Nafarroan, mendi bazterretik itsasora bota gaituzte


2025eko abenduaren 17an - 16:11
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Orain aste batzuk irakurri nion Zuzeun Nafarroan ELAko koordinatzaile den Imanol Pascual Arizi honako titulua eman zion artikulua: 10 urte UPN gabe, gauzatu gabeko aldaketa.

Titulutik hasita, kritika bidezkoa egin die gobernuan izan edo sostengatu duten alderdiei, baina oso errealista ez den aipu bat egiten du: euskara ez da normalizatu.

Euskara normalizatu? UPNren gobernuaren garaian normalizatu gabe egon izan bada, azken hamar urte hauetan esan beharra dago normalizatu direnak mespretxua, erasoa eta bazterketa izan dela. 1970. urtetik hona ez gara hain egoera larrian inoiz egon. Euskalgintzan ari garenon lokartzea alde batera utzirik, Nafar Gobernuak onartu eta indarrean jarri dituen legeak ezin daitezke inola ere bazter utzi. Eta horietan PSNren euskarafobiak izan duen eragina neurrigabekoa da, horrela esan badaiteke, bederen. Eta bere jarrera orokorra? Gutxiestea, errespetu falta eta ikustate eza, besterik ez. Esan dudana, itsasoraino

Hona hemen zerrenda ttiki batean PSNk eta gobernuak euskara hondatzeko hartutako erabaki bakar batzuk, denak ezin aipatu, jakina:

Zer esan D eredua eskatu duten herrietan izan dituzten zangotrabatze eta ukoei buruz? Hori da norma, hori da normalizatzea, inposatzea guraso euskaltzaleei gaztelera eta ingelesa. Euskarari vade retro

-Azken urte hauetan gurean sortu diren D eredu guziak PAI izanen dira, gero eta ingeles gehiago sartuz eta euskara ikastea zailduz, horrek suposatzen duen inposizioa eta bazterketa delarik gainera gaitzena. Guraso eta irakasleen nahiaren kontra bete-betean joz, lotsarik gabe. Bai, Gimeno kontseilaria txapelduna dugu euskarafobian.

-Errepideetako seinaleetan, Oscar Chivite Lurralde Kohesiorako kontseilariak ahal duen guzietan euskararen kontra egin du, legea ahalik estuena interpretatuz eta anitzetan legea bera hausteraino. Gizon honen fobia ia hamarrekoa da.

-2023an Joseba Otanok, Administrazioa Euskaldundu Dezagun taldekoak, Administrazioko langile behin-behinekoen egonkortze prozesua honela titulatu zuen: Egonkortze prozesuek Administrazio elebakarra finkatu dute. Eta, zoritxarrez, prozesu honetan Iruñeko Udalak gobernuaren bide bera erabili du.

-Zer esan D eredua eskatu duten herrietan izan dituzten zangotrabatze eta ukoei buruz? Hori da norma, hori da normalizatzea, inposatzea guraso euskaltzaleei gaztelera eta ingelesa. Euskarari vade retro. Gobernu honek ia-ia euskara deabrutzeraino eraman du. Ikaragarria izan da.

-Eta zer esan 97/2024ko “Merezimenduen” Dekretu Foralari buruz? Nafarroako Administrazio osoan eragina duenaz? Euskara askoz gutxiago baloratzeko izan da, UPNren garaian baino gutxiago. Bada zerbait! Udal abertzaleek jarri ote zioten helegitea dekretu honi? Bai, batek. Lotsagarria.

Eta dekretu hori zuritzeko, honako hau saldu nahi izan zuen Euskararen Nafar Kontseiluan, aurtengo ekainean, Ana Ollo Nafarroako lehendakariordeak eta Geroa Baiko kideak: Nafarroako Administrazioan euskaldunok euskaraz artatuak izateko aurrerapen ona zela (?) Isiltzea hobe!

Udalak zeharka bederen aipatu ditugu, baina merezi du Iruñeko alkatea den Joseba Asiron espres aipatzea ere. Aurten, Noticiasen egin zioten elkarrizketa luze batean euskararen inguruan galdetu eta zintzilik duen asignatura omen, hay que hacer mucha pedagogia con el PSN bota zuen. Beste deus esan gabe. Joseba, nik dakidanez indar korrelazioak markatzen du politika. Ba, zuek, Madrilen PSOE sostengatzen zaudeten ezkero ez duzue deus handirik atera, egoera ezin hobean zaudetenean. Edo zerbait ekarri duzue Nafarroara? Esaguzu mesedez, ni ez-jakitun bainago.

Jon Aleman Astitz, Euskaltzaleen Foroko kidea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude