Batasun gatazkatsua, baina be(h)arrezkoa

  • Duela 50 urte, 1968ko urriaren 3, 4 eta 5ean, Euskaltzaindiak euskara eredu batua proposatu zuen Arantzazuko Batzarrean. Zeruko ARGIA hasieratik agertu zen euskara batzearen alde, astekarian idazten zuten guztiak iritzi berekoak izan ez arren, eta prozesuaren berri xehe-xehe eman zuen.


2018ko abuztuaren 22an - 11:04
Euskara batuaren aurkakoak gehien mindu zituena letra soil bat izan zen, euskalki gehienetan ahoskatu ere egiten ez den letra, h-a.

“Ez da erreza oraingo ontan nere lana. Gertakari inportanteen, eztabaida sakon eta luzeen berri laburra ematea ez da erreza. Bainan Arantzazun Urrillaren 3-an, 4-ean eta 5-ean gertatu ta esandakoak geroago ere idazlan ugarien iturburu izango diranez, apalki inpresio batzuk ematea besterik ez zaitela tokatzen iruditzen zait”. Hitz hauekin hasten da, duela 50 urte, euskara batua ofizialki sortu eta gero, Rikardo Arregik Zeruko ARGIAn idatzi zuen artikulua. Eta zuzen zegoen: handik aurrera asko idatziko zen gaiari buruz. Baina Arantzazuko Batzarraren aurretik ere gaiak zer idatzia eman zuen, bereziki 1968ko uda bero hartan.

Lehenago ere Zeruko ARGIAk hilero xehe-xehe ematen zuen Euskaltzaindiaren batzarretan eztabaidatu eta erabakitakoaren berri, akta kutsuko testuetan. Atzerako kontaketa hasi zenean, ordea, gaiari ia astero eman zioten tartea, euskara batzeko bileraren logistika arazoak ere jasotzeraino: “Bear bada, Oiñati’n, batzarkideak artzeko lekurik ez omen litzake arkituko, ta lenengo iru egunak Arantzazu’n egin ditezkela, diote. Ta azkeneko egunean Oiñati’ko Unibersidadean bukatuko lirake batzaldiok nausiki. Batzordea berriro arazo au aztertzekotan gelditzen da”, zioen ekaineko artikulu batek. Uztaileko testu batek, aldiz, Arantzazuko protagonistetako bati egiten zion jarraipena: “Mitxelena Koldo ere gure artean degu, Salamanka aldetik etorria. Onek kontuan jartzen gaitu, Oiñati’ko lana aurrez ongi zeaztua eramatea komeniko dala, an gauzak erabakitzen astirik alperrik galdu ez dezagun. Ala egitea erabakitzen da”.

Ermuko zina

Zenbait euskal idazlek behintzat ez zeukaten denbora alferrik galtzeko inongo intentziorik. Ekainaren 28tik 30era Ermuan bildu ziren eta Ermuko Zina izenpetu zuten euskara batuaren alde. Bildu baino lehen Literatura-batasuna izenburuko artikuluan argudiatu zuten jarrera hura: “Gure izkuntzak, gaurko munduan, eskolarik gabe, unibersidaderik gabe, jabetasunik gabe, ez radio, ez egunkari, ez zinema, ez telebista… ta beste hizkuntza indartsuagoak azpijanean ari dirala, ez du bizitza luzerik. Ta orrek beartzen gaitu bere bizitzaren alde artu genezazkean jokabideak aztertzera”. Eta batua euskalkien kalterako izango zela uste zutenei ere erantzun zieten: “Euskeraren enborretikako adarrak dira euskalkiak, ta adarrak sano izango baditu, enbor sendoa eta osasuntsua bear du. Euskera batuaren sendotasunak obeto gordeko ditu euskalkiak ere”.

Bildu ondorengo artikuluan, idazleak ez ziren metaforetan edo alferrikako protokolotan galdu; zehatz eta zuzen azaldu zituzten beren eskaerak (aginduak):

“Aditzaren batasuna bearrezkoa dala ikusten da. Orretarako batzorde bat sortzea eskatzen jako Euskaltzaindiari”.

“Euskal Erriko periodikueri, euskerazko sail bat sortu edo lengoa geituteko eskatuko jake”.

“H’ri buruz, Baionako erabagiak ontzat artzen dira. Monzon jaunari h’ren aldeko arrazoiak adieraztea eskatzen jako. Lafitte, Haritxelar eta Larzabal jauneri, h’a non eta noiz erabili bear dan azaltzea eskatzen jake”.

“Euskaltzaindiari eskatzen jako, Oñatiko batzarrean artzen direan erabagiak, alik lasterren Euskera bere aldizkarian separata baten atarateko, erriaren eta idazleen jakinbiderako”.

Inor mindu gabe?

Batzarraren bezperatan, zehazki 1968ko irailaren 29ko zenbakian, Euskaltzaindiak Ze batasunen bila gabiltzan izenburuko testua argitaratu zuen. Euskara batasun bidean jartzea “ezin-bestekoa, il-edo-bizikoa” zela azaltzen zuen testuak, baina abisu bat ere bazekarren: “Ez luke gai honetan inor mindu nahi Euskaltzaindiak, baina ezin diteke batasunera jo, inor –gerok lehenik gerala– mindu gabe”.

Ez zen urrutira joan behar horren adibide bat topatzeko. Hitzok Zeruko ARGIAren azalean jaso zituzten. Bada, aldizkariaren 3. orrialdean Gaztañaga abizenez sinatzen zuenak (Jesus Gaztañaga asteasuarra izango zen seguruenik) zera idatzi zuen “Kezkak” izeneko sailean: “Bildur naiz, mami gabeko gain-azal otz eta illa gertatuko ez ote dan Euskera bateratua”. Beste artikulu batean “euskerantoa”.

Gaztañagaren kezka nagusiak euskalkiak galtzea edota hizkuntza artifizial erabilezina sortzea ziren, baina, azkenean, euskara batuaren aurkakoak gehien mindu zituena letra soil bat izan zen, euskalki gehienetan ahoskatu ere egiten ez den letra. Arantzazuko batzarraren aurretik Zeruko ARGIAn gaiari buruz argitaratu zen azken artikulua Juan San Martin euskaltzainarena izan zen: “H euskerak berea duena ez dago dudarik. Literatura euskeraren batasunak euskera idatzian eta oraindik bizirik dauden euskalki guziak aintzat arturik izan bear du, eta bizirik daudenetan erabiltzen da oraindik H-a. Beraz, kentzeko, arrazoi aundiak bearko dira”.

H-a jartzeko, berriz, ez zen arrazoirik beharko, baina arauak eta denbora beharko ziren, h-aren aldekoek idatzitako testuok erakusten duten moduan.

Argazkian, 1968an Arantzazuko Biltzarrean parte hartu zuten kideak ageri dira.
Euskara batuak mende erdi, Euskaltzaindiak mende bete

Aurten Euskara Batuak 50 urte beteko ditu eta Euskaltzaindiak, aldiz, 100, 1918an Oñatiko Unibertsitatean egin zen Eusko Ikaskuntzako batzarrean erabaki baitzen euskararen akademia sortzea. Hortaz, euskara batua ofizialki erditzeko urtea eta herria, Oñati, ez zituzten deskuiduan aukeratu. Eta lehen ikusi dugu urteurrenaren omenez unibertsitatean bertan biltzen ahalegindu zirela, baina leku faltagatik Arantzazura aldatu zutela hitzordua.

Zeruko ARGIAk Arantzazuko Batzarraren berri eman zuenean ere urteurren hura aintzat hartu zuen: “Euskeraren batasuna Euskaltzaindiaren urre ezteietan” zioen titular nagusiak, urriaren 13ko zenbakian. Aldizkari horrek azalean Mexikoko Joko Olinpikoak zituen hizpide, baina Arantzazukoak hartu zuen kontrazal guztia. Rikardo Arregik idatzitako artikulu eta elkarrizketak jaso ziren bertan. Lehenik, batzarraren kronika egin zuen andoaindarrak: “Kasikan ehun izan ginen bildutakoak, Euskal Herri guztitik. Era guztietakoak: apaizak, praileak, monjak, emakumeak, andereñoak, gazteak etab.”.

Ondoren orduko euskaltzainburuari elkarrizketa egin zion Arregik. Egun horietan eta giro horretan inork gutxik egingo zuen zalantza noren eskutan zegoen kargua eta beharbada horregatik, kazetariak ez zuen haren izen osoa aipatu elkarrizketa osoan. Galdera batean “Don Manuel” esaten zion eta haren aurpegiaren marrazki bat ere bazegoen. Horrela, erraza zen Manuel Lekuonaz ari zela ondorioztatzea. Elkarrizketatzaileak Lekuona gaztea 50 urte lehenago Oñatin lehen batzarkideen artean zegoela gogorarazi zien irakurleei eta hark “batasunaren kezka au Euskaltzaindiak asiera asieratik izan” zuela berretsi zuen. Batasuna hizkuntza idatzian egingo zela nabarmendu zuen eta, hortaz, batasunerako bide nagusiak idazleak eta irakasleak izango zirela. Eta azken erantzunean prozesuaren protagonista isila ezin aipatu gabe utzi: “Batzarreko gauzarik arriskutsuena, kezka ta bildur gehiena altxa zituena, H-rena zen. Eztabaida une batzutan gogor xamarra izan baldin bada ere, ez da izan bildur zen bezain gogorra ta penagarria”.

Aldamenean Koldo Mitxelenari egindako elkarrizketa zegoen, hura ere erretratu eder batez hornitua. Batuaren beharra azpimarratzeko ebakuntzaren metafora erabili zuen hizkuntzalariak: “Operazioa zer den badakit neronek pasa nuelako orain berriro. Operazio batean, diotenez, arrisku pixkaren bat badago baino askotan, gehienetan, medikuek behar aina kontzientzia dutenetan beintzat, operazioa ez dute agintzen ezin bestean baizik; eta nik uste dut ortan gerala. Arriskua dugu operazioan, baino arriskua dugu, eta, nere ustez, askotaz ere arrisku gehiago, operazioa ez egitean”.

Horrez guztiaz gain, “Entzundakoak” izenburuko ataltxo batean batzarkideei entzundako zenbait harribitxi ere jaso zituzten. Aita Plazido Mujikak zera bota omen zuen: “H-rekin ez dezagun indioarena egin”. Ezustekoa Piarres Lafittek eman zuen; Iparraldekoa izanik h-aren alde egongo zela pentsa genezake, baina “nik ez nuke h-rik erabiliko, gure aldean emendik laisterra ez baida h-rekin idatziko zeren eta euskera gero ta gutxiago idatziko da Ipar Euskal Herrian; ez gaitezen lotu galtzera dijoan ontziari”. Koldo Mitxelena sakon mintzatu zen: “Beste arrazoirik ez badute ere gazteak ba dute gainontzeko guztiak menderatzen dituen arrazoi biologikoa”. Eta, azkenik, Piarres Xarritonek ziplada gazia bota zien batzarkide batzuei: “Euskera batua bezela gipuzkera eskatzen dutenei galdetuko nieke ea gipuzkera ortan inperialismoa h-rekin edo h gabe idazten den”.

Hurrengo zenbakian, Euskaltzaindiak berak sinatu zuen artikuluan, batzarraren elkarlanerako gogoa eta borondate hona nabarmendu zuen akademiak eta “Arantzazun izan diren eta ez diren euskaltzaleak argibide bat izan dezaten, Euskaltzaindiak geroago eta astiroago argitarako dituen erabaki eta lanen aurrerapena agertu nahi du orain”. Eta ondoren morfologian, lexikoan eta ortografian egin beharreko lanak zehaztu zituen, nola ez, h-ari aipamen berezia eginez: “H-ren hauzian (sic), izan diren iritziak entzun ondoan, erdi-bide bat aukeratu du hasteko: alegia, begi onez ikusiko lukeala Euskaltzaindiak letra hori bi bokal berdin nahiz ezberdinen artean erabiltzen hastea”.

Idazleen Ermuko Zina:
“Gure izkuntzak, gaurko munduan, eskolarik gabe, unibersidaderik gabe, jabetasunik gabe, ez radio, ez egunkari, ez zinema, ez telebista… ta beste hizkuntza indartsuagoak azpijanean ari dirala, ez du bizitza luzerik. Ta orrek beartzen gaitu bere bizitzaren alde artu genezazkean jokabideak aztertzera”

Handik hilabete ingurura, zehazki Lourdes Iriondo eta Xabier Lete ezkondu zirela zioen albistearen gainean, Euskaltzaindiaren agiri horren zati nagusia berriro argitaratu zen, hitzez hitz (eta letraz letra, “hauziak” oraindik ez baitzuen h-a galdu).

Euskara batuaren lehen ajeak

1968. urtearen amaieran Arantzazuko Batzarraren oihartzunak oraindik tokia zuen Zeruko ARGIAn. Abenduan Xabier Gereñok Piarres Lafitteren h-aren aurkako jarreraz jardun zuen. Handik astebetera, Gabriel Arestik batasun prozesuaren gipuzkoa-zentrismoaz zeukan iritzi praktikoa azaldu zuen: “Nire ustez Gipuzkoa’ko berboa hartu beharko da hasieran, eta aurrerago Bizkai’kora eta Lapurdi’kora jo. Gipuzkoa’koa zabalduago dago, baña beste biak dira aberatsagoak”.

1969ko otsailean Karlos Santamaria Euskaltzaindiako lantalde bat prestatzen ari zen “batasun hiztegiaren” lehen zatiaz aritu zen, eta urtea amaitu baino lehen hiztegi osoa kalean izango zela aurreikusi zuen, baikor. Baina artikuluaren hasieran zera zioen matematikari donostiarrak: “Bada garaia –idazten zuen, orain, Hirureta jaunak– euskeraren batasunari oztopoak ezartzen diozkatenak, euskeraren etsai konsideratzeko”. Eta zera gaineratu zuen: “Egia esan, oso gutxi dira batasunaren kontra agirian daudenak”. Bada, horietako bat agerian zeukan, ondo-ondoan; artikulua astekariaren 3. orrialdean argitaratu zen eta ezkerrean, 2. orrialdean, ohi zuen bezala, Inazio Eizmendi Basarrik gipuzkeraz idatzi zuen, batuari muzin eginez, eta hala jarraituko zuen luzaroan.

Bestela, urak lehengo arrastora sartu ziren pixkanaka eta astekarian Euskaltzaindiaren hileroko bileren aktak jaso ziren berriro. Batuaren bidea apurka-apurka nola urratzen zen ikus daiteke testu horietan. Batzuetan, adostasuna lagun: “Gereño jaunak asteko egunen izenak ere aukeratzea komeniko zala esan zuan. Eta ala egitekotan gelditu ziran”. Beste batzuetan ezadostasunak nola edo hala gaindituz: “Kintana eta Etxahun jaunak Euskaltzaindiak onartu dituan illabeteen izenen kontra idatzi digute. Eztira ontzat eman bi auen esanak”. Beste auzi batzuk gainditzea gehiago kostako zen.

Geroak argituko du zerualdea

1972ko urriaren 8an, Zeruko ARGIAn idazten zutenek bilera egin zuten astekarian batuaren erabilera bultzatzeko. Basarri han zen eta ez zuen ez batuari buruzko iritzia ez idazteko modua aldatu. Baina etorkizunera begira, hausnarketa nahiko baikorra egin zuen: “Milla bider esanak gera, ta bijoa bein da berriro: jorra dezala bakoitzak bere baratza al duen modurik onenean, naste-borraste onek irauten duen artean. Denborarekin urak etorriko dira beren bidera. Orduan konturatuko gera uskeri batzuren truke zenbat xixtrinkeri izan dan gure artean. Geroak argituko du orain ain illun ikusten degun zerualdea”.

 

Oinarria Baionan

Euskara batuaren sorrera ofiziala duela mende erdi izan zen, baina oinarriak lehenago jarri ziren. Bultzatzaile nagusietakoa izan zen Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi (edo Goienetxe, Larresoro, Igara, Usako, Aloña, Harribizketa, Atorrasagasti… izengoiti horiek guztiak erabili baitzituen idazleak Zeruko ARGIAko idatziak sinatzeko).

2005ean, ARGIAren 2.000 zenbakiaren aitzakian, Txillardegik garai horiek gogoratu zituen: “Maila pertsonalean urte zail mordo bat jasan nuen. Euskara Batuaren alde Euskaltzaindiak garabidean urratsik ematen ez zuela-eta, dimisioa eman nuen 1963ko irailean”.

Baionan Euskal Idazkaritza sortu zuen urte hartantxe. Jesus Maria Bilbao, Jean-Louis Davant, Roger Iriart, Eneko Irigarai, Telesforo Monzon eta Jesus Solaunekin biltzen zen Sokagileen karrikako 14.ean. “Eta 1964an oinarri batzuk prestatu genituen, handik lau urtetara Mitxelenak onetsiak. Bai ARGIAk eta bai Anaitasunak sostengu osoa eman zieten hasieratik Batuaren aldeko urrats guztiei”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara batua
2023-06-09 | Eta Kitto
Manu Ertzilla eta Oskar Arantzabal
"Federico Krutwig Mendebaldeko kulturaren pertsona osoa zen"

Nabarralde Fundazioak Federico Krutwig Sagredoren bizitza, pentsaera eta lanak jasotzen dituen liburua argitaratu du. Krutwigen Lagunak elkarte edo kolektiboko 13 lagunek idatzi dute bertan, tartean Manu Ertzillak eta Oskar Arantzabal eibartarrak. Hain zuzen ere, bi hauek egongo... [+]


Euskara batuaren aldeko giza katea egin dute Errenteriatik Donostiara

"Batasunaren bidean" lelopean 8.000 lagun bildu dira eta 8.226 metrotan zehar euskara aldarrikatu dute. Ondoren, antolatzaileek egokitutako bost gunetan elkartu dira ikasleak. Arratsaldean ere jarraituko dute ekimenarekin eta euskara batuaren hamabost sustatzaile... [+]


Giza katea egingo dute Errenteriatik Donostiara, euskara batuari gorazarre egiteko

Martxoaren 24an izango da, eta 8.000 pertsonak emango diote eskua elkarri. Ikastolen Elkarteak eta Euskaltzaindiak antolatu dute ekimena. "Euskara batuak gure herriaren garapenean izan duen balioa" azpimarratu nahi dute, eta euskara batuaren sorrera bultzatu... [+]


2022-05-24 | ARGIA
Paskual Rekalde, euskaltzain osoa:
"Baztango euskara 'nafartzen' ari da eta gero eta euskara batuagoa egiten dute haurrek"

Paskual Rekalde euskaltzain osoak sarrera-hitzaldia egin du maiatzaren 23an bere sorterrian, Amaiurren. Hizkuntzalari hau 2020ko uztailaren 17an izendatu zuen euskaltzain oso Euskaltzaindiak, baina pandemia dela-eta urtebete atzeratu dute sarrera-hitzaldia. Bere hitzaldian,... [+]


Eguneraketa berriak daude