Euskara guztiona denean bizi da


2025eko abenduaren 19an - 09:30
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Euskal Herriak bizi duen aldaketa soziolinguistikoa ez da oharkabean pasatzen ari. Gure herriek aniztasun linguistiko eta kulturala handitu dute, eta beraz, nola berrantolatu behar dugu euskararen lekua herri gero eta askotarikoagoan?

Osasuna ezin da neurtu hiztun kopuruan soilik, komunitatean duen lekuak eta harreman sozialetan kokatzeko moduak ematen dio arnasa. Hizkuntza baten etorkizuna ez dago homogeneotasunari begira, ez dago ipar elebakar bat eta hizkuntza aniztasunaren kudeaketan asmatzetik etorriko da. 
Euskal Herrian hamarnaka hizkuntza elkarbizitzen ari dira egunero kalean, eta hori ez da euskararen ahulezi bat, euskararen aukera berriena da.

Euskarak ez du biziraungo bakardadean; euskara beste hizkuntza-komunitateekin harremanean bizi da eta harreman hori emankorra izateko, ezinbestekoa da etorri berrien hizkuntzak aitortzea, euren lekua bermatzea espazio sozialean eta euskara jartzea komunitate guztien arteko hizkuntza komuna gisa.

Oraindik ere, euskararen politika eta aniztasunaren kudeaketa sailka eta bereizi planteatzen dira. Baina bizitza errealean biak nahastuta datoz, eta banaketa horrek kohesio soziala ahultzen du

Beste hizkuntzak ikusezin bihurtzen direnean, ez dute lekurik harremanetan; eta harremanetan ez badago tokirik, ez da euskararik ere. Euskara, herri multikulturalean da. Aniztasuna bizirauteko baldintza bihurtu da, inondik inora ere oztopo.

Euskararen gabeziak, ahuleziak, ezin zaizkie etorri berriei aurpegiratu. Euskal herritar berriak ez dira testuinguru bat, komunitate linguistiko berriaren parte dira.

Etorri berriek ez dute “euskara arriskuan jartzen”. Gorantza bilatu errudunak eta ez alboetan. Herriko hizkuntzen aitortza jasotzen dutenean, euskararenganako lotura sozial eta sinboliko sendoagoa sortzen da. Are gehiago, frantziar eta espainiar inposaketa kolonizatzailea askoren gorputzetan bizitzetik datoz eta frantses zein gaztelaniaren azpitik dagoen hizkuntza minorizatu batean harrera egiteak horizontaltasuna ematen dio artatzeari. Estatu gabeko nazioetan ematen den fenomeno bat da, lantzen hasi beharrekoa.

Aitortu gabeko hizkuntza batek ez du beste hizkuntza bat bere egiten; aitortua duenean, ordea, posible da. Euskarak ez du irabazten norbaitek galtzen duenean edo bere hizkuntza euskaragatik ordezkatzen duenean. Irabazten du gehiagok gehiagotan bere eguneroko egiten duenean.

Euskara guztiona izateko, eskuragarria eta unibertsala izan behar du eta instituzioek badute egitekoa. Oraindik ere, euskararen politika eta aniztasunaren kudeaketa sailka eta bereizi planteatzen dira. Baina bizitza errealean biak nahastuta datoz, eta banaketa horrek kohesio soziala ahultzen du.

Ezin dugu etorkizuna planifikatu hutsune kategorikoekin. Euskara hizkuntza komuna izan dadin, gure hizkuntza guztiak aitortu eta hizkuntza-politika eta aniztasun-politika ikuspegi berean elkartu behar dira.

Euskara guztiona denean bizi da, komunitate zabal eta askotariko batek bere egiten duenean. Guztiona izateko, doakoa, eskuragarria, erabilgarria, unibertsala eta jasangarria izan behar du. Instituzioek berea, herritarrok gurea, XXI. mendeko Euskararen Pizkundea martxan da.

Julen Orbea Bereikua

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude