"Federico Krutwig Mendebaldeko kulturaren pertsona osoa zen"

  • Nabarralde Fundazioak Federico Krutwig Sagredoren bizitza, pentsaera eta lanak jasotzen dituen liburua argitaratu du. Krutwigen Lagunak elkarte edo kolektiboko 13 lagunek idatzi dute bertan, tartean Manu Ertzillak eta Oskar Arantzabal eibartarrak. Hain zuzen ere, bi hauek egongo dira datorren eguaztenean, 19:00etan, Kultun Krutwigen inguruko dokumentala eskaini eta bere inguruan berba egiteko.

Artikulu hau CC BY-SA 2.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2023ko ekainaren 09an - 07:01
Azken eguneraketa: 10:01

Idazlea, politikaria, poliglota eta poliedrikoa. Errenazimenduko gizona. Federico Krutwig Euskal Herriak XX. mendean izan duen pertsonaia nabarmenetariko bat izan da eta, hala ere, Ertzillak eta Arantzabalek dioten moduan, “45 urtez azpikoek ia ez dute ezagutzen”.

Ezagutzen ez dutenentzat, nor izan zen Federico Krutwig?

ERTZILLA: Krutwig Getxon jaio zen, 1921ean, familia erdi burges batean. Aita alemaniarra zen, I Mundu Gerran Koloniatik etorria. Bilbon finkatu zen eta makinariaren salerosketan ibili zen. Federicok Frantses Eskolan ikasi zuen lehenik, Aleman Eskolan gero eta, ondoren, Deustun ekonomia ikasi zuen. Umetatik pentsatu zuen bizitza laburra ela eta ikasi eta ikasi egin behar dela. Esaten zuen 10-12 ordu pasatzen zituela irakurtzen, baina aitari ez zitzaion gustatzen, nahiago zuen komertziantea izan zedin, eta aitak ikus ez zezan, ohepean sartzen zen irakurtzera.

ARANTZABAL: Bestetik, familiaren txoferra euskalduna zenez, hortik piztu zitzaion hizkuntza ikasteko grina. Euskaldun berria zen.

ERTZILLA: Erraztasun handia zuen hizkuntzetarako, baina erraztasuna izanagatik ere, bitxia zen edozein hizkuntzatan eginda ere, beti sintaxi berbera erabiltzen zuela. Nolabaiteko tranpa da hizkuntzak ikasteko. 23 urte ingururekin Azkuerekin egin zuen bat eta hori izan zen euskal mundura pasatzeko tranpolin handiena. Azkuek, hil baino lehen, enkargu bat laga zion: Euskaltzaindia antolatzea. Izan ere, gerraren ondorioz, euskaltzain asko kanpoan bizi ziren eta biltzarrak egiteko kuoruma falta zen. Horretan ari zela, Luis Villasante sartu zuen Euskaltzaindian. Normalean, norbait sartzen denean, barruko batek hitzaldia egiten du eta sartzen denak berdin, eta Federicok eman zuen hitzaldia Bizkaiko Diputazioan. 1952. urtea zen. Hitzaldian elizaren kontra sartu zen euskararen aurka zihoalako eta abar, argumentu eklesiastikoak erabiliz, eta zeharka, erregimenaren kontra ere sartu zen. Gauzak horrela, Hego Euskal Herritik alde egin behar izan zuen.

27 urterekin Euskaltzain izendatu zuten eta “euskara abarketatik atera” behar zela aipatu zuen. Zer esan nahi zuen horrekin?

ARANTZABAL: Adibidez, kritikatzen zuen elizak ez zuela meza euskaraz ematen eta hori sinestunen aurkako zerbait zela. Manuk ez du aipatu, baina behin galdetu zioten ea zenbat hizkuntza zekizkien, eta berak ere ez zekien kopurua zein zen. 15 edo 20 izan zitezkeen. Hizkuntza batzuk, sumeriera eta pertsiera klasikoa, adibidez, hilda zeuden eta, ez zuenez norekin praktikatu, ez zekien hizkuntza menperatzen zuen ala ez.

ERTZILLA: Galderari erantzunez, Federico mendebaldeko kulturaren pertsona osoa zen. Arteta margolariak euskaldunak aurpegi argalarekin eta abar margotzen zituen. “Hauek munstro batzuk dira”, zioen Krutwigek, “hauek margotzea ez da euskaldunen alde egitea, euskaldunak difamatzea baizik”. Bere ustez, euskalduna konturatu behar zen kultura bat behar zela eta horri bere hizkuntza eman behar zaiola. Eta hizkuntza eman behar zaionez gero, “hizkuntza nola dago?”, galdetzen zuen. Hasieran bizkaiera sabinistan idazten hasi zen arren, berehala konturatu zen ezin zela horrela idatzi, euskal literatur tradizioari jarraituz baizik. Hau da, lapurteraz. Lapurterak badu maila bat beste dialektoek ez dutena eta bere iritziz hori hartu behar zen eta hortik hasi gauzak guztiak egiten.

ARANTZABAL: Federico oso pertsona humanista zen. Errenazimenduko jakintsu horietako bat. Argazkilaritzan ere oso ona zen, baita margolari moduan ere. Orduan, konturatu zen Europako herri gehienek Errenazimendu kultural bat egin zutela. Alemaniako batasuna Luteroren Bibliari esker iritsi zen, eta berak eredu hori erabiltzen zuen: “Berdina egin beharko genuke herri kulto bat izateko”.

Manu, zuk euskara klasikoa lantzeko lantaldean parte hartu zenuen Federicorekin. Nolako jarduna izan zen?

ERTZILLA: Krutwigek ez zuen proposatzen orain Lizarragarengana bueltatu behar garenik. Ez. Lizarraga hartu eta aktualizatu egin behar zela baizik. Federicorentzat euskara batua eginda zegoen. Hartu hori, aktualizatu eta kitto. Baina bera kanpoan zegoen eta ezin izan zuen askorik egin Koldo Mitxelenaren proposamenaren aurrean. Honek gipuzkera proposatu zuen euskara baturako. Gipuzkera eta lapurtera ez dira bi hizkuntza ezberdin, ezberdintasun txikiak daude, baina sintaxian badu bere pisua, batez ere literatura egiteko eta testu luzeak idazteko orduan. Klasikoek hori egina dute. Hau da, egina dute Errenazimenduan beste hizkuntzetan egin zen berbera. Hauek latina eta grekoa oinarri moduan hartu eta kopiatu egin zuten. Hain dira kopia, non frantsesak ez du behar latina zertan ikasi, txertatuta duelako, eta ingelesak eta alemanak berdin. Euskarak ez du hori eginda. Federicok ez zuen esaten, baina zera pentsatzen zuen: “Gure kalamitatea da ez garela hortaz konturatzen”. Euskarak ez du hori guztia barruan sartuta. Alegia, Errenazimendutik honakoa, mundu modernoa, euskarak ez du egin, euskaldunek ez dute hizkuntzan txertatu, eta besteek bai. Beraz, 400 urteko desfasea dago hor.

Desfase hori ezin da salbatu?

ERTZILLA: Bai, baldin eta hortaz konturatzen bagara. Hedabideen kasuan, adibidez, ingelesa edo frantsesa hartuz gero, 12.000 berba inguru erabiltzen dutela ikusi daiteke. Euskarazkoek, ostera, 500 inguru. Eta ez gara hortaz konturatzen?

ARANTZABAL: Wittgenstein filosofoak zioen bezala: “Nire hizkuntzaren mugak nire munduaren mugak dira”. Horrek erakusten dizu noraino iritsi zaitezkeen zure hizkuntzarekin. Egia da herri honetan txikitasun konplexu handiak ditugula. Euskarak demaseko potentzialitatea du. Sustraiak aztertuz gero, filosofian adibidez, aukera izugarriak daudela ikusiko dituzu. Beste gauza bat da ez ditugula ezagutzen. Orduan, Krutwigek zioen hizkuntzaren maila jasotzea izango litzatekeela modu bat geure burua munduan duintasunez ibiltzeko.

ERTZILLA: Bestetik, Federicok ‘kolonizatuaren sindromea’ aipatzen zuen. Euskalduna kolonizatuta dago, espainolaz batez ere. Kolonizazioak esan nahi du euskalduna atzeratu, anakroniko, entzefaloaren faltadun eta abar bezala tratatu dela, eta euskaldunak hori bereganatu eta naturalizatu egin du. Orain, euskalduna konkistadoreak sartu dion birusarekin konportatzen da.

ARANTZABAL: Eta gehiago esango dut. Orain dela 500 urte inguru, Espainia Ameriketara iritsi zenean, teologoek zuten zalantza handienetakoa zen erabakitzea Ameriketako indigenak pertsonak ziren ala ez. Horrek inplikazio erlijiosoak zituen, zerura joateko ala ez. Gaur da eguna euskara Frantzian debekatuta dagoena. Beraz, iparraldeko euskaldunak bigarren mailako pertsonak dira. Hau da, 500 urte geroago zerbait aurreratu dugu, baina asko ez.

Krutwigen obraren mugarri bat Vasconia. Estudio dialectico de una nacionalidad izan zen, non nazionalismoaren kontzepzio progresista berria landu zuen. Badu zerikusia aipatutako kolonizatuaren sindrome horrekin?

ARANTZABAL: Ordura arte Sabino Aranaren teoria gailentzen zen. Euskal Herri klasikoa, zazpi lurralderekin, neurri handi batean arrazismoan oinarrituta. Sasoi horretan, mundu osoan zen normala arrazismoa. Federicok beste irakurketa bat egin zuen ikuspegi etniko batetik. Hizkuntzak ematen zion munduaren ikuskera. Mundua geure betaurrekoekin irakurtzen dugula planteatzen zuen eta hizkuntzak ematen dizkizu horretarako erremintak. Adibidez, ‘Lankide’ berbaren barruan enpresako zuzendaria, alboan duguna eta denak sartzen ditugu, eta horrek esplikatzen du auzolanaren kontzeptua, kooperatibek hemen zergatik funtzionatzen duten eta beste toki batzuetan ez… Beste hizkuntza batzuetan hori ez duzu aurkitzen. Ingeles, frantses edo espainol batek colega berba erabili dezake, baina ez da gauza bera. Horrek gure nortasuna ematen digu.

Oskar, zuk Vasconia ekonomia politikoaren ikuspegitik berrirakurri duzu liburuan. Zer ondorioztatu duzu?

ARANTZABAL: 60. hamarkadan Eskandinaviako sozialdemokrazia oso modan zegoen. Krutwigek zioen 3 edo 5 milioi biztanleko estatuek edo unitate sozioekonomikoek askoz ere hobeto funtzionatzen dutela besteek baino. Orain dela 10 urte, The Economist aldizkariak, oso liberala denak, munduko herrialdeen hurrenkera bat egin zuen eta Krutwigek esandakoa erakusten zuen. Beraz, denborak arrazoia eman dio Krutwigi. Ez da kasualitatea Eskozian eta Katalunian bizi ditugun prozesuak, tamaina horretako herrialdeak izanik. Krutwigek Europako Estatu Batuak sortzea proposatzen zuen, baina ez zentzu amerikanista batean. Europa konfederal moduko bat proposatzen zuen, herrien Europa bat. Horrek gauza askori erantzungo lioke. Adibidez, produktibitateari dagokionez, askoz ere efizienteagoak izango lirateke estatu horiek. Hori da Europak duen erronka bat, oraindik bere definizioa ez duela egin. Federicok askotan aipatzen zuen: “Europan bi eredu daude: germanikoa (iparraldeko herrialdeena) eta frantsesa”. Frantsesa zentralista eta jakobinoa da, eta ondorioak horiek dira, hizkuntzak debekatzeraino iristen direla. Orain dela gutxi irakurtzen nuen Ipar Kataluniako udal batzuetako plenoetan katalanez egitea debekatzen dutela. Horri demokrazia deitzen bazaio, nirekin ez dezatela kontatu.

"Federicorentzat, eta XX. mende hasierako filologo eta filosofo askorentzat, greko klasikoa da zibernetikarako gakoa"

Bestalde, Krutwigek teknologia berrien inguruan ere hausnartu zuen. Nolako ekarpenak egin zituen?

ERTZILLA: Computer Shock liburua argitaratu zuen 1984an, baina Norbert Wienerrek 1948an Cybernetics liburua kaleratu zuen, adibidez. Hau da, Federicok hori guztia irakurria zuen, frantses edo aleman batek irakurria zuen bezala, baina hemengo inork ez zekien zibernetika zer zen. “Federico aurreratu bat izan zen”, esaten da. Beno, aurreratua izan zen hemengo jendearekin alderatuz. Berak zera zioen: “Zer gertatzen da zibernetikan? Inteligentzia sartzen zaiola makinari eta makinak guk sartutako programa aplikatzen duela. Baina horretarako, programak egiteko, adimena eta inteligentzia erabili behar da. Jakintza hori ez dator zerutik, ikasi egin behar da, eta ikasketa horretan hizkuntzek dute fundamentu osoa. Zenbat eta hizkuntza konplikatuagoa izan, zenbat eta abstrakzio handiagoa izan, orduan eta potentzialitate handiagoa izango du”. Federicorentzat, eta XX. mende hasierako filologo eta filosofo askorentzat, greko klasikoa da horretarako gakoa. Greko klasikoak ditu kontzepzio batzuk (denboraren inguruan batez ere), latinak ez dituenak eta, ondorioz, hizkuntza erromanikoek ez dituztenak. Orduan, bere ustez greko klasikoa ikasi behar zen, ez horregatik bakarrik, baita kulturaren oinarrian dagoelako ere. Lehen esan bezala, besteek ikasita dute, baina guk ez, eta ikasi egin behar dugu. Bi arrazoiengatik: Batetik, zibernetikarako inteligentzia edukitzeko; eta bestetik, oinarri kulturala izateko. Federicoren ustez, mundu klasikoa ikastea ez bada hezkuntza programatan sartzen, hizkuntza klasikoa ikastea alferrik da. Hau da, teilatua egin daiteke, baina oinarriak behar dira.

ARANTZABAL: Anekdota bezala, behin Werner Heisenberg fisikariari zera galdetu zioten: “Nola dakizu hainbeste fisikaren inguruan?”. Eta berak zera erantzun zuen: “Greko klasikoa asko ikasi dudalako”. Krutwigek munduaren aurreikuspena egiten du Computer Shock-en. Digitalizazioa, adimen artifiziala, Big Data eta orain erabiltzen ditugun kontzeptuak bazituen, gutxi gorabehera, bideratuta. Eta ekonomiak arrazoia eman zion bezala, honek ere eman dio denborarekin. Berak garrantzia asko ematen zion Bilboko portuari, baliabide aldetik oso ondo kokatuta dagoelako. Rotterdamkoak tokia kendu diola zioen, baina Ameriketara joateko askoz ere bide errazagoa izango litzatekeela. Orduan, Gernika inguruan Sophopolis bat eraiki nahi zuen, jakintsuen hiri moduko bat, bertan jakinduria guztiak lantzeko. Eta gero, Gipuzkoako lau herri aipatzen ditu. Bata Oñati, unibertsitateagatik. Bigarrena Bergara, zientziarengatik (Elhuyar anaiek wolframioa deskubritu zutelako). Hirugarrenik Arrasate, enpresa eta kooperatibengatik. Eta laugarrenik Eibar. Eibartarrak japoniarrak bezalakoak garela zioen, hau da, kopiatzaile onak. Nik hori bizi izan dut. Eibarko tailerretako jendea Suitzako edo Alemaniako azoketara joaten zen, makinak ikusten zituzten, apunteak hartu, kopiatu eta gero hemen gauzak berdin egiten hasten ziren. Krutwigek bazuen nolabaiteko afektibitatea Eibarrekiko.

Garapen teknologikoak egin ditzakezu, baina horretarako oinarri kultural sendoak behar dituzu

Aipatu duzue denborak Krutwigi arrazoia eman diola hainbat gauzatan. Nola aprobetxatu ditzakegu bere ekarpenak gaur egun?

ARANTZABAL: Mundu modernoan torlojuak fabrikatzeak ez du zentzu handirik, baina softwareak lantzeak bai. Garapen teknologikoak egin ditzakezu, baina horretarako oinarri kultural sendoak behar dituzu. Berak erronka botatzen digu zentzu horretan: “Jazo ezazue maila kulturala, horrek emango dizkizuelako tresnak munduan ibiltzeko lehiakor izaten”.

ERTZILLA: 1985. inguruan Jakintza Baitan egitasmoa sortu zuen Zarautzen eta 13 urte inguru iraun zuen. Bertan, zera galdetzen genion: “Munduko literatura klasikoan, zer irakurri beharko genuke?”. Zerrenda bat egin zigun: “Hasi Homerotik, Sofocles, eta abar”. Baina hau ez da Federicoren kontua, munduko beste edonork esango lukeena esaten zigun. Bere iritziz beste lekuetan egin den berbera aplikatu behar zen, eta kitto. Gu ez gara ezberdinak, baina ohartu behar gara hori ez dugula egin, lehen esan dudan bezala. Euskaldun moduan, ez gaude munduko beste batzuren parean. Gaztelar edo frantses izatera pasatzen garenean, tira, haien parean jartzen gara. Baina hor dago tranpa, ez garela konturatzen. Gure funtzionamendua da funtzionamendu mental gaztelarra edo frantsesa. Lehen aipatu dudan haritik (zure hizkuntzaren mugak direla zure mundua ikusteko mugak), euskaran ez dugu aplikatzen. Modu instintiboan, konturatu gabe, gaztelaniaren mugak aplikatzen ditugu eta besteen parean kokatzen gara, baina gero euskaldun izatera pasatzen garenean, ez gara konturatzen. Hain gutxi konturatzen gara, non oharkabean pasatuko gara euskaldun izatetik ez euskaldun izatera eta uste izango dugu euskaldun garela. Jende gaztearengan ikusten dut hori, nola hitz egiten duten eta abar. Oso modu naturalean egiten dute, konturatu gabe, eta guretzat gai hau drama bat da. Notizia hori gazteei eta eskolei nola pasatu da kontua. Hau da, pasatzea kalterik edo minik egin gabe, traumatizatu barik. Penintsulan biziko bagina, bertan bizitzeko modurik onena gaztelarra izatea litzateke, baina Federicok esaten zuen mendebaldean bizi garela, Europan…

ARANTZABAL: Hain zuzen ere, Irure plaza nahita aukeratu dugu elkarrizketa hau egiteko, sinbolismo handia duelako. Hemen, Iruretarren armarriaren barruan, Nafarroako Erresumaren armarria agertzen da, hemen Nafarroako erregea izan zelako. Hori eskoletan ez da erakusten. Inork ez daki. Eibartar askok ere ez zekiten orain dela gutxira arte. Baskonia, berez, dukerri bat izan zen, gero Nafarroako Erresuma bihurtu zena. Orain ari gara gure historia deskubritzen eta idazten. Jende askok ez daki 1512an Nafarroa militarki konkistatua izan zela, eta Europako estatu bat zela. Bestetik, hemen, Irure plazan, Eibar eta Soraluze arteko mugarria dago. Dirudienez, Gerra Zibilean granada bat erori zen eta mugarria puskatu zuen. Orduan, bertan ‘P’ bat ikusi dezakegu (Plaentxirena), baina Eibarko ‘E’ hori puskatu egin zen. Horrekin lotuta, Federicok bazuen nolabaiteko obsesioa mugekin. Gure jakinduriaren mugak mugagabeak dira, infinituraino pentsatu dezakegu, eta politikoki, ekonomikoki eta historikoki mugek ematen dizute zure baliabideen kudeaketa. Orduan, gure hezkuntza sistema propioa nahi baldin badugu edo gure hizkuntza lantzea nahi baldin badugu, gure buruaren jabe izan behar dugu. Hori ez dugun bitartean, bigarren mailako hiritarrak izango gara.

ERTZILLA: Horretarako, irakaskuntzari dagokionez, Gasteizeko gobernuak ez du azken hitza. Hori ez da burujabe izatea, menpekoa baizik. Orain hauteskundeak izan ditugu eta kontu hauek ez dira agertu ere egiten.

ARANTZABAL: Ez dago eztabaidarik. Guk planteatzen ditugun gauzak oso oinarrizkoak dira eta ez dakigu zergatik ez den horretaz hitz egiten.

ERTZILLA: Federico ezagutu nuenean, niretzat miresgarriena zen nola lotu zituen Sumeria, Grezia eta euskaldunak. Idazketaren sortzaileak sumertarrak dira, handik seguraski judaismoa sortu zen, idazketak bidea egiten du, Grezia sortzen da, ondoren Erroma, Erdi Aro iluna, errenazimendua, eta abar. “Nik diodana ezin daiteke teorizatu”, zioen Krutwigek, “baina sumerierak baditu horrelako elementu batzuk euskarak ere dituenak, beraz, antzekotasun bat izan dezakete”. Hori pentsatzekoa da, biak aitzinindoeuropearrak baitira. Bertan baziren toponimo batzuk. Adibidez, Mesopotamiak sumerieraz ‘uharte’ esan nahi du. Hau da, ‘uren artean’. Kasualitate hutsa? Baliteke. Baina badaude beste toponimo batzuk Ur, Uruk edo Mari bezalakoak. Bestetik, esan bezala, sumerierak baditu elementu batzuk euskarak ere badituenak, rta baita grekoak ere, nahiz eta hau indoeuropearra izan. Kontua da hori ezin daitekeela demostratu, baina norbaitek hau guztia kontatzen badizu eta mendebaldeko historia guztiarekin lotzen badizu… Ordura arte, euskaldunen isolazionismoaz berba egiten zen. Hau da, isolatuak bizi ginela, mendietan eta basoetan… Federicok hori baztertu nahi zuen. Lehen aipatutako abarken kontu hori hortik zihoan. Orduan, Federicori sumerieraren, grekoaren eta euskararen arteko loturak entzuten genizkion. 50. hamarkadan, Europan, esku baten atzamarrekin kontatu zitezkeen sumerieraz egiten zuten pertsonak eta Krutwig zen horietako bat. “Nondik dator gizonezko hau?”, pentsatzen genuen. Beraz, badauka xarma izugarri bat. Eta era berean, baita antixarma ere.

ARANTZABAL: Batzuetan, gauzak oso gordin kontatzen zituen. Dena dela, politikoki zuzena izan ez arren, edukiak aztertzen badituzu, arrazoia zuela ikusi dezakezu. Beste kontu bat da jendea ez dagoela ohituta horrelako zaplastekoak jasotzera.

Krutwigen mailako figura bat zergatik ez da hain ezaguna gaur egun?

ARANTZABAL: Juan San Martin 49 urtez ibili zen Euskaltzaindian eta iaz, bere jaiotzaren mendeurrenean, ezohiko bilera egin zuten Eibarko udaletxean bera omentzeko. Federico 55 urtez egon zen eta ez zaio inolako omenaldirik egin. Noski, gero begiratzen hasten zara eta ikusten duzu nola Donostian plataforma batek liburutegiari Txillardegi izena jartzea proposatu zuela eta Udalak ezetz esan zuela, ez zuelako bizikidetzarako laguntzen. Galdetu behar zaiena da bizikidetza zer den eurentzat. Izan ere, Donostian Reyes Catolicos izeneko kale bat dago eta nik dakidala Errege Katolikoek ez zuten asko egin bizikidetzaren alde, justu kontrakoa, musulmanak eta judutarra hartu eta bidali egin zituzten. Gure marko paisajistikoak, kaleen izenek adibidez, gure memoria historikoa baldintzatzen du. Mentalki kolonizatuta bazaude, zure historiaren zati bat baztertu egiten duzu ez zaizulako komeni lotsa pasaraztea. Herri honetan lotsa handia dugu, ez dugu gure historia ezagutzen, eta ez badugu ezagutzen, nola irakatsiko dugu eskoletan? Eta horrela mila gauza.

ERTZILLA: Ikuskera horretatik, Federico ikusi eta “hau nondik dator?” galdetzen dute. Munduaren ikuskera txiki honetatik, gure trajea estuegia da Federicorentzat eta Federicoren trajea nasaiegi gelditzen zaigu. Federicok egin behar zuena egin zuen, kontua da ondoren gatozenak ia gauza garen berak esaten zituen gauzak aktualizatzen eta modu digerigarrian jartzen, eta ikusi zein dositan, noiz eta nola behar diren.

"Federicoren ikuskera teoriko gehiena bere nobeletan jasota dator, ‘Belatzen Baratza’ liburukietan hain zuzen ere"

Horregatik sortu duzue Krutwigen Lagunak elkartea?

ARANTZABAL: Orain dela bi urte arte Manu ez nuen pertsonalki ezagutzen eta bi urteren buruan ikusten duzu gauza askotan bat gatozela. Gure helburua Krutwig berrirakurtzea zen. Bere ideia batzuek balio dute, beste batzuek ez, baina bere jaiotzaren mendeurrenean ideia horiek non dauden ikusi nahi genuen. Konturatu gara 45 urtetik beherakoek ia ez dutela ezagutzen, transmisioan hutsunea dagoela, eta gure helburua bere lana dibulgatzea eta bere altxor intelektuala proposatzea da. Gero, bakoitzak nahi duen bidea hartuko du, baina gutxienez burua eragitea eta astintzea nahi dugu.

ERTZILLA: Federicoren ikuskera teoriko gehiena bere nobeletan jasota dator, Belatzen Baratza liburukietan hain zuzen ere. Arazoa da Belatzen Baratza zorigaiztoko eta fede txarreko moduan dagoela publikatuta. Esan daiteke publikatzaileak horrela publikatu zuela Federicori kalte egiteko, inork irakurri ez zezan. Hortaz aparte, nobela hori hartu egin beharko litzateke, zuzendu beharrekoa zuzendu, laburtu beharrekoa laburtu, eta eskoletara pasatu. Nobela horrek mundua ikusteko begiak zabaldu ahal dizkio irakurtzen dituenari. Bertan, mendebaldeko kultura osoa ikusten da, mundu exotikoa eta esotikoa, masoneriako kontuak, filosofia mota guztiak… Bera Nietzcheren kumea zen, baina inoiz ez zuen aipatzen. Hori askotan gertatzen da, ez duzula zure maisua aipatzen, inork zu ez etiketatzeko. Belatzen Baratza nobelan dago gakoa. Gainera, bertan Federicoren kontra jaurtitzen diren topikoak zuzentzen dira. Adibidez, misoginoa edo arrazista zela. Liburuak irakurriz gero, ikusten duzu ez dela hain misoginoa edo hain arrazista. Nire aholkua da, Federico ezagutzeko liburuki horiek irakurri behar direla. Idatzita dauden moduan irakurtzea pixka bat kalbarioa da…

Horretarako egin duzue zuek berrirakurketa?

ARANTZABAL: Getxoko Udalak bere biografia kontatzen duen dokumentala egin du eta euskal polimata deitzen diote. Hau da, jakinduria zabaleko pertsona. Berak ideiak zabaltzen ditu, gero norberak ideia horiek bere egiteko. Adibidez, Garaldea liburuan zioen Kanariar Uhartea guantxeek eta Eskoziako piktoek euskaldunekin zerikusia zutela. Hau da, Atlantikoan bazegoela bat egiten zuen zerbait, lehen sumertarrekin aipatutakoaren antzera. Hor material asko dago ikertzeko. Horren harira, ikerketa beka bat martxan jartzeko ideia okurritu zitzaigun, bere testuetan sakontzeko. Bestalde, komiki bat egitea ere bururatu zitzaigun, baina momentuz liburua idatzi dugu. Eta horrez gain, argitaratu gabeko material asko dago. Adibidez, Bilboko Artxiboan bere korrespondentzia digitalizatzen ari dira eta horrekin zerbait egin nahi dugu, ezagutzera emate aldera. Gainera, politikoki herri hau ulertzeko oso praktikoa den La cuestion vasca liburua berrargitaratu nahi dugu, oso zaila baita liburua aurkitzea, klandestinitatean idatzi zuelako. Maoren Aipuak liburua ere itzuli zuen, adibidez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
2024-04-21 | Iker Barandiaran
Amorrazioa, jarrera eta kantuak

Madrilgo queer mugimenduan kokatzen nuen taldea, eta orain gutxi bere esentzian –zuzenekoan– ezagutzeko aukera izan nuen. Orduan jakin nuen Argentinan jaio baina gaztetan Madrilera joandako Belenek (ahotsa eta gitarra) sortu zuela taldea, eta Mariarekin (bateria eta... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


Mamu bat gure artean da

Eguzkiarekiko gertutasunak moldatu egin ei du Lurrak duen abiadura, eguzkia inguratzeko mugimenduan. Beste abiadura batzuk ere badira, ordea, eta balirudike lurraren abiada gero eta azkarragoa dela edo, bederen, aldaketak etengabean ditugula orpoz orpo jarraika. Egoera honetan,... [+]


2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


Eguneraketa berriak daude