Suteei aurre egiteko, auzolana eta elkar-laguntza

  • Iazko udan suteek panorama iluna utzi zuten Nafarroan, argazkiko San Martin Unxen lurren %95 kiskali zuten. Asko hitz egin zen hedabideetan suteek eragindako kalteez, baina nola aurre egin gero eta sute gehiago eman daitezken testuinguruari? Nafarroako Gobernuaren interes falta salatu dute erreportaje honetako elkarrizketatuek; auzolanak ekarriko du irtenbidea?

San Martin Unxen (Nafarroan) suteek eragindakoa / Argazkia: Andoni Lubaki (FOKU)
San Martin Unxen (Nafarroan) suteek eragindakoa / Argazkia: Andoni Lubaki (FOKU)

Hamahiru hilabete dira suak Nafarroa hartu eta kalte izugarriak eragin zituenetik. Inoiz erregistratutako suterik handiena izan zen iazkoa: 10.000 hektarea baino gehiago kiskali zituen, eta 15.000 hektarea ingurutan kalteak eragin. Ideia bat egiteko, Arabak guztira 9.143 hektarea ditu. San Martin Unx, Uxue, Legarda, Muruzabal, Obanos, Arga, Girgillao eta Arraiza izan ziren herri kaltetuenetakoak. Kalte humanoak, zorionez, ez ziren handiak izan.

San Martin Unxen hiru egunez iraun zuen suteak eta lurren %95 kiskali zen, baina Javier Leoz alkateak adierazi zuen herria “azken unean” salbatu, baina salbatu zutela. Suteari aurre egiteko eta eragindako kalteak konpontzeko 53 milioi euro gastatu dira. Xabier Unzue abeltzainaren esanetan, askoz ere eraginkorragoa litzateke prebentzioan inbertitzea: “Imajinatu horren erdia erabiltzen dela urtero prebentziorako, ez litzateke horrelako hondamendirik gertatuko”.

Nafarroako Gobernuaren neurri nagusia udalei ardura pasatzea izan da, prebentzio neurriak ezartzeko eskatu diete baina herri txikietako udalen baliabideak oso urriak dira

Gobernuaren plana

Nafarroako Gobernua, ordea, beranduago hasi da ohartzen sute batek eragin dezakeenaz, sutearen ondorengo hilabeteetan 2023ko Gobernu Plana adostu baitzuen. Suteak saihestu, zaindu eta itzaltzeko neurriak erabaki zituen. 2022ko abuztuan onartu zen Espainiako Estatuko errege dekretua eta Nafarroako Gobernuak lurraldera egokitu zuen. Errege dekretuak, besteak beste, suteak eragin ditzaketen makinak lurrean erabiltzea debekatu zuen, baita lehorte garaian uzta jasotzea ere. Orain, baina, salbuespenak jarri dira: ezingo da uzta bildu 42ºC-tik gora, eta alerta laranja eta horia denean biltze lanak egitea posible izango da, beti ere prebentzio neurriak hartzen badira. Horregatik, herri-lan eta azpiegituren zuzendaritza nagusiak ikuskatu beharko ditu lan horiek, eta baldintzen arabera egokitu.

Neurriak herritarren interesekoak izan daitezke edo ez, eta, batez ere, suteak ekiditeko eraginkorrak izan daitezke edo ez. Gaur-gaurkoz, gure solaskideen arabera, begi-bistakoa da suteei aurre egiteko Nafarroako Gobernuak orain arte erakutsi duen borondate politikoa oso txikia dela. Aztertu besterik ez dago suteei aurre egiteko azken plana noizkoa den; hain justu, 2013koa da argitaratu berri dutenaren aurrekoa, eta hori baino lehenago indarrean zegoena 1999. urtekoa zen. Bide beretik, biztanle gutxi dagoen herrietan inbertitzea zenbateraino den errentagarria galdegin du Unzuek, eta salatu du “herriek garrantzi gutxi” dutela gaur egun.

Gobernuaren neurri nagusia udalei ardura pasatzea izan da, prebentzio neurriak ezartzeko eskatu diete. Udalek bide berbera jarraituko dute: neurriak eta arauak ezartzea. Segur aski, onartuko dute bideak eta lurrak garbi eduki behar direla, suteak moztu eta suhiltzaileek irisgarritasuna izan dezaten adibidez, baina herri txikietako udalen baliabideak oso urriak dira. Abeltzainak adibidea jarri du: “Udalak lurjabeei aginduko die haien lurrak garbitu ditzatela, baina 80 urteko norbait lurreko sasiak garbitzen hasiko da? Ez dut uste. Zerbait gehiago behar da, baliabide gehiago”.

Ibai Sueskun Errigorako kideak eta Miriam Otxotorena CPAEN-NNPEK nekazari ekologikoen lehendakari ohiak Nafarroako Gobernuaren neurriak “minimoak eta burokrazia askokoak” direla azpimarratu dute. Bide batez, lehentasun falta salatu du Unzuek: “Suteen inguruan dirutza mugitzen da eta espektakulu propagandistiko hutsa eragiten dute. Orduan politikariek diote suteen kontra daudela, baina ez daukat hain garbi hala denik”.

Prebentzio garrantzitsuena abeltzaintza dela azpimarratu dute Miriam Otxotorena eta Xabier Unzuek, horri esker landa eremua "garbi eta osasuntsu" mantentzen baita

Errigoraren auzolan erraldoia

Suteen sugarretatik eta Nafarroako Gobernuaren borondate politiko faltatik eraiki zuten auzolanean proiektu eraldatzailea Errigoratik, euskara eta auzolana ardatz duen herri-ekimenetik. Sueskunen esanetan, ez zen hain afera korapilatsua: “Jendeak laguntza behar zuen eta laguntza eskaini genion”. 2022ko uztailaren 3an prentsaurreko bidez azaldu zuten diru-bilketa bat martxan jarriko zutela eta lortutako dirua gestionatzeko adituen mahai bat osatuko zutela; tartean, suhiltzaile, basozain, nekazari eta abar.

San Martin Unxen egindako proiektuaren aurkezpena / Argazkia: Errigora

Guztira 90.000 euro inguru lortu zituzten, eta diru hori inbertitzeko sei espezialistez osatutako mahaia jarri zuten martxan: Miriam Otxotorena (CPAEN-NNPEK kontseiluko lehendakaria), Mikel Tabar (basozaina), Victor Rubio (suhiltzailea), Patxiku Irisarri (Euskal Herriko Nekazarien Elkarteko Nafarroako kidea), Juan Carlos Castillo (Peraltako alkatea eta Nafarroako kontzeju eta herrien zuzendaria) eta Imanol Ibero (Nekazaria eta Errigorako kidea).

Dirua bi herriren artean inbertitzea erabaki zuen: Uxue eta San Martin Unx. Suteen prebentziorako dekalogo bat osatu zuten, bi herri horiek erreferente izan daitezen eta Nafarroako gainontzeko herrietan ere baliatu dezaten. Esan behar da ez zirela ausaz aukeratu herri horiek, eragin handia izan baitzuen suteak bertan, eta gainera herritarrek borondate handia erakutsi zuten proiektua martxan jartzeko.

Hiru premisa ezarri zituzten suteen prebentziorako: abeltzaintza estentsiboa bultzatzea, herri edo nukleoak babestea eta gerriko edo harresi berdeak sortzea. Lehenak landa eremua garbi mantentzen laguntzen du, zaborrik pilatu gabe; bigarrenak eta hirugarrenak, herriak eta landa eremua banandu eta batak bestearengandik babesten ditu.

Errigorak diru-bilketa bidez lortutako dirua herrietako suteen prebentzioan inbertitu zuen, egindako lanen irudia / Argazkia: Errigora

Dekalogoa osatzeko, lehenik eta behin, sistematikoki sua nondik etorri daitekeen aztertu zuten, eta zein izan zitekeen herri horien puntu ahulena. Uxuen, adibidez, herriak sarrera bakarra du, errepide bakarra, eta suteak sarrera hori galarazten badu ezin dute suhiltzaileek sartu. Horregatik, beste sarrera bat egiteko lanei ekin zieten.

Horrez gain, landa eremuen garbiketak jarri zituzten martxan, zaborra egon ez dadin eta suak etorkizunean hortik pasa behar badu zailtasun gehiago izan ditzan. Zein landare mota jarri ere aztertu zuten, izan ere, gariak olibondoekin alderatuta askoz errazago zabaltzen du sua. Hori dela eta, lehentasuna eman zieten olibondoak herrietatik gertu landatu eta erdiguneak babesteari.

Pirinioetan eski estazioak jartzea, haize errotak eraikitzea, eguzki plakak jartzeko proiektuak, ur presak egitea, turismo masifikatua... Herriak gaur egun ustiatzeko baino ez direla erabiltzen dio Unzue abeltzainak

Azken urteetan jaramonik ez

Landa eremuan gero eta biztanle gutxiago bizi da, eta joera areagotu egingo dela azaldu du Otxotorenak. Unzueren esanetan gobernuek herrietan gutxi inbertitzea eta bertan biztanle gero eta gutxiago bizitzea “sorgin gurpila” da. Otxotorenaren hitzetan, landa eremuan “ohitura batzuk galdu egin dira, bai administrazio aldetik baita gizarte modura ere: herri lurretan –guztion lurretan– ez da inbertsiorik egin, batzuetan animaliak sartu dira baina besteetan ez, itxiturak sarri ez dira egokiak, animalientzako ura falta da eta etxeak landa eremuetatik gertu eraiki ditugu”.

Aipatutako ohitura aldaketek eragina izan dute suteetan, eta etorkizunean ere izango dute. Prebentzio garrantzitsuena abeltzaintza dela azpimarratu dute Miriam Otxotorenak eta Xabier Unzuek, horri esker landa eremua “garbi eta osasuntsu” mantentzen baita. Hala ere, prebentzio neurriek ez dituzte suteak %100 saihesten, hortaz, suteen eraginak ahalik eta txikienak izateko neurriak ezartzea ere premiazkoa da. Esate baterako, herri txikietan guztien eskura egongo diren mahukak jartzea neurri bat izan daiteke. Zer esanik ez, formakuntza, biztanleek zer bai eta zer ez duten egin behar azaltzea oinarrizkoa da.

Herrien ustiaketa

“Ulertu behar da landa eremuak edo herriek hiriari ekarpena egiten diotela; eta aldiz, alderantziz oro har ez dela gertatzen”, azaldu du Xabier Unzue abeltzainak. Gehitu du herriek elikadura, energia (haize errotak, eguzki plakak...) eta zaborrak bildu ohi dituztela, eta trukean “kontsiderazio eta errespetu” gutxi jasotzen dutela. Bide beretik, herriaren ahotsa ez dela entzuten eta baloratzen uste du Otxotorenak.

Horren adibide dira Pirinioetan eski estazioak jartzea, haize errotak eraikitzea, eguzki plakak jartzeko proiektuak, ur presak egitea, turismo masifikatua... Herriak gaur egun ustiatzeko baino ez direla erabiltzen dio Unzuek, eta etxebizitzekin gertatzen dena azaldu du: “Landa eremuan etxebizitzekin dugun arazoa larria da, dirudunak etortzen dira eta bertako baserriak erosi eta erreformatzen dituzte ondoren saltzeko. Baina nork erosiko du etxe bat 500.000 eurotan herri txiki batean? Normala iruditzen zait hirietara alde egitea”.

Dena dela, gizartearen jarrera aldaketa eta kontzientziazioa ikusi dute Unzuek eta Otxotorenak, batik bat COVID-19 gaixotasunak eta suteak eraginda. “Natura eta gizartea” orekatu egin behar direla dio Otxotorenak eta azpimarratu du horretarako ezinbestekoa dela herri eta hirien arteko zubiak eraikitzea.

Jarrera aldaketaren erakusle da Errigorak martxan jarritako diru-bilketa eta prebentzio neurriek izan duten harrera bikaina. Diru asko biltzeaz gain, herritar ugarik beren alea jarri dute proiektuan parte hartzeko. Miriam Otxotorenak dio babes ekonomikoa garrantzitsua dela, baina batik bat, “gehien bultzatzen” duena babes morala dela.

Isilik eta geldirik ez geratzeko premia

“Gizarteak beti espero du okerrago egon daitekeela eta horregatik isilik gaude”, dio Unzuek. Hamarkada batzuk atzera egingo dugula uste du, prezioak gora doazelako baina soldatak ez. “Jateko lan egitera bueltatuko gara, 1960ko hamarkadan bezalaxe”. Jarrera aldaketa bat sustatzeko, Errigora bezalako proiektuak beharrezkoak direla dio, indibidualismotik salto egiteko aukera eskaintzen baitute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errigora
'Eutsi geureari' goiburuarekin abiatu da Errigoraren udaberriko kanpaina

Nafarroako erdialde eta erriberako nekazariei eta euskalgintzari babesa adierazteko produktu loteen eskaerak egin daitezke Errigora. eus webgunearen bitartez. 'Eutsi geureari'  izeneko kanpaina abiarazi zuten atzo eta martxoaren 13ra arte aukera dago saski horietako... [+]


14.000 saskitik gora saldu ditu Errigorak, eta 185.000 euro bideratuko ditu euskalgintzara

Hamar urte dira saskiekin hasi zirela eta bi milioi euro bildu dituzte guztira.

 


Errigora, hamar urte euskarari puzka

50 euroko saski bakar eta "biribila" eta komunitatea batuko duen argazki erraldoia atera nahi dituzte urteurrena ospatzeko kanpainan. Azaroaren 9ra bitartean egin daiteke saskien eskaera.


Ludoteka euskaldunak Nafarroa erdi eta hegoaldean, aisialdian ere haurrak euskaraz aritu ahal izateko

Nafarroa erdi eta hegoaldean euskaraz ikasi bai baina erabiltzeko aukera gutxi du haur askok. Herri horietan aisialdia euskaraz gozatu ahal izateko asmoz jaio ziren Jolasteka ludoteka euskaldunak. Ikasturte honetan gutxienez 16 herri, 22 jolasteka eta 3 eta 12 urte arteko 211... [+]


Eguneraketa berriak daude