Kimutx, elkarlanean loratutako kimua

  • Kimutx kultur elkartea, hasierako helburua hori izan gabe, auzolan proiektu bihurtu den egitasmo interesgarriaren adibidea dugu. Etxe giroan hasi ziren bi ama, eta sortze prozesuan partaideak eta profesionaltasuna gehitzen joan zitzaizkion. Emaitza: haurrentzako ipuinak, bertsoak, kantak, txotxongiloak, euskal mitologia eta beste abar luze bat biltzen dituen materiala.

"Proiektuaren sorrera kezka batek hasi zuen: gure sentsibilitatea nonbait islatu nahi genuen gure haurren heziketan"

“Proiektuaren sorrera kezka batek hasi zuen: gure sentsibilitatea nonbait islatu nahi genuen gure haurren heziketan”, dio Nora Barrosok, Kimutxen sortzaileetako batek. Euren ahots eta tresnak erabiliz, etxe giroan geldituko zen zerbait egin nahi zuten Jurdana Otxoak eta berak, seme-alabei eskaini nahiko lieketena sortuz, jada ezagutzen zituzten proiektuetatik jasotakoa haienarekin aberastuz.

Musika eta kanten hitzak sortzen hasteko, gaian adituak ziren gertuko jendearekin hitz egin zuten: Oreka Tx-ko Mikel Ugarterekin, Odei Barroso bertsolariarekin edota Arkaitz Miner musikariarekin, kasu. “Lehenengo kontaktuetan jada jakin genuen proiektuak gauza polit asko sortzeko aukera ematen zuela. Horrela, bada, pixkanaka ipuinak sortzen hasi ginen, eta proiektuan jende gehiago saretzen joan zen”. Besteak beste, lotarako kantu baten letra egiteko, Xalbador II.a bertsolariarengana jo zuten Urepelera.

Ezagunetatik harago zabaltzen hasi zirenean, Eider Eibar marrazkigilearekin jarri ziren harremanetan, eta egitasmoarekin bat egin zuen honek. Ipuinak egiteaz arduratu zen Nahia Alkortak, euskal mitologia uztartu nahi izan zuen egitasmoan, eta zortzi izaki mitologiko aukeratu zituen, Eibarrek irudikatu zituenak: iratxoa (Kimutx), sorgina (Nora), lamia (Jurdana), jentila (Laiene), Martin Txiki, Aker, Tartalo eta Mari edo Amalur. “Lehenengo zazpiek haur itxura dute, ikasleak dira, eta Oiartzungo Kataxulo kobara doaz Amalurrekin elkartzera. Bertan, astebetez, Amalurrek izaki bakoitzaren istorioa azaltzeko eskatuko die, eta haurrak euren jatorria azaltzen hasiko zaizkio, kantuez lagunduta”, azaldu du Barrosok. Istorioak, gainera, heziketa ulertzeko modu bat jartzen du mahai gainean: haurrak ikaskuntza prozesuan txertatzen ditu, haiei hitza emanez, eta irakasleek entzuten ikasi behar dute.

Musikariz, letragilez, bertsolariz, idazlez, kudeatzailez, teknikariz, marrazkigilez eta diseinatzailez aberastutako taldeak musu-truk egin du lan lau urtez, eta 2012 bukaerarako jada amaituta zuten material guztia: hamar bertso hamaika kantatan (bertso bati bi doinu jarri zizkioten), zazpi ipuin, pertsonaien marrazkiak eta Euskal Herri osoko 40 lagunetik gorako baso ederra. “Kimutxen parte den pertsona bakoitzak bere borondatea, sentsibilitatea eta pasioa jarri ditu proiektuan, eta horrek auzolan familia bat sortzea eragin du”.

Material guztia, eskuragarri

“Egindako lana formatu eskuragarrian jartzea erabaki genuen, guretzat opari bezala gordetzeko. Gure poltsikotik dirua jarriz, 500 aleko tirada atera genuen”, azaldu du Barrosok. Ale bakoitza 18 eurotan dago eskuragarri, jarritako dirua berreskuratzeko eta proiektuari hauspoa emateko asmoz. Editatutako materiala egitasmoaren webgunearen bitartez eta zenbait liburu-dendatan lortu daiteke, Errenterian (Mirentxu liburu-denda), Durangon (Hitz), Zarautzen (Garoa), Beasainen (TTiklik Elkargunea) eta Tuteran (El Cole). Eskaeren arrakasta ikusita, bigarren tirada bat egin behar izan dute.

Egindako lan guztia biltzen du ale bakoitzak: ipuinak paper formatuan, barrutik margotzeko eta txotxongiloak egiteko irudi mozgarriak, kantuen CD-a, eta CD didaktikoa. Azken horretan, ipuina jaso dute PDF formatuan, baita kanten partitura eta akordeak, letrak eta karaoke moduan aritzeko ahotsik gabeko kantak. Liburuak saldu ahal izateko, Kultur Elkartea sortu behar izan dute. Creative Commons lizentziapean egin dute, horrela edozeinek har dezakeelako materiala eta zerbait berria egin, baldin eta Kimutx elkartea aipatzen badu, herrian egindako lana herriari uztea baita xedea. Webgunean ere doan eskura daiteke materiala: www.kimutx.eu.

Haurrek gozatzea, emanaldien helburua

Hainbat lekutatik deitu dituzte euren proiektuaren aurkezpena egiteko. Emanaldiak bereziki etxeko txikiei, ingurukoei eta orokorrean haurren mundua maite duen orori zuzenduta daude. Kimutx egitasmoan eraikitako mundu magikoa ezagutzeko aukera dago emanaldiotan: Euskal Herriko pertsonaia mitologikoen ezaugarriak, zuzeneko musika, irudien magia, ipuin kontaketa... Haurrak ere kantuan aritzen dira. Orain artekoek harrera ona izan dute, eta hurrengo emanaldia EHZ jaialdian izango da, ekainaren 29an.

Zertan datza Kimutx Kultur Elkarteak lortu duen arrakasta? Batetik, handinahikeriarik gabe denboraren poderioz mamitu eta hauspotu den proiektua izan da, “etxe giroan hasi eta herri giroan amaitu dena”, Barrosoren hitzetan. Bestetik, arlo ezberdinetako aditu edota zaleek pasioz eta sentsibilitatez jorratu duten auzolana dago atzean. Haurrenganako errespetua, beraien gozamena eta bestelako hezkuntza bat planteatzen duen egitasmoa ere bada: materialak, haurrek bakarrik eta helduen konpainian gozatzeko aukera ematen du, euren irudimena indartuz eta sorkuntza sustatuz. Baina, batez ere, euskal kulturak duen aberastasuna pasioz transmititu nahi du Kimutxek, mitologiaren, hizkuntzaren, musikaren, bertsoen eta dantzaren bidez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Auzolan esperientziak
'Eutsi geureari' goiburuarekin abiatu da Errigoraren udaberriko kanpaina

Nafarroako erdialde eta erriberako nekazariei eta euskalgintzari babesa adierazteko produktu loteen eskaerak egin daitezke Errigora. eus webgunearen bitartez. 'Eutsi geureari'  izeneko kanpaina abiarazi zuten atzo eta martxoaren 13ra arte aukera dago saski horietako... [+]


14.000 saskitik gora saldu ditu Errigorak, eta 185.000 euro bideratuko ditu euskalgintzara

Hamar urte dira saskiekin hasi zirela eta bi milioi euro bildu dituzte guztira.

 


Errigora, hamar urte euskarari puzka

50 euroko saski bakar eta "biribila" eta komunitatea batuko duen argazki erraldoia atera nahi dituzte urteurrena ospatzeko kanpainan. Azaroaren 9ra bitartean egin daiteke saskien eskaera.


2023-10-15 | Leire Artola Arin
Emakume baserritarrak, funtsezkoak bezain ahaztuak

Baserritar bat abereak gobernatzen edo traktorea gidatzen irudikatu beharko bagenu, ziurrenik gizon heldu bat imajinatuko genuke. Erreportaje honetarako elkarrizketatu ditugun baserritarrek, ordea, erakutsi digute iruditeria folkloriko horren atzean badaudela landa eremutik... [+]


Ludoteka euskaldunak Nafarroa erdi eta hegoaldean, aisialdian ere haurrak euskaraz aritu ahal izateko

Nafarroa erdi eta hegoaldean euskaraz ikasi bai baina erabiltzeko aukera gutxi du haur askok. Herri horietan aisialdia euskaraz gozatu ahal izateko asmoz jaio ziren Jolasteka ludoteka euskaldunak. Ikasturte honetan gutxienez 16 herri, 22 jolasteka eta 3 eta 12 urte arteko 211... [+]


Eguneraketa berriak daude