Ikastolen Elkartea, AEK, Sortzen, Agerraldia eta Errigorako kideek hasiera eman diote Nafarroa erdiko eta hegoaldeko euskara sustatzeko kanpainari. Errigorarentzat hamabigarren Euskarari Puzka izango den honetan jadanik eskuragarri daude jakiz beteriko hiru saskiak.
Kanpainaren hasiera prentsaurrekoan Errigorako kideez gain Ikastolen Elkarteko, AEKko, Sortzeneko eta Agerraldiko kideak izan dira Iruñeko Laba espazioan. Hain zuzen, azpimarratu nahi izan dute, era batean edo bestean, denek batera Nafarroa erdi eta hegoaldean euskararen alde egiten duten lanaren “ezinbestekotasuna”. Talde bakoitzeko ordezkariak euskararekin eta Errigora ekimenarekin daukan harremana plazaratu dute.
Kanpainaz kanpaina auzolanean errepikatzen den logikak jarraitzen duela esan dute: Hiru saski desberdin jarriko dituzte salgai Ager zonaldean (Nafarroa erdi eta hegoaldean) ekoiztutako produktuekin osatuta, eta saltzen den saski bakoitzeko balioaren %25a bertako euskalgintzako eragileek jasoko dute. Hamabigarren Euskarari Puzka honetan 400 banaketa-gune baino gehiago aktibatu dituztela jakinarazi dute. Hori guztia posible egiten duten 200 boluntarioei eskerrak eman dizkie Errigorak, eta larunbat honetan Ablitasen elkartuko direla iragarri du auzolanean lehen 4.000 saskiak osatzeko.
Hiru saski hauek (beltza, berdea eta gorria) eskuratzeko aukera gaurtik hasita azaroaren 13 arte izango da Errigoraren webgunetik. Horretaz gain, kanpainako eskuorriak dakarren inprimakia betez ere egin ahalko da eskaera. Eskuorri hauek herrietako arduradunari eman beharko zaizkio. Behin eskaria eginda, azaroaren amaiera edo abenduaren hasieran jasotzeko da eskaera egitean aukeratutako gunean.
Iaz kanpaina honekin Nafarroko euskalgintzari 230.000 eurotik gora bideratu zizkion Errigorak.