Kaka zuretzako 'ta


2025eko azaroaren 24an - 08:00
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Kaka
Zuzendaritza: Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala.
Antzezleak: Erika Olaizola, Xanti Agirrezabala, Mikel Laskurain eta Ainhoa Aierbe.
Noiz: azaroaren 19an.
Non: Donostiako Antzoki Zaharrean.

-----------------------------------------

Ezin zuen bestela izan: izenburu horrekin, afixa ikusita eta egileak Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala (aka, @erikaetaxanti) direla jakinda, zoroa izan behar zuen antzezlanak. Eta konplitu ditu espektatibak. Munduko gauzarik zentzugabeenekin ere barrea eragiten dakitenek soilik eragin dezakete besteengan zirrara hori, eta, egun, bi azpeitiar horiek dira onenetakoak horretan. Renata antzezlan eroarekin jiran dabiltza, eta Kaka ekarri dute karteldegira orain, ausart, irri arina (baina ez buruarina) eragin asmoz.

Arrosa koloreko hoditeriaz beteriko atrezzoa du herriko plazak. Horixe da gertakizunaren lekua. Gau batez, kaka mokordo bat topatuko du alkateak (Mikel Laskurain). Itxuraz lanaldia luzatu zaio, eta etxera bidean atsekabe galanta hartu, hurrengo egunean ekitaldi instituzionala egitekoak baitira bertan, plazan. Lehenik antropologo ultra-aditu bati (Ainhoa Aierbe) hots egingo dio, gero Poliziari (Erika Olaizola), eta alkateari eta alderdiari ipurdia garbitzen dion udaletxeko idazkaria (Xanti Agirrezabala) ere eszenan egongo da, politikariaren eta polizia-agentearen artean zirimolaka.

Larria da oso kaka mokordo bat herriko plazan aurkitzea. Izan ere, kontua da, istorioa kokatzen den garaian gizakiak ez duela ipurtzulorik, desagertu zitzaiola aspaldi, eta giza-gorotza kondaira bihurtua da gizartean. Inork ez du kakarik egiten: haaainbeste gorde ditu gizakiak esateko eta erauzteko zeuzkanak, hainbeste urtetan, dagoeneko ez duela zulorik ere. Orduan, nolatan agertu da mokordo bat herriko plazan? Horrelaxe ipiniko da abian ikerketa. Ezingo da, baina, kaka paretik kendu eta alkatea plazent utzi; antropologoaren irudiko, sekulako aurkikuntza da bertan agertu dena.

Eszenaratze bizi, fresko eta ikusteko erraza findu dute Erika Olaizolak eta Xanti Agirrezabalak. Bi espazio sortu dituzte –herriko plazaz gain, forentse proben laborategia–, eta batetik besterako saltoak ugari izan badira ere, sinpletik jo eta oholtza bitan zatitu dute, eta argiztapenarekin soilik bereizi dituzte. Musikaren eta soinu baliabideen aldetik, agian falta izan zaio zertxobait.

Olaizolak eta Agirrezabalak aspalditxotik zeukaten ideia sinple eta sotil hau buruan bueltaka: “Kaka mokordoa agertu da herriko plazan”. Hamar bat urte-edo igaro dira ideia horrekin antzezlan bat egin nahi zutela esan zutenetik; hala aitortu dute emanaldiaren amaieran. Orain, azken bi urteotan lan eginda, proiektua gauzatzea lortu dute AEK-k emandako Korrika Kultur Sorkuntzarako II. bekarekin. Estreinaldia egin dute Donostian, asteazken euritsu eta hotz batean, Antzoki Zaharrean; jendearen harrera beroa jaso dute. Zazpi lurraldetan barna bira luzea egitea dute desio, lekukoa Atharratzetik (Zuberoa) martxoaren 19an irtengo baita, eta ekitaldi horren atarikoa kulturalki berotzen joatea dute helburu. 


Eguneraketa berriak daude