CAFeko enpresa batzordeak Gazara ura bidaltzeko diru bilketa abiatu du

  • Enpresa batzordeak dei egin die langileei Palestinarekin “keinu solidarioa” egin dezaten: dirua jasoko dute, Gabonak artean, Gazara ura bidali ahal izateko. Salam Gaza elkarteak egingo du bidalketa, eta "CAFeko zuzendaritzak Israelekin kolaboratzen duen bitartean", langileek “justiziaren eta bizitzaren alde” jartzea erabaki dutela azpimarratu dute.

CAFeko langile batzordeko eta Salam Gazako ordezkariak, ostiralean, prentsaurrekoan. CAFeko langile batzordea

2025eko azaroaren 21ean - 12:51
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Gaza eta Zisjordaniako egoerak prentsa titularrik betetzen ez duen garaian, CAFeko enpresa batzordeak oraindik kezkaz begiratzen dio herrialdearen egoerari, eta gaia berriro mahai gainean jartzeko asmoz, “ekintza humanitario praktikoa” abiatu dute: dirua jasoko dute Gazara ura bidaltzeko, Salam Gaza Nafarroa elkartearen bidez. Langile batzordeko kideek dei egin diete langile guztiei beren “ur tanta” jarri dezaten. Aipatu elkarteak eskertu egin du CAFeko langileen erabakia eta pisu “politiko eta sinboliko izugarria” duela aitortu du: “Zuek, langileok, justiziaren eta bizitzaren alde jartzea erabakitzen duzue. Eta keinu horrek zuen gizatasunaz hitz egiten du edozein diskurtsok baino gehiago”.

Jakina da CAFek Israelekin merkataritza harremanak mantentzen dituela, NBEk ere ohartarazi zuen horretaz, eta zerrenda beltzean sartu. Horren aurrean, enpresako langileek betebeharrak dituztela aldarrikatu du enpresa batzordeak: “Langileoi dagokigu harreman komertzial horiek ez normalizatzen jarraitzea, eta Palestinako herriari gure babesa eta elkartasuna erakusten jarraitzea”. Hori horrela, orain hasi eta Gabonak bitarte, ur bidoiak jasotzen ariko dira, zuzenean Gazara bidaltzeko.

Izan ere, Salam Gaza elkartea Gazara ura eramaten ari da. Azaldu dutenaren arabera, Gazako bost GKErekin ari dira zuzenean lanean, eta kontratua sinatu berri dute “Gaza osoan ura edangarri egiteko gai den enpresa bakarrarekin”. Hori horrela, dagoeneko 600.000 litro ur banatu ahal izango dituzte bi hilabetez. Eta CAFetik bideratutako urak puztuko du zifra hori.

Horrela, bada, elkarteak eskertu egin du langile batzordearen keinua, eta bilketan parte hartzeko deia egin dute: “Beste enpresa-batzorde, sindikatu eta herritar guztiak ere bizitza-kate honetan sartzera gonbidatu nahi ditugu. Ekarpen bakoitzak balio du, ur tanta bakoitzak balio du, elkartasun keinu bakoitzak balio du”. 

Diru bilketako afitxa, dirua sartzeko kontu korronteekin.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestinarekin elkartasuna
Eguneraketa berriak daude