"Euskara mitifikatu dugu, komunikatzeko balio duen hizkuntza ez balitz bezala"

  • Euskaraz gain, frantsesez, ingelesez, gaztelaniaz, portugesez eta galegoz egiteko gai da 24 urteko marseillarra (Frantzia). Urte eta erdian ikasitako euskarari esker kazetari lanetan ari da Iruñean. Nerabea zenean ingelesa menperatzea zen bere ametsa. Orain, Aljeriatik Frantziara migratutako gurasoek arabiera eta amazigera irakatsi ez izanaren pena du. Dena den, inoiz ez da beranduegi “arbasoen historia berridazteko”.

Argazkia: Mikel Urabaien.
Argazkia: Mikel Urabaien.

Oraingoz bederen, ez dio Afrikako hizkuntzak ikasteari ekin, baizik eta euskarari, amonaren jatorrizko hizkuntzari, alegia. Carmen Landa Garmendiak 1962an frankismotik ihes egin zuen 21 urterekin eta Aljerren joskintza izan zuen bizibide. 58 urte geroago amona-bilobak lehenengo aldiz euskaraz mintzatu ziren telefonoz. Amona harro dago bilobak familiaren historia josi duelako. Hizkuntzaren jostun gazteak, berriz, haria eta jostorratza hartu eta euskal gizartea batzen lagundu nahiko luke orain, edo behintzat, euskaraz biziz hiztun kopuruari bat gehitu. Ez da erronka makala, baina puntada arrakastatsua izan da: duela urte eta erdi iritsi zen Euskal Herrira eta Ahotsa.info eta Hordago-El Salto-n ari da kazetari lanetan. Amets amerikar madarikatua ordezkatu du eta orain euskaraz amesten hasi da.

Zein hizkuntza entzuten zen Marseillako zuen etxean?

Frantsesa gehienbat. Egia da nahasketa berezia zegoela. Nire gurasoak arabieraz ere mintzatzen dira eta beste senide batzuekin gaztelaniaz hitz egiten genuen.

Zer dela eta gaztelaniaz?

Nire lehengusinak Alacanten [Herrialde Katalanak] bizi zirelako. Hara joaten ginen udatan eta beraien hizkuntza ikasteko grina sortu zitzaidan.

Hainbat lekutan bizi izan zara. Bizilekuak hizkuntzaren arabera erabaki dituzu, alegia, bertako hizkuntzara ohitzeko?

Bai, baina ñabardura batekin: ingelesa praktikatzera Eskoziara joan nintzen eta gaztelaniara ohitzeko Salamancara; ondoren, Galizian, nire pentsamoldea pixka bat aldatu zen. Han gaztelania jakinik eroso bizitzeko aukera neukan; hala ere, joan aurretik galego eskolak jasotzeko izena eman nuen, argi neukalako hizkuntza txiki baten hiztunen errealitatea barrutik ezagutu nahi nuela.

Katalanari eta euskarari  heldu diezu geroztik. Zergatik hartu duzu hizkuntza minorizatuak ikasteko erabakia?

Bertako hizkuntzei ez ikusia egitea tokian tokiko errealitateari uko egitea delako. Gogoan dut 16 urterekin ingelesa ondo ikastea zela benetan ilusioa egiten zidana, gaur egun gazte gehienei gertatzen zaien moduan. Politikariak horretaz aprobetxatzen dira ingelesezko PAI hezkuntza sistema kaskarra saltzeko eta euskara zokoratzeko.

"Batzuetan beharrezkoa da erdarakadak onartzea hiztun berriek hizkuntza batetik bertzera trantsizioa egin dezaten"

Horretaz demagogia egin ahal izateko herritarren onespena behar da. Zergatik onartzen dugu hori guztia?

AEBetako bizimoduaren ametsa buruan sarturik dugulako. Gainera, atzerrira bidaiatu nahi dugu, baina tokiarekin gehiegizko harremana izan gabe. Horregatik daude hegaldiak geroz eta merkeago.

Zuk pentsamolde horri buelta eman diozu. Noiz piztu zitzaizun bidaiatu eta beste hizkuntzak ezagutzeko interesa?

20 urte nituenean eta komunikabideen bitartez Kataluniako prozesu independentistak hizkuntzarekin zeukan lotura ikusi nuenean. Frantziako Estatuak hizkuntza ofizial bakarra dauka, frantsesa; espainiarrak, aldiz, gaztelaniaz gain beste batzuk onartzen ditu. Desberdintasun horrek interesa piztu zidan.

Zertan datza diferentzia hori praktikan?

Hizkuntza administrazioan erabiltzeak gauza anitz aldatzen ditu. Bestela, hizkuntza ikusezin bihurtzen da eta gutxika galtzen doa. Argi ikusten da euskaldunak sekulako esfortzua egiten ari direla beraien hizkuntza zabaltzeko eta penagarria da erabaki politikoek gizartearen nahiari jarraipenik ez ematea. Dena den, oso agerikoak diren eskubide urraketez aparte, ofizialtasun ezak bizitzaren edozein xehetasunetan izan dezakeen eraginaz jabetzeko duela gutxi sare sozialetan ikusi nuen adibidea etorri zait burura: Pertsona batek konfinamenduan kalera atera ahal izateko baimena euskaraz idatzita edukitzeko aukerarik ba al zegoen galdetu zuen eta idazle frantziar batek bere baimena latinez idatzirik izan nahi zuela erantzun zion...

Carmen Landa Garmendia Yasmine Khris Maansriren amona da, usurbildarra. 1962an, frankismo betean alde egin zuen Aljeriara 21 urte zituela. Bilobak euskara ikasi duenez hizkuntza horretan telefonoz aritzeko aukera izan dute.

Galdetzaileari iseka egiteko asmoz, alegia.

Noski! Gainera, erantzunak ikusita, ofizialtasun ezak mespretxua normalizatzea eragiten duela esango nuke.

Mespretxua, edo kasurik onenean, folklorea.

Ipar Euskal Herrian folklorea gauza orotan dago: arkitekturan, ikurretan… Esate baterako, duela gutxi Ezpeletan egon nintzen eta dena lauburuz beteta ikusi nuen. Hizkuntzarekin gauza bera gertatzen denez, euskara idealizatuta dagoela dirudi, baina instituzioetatik ez du inolako babesik jasotzen. Dena den, hein batean, Hego Euskal Herrian ere horixe bera gertatzen da.

Nola?

Denok ezagutzen dugu hainbeste zabaldu den euskal hitz politen jatorriaren inguruko gaztelaniazko bideoa. Ondo dago lehen pauso bezala euskara zabaltzeko, hau da, hasiera batean Espainiako Estatuko beste lekuetako bizilagunak gure hizkuntzara erakartzeko eta interesa pizteko. Baina bideoa hainbestetan errepikatzeak zera esan nahi du: euskara eremu sakratuan utzi dugula, eta hortaz, ukiezin bihurtu. Azken finean, mitifikatu dugu, komunikatzeko balio duen hizkuntza bizia ez balitz bezala. Horregatik, euskara gizartean jostea da euskaldunon ardura, ondoren kanpora zabaldu ahal izateko.

Ez al gara hizkuntzaren folklorizazio horren konplize bihurtzen mezu bera gaztelaniaz edo frantsesez eta ondoren euskaraz idazten dugunean, alderantziz edo hizkuntza bakarrean jarri ordez?

Ados nago. Arazoa da euskaraz ikusitakoan jendea mintzen dela; euskara hutsean badago ez dutelako ulertzen, eta euskara aurretik jarri bada inposaketa gora eta behera hasten dira.

Zer esanik ez Nafarroan…

Bai, eta ez bakarrik oso agerikoa denean, adibidez euskarafobia duten horien artean. Ahotsa.info-ko bideoez askotan jasotzen ditugu haserre dauden pertsonen komentarioak, zera esanez: “Ez dut ulertzen, jar ezazue gaztelaniaz”. Baina ez al dituzte jadanik nahi bezain beste komunikabide gaztelaniaz?

Azpitituluak: alde edo kontra?

Komunikazioaren munduan ukaezina da publikoa kontuan hartu behar dela, baina komunikatzaile euskaldunon esku dago euskarari lehentasuna ematea edo gaztelaniaren bitartez jende gehiagorengana heltzen saiatzea. Ahotsa.info-n Nafarroa osoari zuzendu nahi gatzaizkio, eta noski, honen inguruko eztabaida izan dugu.

Argazkia: Mikel Urabaien.

Azkenean, batzuetan euskara eta beste batzuetan gaztelania erabiltzea erabaki zenuten.

Bai. Euskarazko bideoak gaztelaniara itzuliko bagenitu, alderantzizkoa ere egin beharko genuke. Baina, noski, Nafarroako euskaldun guztiek gaztelania jakin badakite, beraz, horrek ez dauka zentzurik. Kontua da guk uste dugula etorkizunean gaztelaniaz dakiten nafar guztiek euskara jakin beharko luketela eta azpitituluak ez doaz norabide horretan. Hori da gure erronka. Azpitituluak eskatu baino gehiago exijitzen dituzten horiei esango nieke beste edozein komunikabidetara jotzeko, ez baikaude derrigortuta dena itzultzera.

Eskaintza ez da murritza, gainera.

Edukian hamaika aukera dago; ez, ordea, euskal munduan. ETB1 pizten dudanean saio batzuk lotsagarriak iruditzen zaizkit. Ez dut uste euskaldun guztion beharrak asetzen dituenik, inondik inora.

AdibIderik jar zenezake?

Koronabirusaren berri ematerakoan, esate baterako. Lehenengo luze eta zabal EAEko egoerari buruz informatzen gaituzte; gero, Nafarroari buruz; eta, azkenik, astirik baldin badago, Ipar Euskal Herriari buruz labur-labur. Frantziako Gobernuak konfinamendua ezarri zuenean ere, Teleberrian hogei minutu baino gehiago itxaron behar izan genuen. Argi eta garbi uzten du erabateko nazio ikuspuntu falta.

Azkenaldian euskara batuaren eta euskalkien inguruko eztabaida zabaldu da.

Amonarekin euskaraz hitz egin nuen lehen aldia oso hunkigarria izan zen biontzat, eta bera oso harro dago nitaz. Niretzako zaila da Usurbilgo bere euskara itxia erabat ulertzea, baina elkarrekin mintza gaitezke. Ikaragarria iruditzen zait gaztetatik Aljerren bizi izanik ere, bere ama hizkuntza ederki gogoratzea. Gainera, frantsesa eta gaztelania menperatzen ditu eta arabieraz moldatzen da. Bestalde, pena ematen dit bere euskara mailaz gutxiagotasun konplexua duelako. Nire euskara berea baino askoz politagoa eta garbiagoa zela esan zidan.

Orain badirudi preseski batua dagoela gutxietsia.

Bai, sormen artifizial hutsa dela diote. Nire amona ez da konturatzen gaur egun bere euskalkiak nortasun handia daukala. Berak frankismo garaiko mespretxua jasan zuen, eta orain, ordea, euskal munduan batuarekiko gutxiespena zabaltzen ari da, baita beste hizkuntza askotan ere. Ukaezina da euskara batuaren beharra, euskalkiak babestea ezinbestekoa den bezalaxe. Horrelako liskarrek banatzen gaituzte, baita euskaldunberri eta euskaldunzahar kontzeptuek ere. Iruditzen zait euskaldunok eztabaidatzeko arazo handiagoak baditugula. Esan bezala, folkloreak edo mitifikazioak ez digute ikaste prozesuan gaudenoi inolako onurarik egiten, eta askotan, euskaldunzahar gutxi batzuen jarrerak ere ez.

Zuzenketengatik?

Nolakoak diren. Zerbait gaizki esan badut zuzen nazazu eta eskertuko dizut, baina ez zaitez purista izan.

Non dago muga?

Erdarakadatan. Batzuetan beharrezkoa da horiek onartzea hiztun berriek hizkuntza batetik bertzera trantsizioa egin dezaten. Ez da hizkuntza pururik existitzen, hura bizirik baldin badago behintzat.

Zuk jada trantsizioa gainditu duzu.

Pasa den astean euskaraz amestu nuen! Ez nuen espero eta asko poztu ninduen. Horrek esan nahi du euskaraz pentsatzeko gai naizela.

Zein hizkuntzatan pentsatzen duzu normalean?

Frantsesez, baina egia da batzuetan gaztelaniazko esamoldeak sartzen ditudala, baita amarekin hitz egiterakoan ere.
Euskaran erabat murgilduta zaudela esan zenezake?
Bidean naiz, baina oraindik ez.

Zure burua euskara ikasleen eredutzat duzu?

Egia esateko goraipamenaz pixka bat nekatuta nago. Noski, pozik eta harro nago, baina uste dut nire kasua eredu gisa hartzea kaltegarria izan daitekeela. Izan ere, nire lanerako onuragarria izan da euskara ikastea eta halaxe izan beharko luke guztientzat. Zoritxarrez, orokorrean ez da horrela eta ahalegin handia egin behar da Iruñean bertan euskara ikasi ahal izateko. Gainera, tituluak ondo daude, baina euskaraz bizi nahi dugu eta oztopo gehiegi ditugu. Horregatik, beldurra ematen dit ez ote diegun gehiegi eskatuko euskara ikasten ari direnei ni eredutzat jarriz. Norbanakoen esperientzia ikaragarriak miretsi baino gehiago, Euskaraldia eta Errigora bezalako proiektu kolektiboak bultzatzeko batu behar ditugu indarrak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskararen erabilera
Jaime Altuna. EHU-ko irakaslea eta ikerlaria
"Euskararen auzia nerabeena baino gehiago da helduena"

Jaime Altunak Hizkuntzaren funanbulistak. Hizkuntza-sozializazioa kirol eremuan adin eta generoan ardaztuta doktoretza tesia uztailean bukatu du. Gaiaren ezagutza sakonetik eta aurrez beste ikerlariek idatzitakotik hurbildu da begirada berezi bezain zorrotzaz Gipuzkoako zenbait... [+]


Biarritzeko turismo-audiogidetan euskararen arrastorik ez

Audiogidak frantsezez, alemanez, ingelesez eta gaztelaniaz daude. Biarritzeko turismo bulegoko zuzendari Genevieve Fontainek argudiatu du euskara ez dela “berehalako eskarietako bat”.


Jon Zapata, 'Haurren aurrean helduok heldu' ekimenaren koordinatzailea
“Haurrek ulertzen dute euskara haurren hizkuntza izanen dela”

Haurren aurrean helduok heldu ekimena urriaren 19tik 29ra egingo da Hego Euskal Herriko 80 herritan. Protagonistak, batez ere, gurasoak izango dira eta bi helburu azpimarratu ditu Euskaltzaleen Topagunea antolatzaileak: batetik, gurasoek hizkuntza ohiturak aldatzeko pausoak... [+]


Iñigo Urrutia
"Gaztelania eta frantsesa armen bidez inposatu zituzten Euskal Herrian"

Euskarafobia legalaren historia legez lege eta arauez arau aztertu du Iñigo Urrutiak (1966, Jatabe-Maruri), Xabier Irujorekin batera. Horren emaitza da Historia Jurídica de la Lengua Vasca (1789-2023) liburu mardula. Irujo atzerrian zegoenez, Urrutiarekin mintzatu... [+]


Eguneraketa berriak daude