Fernando Mikelarena

"Nafarroan Gerra Zibilean jazotakoa isildu izana gizarteari zor zaio"

  • Nafarroako agintariek azkar eman zioten sostengua 1936ko uztailaren 18an Franco diktadoreak Afrikan hasitako altxamenduari, eta horretan oinarrituta faxistek “Nafarroa lehena” izan zela azpimarratu dute. Fernando Mikelarena (Bera, 1962) historialaria ere bat dator, baina guztiz muturrekoa den beste interpretazio batekin: lehena izan zen, bai, arerio politikoen hilketak zenbatuz gero.

Koldo Azkune
2016ko maiatzaren 01a

Fronte Popularrari bozka eman zioten herritarren kopurua eta karlista eta falangistek gerora hil zituztenena alderatzen baditugu, Nafarroak Estatuko portzentajerik altuena du, non eta gerra fronterik gabeko lurraldean: alderdi horretako 1.000 boto-emailetik ia 100 exekutatu zituzten. Fernando Mikelarena ikertzaile beratarrak “gupidarik gabeko” errepresio hori ikertu du Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936. Responsabilidades, colaboradores y ejecutores (Gupidarik gabe. Garbiketa politikoa Nafarroan, 1936. Ardurak, kolaboratzaileak eta exekutatzaileak) liburuan. Nafarroako laborategian landutako garbiketa politikoa frankistek iparraldeko frontera hedatuko zuten ostera.

Nola lortu ahal izan duzu informazio hori guztia?

Jabetu nintzen baliogarria izan zitekeen informazio zuzen gehiena garbiturik zegoela, edota deuseztatuta. Falange eta Gobernu Zibilaren dokumentazioa desagerrarazi zuten, eta Karlisten Gerra Junta Zentralarena zentsuratua zegoen. Orduan, pentsatu nuen ikerketa sakonago baten bidez zuzenak ez ziren bestelako informazioak lor nitzakeela. Soldadu batzuen fitxetan, kasu, atzeguardian burututako aktibitateen berri ematen zutela ikusi nuen. Orduko amorru eta grinak bultzatuta, ez ziren batere moztu gerran egindakoez hitz egiterakoan. Beste batzuk askoz zuhurragoak izan ziren eta ez zuten ezer kontatu.

Errepresiogileen irudian zentratu zara. Zergatik?

Gai honetara gerturatu diren bakanak tontorrean zeuden agintariak, milizietako arduradunak edo heriotza-eskuadroietako kideen irudiak jorratzera mugatu dira. Baina ez dugu ahaztu behar herritar anonimoen partaidetza guztiz erabakigarria izan zela. Herriko agintariek errepresioari uko egin zioten herrietan, adibidez, ez zen ezer gertatu. Botere publikoak errepresioari ateak ireki zizkion herrietan suertatu ziren hilketak.

Berbintzanako Txato, Benito Santesteban edo Galo Egues aipatzen ditugu 36ko errepresioaren ordezkari bezala. Baina nolakoa izan zen herritar arrunten partaidetza?

Badago Poloniako herrixka bati buruzko liburu interesgarria, Jan T. Gross idazlearena, Neighbors, Bigarren Mundu Gerran girotua. Jedwabne izeneko herri batean erdiak poloniarrak ziren eta beste erdiak judutarrak. Bada poloniarrek judutarrak sarraskitu zituzten. Autoreak liburuan egia ofiziala biluztu zuen: judutarrak akabatu zituztenak ez zirela naziak edo Gestapoko kideak izan, hango herritarrak baizik. Leku askotan gizarte zibilak errepresioarekin izan duen kolaborazioa ikertu dute. Gurean ez. Dokumentazioaren desagerpena eliteen agindu bati esker etorriko zen ziurrenera, baina Nafarroan Gerra Zibilean jazotakoa isildu izana gizarteari zor zaio, zalantzarik gabe. Karlisten parte-hartzeaz, adibidez, isiltasun-ituna egon da nafarragoak direlako, katolikoagoak...

Eta nork estali nahi izan du gaia?

60-70 hamarkadetan biztanle asko herritik hirira joan ziren, nekazaritzatik fabriketako langile izatera pasatuz, eta eskuin tradizionalistako familietan hazitako askok ezkerreko ideiak edo euskal abertzaletasuna besarkatu zuten. Hortaz, gai horrek ezerosotasun ugari planteatzen ditu. Azken batean 3.000 hildakoz ari gara, Nafarroak bere historian bizi izan duen tragediarik handienaz.

1936 baino lehen, hain zatitua al zegoen Nafarroako gizartea?

Modu analitiko-objektibo batetik ezetz esango nizuke. Egia da herri batzuetan liskarrak izan zirela, baina orduko zatiketak ezin du ostera etorriko zena berez esplikatu. Bat-batean bizimodu zibilizatuaren oinarriak hautsi ziren, hori da gertatu zena. Elementu oso eraginkorrak erabili zituzten jendea mugiarazi eta polarizatzeko, erlijioa adibidez. Maiz esaten didate herrietan sinetsita zeudela arerioek adarrak eta buztana zituztela. Badut liburu bat oso gustuko dudana, Joseba Zulaikarena, Itziarko ETAren indarkeria aztertzen duena. Zulaikari leporatu zioten jatorri politikoko indarkeria elementu antropologikoz mozorrotzen ahalegintzea. Baina nola liteke aparteko gatazkarik gabeko gizarte batean, zenbait mezu eta diskurtso tarteko, herritar batzuk gisa horretako basakeriak egiteko gai izatea?

Orduan gertatu zirenak munduko beste gertaera odoltsu batzuk ekartzen dizkigute burura.

Gutako gehienak oso inozoak garela iruditzen zait indarkeriak jendearen jarrerengan duen eragina neurtzerakoan. Saltoa ematen dutenek arras ongi ezagutzen dituzte helburu politikoko indarkeriarekin lor daitezkeen etekinak. Eta gu ez gara batere kritikoak. Herrialde ezberdinetan eman diren horrelako gertaerei erreparatuz gero, muga bat gurutzatzean ondorioak oso lazgarriak izan daitezkeela ikusiko genuke.

Nafarroan indarkeriak zer ondorio politiko ekarri zuen?

Orduan gertatu zenak sektore zehatz batzuei berrogei urtez boterean mantentzea ahalbidetu zien. Falangek 36ko hauteskundeetan 40.000 boto eskas izan zituen Estatuan, boto guztien %0,1. Karlista eta falangistek ezin zuten boterea bide demokratikoen bitartez eskuratu. Deigarriena ez da indarkeria horrekin boterea lortu zutela, 40 urtez hor mantendu zirela baizik. 

ERREPRESIOAREN LABORATEGI

Erriberako ezkerreko mugimendua izan zen faxisten errepresioaren helbururik behinena. Gizarte eredu berri baten alde borrokan ari ziren herritarrak zientoka desagerrarazi zituzten, naziek ostera erabiliko zituzten antzeko metodoez baliatuta. CNTko kideak, UGTkoak eta jornalariak izan ziren triskantza horren biktima nagusiak.

Fernando Mikelarenak dio gertaera horien gainean argitu gabeko kapitulu asko dagoela. Horien artean, errepresioaren diseinuarena: “Arraroa da oso inor ez ohartzea frankisten errepresioa muntatu zuena Karlisten Junta Orokorreko kide bat izan zela: Marcelino Ulibarri, Bilbo erori eta hiri bat nola menpean hartu protokolizatu zuena. 1938an komunismo eta masoneriaren kontrako arduraduna izendatu zuten Ulibarri. Hiri bat azpiratu bezain agudo, egiten zuten lehenengo gauza sindikatu eta alderdi politikoetako egoitzetara jotzea zen, dokumentazioa  konfiskatu eta zigortu beharreko elementuen zerrendak egiteko. Gizon horrek protokolo horiek diseinatu zituen, eta lehenbizi Nafarroan entseatu zituen”.

Idazle beratarrak ez du bere tesia frogatu dezakeen errepresio-metodo edo gida-libururik aurkitu, baina sinetsita dago hemen ikusitako teknika asko nazien Alemanian ere erabili zituztela: “Erriberako leku askotan ezkertiarrei besokoak eramatera behartu zieten. Herri asko kontzentrazio-esparruak bihurtu ziren. Herritik kanpora nekazaritza lanak egitera atera ahal izateko udaletxean baimen bat eskatu behar zuten. Gainera, egunez eta gauez etxeko ate eta leiho guztiak zabalik mantendu behar zituzten, kanpotik erraz ikusteko moduan. Datu hauek ongi aski erakusten dute errepresioa modu zientifikoan landu zutela”.

Mikelarenak bildu dituen datuen arabera, Ulibarri Zaragozan bizi zen eta Karlisten Junta Orokorrarekin bat egin asmoz etorri zen Iruñera. Francoren lagun mina omen zen Zaragozako Akademia Militarrean elkarrekin egon zirenetik, eta Molarena ere. Bada, Nafarroan atzeguardiako errepresioa egiteko berak enplegaturiko metodologia, Gipuzkoa eta Bizkaira ez ezik, frankisten menpe erori ziren beste zonaldeetara ere esportatua izanen zen.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: 1936ko gerra  |  Nafarroa

1936ko gerra kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude