Jon Esnaola (Tolosa, Gipuzkoa, 2000) konpositoreak Eusko Ikaskuntzaren saria jaso du joan den apirilean, Nestor Basterretxearen omenezko LUUR obrarengatik, eta lan horixe bera joko du Euskadiko Gazte Orkestrak orain, uztailaren 11tik 15era, EAEko hiriburuetan eta Hondarribian eta Azkoitian. Esnaolaren lana, musika garaikidean zentratua, Copland eta Shostakovich-enekin batera eskainiko da.
Soinu laborategi handia da Donostiako Musikene eskola. Eraikin dotorea da kanpotik, beltza eta beiratez josia, eta, aurreiritziek esaten dute, zabar, frikismo maila handiko jendearen etxea dela. Jon Esnaola konpositore gazteak ere baietz dio; bera da friki horietako bat. Bakoitza izaten da berean friki. Baina, esan du, guztiok bezalaxe, mendira joan eta tabernan garagardo batzuk hartzeko zale ere badela.
Musikeneko ateak zabaldu dizkigu ostiral eguerdi batez. Hain justu ere Gradu Amaierako Lana aurkeztu eta atseden txikia hartu ostean. LUUR lana ez ezik, tribunalaren parean ipini ditu beste obra batzuk ere, eskuz idatzitako pentagramen liburuxka handi banatan. ARGIAri, sorkuntzan orduak eman dituen gelatxoa zabaldu, eserleku bana eskaini, leihoak ireki eta mahai gainean ipini ditu bere lanak. Gu ez gara gai pentagrama horiei soinua ipini eta baloratzeko; berari eskatu diogu, jakina, hori egiteko.
Partitura hauek mahai gainean jarri eta, imajinatzen dut, konposizioak audio bihurtuta ere entregatuko zenituela.
Gaur bai, Bilboko Orkestra Sinfonikoak grabatu dizkigulako, Gradu Amaierako Lana zelako. Baina bestela ez ditugu grabatzen.
Eta nola egiten duzue, bada?
Irakurrita... Irakasleek kristoren kapazitatea daukate; ikusitakoa entzun egiten dute beraien buruan.
Eta zuk, paperean idatzitakoa, ez duzu teklatuarekin-edo probatzen?
Normalean ez, ez. Nik paperean idazten dut, eskuz, eta orkestrari ematen diot jotzeko. Baina ez dut probatzen. Noizbehinka, gutxitan.
Hara...
Horretan oso zorrotzak dira irakasleak, eta asko estimatzen dute buruan daukazuna paperera ondo eramatea, egin nahi duzuna errealitatetik gertu egotea. Hor dago jokoa. Akatsak egin ditzakezu, ez duzu lortzen lehenengoan benetan nahi duzuna ondo plasmatzea, eta hobetzen joan zaitezke interpreteak jotzen ari diren heinean. Baina...
[Gravitaciones deituriko koadernoa zabaldu du; iaz egin zuen obra hori Esnaolak. Zuzenketak eginda ditu pentagramaren gainean, boligrafoz, berak soilik ulertzen dituen eran]
... begira. Entseguak irauten baditu hogei minutu, eta obra honek hamar minutu, ia entsegu osoa hartzen du obra oso-osorik jotzeak. Hortaz, orkestrak osorik jotzen du, neuk ti-ta zuzenketak egiten ditut, eta interpreteei esan “zuk hau” eta “zuk bestea egin gero”. Azkarra izan behar da. Hori asko baloratzen da.
Nortzuk izaten dira orkestrako interpreteak?
Denetarik. Asko Musikenekoak, gradua egiten ari direnak nirekin batera. Eta beste batzuk EGO Euskadiko Gazte Orkestrara sartzeko sarbide proba gainditu dutenak.
Esan ohi da Maurice Raveli Boleroa otu zitzaiola Ziburun, itsasoan bainu bat hartzen ari zela, eta uretatik korrika irten, etxera joan, eta busti-bustita zegoela idatzi zuela...
Asko erromantizatzen da [barre egin du].
Tira, zuri nondik datozkizu ideiak?
Edukitzen dut libreta txikitxo bat, eta beti bueltaka nabil honekin. [Atera du poltsatik; txiki-txikia da, eta horri lotuta arkatz nimiño bat dauka, bi aldeetatik zorroztuta]. Hemen apuntatzen ditut izenburu posibleak... eta edozer gauza etortzen zaidana. Gauza pribatuak ere badaude [itxi du libretoa].
Literalki poltsikoan eramateko moduko koadernotxoa da.
Konpositorea 24 orduz da konpositore, eta ezin dituzu ideiak galtzen utzi.
Noiz etortzen zaizkizu ideiak, edo non bilatzen duzu inspirazioa?
Pablo Picassok esaten zuen bezala, “inspirazioak lanean harrapa zaitzala”. Egunero jarri eta etorri egiten da. Egunero jarri behar den artisaua da konpositorea. Egia da momentuak daudela: adibidez, asko gustatzen zait mendira joatea, korrika egitea. Momenturik onenak horiek zaizkit, burua oso fresko daukadanetakoa.
"Entzun, epaitu gabe. Uste dut hori dela musika garaikidea egiten dugunon lanetako bat; ez du beti esplikaziorik behar"
Mendira ere libretoarekin joaten zara?
Normalean ez. Ideiarik etortzen bazait, saiatzen naiz memorizatzen. Normalean izenburu batetik abiatzen naiz, gauza oso sinple batetik, detaile edo ideia batetik, eta puntuak lotzen hasten naiz, hariak balira bezala.
Zer dira hari horiek? Soinuak?
Bai, edo beste batzuetan partiturak ikusten ditut idatzita nire buruan. Edota pintatzen jartzen naiz, pinporta edo marra batzuk egiten, eta nire buruari galdetzen diot ea margotu dudan hori nola pasa dezakedan musikara, eta zer soinu izan daitezken pinporta horiek.
Mendian entzuten dituzun soinuek inspiratzen zaituzte?
LUUR idazteko bai. Obra entzutera joaten denak entzun ahalko ditu hainbat soinu identifikagarri: adibidez, zuhaitzak haizearekin mugitzen direnean egiten duten soinuen parekoak sartu ditut. Biolinarekin egin daitezke. Beno, baina gauza abstraktuak ere badaude. Ez du zertan dena hain figuratiboa izan. “Hau baso bat da”. Bai, baina agian ez. Norbaitek tankera hartuko dio eta beste norbaitek ez. Entzun eta listo, epaitu gabe. Utzi soinu horiek existitzen. Uste dut hori dela musika garaikidea egiten dugunon lanetako bat; ez du beti esplikaziorik behar.
Hori esatera nindoan: musika klasikoaz ere mintzatuko gara, baina musika garaikidea da egiten duzuna. Zertan datza aldea?
Garaikidea da garaikoa delako, baina gehiago zentratzen da esperimentuak egitean. Adibidez, klarinete bat musika klasikoan joko genuke ohiko moduan, eta garaikidean, agian ahoko iragazkia kenduko genioke, eta soinuarekin esperimentatu, edozer gauza egitea balitz bezala. Nolabait ere, garaikidean, esango nuke, musika klasikoan orain arte sortutakoa puskatzen dela. Eta hor elektronika sartzen da. Popean eta rockean ere erabiltzen da elektronika, baina modu tradizionalago batean. Hemen, buelta bat gehiago ematen diogu denari.
Interesatu zait figuratiboaz eta abstraktuaz esan duzuna. Lan interesgarria da biak uztartzea.
Gustatzen zait bi munduak lotzea: intelektual mundutxo hori, musika klasikoaren frikiak garenona; eta herriarena dena. Tribunalekoekin horri buruz aritu naiz hizketan Gradu Amaierako Lana aurkeztu dudanean. Nola bilatu bien arteko oreka justua? Ari zait kostatzen, asko, eta urteak emango ditut horretan.
[Pentagrama bat zabaldu du] Adibidez, hemen, zortziko bat entzun daiteke [txistuz kantatu digu]. Baina gero abstraktura egiten da salto. Eta ezingo nuke esan zer den beste zati hau; norberak hartzea diola tankera. Hortaz, bien arteko oreka bilatu nahi nuke. Adibidez, pinturan, figuratiboa litzateke aurpegi bat ikustea, eta bestea abstrakzio totala, ez dela ezer identifikatzen. Tartean dago Picasso. Bere aurpegia dira lau marra, baina aurpegi bat da; oreka dago.
Zeinen lan zaila.
Errazagoa da erabat abstraktua egitea. Edo erabat figuratiboa.
Orain arte ez dugu esan, baina LUUR obra Nestor Basterretxearengan inspiratuta eta hari omenaldi moduan egin duzu; aurrez ADA´RA, zuhaitzen adar hautsietan gogoetatuta; ORTZI ere egin zenuen. Eta Gravitaciones iaz, Eduardo Chillidaren obran inspiratuta, eta haren omenez.
Ezagutzen nuen Chillidaren obra, eta ez nuen nahi zerbait tipikoa egin. Berak, Gravitaciones deiturikoan, hartzen zituen paperak, papiroa bezala, eta bata bestearen gainean ipintzen zituen. Baina itsatsi gabe, eta zintzilika. Bolumena sortzen du horrela. Hori ikusita, argi nuen testura musikalak egin nahi nituela. Sor nezakeen testura bat egon daitekeena biluzik, edo testura batzuk sortu eta bata bestearen gainean ipini. Horrela, testura horiek guztiek sortzen dute testura berri bat. Pinturan bezalakoa da.
Notak-eta aukeratzeko, banekien Chillidak asko miresten zuela Bach, eta Bachek, bere izena, letraz letra idazten zuen. Hau da, musikan: si bemol, la, do eta si naturala. Bachek baliabide hori asko erabiltzen zuen, eta hori berari hartu diot; nota horiek erabili ditut.
Chillidari omenaldia, Basterretxeari orain... Zerbait bada hor.
Eskulturatik badauka zerbait. Eta uste dut euskaldunok dugula lotura, oro har, eskulturarekin. Zera ikusten dut: daukagu espazioa eta denbora, edozer gauzarekin bezala mundu honetan. Baina musikaren kasuan: zer gara kontzienteago, espazioaz edo denboraz?
Denboraz?
Hori da. Hamar minutu irauten baditu pieza batek, hamar minutu dira. Eskulturan, aldiz, zer gertatzen da kalean dagoen eskultura batekin? Zenbatekoa da bere denbora? Urteak eta urteak ematen ditu hor, geldirik. Aldiz, espazioarekin etengabe dago interakzioan. Musikak ezin diezadake eman espazioaren kontzientzia hori, eta eskulturak bai. Zergatik ez hasi hori irakurtzen? Jorge Oteizaren liburu guztiak irakurri nituen, Chillidaren poesiak, Basterretxeak ez dauzka horrenbeste; eta Basterretxea ez denez horren ezaguna, nahi nuen niretik omenaldi bat egin.
Eta espazioari nola eman garrantzia musikan?
Orkestra batek bere espazioa dauka: flautak daude alde batean, pianoa bestean, biolinak han... Horiek espazioan ondo banatu behar dira, dagokien lekuan eta behar adina indar emanda.
"Nagia eragiten dit konpositoreon artean dagoen elitismoak"
Oteiza ere baduzu erreferentetzat.
Oteizak esaten zuen, eta azken boladan badut sentsazioa batzuetan: “Nik hau egin dut, eta jada ez dut nirea kontsideratzen”. Hau da, botatzen ditut nire dudak hona [pentagrama seinalatu du], lotzen ditut, eta hil egiten zait. Nire buruari esaten diot gero: “Serio, Jon, hau egin duzu?”. Bi aste itsututa pasatu, “egiten ari naizen hau oso-oso guapoa da”, paperera bota, eta gero ja nazkatu. Eta horregatik idazten dut berriz. Obra bakoitza, hortaz, aurrekoaren ondorengoa da. Oteizak hori zioen artearen bizialdi prozesuaren inguruan.
Chillida, Basterretxea eta Oteitza. Eta Joxean Artze ere bai, bere obrak inspiratu baitzintuen zure beste lan baterako: HERREN deitu zenuen. Ez dira edonor.
Badakizu zer gertatzen den? Gaur egun ez dudala topatzen horrelakorik. Tristea egiten zait. Agian Artze ez zen lehen hain ezaguna, eta behin jende hori hiltzen denean egiten da hain ezagun... Ez dakit. Horiek izan dira puskatzaileak niretzat.
Musika aldetik erreferenterik baduzu?
Europan dabiltzanak, oro har. Kaija Saariaho konpositore finlandiarra, eta Helmut Lachenmann alemaniarra, esaterako. Bietara daukat begirada, hemengora eta kanpokora. Ni hemengoa naiz eta egin nahi dut hemendik; baina gero, nola ez, kanpotik ikasi behar da. Biak uztartzea interesgarria da.
Eta bestelako musikan, erreferenterik Euskal Herriko musikagintzan?
Egia esan, musika gehiegi-gehiegi ere ez dut entzuten. Entzutera jartzen banaiz, kontzienteki, ikasteko da. Eta gero, kontzienteki ere bai, disfrutatzeko. Eta berriz bueltatzen gara aurrekora: Mikel Laboa entzuten dut asko. Eta Xabier Lete ere bai. Baina batez ere Laboa. Tristea egiten zait, baina iruditzen zait, eta lagunak ditut tartean, baina pop mailan adibidez, dena erabat neutroa ikusten dut. Inor ez da arriskatzen urratsak ematera. Ez dit sortzen ezer. Nahiko nuke, baina ez zait gertatzen.
Lehen komentatzen zenuenari lotuta: Laboa izan daiteke abstraktuaren eta figuratiboaren artean dabilena.
Baietz esango nuke, eta horregatik gustatzen zait. Letra batzuk zuzenagoak ditu, eta beste batzuk ez. Laboak daukan mundu magiko eta sonoritate hori izugarria da.
[Leihoak irekita daude, eta kanpotik, orain, lehen baino nabarmenago, saxoa entzuten da, norbait entseguan ari den seinale]. Orkestrara itzulita. Konpositoreok zer harreman daukazue interpreteekin?
Beno...
Zeren, zuk paperean idatzitakoa orkestrari ematen diozu eta, gutxi gorabehera, zu zara agintzen duena. “Aizue, jo ezazue idatzi dudan hau”.
Ez da nire kasua, zeren kontsideratzen dut harreman ona eta gertukoa dudala interpreteekin, baina normalean harremana konplikatua izaten da. Interpreteek, askotan, obligazioz bezala jotzen dute zure musika. Eta hein batean horrela izan behar du, normala da. Baina uste dut konpositoreon lana dela orkestrarengana gerturatzea. Konpositore batzuek ez dute horrela pentsatzen. Badago zera hori: “Oso intelektuala naiz, ez duzue nire musika eta artea ulertzen, eta jo ezazue idatzi dudan obra puska hau, eta ondo”. Garrantzitsua iruditzen zait interpreteekin gertuko harremana izatea, buruan daukazuna esplikatzea, eta horretarako behar den sinpleen azaltzea. Konpositore batzuk, baina, azaltzen dira azken entsegu egunera eta listo. Baina berekoi ipinita, guk daukagu galtzeko dena: interpreteak ez badu interesik nire lana ondo jotzeko, galtzen ni irteten naiz.
Konpositore intelektual figura klasiko eta historiko hori existitzen da, hortaz. Erromantizatuta dagoela esan didazu lehen. Konpositore ikasle moduan, pisatzen du horrek?
Pisatzen du, eta nahastu ere egiten gaitu. Irakasleak idealizatzen ditugu, oso-oso onak direlako, eta hasten zara ezagutzen eta, gaizki esanda, bera ere garagardoak hartzera doa, mundu guztia bezala. Idealizatuta eta erromantizatuta daukagu. Baina historiak berak erromantizatzen du.
Diziplina honek badauka historia luzea.
Bai, ez da dudarik, horrek asko pisatzen du. Baina Beethoven-eta hauek interpreteak ere baziren konpositore izateaz aparte. Hau da, idatzi eta jo egiten zuten. Hori orain ez da gertatzen. Interpreteen eta konpositoreen harremana joan da aldatzen, aldentzen, bakoitza berean espezializatzen. Eta oraingo pianista batek Beethovenek baino mila aldiz hobeto joko du. Konposatu, agian, inork ez [barre egin du].
Musika klasikoa beti lotu izan da elitismoarekin...
Jakina baietz. Mozartek idazten zuen erregeentzat, esaterako. Hortik hasten da. Eta gaur egun badirudi orkestra bat entzutera trajearekin joan behar duzula. Baina gero, errealki, ez da horrela. Elitizazio hori apurtu egiten da orkestra bat entzutera joaten zarenean. Eta, gainera, gaztea izanda, 10 euroren truke sekulako piezak entzun ditzakezu eta etxera joan lasai-lasai.
Niri nagia eragiten dit elitismo horrek, baina batik bat konpositoreen artean dagoenak. Badirudi, gainera, ezin duzula hori kritikatu, eta hori suntsitzeko nahia izatekotan, izen bat eduki behar duzula. Baina lehenik uztaitik pasa behar duzu.
"Oteizak zioen bezala, obra bakoitza aurrekoaren ondorengoa da"
Musika klasikoa ez dago jendartean oso presente, ezta?
Musika bakoitzak bere espazioak eta lekuak ditu. Musika klasikoa, nahiz eta irrati batean entzun, bere espazioa ez da irratia. Eta alderantziz, reggaetoiarena ez da Kursaala. Hori ulertu egin behar da. Baina horrez aparte, kristoren ezjakintasuna dago musika klasikoarekiko. Ez da erakusten benetan zer den. Ez dira betiko doinu klasikoak bakarrik; musika klasikoa gerturatu daiteke heavy metal-era beste mila gauza baino gehiago.
Alegia, urteberri eguneko Vienako kontzertutik harago badela mundurik. Elitismoaren gorena, adibiderik ezagunena, Vienako kontzertu hori da, ez?
Puf. Hori ez dut inola ere ikusi nahi. Gainera, Vienako Orkestra izan zen azkena emakumeak sartzen; eta gaur egun ere, ikusten dituzu emakumeak atze-atzean, kamerek ez dituztela enfokatzen.
Publiko orokorrarentzat, urteko alimentua da.
Eta kupoa betetzen dute, dena valsez eta polkaz beteta. Horra joan eta txalo-txalo egin, Radetzky-ren martxarekin.
Zuk trajerik ez diozu eskatuko publikoari... Euskadiko Gazte Orkestrak, uztail honetan, zure obra joko du. Ohorea izango da zuretzat.
Ohorea, bai, zeren nik EIO Euskadiko Ikasle Orkestrarekin jo nuenean Shostakovich-en 5. sinfonia jo genuen, eta orain Shostakovich-en hori joko da nirearekin batera, eta Coplandekin. Eta horrez aparte, kointzidituko dut lagun pilo batekin, interpreteak direnak. Lagunarteko esperientzia izango da, hortaz. Eta lagunak, lagun ditudanez, badakit inplikatuko direla ondo jotzera.
Ingalaterrako Massive Attack taldeak artisten arteko aliantza sustatu du, hasi berri diren artistei edo Israelen aldeko erakundeen zentsura pairatzen dutenei babesa emateko.
Alegoría del mal
Rat-zinger
Kasba Music, 2025
--------------------------------------------------------------
Apokalipsiaren aurreko garai ustel hauetan, non eskuin atzerakoienak lortu duen bere diskurtsoa erdian jartzea, erabat ezabatuta dagoen gizarte batean,... [+]
Aspaldi ez bezala hunkitu nintzen Bloñ lehen aldiz ikustean. Bizi osorako ahots bakarra entzun ahalko banu kantuan, zalantzarik gabe, Maia Iribarnerena litzateke. Obretan ari dira etxe barnean eta inguruko zuhaitzen itzalpean jarri ditugu aulkiak, parez pare. Mintzatu... [+]
Norbere gorputzaren gaineko erabakiez, estetika heteropatriarkalaren morrontzaz, kontraesanez eta musikaren industriaz solastatzeko baliatu dugu Arrigorriagako polemika: herri horretako jai batzordeak Vulkano orkestra festa-egitarautik kentzea erabaki du, ikuskizuneko... [+]
C.R.I.N.G.E
Azuleja
Le Royale, 2024
--------------------------------------------------------------------
Bai, ia beti euskal taldeak dira lerro hauetan intereseko. Guretzat, eta zuentzat. Baina pixka bat epifania moduan, Amabirjina ikusi duenak nola, hala daukat... [+]
Instagrameko @denuncias_euskalherria kontuak publikatu ditu hainbat salatzaileren mezuak. Horietan salatu dute bi talde horien baxu jotzaileak haren bikotekide ohiak fisikoki eta psikologikoki eraso izana
Kneecap taldea BBK Liven egoteak eztabaida piztu du makrofestibalek protesta politikoaz egiten duten instrumentalizazioaz eta kultura-eredu nagusiaren kontraesanei buruz.
Bilboko Bilboko Kontseilu Sozialistaren Laneko Autodefentsa Sareak BBK Live jaialdiko lan-baldintza prekarioak argitara atera nahi ditu, baira horien erantzuleak seinalatu. Horretarako, solasaldia antolatu du uztailaren 2an.
Beethovenen 'Missa Solemnis'
Norabide bakarrean
721-Gogor Gabiltza
Autoekoizpena, 2025
---------------------------------------------------------
Askotan, guraso garenon kezka bat da ea seme-alabek gure aholku edo "txapak" aintzat hartuko dituzten, jakitun izanda, era berean, guri kontra... [+]
Reggaetonarekin eta antzekoekin, musika estilo bat ez ezik, Puerto Ricok beste ideia bat zabaldu du mundu osora: turistifikazioaren eta iragan kolonialaren artean dagoen lotura estua. Milioika jarraitzaile dituen Bad Bunny artista da mezu horren bozgorailu. Azken diskoan Jorell... [+]
HIL FABOREZ FEST
Lekua: Ibaola Harriak, Eskuernaga.
Taldeak: Lukiek, Las Sexpeares, Seggs Tape, GAL, Chuleria Joder!, Aposapo, Bayou la Batre, Borla, Türbot, Malakias MX3
Data: 2025eko ekainaren 14a.
--------------------------------------------------------
El Salto hedabideak argitaratu zuen Espainiako dozenaka musika jaialdiren Superstruct sustatzailea Israelen aldeko funts batek erosi zuela. Geroztik, musika talde eta bakarlari ugari batu dira KKR-ren aurkako boikot kanpainan, eta Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren... [+]