Emakume baserritarrak, funtsezkoak bezain ahaztuak

  • Baserritar bat abereak gobernatzen edo traktorea gidatzen irudikatu beharko bagenu, ziurrenik gizon heldu bat imajinatuko genuke. Erreportaje honetarako elkarrizketatu ditugun baserritarrek, ordea, erakutsi digute iruditeria folkloriko horren atzean badaudela landa eremutik bizitzeko hamaika modu, aitortzarik jasotzen ez dutenak. Gogorarazi digute badaudela emakume baserritarrak, urteetan baserrien sostengu izan direnak eta herritarrei jaten eman dietenak, baina senarraren, semearen, nebaren edo dena delako gizonaren itzalean utzi dituztenak. Urriaren 15ean ospatzen da landa eremuko emakumeen nazioarteko eguna, eta nabarmendu dutenez, zer ospatuaz gain, badute zer borrokatu.

Emakume baserritarrak urteetan baserrien sostengu izan dira eta herritarrei jaten eman diete, baina gizonen itzalean utzi dituztela gogorarazi dute. / Argazkia: Laida Zapre / ARGIA CC BY SA.

Egoera irauli ez bada ere, emakume baserritarren eskubideetan emandako pausoak argi ikusi daitezke, eta horren arrazoietako bat da 1990eko hamarkadan lehen sektoreko emakumeak saretzen eta ahotsa altxatzen hasi zirela. Bakardadean bizi zutena elkartrukatu zuten, eta sindikatuekin batera gutxieneko eskubideak bermatzeko exijitu zuten. 1990eko hamarkada arte emakume batek ezin zuen baserriko titulartasun partekaturik eskatu, eta Gizarte Segurantzan alta emateko oztopoak zituzten 2000. urtean ere. “Kontuan hartu behar dugu Berdintasun Legea 2007an sortu zela, ez gara Francoren garaiaz hitz egiten ari”, ohartarazi du Alazne Intxauspe Elolak (Andoain-Iurreta, 1984), EHNE Bizkaia sindikatuko eta Etxaldeko Emakumeak elkarteko kideak.

Baina zer dakar titulartasun konpartitua izateak edo Gizarte Segurantzan kotizatzeak? “Langile nortasuna ematen du eta eskubideak lortzeko ezinbestekoa da. Horri lotuta doaz dirulaguntzak, erakundeetan parte hartzeko eskubidea eta abar”, argitu du Maite Aristegi Larrañagak (Bergara, 1962). EHNE sindikatuan aritu zen emakume baserritarren oinarrizko eskubideak lortzeko borrokaren hastapenetan, eta gogoratu du “egoera oso latzak” ikusten zituztela. Bizitza osoan baserrian lanean ari ziren emakumeak batere eskubiderik gabe egotea, esaterako. Horixe izan omen zen baserriko emakumeak antolatzen hasteko arrazoi nagusietako bat: “Legea berez oso eskasa zen, emakumeon eskubideon aurkakoa, argi eta garbi, baina aplikazioa ere matxista zen kasu gehienetan, oztopoak izugarriak ziren”. Kasurik gogorrenak oroitzen ditu Aristegik, besteak beste, alarguntzen edo banatzen baziren inolako babes eta eskubiderik gabe geratzen ziren emakumeenak.

Azaroaren 10etik 12ra izango da aurtengo Lurrama, eta Emazte laborariak argitan izango da lema, haiengan fokua jartzeko asmoz. / Argazkia: Lurrama.
Legeak, garatu gabe

Egoera apur bat hobetu dela onartzen du Aristegik, baina Intxauspek kritikoki begiratzen dio aldaketari. Haren arabera, 2011n sortu zen titulartasunaren legea ez da batere garatu, eta ezjakintasuna eta informazio falta dute bai baserriko bai administrazioko langileek. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako andreei eragiten dien Emakume Nekazarien Estatutua (ENE) aho batez onartu zuen Legebiltzarrak 2015ean, emakume baserritarren azken urteetako borrokari esker lortu zutena, baina, Intxauspek gogorarazi duenez, paperean geratu da, fruiturik eman gabe. Ideia bera jasotzen du Leire Milikua Larramendik (Abadiño, 1985) Lisipe bildumako Lur gainean, itzal azpian. Emakume nekazariak eta parte hartzea liburuan: “Sentipen orokortua da ez dela egon eta ez dagoela ENEren edukia lantzeko, zabaltzeko eta hedatzeko interesik”.

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoaren kasuan, 1980an izan zuten lehen estatutua, “lanetan parte hartzen duen bikotekide” gisa aitortzen zituena etxaldeko emazteak. 2010ean lortu zuten bikoteen estatus-berdintasuna, GAEC (Groupement agricole d'exploitation en commun) elkarte formula sortutakoan. Datu esanguratsu gehiago azalerazi dituzte Lurramako antolatzaileek: emazte laborariek 2008ra arte itxoin behar izan zuten langileen erregimen orokorreko amatasun baimen bera lortzeko. Azaroaren 10etik 12ra antolatu dute aurtengo Lurrama, Emazte laborariak argitan lemapean, hain zuzen ere, emakume baserritarrei aitortza egiteko eta haien eskubideez jarduteko.

Alarguntzen edo banatzen ziren emakumeak inolako babes eta eskubiderik gabe geratzen ziren

Eskubideak eskubide, titulartasun konpartitua lortzeko muga batzuk daude, ezkonduta egotea edo izatezko bikote izatea beharrezkoa da, esaterako. Intxauspek azaldu du ez diela inork argitu titulartasun partekatuak abantailak dituen ala ez, eta zailtasunak saihesteko bide berriak bilatzen ari dira: “Hemen emakume gehienak hasi gara sozietate zibilak sortzen edo errazagoak diren beste formula batzuk erabiltzen”. Titulartasunaren auzian egon den beste arazo bat azpimarratu du: batzuetan etxalde bateko titularkidea den andreak ez du bertan lan egiten, edo ez du lehen sektorearekin loturarik ere, baina dirulaguntzak lortzeko baliatzen dute, nahiz eta onuradunak ez izan proiektuan benetan diharduten emakumeak. Legea garatzeko eta erregulatzeko urrats asko egin behar direla nabarmendu du Intxauspek: “Ez da laguntza nahikorik ematen tramitazio horiek ahalbidetzeko, eta 60 urteko emakume batentzat telematikoki egitea ez da errazena. Historikoki egon den diskriminazio hori oraindik ere badago”.

Etxaldeko Emakumeen elkarteak deituta egin zuten auzolana Garaiko (Bizkaia) Etxeita baserrian. / Argazkia: Laida Zapre / ARGIA CC BY SA.

Hortaz, egun ere adineko emakumeak dira kaltetuenak, eta urteetan egindako lanagatik ia ordainik jasotzen ez dutenak. Izan ere, aurreko legeak zuen beste eragozpenetako bat zen ez zituela kontuan hartzen normalki emakumeek egiten zituzten lanak, adibidez, produktuen eraldaketa edota salmenta. Baserritar emakumeen figura gizonen itzalean eta “familia-laguntzailearena” bezala ipintzen dela azaltzen du Milikuak, aipatutako liburuan: “‘Familia-laguntza’ figuraren bitartez, emakume horien eta haien lanaren ikusezintasuna formala eta normalizatua izan da”. Are gehiago, baratze eta animalien kargu dena gizona edo emakumea izan, baserritarra kontsideratzen da edo ez. Lan berbera eginda, aitortza desberdina da. Aristegik azaldu duenez, baserriko emakumeenganako begirune eta errekonozimendu “oso-oso apal” hori ez da soilik Euskal Herriko kontua. Ziurtatu duenez, egoera ez da hobea Europan, zenbait herrialdetako ordezkariekin egindako bileretan ikusi duenez.

Europan izandako bilkura horietako bat izan zen Via Campesina nazioarteko baserritarren koordinadorak elikadura burujabetza kontzeptua sortu zuenekoa, 1990eko urteetan; bertan izan zen Aristegi, euskal herritarren ordezkari gisa. Elikadura burujabetzaren ideia funtsezkoa bihurtu da egungo baserritar zein herritar askorentzat, eta urriaren 16a borroka hori gogorarazteko baliatzen dute urtero. Intxauspek argitu du Etxaldeko Emakumeentzat berebiziko garrantzia duela egun horrek, eta Via Campesinaren lana goraipatu du, mugimendu hori baitago horren atzean.

Auzolana, gainezka ez egiteko

Egoera gertutik ezagutzeko, Garaiko (Bizkaia) Etxeita baserrian elkartu gara Etxaldeko Emakumeekin, baita Via Campesinaren bitartez Mozambiketik etorritako emakume laborari talde batekin ere. Auzolana deitu dute Etxeitan: “Aurten sagar asko dago eta Anitak, gure kideak, laguntza behar du sagar zukua egiteko. Animatzen zara?”, iragarri dute. Goizean goizetik euria barra-barra ari duen arren, auzolanak aurrera jarraitzen duela ziurtatu dute antolatzaileek: “Mantsoago joango gara, baina bagoaz”. Ana de la Maza Llaguno (Algorta-Garai, 1991) duela lau urte hasitako Garai Kontserbak proiektuko kidea da, eta lehen aldia du auzolan batean; aurrekoetan, eginbeharrak arintzeko gertukoen laguntza izan du. Ordea, iazko urrian proiektuak gainezka egin zion: “Uste dut izan zela administrazioetatik daukagun babes eta errekonozimendu faltagatik, eta gu bakarrik gabiltzalako denarekin borrokan. Iaz gainezka egin nuen, lana ez da amaitzen, maiatzetik zabiltza oso topera lan egiten...”. Une horretan jo zuen EHNEk antolatutako eskola agrofeministetan parte hartzera, eta nahiz eta bi haur izanda zail egin zitzaion denbora aurkitzea, “merezi izan zuen”. “Tailerrak asko mugitu ninduen. Babesa sentitu nuen, zaintzarako eta hitz egiteko gela zen”.

Eredu agroekologikoan jarduten dute Garai Kontserbak proiektuan. / Argazkia: Laida Zapre / ARGIA CC BY SA.

Ordutik saretuta dago Etxaldeko Emakumeekin, eta auzolanean dabiltzan hamar bat lagunei sagar zukua erortzen ez zaiela ziurtatzeko zeharka begiratzen dien bitartean, berretsi du aldaketa izugarria izan dela. “Sekulako indar hartzea izan da; elkarrekin borrokatzea eta hausnartzea oso polita izan daiteke. Euskal Herrian dauzkagun baserri gehienetan eredua familiarra da, eta zure lanetan sartzen zara eta azkenean bakarrik zaude, betiko jendearekin eta zure sektorekoekin. Saretutakoan, arazo ia berdinak edukitzen ditugula konturatzen zara, eta norbere proiektuan baina aldi berean globalean pentsatzen duzu”. Hain globalean, ezen, Mozambiketik ere etorri baitira De la Mazaren proiektua ezagutzera, eta nahiz eta dena pilatu zaion egun berean eta iritsi ezinik ibili den, Via Campesinak sustatutako Nekazaritik nekazarira ekimena bezalakoak oso aberasgarriak direla deritzo.

Azpimarratu du Via Campesina dela nazioartean antolatuta dagoen tamaina horretako mugimendu bakarra: “Orain badirudi baserritarrak garela tradizio zaharren eta folklorearen antzezleak, frikiak. Baina baserritarrak gara janaria egiten dugunak, hori da gure lana! Janaria behar dugu bizirauteko, oinarria da!”. Etxaldeko Emakumeek argi dute zein den oinarri horren eredua: agroekologikoa. “Lehen sektoreak iraungo badu izango da txikian eta agroekologikoan. Alegia, lurra zainduz gizartea zaintzea. Eredu infinitua dela esaten da, prozesuen prozesua, eta beti hobekuntzak bilatzen dituena lurrarentzat eta gizartearentzat”. Intxauspek ere bat egin du De la Mazarekin, eta kritikatu du administrazioek eredu industriala bultzatzen dutela, agroekologian dihardutenei entzungor eginda: “Guretzat bi sos daude eta nahi dute horrekin gu konforme geratzea. Nekazaritza ereduaren aldeko hausnarketa ezinbestekoa da. Ahaztu haragi sintetiko eta tomate hidroponikoak. Eredu jasangarri baten aldeko benetako apustua egin, eta balio batzuk adostu”, mintzatu zaie agintariei.

Baratze eta animalien kargu dena gizona edo emakumea izan, baserritarra kontsideratzen da edo ez. Lan berbera eginda, aitortza desberdina da

Bien esanetan, erakundeek oztopoak besterik ez dituzte jartzen, eta lana erraztu ordez neketsuago bilakatzen dute: “Nik uste dut aspalditik mezu garbia ematen dugula, alegia, guk uste dugula badakigula nondik joan behar den, baina Mixel Berhokoirigoinek beti esaten zuen bezala, arazoa ez da teknikoa, arazoa politikoa da”. Sakoneko aldaketen beharra mahai gainean jarri dute, eta horrek ekarriko luke gizartea eta sistema bera ere aldatzea.

De la Mazak gertutik atzeman ditu nekazaritza ereduak izan dituen aldaketak. Goi mailako ikasketak eginda, hiritik landara joan zen duela hamar urte, baserrian bertan jaiotako bere bikotekidearen familiarengana: “Ikusi dut zelan jaio zirenean zetozen eredu agroekologikotik; orain hitza jartzen diogu, baina lehen ere praktika horixe zen: euren ama soroa lantzen bai gariarekin bai fruta eta barazkiekin, eta animalia apurtxo batekin”. Oroitarazi du eredu agroindustriala 1990eko hamarraldian Europatik bultzatu zutela, eta txikian eta salmenta zuzenaren bidez funtzionatzen zutenak “pobre, ezjakin eta ez profesional” gisa tratatzen zituztela.

Ana de la Maza: “Etxe honetan nire borroka izan da nik ere traktorea erabiltzea eta eurek beldurra galtzea”

Orain, De la Mazari esaten diotenean belarrak kimikoekin erre behar dituela, “betidanik hala egin delako”, galdetzen die ea beren amak nola egiten zuen, “betidanik” hori uste baino berriagoa baita. Amonen moduekin berriro konektatu behar dela dio, egungo eredu industriala ez baita bideragarria. Hori bai, erreminta modernoagoekin eta argindarrarekin, prozesua samurtzeko. Bere baserriko eredua jarri du adibidetzat: “Gaur sagar zukua egin ostean geratutako soberakinekin nire behiak elikatuko dira egun batzuetan, eta behien kaka hori orturako erabiliko dut; ez dut hondakinik sortzen eta ez dut ongarririk ekartzen ez dakit nondik”. Zikloa betetzen da horrela.

Argazkia: Laida Zapre / ARGIA CC BY SA.
Emakume baserritarrak, zaintzaile

Hiritik baserrira egindako saltoan De la Mazak sektore maskulinizatuaren ondorioak jasan zituen, eta gaur egun ere desberdintasunak daudela dio. Hasieratik ekin zion etxaldeko zenbait lan egiteari, baina genero rolak direla eta, kosta egin zitzaion familiak onartzea, esaterako, emakumea izanda ere traktorea erabili zezakeela. “Etxe honetan nire borroka izan da lortzea nik ere makinaria hori erabiltzea eta eurek beldurra galtzea, zeren euren imajinarioan emakumeak arriskutsuagoak gara traktore batean”. Ikuspegi feminista lehen sektorean ere txertatzea ezinbestekotzat jotzen dute antolatuta dauden emakume nekazariek, eta alderantziz, lehen sektorea mugimendu feministan txertatzea ere bai. De la Mazak puntu garrantzitsu bat zehaztu du, Milikuak liburuan ere xehatzen duena: “Baserritarrak gara, baina landa eremukoak ere bai”. Administrazioen politiken ondorioz landa eremuko emakumeak “hirietatik oso baztertuta” daudela salatu du, Garaiko adibidea emanez: “Hemen ez daukagu inongo zerbitzurik, ez daukagu garraio publikorik, ez medikurik, ez dendarik, ez umeak zaintzeko zerbitzurik, hirien menpe gaude”.

Intxauspek erakundeei eskatu die landa eremuan irakurketa feminista egiteko eta zaintza ere erdigunean jartzeko. Hain zuzen, azaroaren 30eko greba feminista orokorrak zaintza sistema iraultzeko eskatuko du, eta emakume nekazariek berretsi dute badutela zaintzaren inguruan zer aldarrikatu. De la Mazak kritikatu duenez, landa eremuko emakumeei hirikoei baino inplikazio handiagoa eskatzen zaie zaintza eta erreprodukzio lanetan, besteak beste, autoaren menpe egoteak eta haurrak hara eta hona eramateko denbora luzeagoa behar izateak jarduna zailtzen baitie. Era berean, uste du norbere burua zaintzearen eta lan eta deskantsu tarteak zehaztearen gainean gogoeta handiagoa egiteke dagoela, eta argi dauka zaintza lanen banaketa orekatzea dela bidea. “Baserriko lan bat egin behar dudanean, esaten dute ‘umeekin zer egingo duzu’? Umeek aita daukate!”. Milikuak liburuan jasotzen duenez, zaintza lanen ardura emakumeengan egoteak eragozten du haiek erabakiguneetan edo bileretan egotea, hau da, parte hartzea sustatzeko traba izan ohi da gizonek familiaren edota etxearen ardura beren gain ez hartzea.

Ana de la Maza, Algortan jaioa da, baina 20 urterekin Garaiko baserri batera lekualdatu zen. Garai Kontserbak proiektua martxan du duela lau urtetik. / Argazkia: Laida Zapre / ARGIA CC BY SA.

Esanak esan, emakume baserritarren errebindikazio nagusia zera izango da azaroaren 30ean: “Ezin dela zaintza sistema ulertu bizitzaren zaintza ulertu gabe: haziak, lurra, animaliak... jaten duguna. Zaintza hori guztia gabe ezin dela bizirik iraun”, laburbildu du Intxauspek. Gizartearen zaintza nekazarien eskuetan dagoela nabarmendu dute, eta De la Mazak politikariei erantzukizuna eskatu die: “Hasi zaintzen lehen sektorea, hasi eredu agroekologikoaren alde egiten. Badakite eredu industriala ez dela batere bideragarria, baina halere ez dute atzera egiten”.

Greba feministan, baserriko eta familiako lanen artean denbora bilatuko dute euren aldarrikapenak kalera eramateko. “Emakume baserritarrak oso gutxi gara, baina hemen gaude, esateko lehen sektorean aldaketa bat ematen bada izango dela emakumeon zaintzatik egindakoa”, garbi du De la Mazak. Bere iritziz, gizonek jarraitzen dute produktibotasunaren parametroetan pentsatzen, eta emakumeak dira zaintza globalaren gainean sentsibilizatzen hasi direnak.

Alazne Intxauspe: “Ezin da zaintza sistema ulertu bizitzaren zaintza ulertu gabe: haziak, lurra, animaliak... jaten duguna”

Mozambikeko emakume laborariek ere euren herrien zaintzarako ideiak hartuta alde egin dute Garaitik, “asko ikasi” dutela jakinarazita: “Guk ez dauzkagu sagarrak, baizik tamarindoak, laranjak, azukre kanaberak... baina zukuak eta marmeladak egiteko baliagarri zaigu hemengoa”. Urteko sasoi batzuetan elikagai mordoa biltzen dute, baina adierazi dutenez, haien erronka nagusia da produktuak botilaratzea eta pasteurizatzea, urte osorako jakiak gordetzeko eta goseari aurre egiteko aukera izan dezaten. Auzolanean, arrastoa utzi diete elkarri hango eta hemengo laborariek. De la Mazak baserrian jarraitu du zukua botilaratzen, lanez gainezka baina indarrez beteta, Mozambikeko nekazariek “fuerza campesina” esanez egindako agurrek hunkituta eta auzolaneko emakumeen laguntzak babestuta.

Mozambikeko nekazari talde bat Garai Kontserbak proiektua ezagutzen izan da, Via Campesina mugimenduaren bitartez, Etxaldeko Emakumeekin batera. Ezkerrean makurtuta, Alazne Intxauspe. / Argazkia: Etxaldeko Emakumeak.

 


ASTEKARIA
2023ko urriaren 15a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#2
Barbara Miller
#4
Olaia Salazar Urrutia
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Laborantza
2024-04-26 | Euskal Irratiak
"Frantsesenia lizeoak ber filosofia atxiki du 70 urtez, tokiko laborantzari loturik"

Frantsesenia lizeoa, 70 urtez Ipar Euskal Herria barnealdeko laborarien formatzen.


Ingurumenaren aldeko neurrien arintzea dakarren NPBaren erreforma onartu dute eurodiputatuek

Europako Batzordeak landutako Nekazaritza Politika Bateratuaren "sinplifikazioaren" alde bozkatu dute eurodiputatuek. 425ek egin dute alde, 130ek aurka eta beste 33 abstenitu dira.


2024-04-11 | Estitxu Eizagirre
Otxantegi Herri Lurraren II. urteurren jaia
"Otxantegiko lur emankorrak ezin dira porlan azpian geratu, arnasgunea izan behar dute"

Apirilaren 13an egitarau indartsua prestatu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektuaren II. urteurrena ospatzeko. Apirilaren 18an, aldiz, bigarren desalojo saiakeraren mehatxua izango dute gainean eta herritarrei dei egin diete proiektua defendatzera joateko. Kideetako... [+]


2024-03-18 | Garazi Zabaleta
Nekazariak eskolan
Eskola ezin bada baserrira igo, baserria jaitsiko da ikastetxera...

Hamar urte baino gehiago daramatza martxan Arabako Nekazariak Eskolan proiektuak, Hazi fundazioak zenbait ekoizlerekin elkarlanean bultzatzen duena. Haur eta gaztetxoak nekazal mundutik geroz eta deskonektatuago bizi diren garaiotan, inoiz baino beharrezkoagoa da elkar... [+]


Nafarroako nekazaritza-ekoizpen ekologikoak lurren %25 kudeatu nahiko lituzke 2030ean

Nafarroako sektore ekologikoa egonkor mantendu da azken urtean eta nekazaritza ekoizpena %5 handitu da. Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak erronka du 2030. urterako: lurren %25 ekologikoa izatea. "Bide horretan ari gara lanean, ahalik eta nekazari eta... [+]


Eguneraketa berriak daude