsi modura, pertsonala politikoa da eta norbanako gisa jasaten ditugun eraso horiek egungo sistemaren ondorio dira. Horregatik guztiagatik, euskaraz bizitzeko hautua hautu politikoa da; egungo errealitatea iraultzeko eta zapalkuntzarik gabeko Euskal Herrirantz bidea egiteko hautua, hain justu.

Azken hamarkadetan, ordea, euskararen auzia despolitizatzeko joera orokortu izan da. Instituzioetatik diskurtso horrek indarrean jarraitzen du; horrek, nolabait, euren ardura politikoak betetzetik salbuesten baititu. Horren adierazle dira orain aste batzuk Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Hizkuntza Politikako sailburuak iradokitakoak: “Gizarte arruntak zelan jokatzen du eta zergatik? Hainbeste jendek euskara jakinda, zergatik ez du erabiltzen? Zer dago horren atzean? Hori jarrera bat da”. Noski jarrera bat dela, egiturazko zapalkuntzaren ondoriozko jarrera bat eta, hain zuzen, Euskal Herriko agintari politikoei dagokizue horren aurrean ardura politikoak hartzea. Nafarroa Garaian, datorren urtean beteko dira Euskararen Foru Legea indarrean jarri zenetik 40 urte. Lege bidegabea, jaioterriaren arabera lehenengo, bigarren eta hirugarren mailako herritarrak sortzen dituen legea. Eta hala ere, Nafarroako Gobernuko Maria Chivite lehendakariari entzun behar izan diogu, euskarari erreferentzia eginez, eurena ez dela “inposizioaren” eredua. Nafarroan espainola ez al da ba politikoki inposatzen? Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Xiberoan ere euskarak ez du ofizialtasunik, bigarren mailako hizkuntza gisa da tratatua. Folklorizaziotik haratago, euskararen erabilera ez dago normalizatuta ez administrazio publikoan, ez gainerako esparruetan. Pentsa, Baionako Euskal Museoan bertan, bigarren mailan dago, frantsesaren atzetik.

Hala bada, euskararen aldeko pizkunde berrirako hiru urrats dira guretzat ezinbestekoak: bizi dugun egoeraren kontzientzia hartzea, kolektiboki antolatzea eta tokian toki, bakoitzari dagokion mailan eta moduan, borrokak piztea. Dena dugu irabazteko, beraz, has gaitezen modu burujabean pentsatzen eta ekiten; Euskal Herritik Euskal Herri euskalduna, Euskararen Errepublika, eraikitzen!

Intza Gurrutxaga eta Iraia de la Torre, EHEko kideak


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
2025eko abenduaren 17
Euskal pizkundea
Gure txinpartak

2025eko abenduaren 17
Euskal pizkundea
Izateak eta izenak

2025eko abenduaren 17
Euskal pizkundea
Beharra, eragile handi

2025eko abenduaren 17
Euskal pizkundea
Non dago biziraupenaren langa?

Eguneraketa berriak daude