'Euskal pizkundea: zer behar dugu indarraldirako?' erreportajearen harira, sei eragile eta euskaltzaleri galdetu diegu pizkunde baterako elementu giltzarriak zein izango liratekeen. Joxerra Olano Etxabe Barañaingo IKAko Sahats euskaltegiko irakaslearen iritzi-artikulua da hau; irakurri gainerakoak hemen.
Urte pila galanta da euskara “bidegurutzean” zegoela entzuten hasi ginela. Euskararena “gurutze-bidea” zela esaten genion guk elkarri, etsi-etsian, jostari, Nafarroako goialde hauetan herritarrak euskalduntzen belaunetarainoko lokatzetan sartuta genbiltzanok. Orduan ere, haize kontra ari ginen, UPNren gobernuaren hizkuntza politika eragingarri bezain konplexurik gabeak atertuko zuen inolako esperantzarik gabe, gainera, baina hainbat gazte eta heldu batere beharrik gabe euskara ikastera nola zetozkigun ikusteak ematen zigun pozak barrenak gozatuta. Ez ziren guk nahi hainbat, jakina, baina bai gobernu haren neurri politiko suntsigarri, ausart eta iraingarriak hartzen zituztenek espero baino gehiago.
Baina, hara, zer den bizitza. 2015eko maiatzean, guk gutxien espero genuenean, demokrazia burgesetan oso tartean behin gertatzen den txiripa horietako baten ondorioz, UPNrik eta PSNrik gabeko gobernua osatzeko adinako gehiengoa lortu zuten Nafarroa Garaiko alderdi politiko ustez euskaltzaleenek: EH Bilduk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak. Ez dakit euskara bidegurutzean edo beste nonbait ote zen; baina, lau indar politiko horiek adostu zuten gobernu-akordioa irakurrita, garbi ikusi genuen euskararen ofizialtasunarena behintzat ez zela ezinbesteko jotzen zituzten adostasunen artean. Horrenbestez, Nafarroako euskaldunok, gure bizitokia zein zen, beste lau urtez, bigarren, hirugarren edo laugarren mailako herritar izaten segitu genuen, euskarari ez baitzioten Espainiako Estatuaren uztarriaren pean lor litekeen bigarren mailako ofizialtasun mendre hori ere eman.
Berehala erakutsi ziguten, bestalde, zer-nolako hizkuntza-politika txepel eta geza egiteko asmoa zuten 2015eko maiatzean hasi zuten agintaldi hartan, inor euskara ikastera behartuko ez zuena, noski. Erdaldunari euskaraz jakitea gero eta beharrezkoagoa izango zela pentsaraziko zion neurri politikorik ezin zutela hartu esan zitzaigun, erdaldunen hizkuntza-eskubideak errespetatu beharra zegoela, ez izateko euskaldun “suminduak”, pazientzia izateko, hurrengo agintaldian ausartago jokatuko zutela… Eta halaxe joan ziren aukera galduen lau urte haiek. Tristea bada ere, ezin esan horrek guztiak ustekabean harrapatu gintuenik. Ez gure buru-argitasunagatik, esan beharrik ere ez dago, tratabide luzeak ematen duen eskarmentuagatik baizik.
Politikari ustez euskaltzale haien ahotan entzuten hasi ginen ez behartzearen, erakartzearen, seduzitzearen eta abarren musika hedatu eta dotoretu egin zitzaigun hurrengo sei urteetan Nafarroa Garaian. Orduan, gobernua gidatzen zuen PSNrekin “pedagogia” egitea ezinbestekoa zela ohartarazi ziguten, horretarako diskurtso egokia erabili behar zela, eta pazientzia “pazientzia estrategikoa” bilakatu zitzaigun. Pedagogiak pedagogia, PSNrik gabeko gobernu mirarizko haren hizkuntza-politika urardotu hark ez du, bistan denez, 2019az geroztik hobera egin, ez euskaldunon legezko gerizari dagokionez, eta are gutxiago neurri politikoen bidez herritar erdaldunei euskara gero eta beharrezkoagoa izango dela sentiarazteari dagokionez. Beharraren akuilua han izango da, beraz, 2015etik, hautsak hartuta, Euskarabidearen egoitzaren ganbarako zokorik gordeenean. Eta Nafarroako euskaldunok, bitartean, bidegurutzean, gurutze-bidean, larrialdian, geldotze-aroan, periferian edo hala moduzko linboan.
Hori aski ez eta badirudi Eusko Jaurlaritzako hizkuntza-politikako arduradunak ere kutsatu egin zaizkigula, “desioa”, “izaera inklusiboa” eta ezpal bereko beste zenbait ale eder hitzetik hortzera darabilzkigute eta. Eragile handi omen den “behar” famatu horren arrastorik ere ez hor ere, komunikazio kanpaina bikainen bidez erdaldun hutsak euskara ikastera txoraturik etorraraziko dituztelakoan, nonbait. Araugile eta legegile behar lukeena, limurtzaile. Eta limurtzea beste biderik ez dugunok, neurri politikorik hartzerik ez. Ez dugu lantegi makala, ez dugunez lantegi makala!
Horregatik guztiagatik, alegia, gure herrian ganorazko hizkuntza-politikarik ez dugulako, eta Iruñeko, Gasteizko eta Madrilgo gobernuei eusten dieten euskal alderdi politikoek euskara lehenesten ez dutelako, besteak beste, abenduaren 15ean, 19:00etan, Nafarroako Foru Parlamentuaren atarian elkartu gara, beharrak akuilatuta beste behin ere, euskararen ofizialtasuna eskatzeko eta Nafarroa Garaiko euskaldunoi hizkuntza-eskubideak oraindik ere etengabe urratzen zaizkigula salatzeko; eta abenduaren 27an, Bilbon, Bilbao Arenan, geure buruari orain ere euskaltzaleon garaia dela oroitarazteko eta gure herrian gure hizkuntzan bizitzeko beste bizkorraldi bat behar dugula lau haizetara zabaltzeko. Hortaz, euskaltzaleok, sarri ikusiko dugu elkar, beharra eragile handia baita.
Joxerra Olano Etxabe, Barañaingo IKAko Sahats euskaltegiko irakaslea