'Euskal pizkundea: zer behar dugu indarraldirako?' erreportajearen harira, sei eragile eta euskaltzaleri galdetu diegu pizkunde baterako elementu giltzarriak zein izango liratekeen. Malores Etxeberriaren iritzi-artikulua da hau; irakurri gainerakoak hemen.
2025a amaitzear, bi zita garrantzitsu jarri dizkigute euskaldunoi. Bata Durangon, abenduaren 6rako Euskal Herrian Euskaraz taldeak deitutako manifestazioa –artikulu hau argitaratzerako egina izango dena–. Bestea Bilbon, Euskalgintzaren Kontseiluak antolatua, aspaldian itzali samar dagoen sua berpiztea duena helburu, hizkuntza-politiketan ezinbestekoa eta premiazkoa den jauzi sendo bat bultzatzeko. Ea euskaldun kopuru handi bat biltzen garen bi ekitaldietan.
Azken bizpahiru urteotan urak mugitu diren sentsazioa daukat nik. Kontrako haizeak gogor jo du, bazterrak astinduz, eta gorde antzean zeuden iritziak azaleratzeko, eta azterlan eta iniziatiba berri batzuk abiarazteko parada eman du. Beste batzuen artean, Iñaki Iurrebaso Biteri soziologoaren aportazioa nabarmenduko nuke nik, urte mordoska batean indarrean egon den paradigma eta diskurtsoa kolokan jarri dituelako zorroztasunez. Gaitasunean asko aurreratu dugula eta hiztun berri dezente irabazi, baina horrek ez duela erabilera hobetu, ez espero adina behintzat. Hori izan da hitzetik hortzera erabili dugun ideia. Iurrebasok, berriz, fokua gaitasunaren ahuldadean jarri du, eta gaitasuna erabilera bihurtuko bada, hura hobetu behar dugula azpimarratu du. Jario eta aberastasun handiagoko hiztunak behar ditugula, euskaraz erraz egiten dutenak, eta horretan jarri behar dela indarra, besteak beste.
Larrialdi linguistikotzat hartua zuen dagoeneko Euskalgintzaren Kontseiluak egungo egoera eta Iurrebasok datu zehatzekin frogatu du egoera benetan oso muturrekoa dela eta gertuago gaudela Irlandan bertako hizkuntzak duen egoeratik Katalunian katalanak duenetik baino. Eta, gainera, Irlandarako bidea autopista zabala dela eta Kataluniarakoa, berriz, bidezidor estua eta malkartsua. Orain artekoa egiten segitzekotan, amildegitik askoz ere gertuago gaudela salbaziotik baino.
Ematen du bateko eta besteko eragile, euskaltzale eta erakundeak bat gatozela egoeraren larriarekin eta zulotik ateratzeko zerbait egin beharrarekin. Larrialdi linguistikoa eta jauzia dira orain bolo-bolo darabilzkigun hitzak edo kontzeptuak. Zerbait hori zer da, ordea?
Galdera horren bueltan, Bea Salaberrik, aldizkari honetan, otsailaren 26ko zenbakian Bretoiera izenburupean idatzitako iritzi artikulua datorkit burura. Bretoierak bizi duen egoeraz ari zen, hirurogeita hamar urtean jasan duen galeraz. 1950eko hamarkadan milioi bat hiztunetik gora izatetik 104.000 izatera pasa direla zioen. Gaur egun %2,7 omen dira hiztunak –eskualderen batean %5–. Hiztun horiek inoizko gehien erabiltzen omen dute bretoiera, larrialdiaz jabetuta, eta biztanleen atxikimendua oso altua omen da, %60koa. Egoeraren aurrean dauden diskurtso kontrajarriei buruzko hausnarketa interesgarriaren ondotik galdera honekin amaitzen zuen artikulua Salaberrik: Noiztik goiti kontsideratzen da hizkuntza bat hondarrera heldua dela?
Euskararen egoera bretoieraren endekapenarekin alderatzeko inolako asmorik gabe, beste galdera hau planteatuko nuke nik: Noiztik goiti kontsideratzen da hizkuntza bat edo hiztun komunitate bat salbaziorako bidean jarri dela? Zenbatekoak izan beharko lukete gaitasunak, erabilerak eta atxikimenduak, eta nolakoak haien ezaugarriak. Eta zenbat denbora daukagu eszenatoki berri horretara iristeko? Hor dago biziraupenaren langa, hizkuntza-politikak definitzeko erreferentzia ezinbestekoa. Markatu dezagun.
Malores Etxeberria