"Espainola jakin behar da euskara batua konprenitzeko"

  • Liburu batek ekarririk gara Baionan: Senpereko (eta Lapurdiko) euskara XVIII. mendean (Lapurdi 1609 elkartea). Hariari tiraka, ETAren sorrera garaia bizi izan zuen tolosarra ezagutu dugu. “Hangoak hango, hemengoak hemengo” esan ohi da, baina handik hona eta hemendik hara dabil Xabier Elosegi.

Argazkia: Zaldi Ero.
Argazkia: Zaldi Ero.
Xabier Elosegi Aldasoro (Tolosa, 1937)

Gerra garaian jaioa, euskara gauza ezkutukoa zen Tolosako herriko kaleetan. Euskaltzale da gaztetandik, mendiak abertzaletua. ETAren sorrerako Ekin taldean zen, eta atxilotua 1961ean bertan, Donostian trena bidetik atera nahi izan zutenean, zenbait bandera espainol erre zituztenean. Martutenen izan zuten, eta Carabanchelen, Ipar Euskal Herrira betiko baino lehen. Bertan egin du bizia, lanean.

Zure liburuak bertze liburu bat du abiapuntu: Othoi çato etchera (Lapurdum, 2016). Justuki, han ageri den gutun bat…

Bai, gutun horretan aipatzen da: “Segur da aditu içan tucula hemengo Berri tristiak, ebaile gaisçoa preso harturic jondone laurendy egunian, 1775co urthean, parisat eramadute Sabat dorreco Çena norbaitec hilçea delamedio, eta by hilabete badu jendec daraçatela bidean heldu dela libro bere etcherat Baignan oraino esta agueri gaisçoa…” horixe izan zen hastapena. Altxor zoragarria zitzaidan, ikaragarria. Eta ikertzen hasi nintzen. Othoi çato etchera-ko gutunetan hainbat pertsona izen ageri dira, tartean Sarakoak, eta denak ezagutzen nituen, nihaur Saran bizi izan bainintzen, eta han nintzelarik, herriko artxibo guzia kopiatu nuen. Zortzi mila orrialde, dela heriotza, ezkontza eta bataio. Horrela izan nuen Sara, etxeak eta deiturak lau mendez (XVI-XIX) liburua egiteko gaia ere. Saratik hasi nintzen, baina gero Azkainetik segitu nuen, eta Ahetzetik, eta… Eta Ahetze horretan kolpea hartu nuen, ikusirik krimen bat izan zela Ahetzen. Dokumentatua izanen zela espero nuen, baina ez, krimenari buruzko lotura bakarra gutun hori zen, aitak semeari idatzia. Ikertu behar hartan, notario baten gunean sartu nintzen.

Zein notario?

Martin Harismendy. Krimenari buruz zerbait topatu nahi nuen, eta ikerketan, gauza asko topatu nuen, tartean euskarazko dokumentuak. Xarles Videgain euskaltzainarekin jarri nintzen harremanetan, eta biziki ederra iruditu zitzaion. Loriatua zen, Xarles, kontent. Beste agiri batean, hauxe topatu nuen: “Betrikoeneko etxean Sabat de Behotazek egin zuen erreparazionea, espertatua eta estimatua izan da, Joannis de Hirigoyen, Donibanekoa eta Bernat de Goihetche Senpere xarpanter nausiez, jakitekotz erran den etxe hortan jadanik eginak izan direnak, eta oraino egin behar dena, zein baita aitzindegia etxe hortakoa zerratu beharra, adrailuz eta bi aldetarik palotatua eta inbokatua kastako morteroz, eta leiho eta partadura eta krisketa eta gainerako zerratzeko behar direnak, eginen dituelako promesaren azpian, erran den Sabat de Behotazek…” [Ortografia eguneratuan emana] Izigarria! Hiztegi aldetik ere aberatsa, jendeak orain galduak diren hitzak erabiltzen baitzituzten. Eta, horrela, buru-belarri sartu nintzen lanean.

Erran delako Martin Harismendy notarioaren agirietan, alegia.

1741ean hasi zen, eta lan egin zuen 1779ra arte. Harismendy hori Arbonakoa zen, etxe handiki batekoa, etxe handiko alaba batekin esposatu zena. 13.167 orrialde dira haren artxiboan, eta banan-banan denak ikusten hasi nintzen, ea zerbait berezia topatzen nuen. Gehienak frantsesez dira, nahiz badiren 164 orrialde euskaraz. Harismendyren agirietan ez ezik, beste zenbait notarioren artxiboak ere ikertu ditut. Dokumentuak frantsesez dira beti, baina barnean, eranskinak dituzte, “aktari lotuak” direla esanez. Ez dute dokumentua bera itzultzen, beste dokumentu bat sortzen baizik, eta zenbaitetan, funtsezkoa da euskarazko eranskin hori, hura gabe ez delako frantsesezko akta konprenitzen ahal.

Zer erakusten du horrek, zure ustetan?

Jendartea euskaldun elebakarra zen, eta nobleziari dagokionez, kasu harrigarririk ere bada. 2012an, Gervasio di Cesarek eta Kike Fernandez de Pinedok lan interesgarri bat argitaratu zuten Fontes [Linguae Vasconum] aldizkarian, non Aguraingo (Araba) familia noble bateko Mari Ochoa de Villanuevaren kasua aztertu baitzuten, 1571ko dokumentu batean oinarritua, esanez neska hark aitak bidalitako ahal bat konprenitu ahal izateko euskarazko itzultzailea behar izan zuela. Lapurdin, XVIII. mende erditsuan, noblezia barneko hizkuntza ohiturak ez ziren soilki frantsesarenak. Ez denetan, bederen. Noble batzuk euskal elebakar ziren. Mari Ochoa haren kasuaren gisakoa atzeman dugu Saran, 1741ean, Lehetea familian, hau da, XIX. mende arte Lapurdiko noble gorenetarik batean.

Hainbat agiri-multzo bildu dituzu: zor eta kitatzeak, adituen txostenak, aurrekontuak, inbentarioak, testamentuak, ezkontza-itunak, Senpereko oihanen kudeaketari buruzkoak… Zernahi gauza aipatzen da dokumentu horietan.

Bai. Gure ustez, euskal hizkuntzalaritzari buruzko ikuspegi berri bat erakusten du corpus honek. Eta, batere dudarik gabe, jendartearena ere. Euskara idatziak erabilpen zabal eta anitza du eta erabilpen hori nolabait notaritzen artean guziz onartua da: dokumentu anitz eta anitz notarioak berak agiriari berari eransten dio, “annexé au present acte” esanez. Gisa bereko bertze oharrak maiz agertzen dira agiri ofizialetan.

Argazkia: Zaldi Ero.

Zer diozu agiri horietako euskararen gainean?

Euskara hizkuntza bortxatua da idazki askotan. Frantsesak bortxatzen du, ez da dudarik. Euskarazko testu horiek kalkoz beteak dira, baina gaurko euskara bera dago kalkoz betea. Atzo Baionako Herriko Etxean izan nintzen eta bada metal-xafla bat eraikinari buruzkoa. Testua frantsesez egina da eta badira lau itzulpen. Euskarazkoak dio: “Gaur egun, antzokia eta herriko etxearen aterpetzen jarraitzen du”. Lotsagarria! Bertakoek erranen lukete sinpleki: “Eraikin honek aterpetzen ditu gaur egun ere antzokia eta udal administrazio-zerbitzuak”.

Kalkoez ari garelarik, zer dugu euskara “batuan”? Dena da jarrai. Espainierazko “continuar” ordaintzeko erabiltzen da edonon: “Bik oraindik ihes eginda jarraitzen dute”, pasartea ez da ulergarria hemengo gehienentzat”.

Euskara batuarekin ere kritiko zu, han-hemen idatzi duzunez.

Espainolkeriaz betea da oraingo euskara “batua”. Espainola jakin behar da euskara batua konprenitzeko. 31 eskutik blogean idatzi nuen horretaz, eta denek baietz, zuzen nintzela, baina gero… Euskara idatzia banaz bertze aski ona da, nahiz badiren petto handiak. Baina jende gehienak ez du irakurtzen euskara idatzia. Esatarien eta eztabaidetan partehartzaileen euskara entzuten du jendeak. Eta hedabide nazionalez ari naiz. Espainiar esamoldeen kalkoak gero eta gehiago erabiltzen dira, eta Euskaltzaindiak ez du horretaz ezer esaten. Eta hemengo jendeak bertako euskara ahantziz, “batua” omen den hori kopiatzen ari! Bateko faltan bota besteko hanka sartu, tokatu, kostako zaio eguzkia ateratzea, pena merezi du… Hori ez da euskara, hori da espainola, kalkoak, eta hemengo jendeak ez du konprenitzen.

Gazte zinelarik, Tolosan, bazen euskararen gaineko kezkarik?

Gu espainolez mintzatzen ginen etxean. Amak ez zekien, Argentinan sortua baitzen. Aitak euskaraz egiten zigun beti, eta uda pasatzen genuen Leaburun, Goiatzen, Gaztelun edo inguruko herri txiki batean. Han jendarte osoak egiten zuen euskaraz. Bigarren mintzaira izan dugu euskara. Maitatua, beti. Gogoratzen naiz 1947an, 10 urte nituela, etorri zela aita Kulixka Sortako liburu batekin: “Atera da euskarazko liburu bat!”. Gero, nire kasa, Euzko Gogoaren abonamendua egin nuen. Egan jasotzen genuen…

Euskaltzalea zu.

Beti. Orixek [Nikolas Ormaetxea] meza liburua egin zuelarik, erosi nuen. Kar, kar… Oso sinestuna nintzen orduan. Nik erosi, baina osaba Jesusek pagatu zidan. Euskaltzale eta abertzalea zen, baita haren emaztea ere, euskaraz hitz egiten zuen beti. Tolosan bazen euskal giroa, baina ez zen agerikoa. Gune batzuk baziren, Anjelatxo Arrueren inguruan, adibidez, antzerkia mugitzen baitzuen Anjelatxok bere alaba Mirentxu Moraizekin batean. Beste gune bat, kordimarianoak ziren, korazonistak. Bazuten parrokia, eta Santa Ageda korua ateratzen zuten urtero, gizonek egindako Santa Ageda, ez umetxoek. Inpresioa egiten zidan. Bestela, kalean ez zen batere entzuten, kuadrilla bat salbu. Eta gure kuadrillan ere beste lagun bat eta biok euskaraz ari ginen, kasik modu klandestinoan.

Modu klandestinoan kuadrillan?

Kuadrillak espainolez funtzionatzen zuen, baina bi edo hiru euskaraz ari ginen beti gure artean, ahal genuelarik.

Berandu gabe, lagunarte abertzale bateko kide izan zinen.

1957-58an, Ekinen sartu nintzenean, ETA bilakatu zen hartan, abertzale hitza zer zen ere ez nekien. Ni euskaltzale nintzen, euskaltzaletasunaren bidez heldu nintzen abertzaletasunera. Zirkulu itxi batean sartu nintzen behin, hara eraman ninduenak ez zekien euskaraz, eta errabia eman zidan. Hura politizatua zegoen, baina ez zekien euskaraz. Kontraesana zitzaidan, eta kontraesana zait orain ere.

Felix Arrieta atxilotu zuten lehenik. 1961eko uztailaren 18an, Añorgan trenbideko sabotajearekin batera, bandera espainolak erre zituzten Donostian.

Agindua zen, atxilotuz gero, atxilotuak egoerari bi egunez atxikitzea, besteak etxetik ihesi joan zitezen. Felixek eutsi zion, baina alferrik, inor ez zen etxetik kanpo joan. Kar, kar… Felix [Arrieta], uztailaren 18an harrapatu zuten, eta ni, berriz, uztailaren amaieran edo agorrilaren lehenean. Etxera etorri zitzaizkidan poliziak, Julio Eyararekin, Tolosako udaltzainburuarekin. Hark ekarri zituen gure etxera. Omen, gure aitaren laguna zen. Martutenen izan nintzen lehen, Carabanchelen gero, hainbatekin batera: Imanol Laspiur, Serafin Basauri, Rafa Albisu, Lizardiren seme Agirre, Julen Madariaga, Olaskoaga…

“Harismendyren agirietan ez ezik, beste zenbait notarioren artxiboak ere ikertu ditut. Dokumentuak frantsesez dira beti, baina barnean, eranskinak dituzte. Zenbaitetan, funtsezkoa da euskarazko eranskin hori, hura gabe ez delako frantsesezkoa konprenitzen ahal”. Argazkia: Zaldi Ero.

Zer diozu torturen gainean?

Felix gogotik hebaindu zuten, eta Imanol Laspiur. Belztuta ikusi nuen Imanol. Ni azkenetarik harrapatu ninduten, eta Carabanchelera iritsi nintzenean, hanka hautsita neukan. Kartzelara sartu eta gainerako preso guztiekin nahasi baino lehen, aparte edukitzen gintuzten iritsi berriak, eta Pontxo Iriarte, Agirre, Lopez de Lacalle eta laurok elkarrekin izan ginen. Azken kartzelaratuak ginen, eta kartzelara baino lehen ez nuen haiekin hartu-emanik. Iñaki Larramendirekin izan ezik.

Noiz irten zinen Carabancheletik?

Urtarrilaren hasieran [1962]. Orduko frankismo hura, modu batean, aski naif-a zen. Carabanchelen ziren zazpi kide “sumarisimo” deitu epaiketan jujatu zituzten, eta kondena handiak jaso zituzten: Rafa Albisuk, 20 urteko zigorra; Iñaki Larramendik, 10ekoa. Baina, esaterako, 1964. urtean libratu zuten Larramendi.

ETAkoak zineten?

1961etik gora, bai. Ordu arte, laino artean ginen denok. Gereka datorkit burura, zarauztarra. Gurekin etorriko ote zen, ez ote zen etorriko borrokan zebiltzan. Batzuek bazekiten adar bat baino gehiago zela abertzaleen artean. 1960an gauzak garbi zirela esango nuke. Kartzelatik irten eta 1962an alde honetara etorri nintzenean, dozena erdi iheslari ginen, ez gehiago, eta ni ETAkoa nintzen, ez da dudarik. Udan etorri nintzen, eta udazkenean lanean nintzen Hazparneko kolegioan. Beti egin dut lan. Baina ezagutu ditut bizitzan lanik inoiz egin ez dutenak ere. Ez dakit nola bizi izan diren urteetan eta urteetan lanik egin gabe, eta euskararik ere ikasi gabe. Ez dakit nola pasatzen ahal duten bizitza. Ez dira gehienak, baina badira batzuk.

Zer irakurketa egin duzu ETAren amaieraz?

Aspaldi egin nuen nire irakurketa. Ez nintzen ados Miguel Angel Blanco hiltzearekin. Kolpe ikaragarria izan zen. Baina, lehenago ere, kolpe ikaragarria izana zen [Anjel] Berazadi hiltzea, 1976an. Edo gameluak hiltzea, frogarik gabe. Berdin salatariak. Erditsuak ez ziren salatariak ere. Yoyesen heriotza-eta. Erakundeak beti eman ditu esplikazioak, dena esplikatua izan da, dena, baina ez dute balio. Niretzat, ez. Eta ez niretzat bakarrik. Zenbait ekintza agintzea ere. Presoak ez dira terrorista, baina ekintza terroristak egin dituzte, egin behar ez zirenak egin dituzte abertzale horiek, gudari horiek. Ekintza horiek agindu dituztenak, izan daitezen adar politikokoak edo militarrekoak, berdin zait, ez diote Euskal Herriari konturik eman behar?

Zer diozu orain, ETAren amaierarekin batera, Espainiako eta Frantziako gobernuen jarreraz, batzuen eta besteen barkamen eskatu beharrak eta beste?

Espainiak eta Frantziak Euskal Herria suntsitu nahi dute, euskara desagerraraziz. Ez da dudarik. Historiak erakusten du. Horretarako, zernahi erabiliko dute. Oraingo barkamen eskeak, diozu? Norberak egin behar duen gauza da hori. Batzuek egin dute, eta beste batzuek ez. Nire ustez, pertsonaren dohaina da hori, bi jarrerak zaizkit onargarriak.

Baiona

“Oso bortitza da Baionan bizitzea. Ez da euskara entzuten, ez bada gurea, edo gure ingurukoa. Badira abertzaleak, zeintzuek esaten duten behar genukeela abandonatu Baiona Euskal Herria den ideia. Behar dugu onartu: ‘Baiona ez da Euskal Herria’. Ez dut berdin pentsatzen, baina konprenitzen dut jende horien pentsamoldea”.
 

Hegoaldekoak

“Jakin nahiko nuke Hegoaldetik heldu den jendeak muga pasatu eta non uzten duen euskara. Hemen espainolez ari dira. Orain hogei urte ez zen horrela. Euskararen aldeko harrotasun handiagoa zen orduan. 1976an Tolosara itzuli nintzelarik lehen aldiz, jende askok egiten zuen euskaraz, eta harriturik nintzen. Berpizte bat izan zen. Orain ez dut horrelako ilusiorik topatzen, nahiz eta nire gazte denboran baino askoz euskara gehiago entzuten den Tolosan”.

Azken hitza: Utopia

“Badut ezagun bat, flandriarra, polizia komisarioa izana Bruselan. Frantsesez egina du bere bizitza guzia, baita haren emazteak ere. Orain erraten du urtetik urtera zailtasun gehiago duela frantsesez egiteko. Zendako? Ez du behar! Erretretan dago, Flandrian bizi da, flandriera baizik ez du mintzo jendeak, flandriera du bere hizkuntza bakarra. Hemen noizbait horrela gerta baledi, kontent ginateke!”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara batua
2023-06-09 | Eta Kitto
Manu Ertzilla eta Oskar Arantzabal
"Federico Krutwig Mendebaldeko kulturaren pertsona osoa zen"

Nabarralde Fundazioak Federico Krutwig Sagredoren bizitza, pentsaera eta lanak jasotzen dituen liburua argitaratu du. Krutwigen Lagunak elkarte edo kolektiboko 13 lagunek idatzi dute bertan, tartean Manu Ertzillak eta Oskar Arantzabal eibartarrak. Hain zuzen ere, bi hauek egongo... [+]


Euskara batuaren aldeko giza katea egin dute Errenteriatik Donostiara

"Batasunaren bidean" lelopean 8.000 lagun bildu dira eta 8.226 metrotan zehar euskara aldarrikatu dute. Ondoren, antolatzaileek egokitutako bost gunetan elkartu dira ikasleak. Arratsaldean ere jarraituko dute ekimenarekin eta euskara batuaren hamabost sustatzaile... [+]


Giza katea egingo dute Errenteriatik Donostiara, euskara batuari gorazarre egiteko

Martxoaren 24an izango da, eta 8.000 pertsonak emango diote eskua elkarri. Ikastolen Elkarteak eta Euskaltzaindiak antolatu dute ekimena. "Euskara batuak gure herriaren garapenean izan duen balioa" azpimarratu nahi dute, eta euskara batuaren sorrera bultzatu... [+]


2022-05-24 | ARGIA
Paskual Rekalde, euskaltzain osoa:
"Baztango euskara 'nafartzen' ari da eta gero eta euskara batuagoa egiten dute haurrek"

Paskual Rekalde euskaltzain osoak sarrera-hitzaldia egin du maiatzaren 23an bere sorterrian, Amaiurren. Hizkuntzalari hau 2020ko uztailaren 17an izendatu zuen euskaltzain oso Euskaltzaindiak, baina pandemia dela-eta urtebete atzeratu dute sarrera-hitzaldia. Bere hitzaldian,... [+]


Eguneraketa berriak daude