Piano bikaina, Biarritzen


2025eko abuztuaren 13an - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Zer: Biarritz Piano Festival. Amaierako errezitaldia. Benjamin Grosvenor, pianoa. 

Egitaraua: Schumann eta Moussorgskyren lanak

Lekua: Biarritzeko ‘Espace Bellevue’.

Data: abuztuaren 8a.

-------------------------

Biarritz Piano Festival jaialdiaren 16. edizioa ospatu da uztailaren 28tik abuztuaren 8ra Biarritzen. Jaialdi honetan, izenak adierazten duen bezala, pianoa da protagonista absolutua, baina ez soilik bere alderdirik klasikoenean. Hain zuzen ere, pianoaren aberastasun osoa ospatzen duen jaialdia da, programa bizi eta eklektiko baten bidez, jazza, musika klasikoa eta egungo beste joera batzuk gurutzatuz.

Horri guztiari hiriaren erakargarritasuna eta kontzertuak egiten diren tokien edertasuna gehitzen badizkiogu, galdu ezin dezakegun jaialdia dela ondoriozta dezakegu.

Amaiera kontzertura joateko aukera izan nuen, abuztuaren 8an, Espace Bellevue izeneko aretoan. Lekua benetan magikoa zen, itsasoari begira, ilunabarrean. Saio zoragarri bat iragartzen zuen denak.

Proposamena, aldi honetan, erabat klasikoa zen. Benjamin Grosvenor pianista gazte britainiarra benetan bikaina da. Izan ere, Gramophone aldizkariak garai guztietako 50 piano-jotzailerik onenetakotzat jotzen du. Eta Biarritzen egiaztatu ahal izan genuen zergatik. Esan dudan bezala, programa klasikoa zen. Schumannen bi lan eta Moussorgskyren Erakusketa bateko koadroak izeneko poliptiko zoragarria. Dena exijentzia handikoa edozein piano-jolerentzat. Eta denak erraza zirudien Grosvenorren eskuetan.

Errezitaldia Schumannen Blumenstück lanarekin hasi zen, pieza delikatua. Honetan, bakarlariaren pultsazio fina eta pianotik ateratzen zuen soinu ederra nabaritu genituen. Bide batez, Yamaha pianoa bikaina zen, inolako ñabardura metalikorik ez zuena, marka honetan ohikoa den bezala.

Ondoren, Grosvenorrek edozeinek jotzen ez duen obra horietako bat eskaini zuen. Schumannen Fantasia op. 17 lan konplexua da alderdi tekniko, musikal eta emozionalean. Beethoveni keinuak egiten dizkio (izan ere, konpositore honen omenezko sonata gisa sortu zuen Schumannek), eta harmonia wagneriarrak ere gogoratzen ditu, batez ere obraren lehen zatian. Grosvenorrek eskainitako bertsioa oso poetikoa izan zen, tempo etereoekin, eta bikain konpondua partiturak ezkutatzen dituen zailtasun izugarrietan (lehen mugimenduaren azken zatiko jauziak ia exekutaezinak dira). Aspaldian ez nuen halako Fantasia borobilik entzuten.

Atsedenaldiaren ostean, Grosvenorrek Moussorgskyren Erakusketa bateko koadroak izeneko obraren bertsio sendoa eskaini zigun. Bitxia da publikoak batez ere obraren orkestra-bertsioa ezagutzea (Maurice Ravelek egina), jatorrizko bertsioa pianorako konposatutakoa denean. Pianojoleak obra honen irakurketa sinplea egin zuen, naïf-a esango nuke, sentimentalismo alarderik gabe. Perfektua ikuspegi teknikotik eta arina tempo-etan.

Ravelen jaiotzaren 150. urteurrenean ezin zen haren obra bat falta errezitaldian. Pianistak, propina gisa, Jeux d' eau ederra eskaini zuen, giro magikoa sortuz eguzkia ezkutatzen zen bitartean. Eta denok aho zabalik uzteko beste bis harrigarri bat eskaini zigun: Prokofieven zazpigarren sonataren Precipitato hirugarren mugimendua, Sonata hau, Sonata Stalingrado izenekoa, konpositorearen ikusgarrienetako bat da. Hain zuzen ere, precipitatoa eztanda erritmikoa da, kromatikoa, rock 'n rollaren ukituak dituena, erabat sutsua.

Beste behin ere argi utzi zuen bakarlariak ez dagoela menderatzen ez duen estilorik. Bikain.

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Eguneraketa berriak daude