Zer: Orquestra de la Comunitat Valenciana
Zuzendaria: Mark Elder
Bakarlaria: Nelson Goerner (pianoa)
Egitaraua: Txaikovsky eta Xostakovitxen lanak
Lekua: Kursaal Auditorioa, Donostia.
Data: abuztuaren 3a.
-------------------------
Orquestra de la Comunitat Valenciana delako taldeak igandean egin zuen debuta Musika Hamabostaldian eta, egia esan, oso zapore ona utzi zuen. Formazio hau Valentziako Palau de les Arts-en titularra da, duela gutxi sortu zen, 2006an hain zuzen ere, eta urte gutxiren buruan estatuko talde onenen artean kokatu da, inolako zalantzarik gabe.
Soinu borobil eta betea du orkestra honek, Europa erdialdeko orkestra handien nolabaiteko ukituarekin. Zapore klasiko eta belusatua duen formazio bat da. Ondorio honetara iristeko, esan beharra dago erabakigarria izan zela lehen emanaldian eskaini ziguten programa irmoa.
Valentziarrek edozein antzokiren burrunba eragiten duten bi obra erraldoi eskaini zizkiguten. Errepertorio pianistiko unibertsaleko kontzertu handienetako batekin hasi ziren: Txaikovskyren 1. kontzertua si bemol minorrean, op. 23. Entzulea liluratzen duen obra da, bakarlariarentzat izugarri zorrotza eta zaila. Nelson Goerner piano-jole argentinarra arduratu zen lan honen poesia guztia guri helarazteaz, eta une askotan lortu zuen, baina ez guztietan. Allegro non troppo e molto maestoso delakoak garapen dotorea izan zuen, orkestra pletoriko eta inguratzaile batekin. Bakarlaria, halaber, teknikoki perfektua izan zen eta orkestrarekin jariakortasunez jardun zuen. Gauza bera gertatu zen Andantino semplice mugimenduan, baina Allegro con fuoco hirugarren zatian nabariak izan ziren bakarlariaren eta orkestraren arteko desdoitze txiki batzuk, eta pianoaren soinua sendoa izatetik lehorra izatera igaro zen une batzuetan.
Hala ere, Goernerrekin adiskidetu ginen publikoari eskaini zion propina entzutean: Rachmaninoven preludio bat, xehetasunez betea, soinu dotorearekin eta konpositore errusiarraren poesia nabarmentzen zuena.
Kontzertuaren bigarren zatian, akziozko film onena baino hobea den lan horietako bat entzuteko plazer izugarria izan genuen: Xostakovitxen 5. sinfonia re minorrean, bere konplexutasun guztiarekin, tragedia, ironia, indarra eta barnean hartzen duen sentsibilitate guztiarekin, konpositorearen ausardia-ekintza bat izan zen. Lady Macbeth opera konposatu ondoren, Pravda egunkariak kritika basatia egin zion, eta kaos kakofonikotzat jo zuen lana. Gauzak horrela, logikoena erregimenaren gustuko lan sinple bat osatzea izango zatekeen. Baina sinfonia mirari hau sortu zuen, ez sinplea ez boterearen gustukoa. Hala ere, asko gustatu zitzaion publikoari, eta asko gustatzen zaigu guri. Zalantzarik gabe, munduko errepertorioko musika klasikoko hamar obra bikainetako bat.
Orkestrak, Mark Elder britainiarraren gidaritzapean, bere indar guztia eta aldi berean bere poesia guztia erakutsi zuen, soka fantastiko batekin eta atentzioa emateko haize metalarekin. Opari gisa, Verdiren Siziliako bezperak operaren obertura eskaini ziguten. Oso dotorea.