Zer behar dugu indarraldirako?

  • 2024ko azaroan, Euskalgintzaren Kontseiluak atzeraldia zetorrela ohartarazi zuen, baldin eta indarrean diren joera soziolinguistikoak eta egiturazko arazoak itzulikatzeko neurri egokiak epe laburrean hartzen ez badira. Euskara larrialdi linguistikoan dagoela adierazi zuen. Pizkunde berri baten beharra mahai gainean jarri du. Testuinguru horretan antolatu du Bilbao Arena kirol pabiloian, abenduaren 27an, ekitaldi jendetsua, euskaltzaleak adoretzeko eta erakunde publikoei hizkuntza politika sendoak eskatzeko. Sei eragile eta euskaltzaleri galdetu diegu pizkunde baterako elementu giltzarriak zein izango liratekeen.

Argazkia: Marisol Ramirez / FOKU
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Orain dela urtebete, euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan daudela adierazi zuen Kontseiluak. Ordura arte, errotonda, bidegurutze, eten eta moteltze moduko terminoak usu erabili ziren egoera definitzeko, nahiz eta irakurketa baikorragoak ere mantendu ziren. Kontseiluak hizkuntza larrialdia mundu mailako krisi sistemikoaren parte gisa hartu zuen eta bere egin zuen terminologia. Aurretik katalanek eta galiziarrek tankera bereko aldarrikapena egina zuten.

Larrialdi izendatu bai, baina ez etsitzeko; ez da, behintzat, Kontseiluaren asmoa hori izan. Duela urtebete adierazi zuenez, "euskarari pizkunde berri bat emateko lehen argi-izpia ekartzeko deia da, itxaropenaren txinparta piztekoa".

Pizkunde berri baterako deia egin du Idurre Eskisabel idazkari nagusi duen erakundeak; lehen ere euskaldunek jakin izan dute ilunalditik argirako bidea egiten. Kontseiluak gogora ekarri du XIX. mendetik XX. menderako mundu aldaketa hartan euskaltzaletasunean eman zen pizkundea: Lore Jokoak, Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza sortu ziren. Orixe, Lizardi, Lauaxeta, Tene Mujika eta Elbira Zipitriaren garaiak izan ziren. Goraldi hura gogor jo zuen olatu totalitarioak eta euskaltzaleek bigarren aldiz hizkuntzari eustea lortu zuten. Bigarren pizkunde hartakoak dira euskara batua, euskarazko irakaskuntza, helduen euskalduntze-alfabetatzea, literatura, eta Ez Dok Amairu, besteak beste.

Orain larrialdi linguistikoa mahai gainean jarri dute, "baina ez da lantua jotzeko garaia". Kontseiluak bi pizkunde-aldietan euskaltzaleek aurrera egiteko mantendu duten itxaropena azpimarratu du, eta orain ere itxaropenerako deia egin du: "Euskaltzaletasunaren itxaropena zabaltzera, euskaltzaleon garaia dela esatera gatoz". Era berean, aurreko bi pizkunde-aldietako euskaltzaleak gogoan, itxaropena izateak zain egotearekin zerikusirik ez daukala argi utzi du Kontseiluak, hau da, ekiteko garaia dela: "Azken hamarkadetan egindako bideari zintzo begiratu eta ondo zein gaizki egindakoetatik ikasi eta bide berriak abiatzeko unea da. Egungo erronkei kementsu heltzekoa".

Euskararen soinu-banda

Ekitaldia:
Bilbao Arena kirol pabiloia
Abenduak 27, 17:00etan

Ekitaldian parte hartuko duten kulturgile eta sortzaileak:
Musikariak: Amets Aranguren, Anari, Beñat Goitia 'Benize', Gontzal Mendibil, Gorka Urbizu, Joseba Tapia, Julen Goldarazena 'Flako Fonki', Maia Iribarne, Miren Narbaiza.

Aktoreak: Edurne Azkarate, Itziar Ituño, Miren Gaztañaga eta Ramon Agirre.

Bertsolariak: Ane Labaka eta Sustrai Colina.

Sarrerak 10 eurotan www.pizkundea.eus -en. Jasotako dirua artisten lana ordaintzeko eta ekitaldiaren gastuen zati bat ordaintzeko erabiliko da.

Euskaltzaletasuna jarrera politiko

Kontseiluaren ustez, euskaltzaletasuna itxaropena ez ezik mundua ikusteko modu bat da, hizkuntza-supremazismoaren aurkako jarrera bat, hizkuntza berdintasunaren aldekoa. Euskaltzalea euskararen normalizazioaren eta biziberritzearen alde dago, baina baita ere minorizatutako edozein hizkuntzaren alde. Justizian, berdintasunean eta askatasunean oinarritutako ikuspegia azpimarratu du Kontseiluak, "mundua hain aldrebes dabilen garaiotan, oinarrizko jarrera politiko bat". Erakundeak euskaltzale izateko modu desberdinak azpimarratu ditu, eta keinu egin die euskara jakin gabe ondorengoei euskara emateko bidea ireki dutenei eta euskararen normalizazioan bultzatzaile izan direnei.

Euskaltzaleei dei egin die, berriz ere euskaltzaletasuna lehen lerrora ekartzeko, "euskararen etorkizuna jokoan dago eta pizkunde berri bat emateko unea da".

Bakarkako euskaltzaleei dei egiteaz gain, Kontseiluak erakunde publikoen ardurak azpimarratu ditu. Hizkuntza politika "anbiziotsuak eta sendoak" eskatu ditu, ofizialtasuna Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan, eta oldarraldi judizialari aurre egitea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Bilbora joateko hiru arrazoi

Lehenik eta behin, euskaltzaleen indar eta batasunaren erakustaldia egin nahi du Kontseiluak, larrialdi linguistikoaren testuinguruan: "Etsipenean jausi beharrean, euskaraz bizi nahi dugula adierazi, elkarrekin arnas hartu, eta euskarari etorkizuna emateko prest gaudela erakutsi".

Bigarrenik, gizarte osoari helarazi nahi dio euskararen normalizazioa eta biziberritzea "guztion ardura" dela, "gizarte berdintasunarekin, justiziarekin eta askatasunarekin lotutako beste auzi asko bezala".

Hirugarrenik, hizkuntza politiketan "ezinbestekoa eta premiazkoa den jauzi sendo bat" bultzatzea lortu nahi da Bilboko ekitaldiaren bidez. Eragile instituzional, politiko, ekonomiko, kultural eta sozialei, bakoitzaren erantzukizun eta erabakimenaren arabera, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioaren eta erabilera normalerako baldintzen alde egitea eskatuko zaie. 

Sei eragile eta euskaltzaleri galdetu diegu pizkunde baterako elementu giltzarriak zein izango liratekeen, jarraian iritzi-artikuluen loturak:


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
2025eko abenduaren 17
Euskal pizkundea
Gure txinpartak

2025eko abenduaren 17
Euskal pizkundea
Izateak eta izenak

2025eko abenduaren 17
Euskal pizkundea
Beharra, eragile handi

2025eko abenduaren 17
Euskal pizkundea
Non dago biziraupenaren langa?

Eguneraketa berriak daude