Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Donostiako Orfeoia
Zuzendariak: Jun Märkl / J. A. Sainz Alfaro. Bakarlariak: Susanne Elmark sopranoa, Peter Schöne baritonoa, Carlos Mena kontratenorea. Egitaraua: Sarasa, Hosokawa eta Orff-en lanak.
Lekua: Gasteizko Principal Antzokia.
Data: urriaren 3a.
Asmatu dute Euskadiko Orkestrakoek denboraldi honetako lehenengo saioarekin. Lortu dutena nahiko zaila da. Arrakasta seguruko obra bat eskaini eta honekin batera musika garaikidea sartzea, berezitasun batekin: esango nuke ia-ia interesgarriagoak suertatu zirela obra berriak egitarauaren izarra baino.
Sorpresa atsegina izan zen Xabier Sarasa (orkestraren tronpa bakarlaria) konpositorearen Fanfarria lana, erabateko estreinaldia. Metalentzako dago idatzia, eta bost minututan modu distiratsuz esploratzen ditu metalen aukerak, soinu-ehundura interesgarriak lortuz.
Eta Sarasaren lanak taxuz ireki bazuen kontzertua, bide beretik joan zen hurrengo obra. Toshio Hosokawa musikari japoniarraren Meditation. To the victims of Tsunami benetako oparia izan zen entzuleentzat. Oso lan inpresionista da, poema sinfoniko modukoa, non tsunamiaren drama, hondamena eta bihozmina arnastu egiten diren. Orkestraren tratamendua fin eta sentsiblea da, eta joko tinbriko zoragarriak eskaintzen ditu konpositoreak. Horrez gain, nabaria zen Jun Märkl-ek konpositorearen lengoaia sakon ezagutzen duela, interpretazioa biribiltzeko.
Halere, dudarik gabe, Principal Antzokia aldi honetan bete-beteta egoteko arrazoi pare bat zeuden: alde batetik, bigarren zatiko obra, Carl Orffen Carmina Burana, oso erakargarria, eta bestetik, obra honetan parte hartu zuen Donostiako Orfeoia. Konplikatua izan zen Principaleko antzeztoki txikian orkestra eta abesbatza kokatzea, baina besaulki-patiotik lerro batzuk kendu zituzten eta Orfeoiaren erdia izan genuen saioan. Horrela salbatu zen zailtasuna. Emaitza ona izan zen, zalantzarik gabe, eta neurri batean bakarlarien meritua izan zen. Oso lan ona egin zuen Peter Schöne baritonoak, adierazkor eta seguru abestuz. Carlos Mena kontratenore gasteiztarrak interpretazio zoragarria egin zuen Olim lacus colueram soloan, berak duen tinbre espeziala azalduz. Eta Susanne Elmark soprano daniarrak bordatu egin zituen bere pasarteak, bere ahots eta presentzia ederrekin. Märklen zuzendaritza oso egokia izan zen uneoro. Bikain.